Gezurra, Iruzurra eta Aipatze Maltzurra
Txiolari erreformista bati erantzuteko
Istorio-Kontari
parlamentari
Mendira begira,
“parlamentira”
(Pakia Beyau, Gozategi)
Orain dela aste batzuk Sortuko kide ezagun batek txio bat bota du “egun hauetan hauteskundeetarako abstentzioa eskatzen ari diren horientzat zuzenduta”, non aipatzen zuen “duela 100 urte inguru, bai "ehun urte", Lenin-ek adierazitakoa”:
"Mientras no tengan ustedes fuerza para disolver el parlamento burgués y cualquier otra institución reaccionaria, estan obligados a actuar en el seno de dichas instituciones (...) De lo contrario corren el riesgo de convertirse en simples charlatanes."
Aipatze Maltzurra edo, gauza bera dena, aipu-meatzaritza (quote mining) delakoaren adibide argia dena. Hau da, testu baten pasarte isolatu bat hartzea berari ez duen esangura emateko eta honela, iruzurrezko eran, erabiltzeko testuaren egilearen ospea honek partekatzen ez zuen iritzia babesteko. Marx, Engels eta Lenin izaten dira mota guztietako erreformistek egindako aipatze maltzurraren biktimak. Bereziki Lenin eta bereziki La enfermedad infantil del izquierdismo en el comunismo bere liburua. Euskal Herrian, adibidez, orain dela 40 urte EIA eta EEko buruzagiek liburu horretako aipuak ekartzen zituzten zuritzeko, besteak beste, beraiek bultzatutako eszisioa LABen eta, oro har, erreforma frankistaren erakundeetan euren parte hartzea.[i]
Goiko aipua da horren adibide bat. Zeren eta iturria den liburu berean (Leninen) irakurri ahal baitugu honakoa:
"Indudablemente, quien de un modo general siguiera sosteniendo la vieja afirmación de que abstenerse de participar en los parlamentos burgueses es inadmisible en todas las circunstancias, estaría en un error."
(35. orrialdea)
Aipatze Maltzurraren kasu bereziki petral baten aurrean gaude beraz. Leninen liburua irakurri ez edo bera desitxuratzeko eskrupulurik ez duenak burututakoa. Ezjakintasuna, maltzurkeria ala bien konbinazioa ez dira hemen amaitzen baina.
Zeren eta zertarako, Leninen arabera, lan egin behar dute dute iraultzaileek parlamentu burgesaren barruan? Zilegi bekit, galdera hau erantzuteko, ekartzea lehenengo aipua bere osotasunean:
"Mientras no tengáis fuerza para disolver el parlamento burgués y cualquier otra institución reaccionaria, estáis obligados a actuar en el seno de dichas instituciones precisamente porque hay todavía en ellas obreros idiotizados por el clero y por la vida en los rincones más perdidos del campo. De lo contrario corréis el riesgo de convertiros en simples charlatanes."
(33. orrialdea, azpimarratu dudan testu da aurreko aipuan falta dena)
Eta oraindik argiago:
"....la participación en las elecciones parlamentarias y la lucha en la tribuna parlamentaria es obligatoria para el partido del proletariado revolucionario, precisamente para educar a los elementos atrasados de su clase, precisamente para despertar e ilustrar a la masa aldeana analfabeta, ignorante y embrutecida."
(33. orria)
Bistan denez, Lenin bere garaiko landatar herri langileari buruz ari da. Horiek hala, galdetu ahal dugu, bide batez, ea Leninek emandako parlamentu burgesen parte hartzeko arrazoi honek balio digun egun. Izan ere:
- Euskal Herrian bezalako nazio batean landatar populazioa oso gutxiengo txikia da.
- Populazio hori ez dago egun analfabeto, ezjakin eta aberetutzat jotzea.
- Badago, egon, egungo Euskal Herria bezalako sozietateetan populazioaren zati handi bat analfabetismoak, ezjakintasunak eta aberetzeak jota dagoena. Ez gaitz hauen bertsio klasikoak, bertsio “modernoa” baizik, haien eragile nagusiak masa-hedabide ezberdinak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak dituena. Iraultzaileak parlamentuan parte hartzea eraginkorra izatea gaitz horien aurka eztabaidagarria oso iruditzen zait.
Badugu hemen, berez, debate interesgarri bat. Zeren eta Lenin miresteak, bera maila goreneko estratega iraultzailetzat jotzeak eta teoria iraultzailerako bere ekarpena funtsezkoa dela pentsatzeak ez baitakar iraultzaile errusiarra hutsezina izatea eta, are gutxiago, bere tesi guztiak edozein errealitate kapitalista garaikidea aplikagarriak direla sinistea. Gure ideiak ez dira dogma bat praktikarako gida bat baizik. Hauteskunde burgesetan parte hartzeari buruzko Leninen ikuspuntua ez da salbuespena.
Hau alde batera utzita ere, ordea, aztertzen ari garen aipuak ez du babesten gure txiolari erreformistaren tesia. Berak ez digulako eskatzen iraultzaileoi gure hautagaiak aurkeztea, bere koalizio erreformistari ezerezen truke oparitzea baizik. Ez dugulako arrazoirik pentsatzeko EH Bilduren (ala beste edozein indar politiko erreformistaren) lan parlamentarioak masen kontzientzia igotzen lagunduko duenik. Aitzitik logikak eta esperientziak esaten digute erakunde demokratiko burgesei buruzko jendearen ilusioak indartuko dituela, haien arazoak erakunde horien bidez konpon daitezkeelako sinismena indartuz.
Hala ere, ezin da era absolutuan baztertu iraultzaileok, une jakin batean, hauteskunde-aukera erreformista bat babesteko komenientzia ala beharra. Eta Leninek ez du hau ukatzen, ñabardura interesgarri (ehun urte ondoren, nire ustez, zaharkitu ez dena) gehituz:
"....yo querría apoyar a Henderson con mi voto del mismo modo que la soga sostiene al ahorcado"
(53. orrialdea)
Hau da Sortuko kideek gugandik nahi duten sostengua?
--------------------------------------------------------------
[i]Esaterako, Xabier Markiegik Askatasuna aldizkari zenean, Iñaki Gil de San Vicente eztabaidatzen. Ezin dut eman iturriaren erreferentzia osoa aspaldi galdu nuelako eta, saiatu arren, ez dut aurkitu interneten.