TXABIRENGANDIK PATXIRENGANA

Deskargatu

TXABIRENGANDIK PATXIRENGANA

          Gaur Txabi Etxebarrietaren heriotzaren 52. urteurrena da. 1968ko ekainaren 7an asasinatu zuen Goardia Zibilak, Tolosako Benta Haundin, 23ko urteko gudaria, zeina E.T.A. Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzaileko militantea baitzen.

             Bada hari gorri zuzena Txabi Etxebarrietarengandik Patxi Ruizenganaino. Euskal Herria askatzeko borroka, Euskal Herri Langilea emanzipatzeko gudua, Euskal Iraultza Sozialistaren aldeko militantzia.

            Guk, gaurkoan, geure konpromiso eta engaiamendu militantea agertu nahi dugu Txabi eta Patxiren borroka bururaino eramateko: Euskal Herriaren independentzia, sozialismoa, berreuskalduntzea eta birbatasun nazionala.

            Idazki honen bidez Euskal Herri Langileari jakinarazi nahi diogu behean agertzen garenok “Gezurrak buztana labur” agiriarekin bat egiten dugula, eta horrekin batera, Txabi Etxebarrietak 1967ko maiatzaren 1ean idatzi zituèn hitz hauekin ere:

ERREFORMISMO SOZIALA ETA ERREFORMISMO NAZIONALA

             “Euskal Herrian, batez ere bi erreformismo mota bereizten ditugu: nazionala eta soziala. Bata eta bestea erreakzionario eta euskaldunon etsai bezala ikusten ditugu. Gorago esan dugu erreformismoak ez dituela osoki sistema kapitalista eta bere ondorioak ukatzen. Bakar-bakarrik aurpegi batzuk eta horiek ere ez funtsean, forman baizik ez ditu ukatzen. Esate baterako, erreformista batzuek erreforma sozial batzuen bitartez sozialismoa ezar daitekeela pentsatzen dute. Ez dira konturatzen jabego pribatuaren gain egiten diren erreforma guztiek jabego pribatua bere funtsean ez dutela zalantzan jartzen. Horrela ekoizpen modu kapitalista finkatu baino besterik ez da egiten.

              Bestetik, erreformismo sozialak eramaten gaitu ekonomizismora. Hau da, sozialismoa eraikitzeko, estruktura ekonomikoak aldatzea aski dela pentsatzera. Ez dakite gizakia eta sozietatea zerbait gehiago dela. Gizakia ez da soil-soilik ”homo oeconomicus” bat. Horregatik ez da aski indar ekonomikoa kapitalisten eskuetan ez izatea. Behar da indar ekonomiko hori Herriaren eskuetan jarri eta Herriaren garapenerako erabili. Eta denok dakigu gizakia ez dela abstraktuan desarroilatzen, Herri baten parte edo zati bezala baizik. Herri honek badu bere kultura, bere hizkuntza, bere kondizio espezifiko batzuk. Kondizio horiek eragiten dute Herri baten bilakaera desberdina izatea. Euskal Herrian erreformismo ekonomizista honek erreformismo nazionala ekartzen du eta agerian dago praktikan etsaia dela, Espaina-Frantziako Estatuen inperialismoaren alde jokatzen baitu.

             Honelako partiduek (eta esperientziak erakusten digu) ”Euskadi” izena erabiltzen badute, oportunismo hutsagatik izaten da, euskaldunak hobeki engainatzeko. Eta horretan nahiko logikoak dira, zeren-eta arlo sozialean oportunistak badira, zergatik joko bera ez dute erabiliko gai nazional guztietan? Oportunistek nahi duten sindikalismoa ez da iraultzailea, sindikalismo hutsean gelditu eta lorpen txikiekin konformatzen baitira.Ekonomizisten “Euzkadi”-k ez du balio herri euskaldunaren garapenerako eta bai aldiz zapatzaile kapitalistek nahi luketen ”País Vasco” egiteko. Erreforma sozialak ez dira gauza sozialismoa ezartzeko, pertsona askatzeko, langileak alienatzeko baizik, zeren-eta langileari ematen baitio “ideologia”, eta ez klase kontzientzia.   

             Era berean erreformista nazionalek pentsatzen dute aski direla halako adabaki batzuk independentzia politikoa lortzeko. Alde batetik zapaltzaileen indarra ikusten dute eta beste aldetik ez dute konfidantzarik Herriaren indarretan. Orduan estatu zapaltzailearen egituren barnean lan egitea beste biderik ez dute ikusten.

            Honela, erreformista horiek estatu zapaltzailearen barrenean kolonizatuta dagoen Herri baten askatasuna lor daitekeela uste dute. Eta nola ez! Biderik ”seguruena” aurkitu dute : estatutismoa. Honen berehalako ondorioa hezurretaraino legalismoan sartzea da. Gure erreformistek estrategia euskalduna eta iraultzailea ahazten dute, zapaltzaileen bideetan sartzeko. Momentu horretatik Herriaren etsaien laguntzailerik zintzoenak bilakatzen dira beraien jokoarekin sistema esplotatzailea indartzen baitute, nahiz eta mesede ekonomiko eta kultural txiki batzuk erdietsi. Hor ditugu adibide gisa ”concierto económico”-en ondorioak, eta legalitate hutsean ezarri diren ikastolak.

            Iraultzaile batentzat soil-soilik bitartekoak direnak helburu bilakatzen ditu erreformistak. Independentzia nazionalaren alde borrokatu beharrean, ”estatutismoa” predikatzen dutenak, ez dira erreakzionarioak bide luzeagoa eta baketsua hartu dutelako, baizik eta Euskal Herriaren askatasuna ez den beste helburu bat hartu dutelako. Beraz, ”estatutismoa”ren helburua ez da euskal askatasuna lortzea, baizik eta Estatu espainola edo frantsesa aldatzea. Eta denok dakigu estatu horiek burgesia inperialista eta kapitalistaren zerbitzuan daudela. Erreformismoa gizarte-sail guztietan agertzen denez, politikan parlamentaristak badira, sozial gaietan oportunistak dira, herriaren beldur direlako. Eta beldur dira herriaren aspirazioak azken ondorioetaraino eraman nahi ez dituztelako. Bestela ez lirateke oportunistak izango.

            Horrela, euren erreformekin sistema esplotatzailearen kontraesanak leunduz, Herriaren jarrera eta ideiak biguntzen dituzte. Eta orduan, herriak, pistoia jaistean, oharkabean bide iraultzailea (euskalduna) baztertzen du etsaiaren estrategian sartuz. Zentzu horretan oportunistek Herriaren kontra jokatzen dute, herria bere interesak defendatzera eraman beharrean, esplotatzaileen indarra egonkortzeko erabiltzen baitute.

            Beraz, ikusten dugu nola erreformismo nazionalak berekin ekartzen duen erreformismo soziala, bai eta alderantziz ere. Eta egiazki horrela izan behar du, zeren eta ez baitaude bi arazo desberdin, arazo bakar bat baizik. Euskadi bat da, sufritzen duen eta esplotatua den Herria bat baita.”

TXABIRENGANDIK PATXIRENGANA,

BORROKA DA BIDE BAKARRA!

Bixente Albarran, “Txento”

Miren Itsaso Alonso

Xabier Arina

Iñaki Egiluz

Agurtzane Ezkerra

Elias Fernandez

M. Goienetxea, “Txo”

Fernando Lizeaga

Jexus Mari Mendinueta, “Poixtiña”

Armando Zabalo

Mikel Alberdi, “Motza”

Karlos Ezkurra Leonet

Jon Iurrebaso Atutxa

Fermin Xabier Santxez Agurruza

Deskargatu

GEHIEN IRAKURRI

AZKEN BERRIAK