CHE, ZURE EREDUAREN BEHARRA
Hil zintuztela 52 urte direla idazten dizugu, Che, komandante, eredu, gure herritik, Euskal Herritik, borrokan diren beste herri batzuetan hamarkadetan zehar izan duen irudia nola lausotzen ari den dakusan herritik. Jatorrizko herriaren apaltasuna, sinpletasuna, beharrezko isiltasunak maite izatetik, karrankak, itxurakeria eta txantxa arinen estiloa nagusia izatera pasa den herritik.
Che, borrokalari nekaezin. Lurra, pertsonak, herriak bortxatuz, gure lurraldean egoitza duten multinazionalek herrialde txirotuetatik lapurtzen duten kapitalak ematen dizkigun pribilegioei, inkontzienteki, probetxu ateratzen dien herri langiletik. Multinazional horiekiko, nagusiki eta oraingoz, bizikidetza onartu duen herritik, Che, komandante antiinperialista.
Eta zure autokritika ereduaren beharraz gabiltzala uste dugu, Che maitea, zeren gure esparruan autokritikak tresna izateari utzi baitio, eta kritikarik gabeko segizioa lege bihurtzen dabil. Zeure burua autokritikatu zenuen prestakuntza falta zenuelako eta horrek eraman zintuen, zeure behar zehatzak amaitutakoan, prestakuntza saio luzeei ekitera, matematikaz, geopolitikaz, ekonomiaz, lau ordu lo egitea ohitura bihurtu arte. Autokritikatu zeure klase jatorria, eta erosotasun guztiak eta pribilegio guztiak albora utzita Bolivian eman zenuen zure azken hatsa, zeuk eginiko abarketak eta zarpail batzuk jantzirik, azken bala disparaturik, zorriz eta akainaz josirik. Duin, handi.
Eta hara nondik, postmodernismoa gure ezkerraren txapela egina dagoen honetan, duela urtebete, hemengo politikari ezagun batek zutaz zalantzak zabaltzeari ekin zion, zu sexu erasotzaile moduan karakterizatuz, berak gero aitortu bezala, inolako frogarik gabe.
Penagarria, mingarria, arduragabea, erreakzionarioa. Sorginak sutara kondenatzen ziren tentu beraz egina, zurrumurru eta susmoetatik. Edonon
sexu erasoez ari garela nahitaezkoa den zorroztasuna ezdeusa bihurtuz, argi izanik beti salatu beharrekoak direla, erasotzailearen konpromiso politikoaren maila kontuan hartu gabe.
Honela, Che, zalantzan jarriz zure eredua, noraeza uneetan beharrezkoenetakoa eta eraginkorrenetakoa dena, iraultza beti egingarri dela barneratzeko.
Badakigu, iraultzaile handia izateagatik hain zuzen, zure kontraesanak izango zenituela. Baina ezinezko egiten zaigu tamainako akusazio hori zertara zetorren, ez bada gurean postmodernismoaren erlatibitate arroak nagusitzera dakarren ausarkeriaren inpultsotik. Argi dugu bestetik, Euskal Herrian proiektu iraultzaileak daraman desitxuratzearen baitan gertatu dala.
“Que fácil es trascender de forma original, en un amable festín se suele ver combatir. Si fácil es abusar más fácil es condenar, y hacer papeles para la historia para que te haga un lugar, que fácil es escribir algo, siempre al alcance de la vidriera y el comedor...”
Eta, bai komandante, Che modura eman zenuen eredua dugu behar-beharrezkoa gaur. Bere pribilegioak eta jabego materiala alde batera uzteko gai izango diren militanteak, hala gizarte justu bat nola herri aske bat aldarrikatu eta altxatzeko, sozialista, antipatriarkala, ekologista, langile eta baserritarra, euskalduna.
Erakundeetan diskurtsiboki esandakoa kalean frogatuz, ukondoz ukondo, etorkinekin, prekarizatutako langileekin, emakumeekin, preso politikoen defentsan, euskaraz ikasi eta amets egin nahi dutenekin, euren hizkuntza eta kultura eskubideak babestu nahi dituztenekin, Amalurra babestuz beragana bueltatzeko, heriotzaren multinazionalak borrokatuz eta salatuz. Ekintza eta hitza batean batuz. Che, matxino, zure pausoak jarraituz.
Militantzia zintzoaren aurka kartzela beti izan daitekeela onartuz, moldea hau edo bestea izanda. Etsaia bere izaera errepresiboan onartuko dituzten militanteak, Che iraultzaile.
Erosotasun egoera berri batean egonda ere, bere pribilegioak utzi eta etsaiari aurre egiteko gai izango den militantzia, internazionalismoa besarkatuz, duintasunez, zure bidea jarraituz, Che, komandante.
Eta apatia eta noraeza nagusiturik ere, galdu lekura bueltatzeko gai izango den militantzia, FARCeko militantziaren zati batek duela gutxi egin zuen modura, ezin zailagoa eta ezin zintzoagoa izan den ekimenean. Zure moduko asko balira bezala, Che, gupidagabe, eskuzabal.
Baina, Che maitea, inoren ahots baino garrantzitsuago bihurtu diren adituek diote beste epika bat instalatuta dagoela, jada ez dela interesgarria zurea bezalako eredurik. Ez da interesgarria txikia, kalea, herri legea, autodefentsa, militantzia, koherentzia.
Interesgarria bihurtu da burgesia besarkatzea, kapitalismoak ezartzen dituen joko legeetatik ez ateratzea, euren indarkeria jasatea eta norbere burua ez defendatzea, burgesia ez haserretzea.
Eta harriturik ikusten dugu, giza taldeak antolatzen direla bankuak mobilizazioetan jasan ditzaketen kalteetatik babesteko, Che, langile.
Gerta daiteke, Che, komandante, eredu, orri zuriak hitzez betetzen betekada hartu arte aritu, eta dena “performance” batean amaitu.
Baina, Che maitea, eredu, dena ez dago galdurik. Badira, oraindik txikitik, zure eredua, Albarena, Pakitorena, Taniarena, Txikiarena ibiltzeko prest diren emakume eta gizonak.
Okerrak onartuz, autokritikan, eguneroko eta biharko iraultzan, oinak lurrean eta begiak zeruan.
Zuretzat bedi, Che hilezkorra, euskal langileriaren eguneroko eta biharko garaipena, lurra, pertsona, behekoak, gurean nagusi bihurtuko gaituen ekimen militantea, herriena, pertsonena.
Zure ereduz, Che, komandante.