ERREFORMISMO SOZIALA ETA ERREFORMISMO NAZIONALA

Imprimir

ERREFORMISMO SOZIALA ETA ERREFORMISMO NAZIONALA

         Gure Euskal Herrian, batez ere bi erreformismo mota agertzen zaizkigu: nazionala eta soziala. Bata eta bestea erreakzionario bezala eta euskaldunon etsai bezala ikusten ditugu. Gorago esan dugu erreformismoak ez dituela osoki sistema kapitalista eta bere ondorioak ukatzen. Bakar-bakarrik aurpegi batzuk eta horiek ere ez funtsean, forman baizik ez ditu ukatzen. Esate baterako, erreformista batzuek erreforma sozial batzuen bitartez sozialismoa ezar daitekeela pentsatzen dute. Ez dira konturatzen jabego pribatuaren gain egiten diren erreforma guztiek jabego pribatua bere funtsean ez dutela zalantzan jartzen. Horrela ekoizpen modu kapitalista finkatu baino besterik ez da egiten.

        Bestetik, sozial-erreformismoak eramaten gaitu ekonomismora. Hau da, estruktura ekonomikoak aldatzea sozialismoa eraikitzeko aski dela pentsatzera. Ez dakite gizakia eta gizartea zerbait gehiago dela. Gizakia ez da soil-soilik ”homo oeconomicus” bat. Horregatik ez da aski indar ekonomikoa kapitalisten eskuetan ez izatea. Behar da indar ekonomiko hori herriaren eskuetan jarri eta herriaren garapenerako erabili.

        Eta denok dakigu gizakia ez dela abstraktuan desarroilatzen, herri baten parte edo zati bezala baizik. Herri honek badu bere kultura, bere hizkuntza, bere kondizio berezi batzuk. Kondizio horiek eragiten dute herri baten bilakaera desberdina izatea. Euskal Herrian erreformismo ekonomizista honek erreformismo nazionala ekartzen du eta agerian dago praktikan etsaia dela, España-Frantziako Estatuen inperialismoaren alde jokatzen baitu.

        Honelako partiduek (eta esperientziak erakusten digu) ”Euskadi” izena erabiltzen badute, oportunismo hutsagatik izaten da, euskaldunak hobeki engainatzeko. Eta horretan nahiko logikoak dira, zeren-eta arlo sozialean oportunistak badira, zergatik joko bera ez dute erabiliko nazional gai guztietan?

Oportunistek nahi duten sindikalismoa ez da iraultzailea, sindikalismo hutsean gelditu eta lorpen txikiekin konformatzen baitira.

        Ekonomizisten “Euskadi”-k ez du balio herri euskaldunaren garapenerako eta bai aldiz zapatzaile kapitalistek nahi luketen ”País Vasco” egiteko. Erreforma sozialak ez dira gauza sozialismoa ezartzeko, pertsona askatzeko, langileak alienatzeko baizik, zeren-eta langileari ematen baitio “ideologia” bat eta ez klase kontzientzia bat.

        Era berean erreformista nazionalek pentsatzen dute aski direla halako adabaki batzuk independentzia politikoa lortzeko. Alde batetik zapaltzaileen indarra ikusten dute eta beste aldetik ez dute konfidantzarik herriaren indarretan. Orduan estatu zapaltzailearen egituren barnean lan egitea beste biderik ez dute ikusten. Honela, erreformista horiek estatu zapaltzailearen barrenean nazionalki zapaldurik dagoen herri baten askatasuna lortu daitekeela uste dute. Eta nola ez! aurkitu dute biderik ”seguruena”: estatutismoa. Honen berehalako ondorioa hezurretaraino legalismoan sartzea da.

        Gure erreformistek estrategia euskalduna eta iraultzailea ahazten dute, zapaltzaileen bideetan sartzeko. Momentu horretatik herriaren etsaien laguntzailerik zintzoenak bilakatzen dira beraien jokoarekin sistema esplotatzailea indartzen baitute, nahiz eta mesede ekonomiko eta kultural txiki batzuk erdietsi. Hor ditugu adibide gisa ”concierto económico”-en ondorioak, eta legalitate hutsean ezarri diren ”ikastolak”. Iraultzaile batentzat soil-soilik bitartekoak direnak helburu bilakatzen ditu erreformistak.

        Independentzia nazionalaren alde borrokatu beharrean, ”estatutismoa” predikatzen dutenak, ez dira erreakzionarioak bide luzeagoa eta baketsua hartu dutelako, baizik eta Euskal Herriaren askatasuna ez den beste helburu bat hartu dutelako. Beraz, ”estatutismoa”ren helburua ez da euskal askatasuna lortzea, baizik eta Estatu española edo frantsesa aldatzea. Eta denok dakigu estatu horiek burgesia inperialista eta kapitalistaren zerbitzuan daudela.

        Erreformismoa gizarte-sail guztietan agertzen denez, politikan parlamentaristak badira, sozial gaietan oportunistak dira, herriaren beldur direlako. Eta beldur dira herriaren aspirazioak azken ondorioetaraino eraman nahi ez dituztelako. Bestela ez lirateke oportunistak izango.

        Horrela, euren erreformekin sistema esplotatzailearen kontraesanak leunduz, herriaren jarrera eta ideiak biguntzen dituzte. Eta orduan, herriak, pistoia jaistean, oharkabean bide iraultzailea (euskalduna) baztertzen du etsaiaren estrategian sartuz. Zentzu horretan oportunistek herriaren kontra jokatzen dute, herria bere interesak defendatzera eraman beharrean, esplotatzaileen indarra egonkortzeko erabiltzen baitute.

Beraz, ikusten dugu nola erreformismo nazionalak berekin ekartzen duen erreformismo soziala, bai eta alderantziz ere. Eta egiazki horrela izan behar du, zeren eta ez baitaude bi arazo desberdin, arazo bakar bat baizik. Euskadi bat da, sufritzen duen eta esplotatua den herria bat baita.”

(TXABI ETXEBARRIETA, V. BATZARREKO DOKUMENTUAK (6): ZUTIK!46)

Imprimir

GEHIEN IRAKURRI

AZKEN BERRIAK