Erakundeko Zuzendaritza Batzordeari
Patxi Ruiz Romero, euskal preso politikoa
Bada denbora bat, Berrian eta interneten argitaratutako nire gutuna dela eta, nirekin kontaktuan jarri zinetela gutun horren argitaratzearekin Erakundearen hiru diziplina arau apurtu nituela informatzeko:
1) Ezker Abertzale osoaren ildoaren kontrakotasuna maila publikoan adieraztea.
2) Zatiketa saioak babestu eta elikatzea.
3) Erakundearen arauen eta barne diziplinaren urraketa.
Horregatik eskatzen zenizkidaten azalpenak eta, jakinarazten zenidaten, azalpen horien esperoan, nire militantzia etenda gelditzen zela. Erabaki hau, esan zenidatenaren arabera, EPPKren zuzendaritzari eta nire ondoan zeuden militante presoei jakinaraziko zenieten eta, azkenik, neurri hau publiko ez egitea eskatzen zenidaten.
Beste era batean ezin zenez izan, beharrezko azalpenak helarazi nizkizuen, nire partetik nire militantziaren kautelazko etenaldiari buruzko behin betiko erantzuna ematea eskatzen nizuen. Eta publiko ez egiteari dagokionez, jakinarazten nizuen, egungo egoeran, erabaki hori nire baino ez zela eta kontzientzia militanteak esaten zidanarekin koherentzian jokatuko nuela.
Zuzendaritza Batzorde honen erantzunik ez dudanez jaso, gaur publiko egitea erabaki dut errespetatzen duzuela diozuen militantzia horren parte batekiko mantentzen duzuen jarrera. Agian, honezkero, inori ez zaio axola izango azken urteotan ENAMen eta, zehazkiago, Erakundean gertatu dena, zelan jokatzen ari zareten bakarrik sektore erreformista errespetatuz, eta zer egiten ari zatzaizkion zuen oinarrizko militantziaren parte bati.
Euskadi Ta Askatasuna, Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailea, Euskal Herria askatzeko sortu zen, eta berezikiago, Euskal Herri Langilea. Horretarako definitu eta zehaztu zituen Euskal Iraultzaren lau helburuak: independentzia, sozialismoa, birbatasuna eta berreuskalduntzea. Gainontzeko guzti-guztia, estartegia zein taktika, antolatze-moldeak, ildo politikoa, den-dena, lau helburu hauek lortzeko tresna dira. Hots, Euskadi Ta Askatasuna erakundean diziplina, ezinbestez, Euskal Iraultzaren zerbitzura dago, eta ez alderantziz. Euskal Herri Langilearen askatasuna lortzeko elementu subordinatua da.
Hau behin eta berriz egiaztatu da gure erakundearen historia luzean. Sorreratik bertatik, EKINeko gazte abertzale iraultzaileek ez zuten onartu PNVk inposatu nahi zien diziplina itsua, zeina baitzen ildo politiko likidazionista baten emaitza.
Gauza bera gertatu zen V. Biltzarreko garaian, non espainolismoaren eta erreformismoaren menpe ari zen Bulego Politikoa kanporatua izan baitzen, Euskal Iraultza likidatu nahi zuelako. Denborak eta praxiak aski argi frogatu dute Bulego Politiko haren ildoa nolako zen eta nora jo zuen ondoren.
Fenomeno berbera errepikatu zen Sextaren garaian. Militante abertzale eta sozialista iraultzaile batzuek lehentasuna eman zioten Euskal Iraultzari eta, horren baitan eta horren zerbitzuan ulertu zuten militantzia. Horri esker garaitua izan zen, berriz ere, likidazionismo espainolista eta erreformista. Dena subordinatzen baita independentzia, sozialismoa, birbatasuna eta berreuskalduntzea lortzeko estrategia egokia mantentzeari begira, eta diziplina horren baitan kokatzen da.
Geroago, Poli-Milien zatiketaren garaian ere, kontu jakina da PMak gehiengo zabala zirela Erakundean eta, hala ere, diziplina modu iraultzaile horretan ulertzen zutelako, Miliek aurrera jo zuten ildo eta estrategia egoki baten inguruan. Berriz ere, praxiak argiro frogatu zuen nor zegoen zuzen eta nor oker.
Eta gogoratu behar da Poli-Miliek bi zatiketa izan zituztela ondoren, Bereziena eta Milikiena, eta bietan, berriz ere, diziplina aplikatu zela molde iraultzaile horretan, beti Euskal Iraultzaren aldeko tresna gisa, likidazionismo eta erreformismo guztien aurka.
Gaur egun ere historia errepikatzen da. Gure erakundeak Batzarra egin zuen 2007/2008 urteetan. %80ak bozkatu zuten abertzale iraultzaile politiko-militarraren alde. Oker ez banago, Batzarren prozesua 2009ko martxoan amaitu zen.
Hilabete horretan bertan, 2009ko martxoaren 16an, lehendik isilpean eta ezkutuan lanean ari zen frakzio erreformistak prentsaurrekoa eskaini zuen, bide, kanal, arau eta diziplina guztien gainetik salto eginez. “Estrategia eraginkorra” aldarrikatu zuten, Erakundeak bere Batzarrean erabakitakoa ez zela efikaza argi eta garbi utziz. Prentsaurreko erabat frakzional horretan Otegi, Rodriguez, Zabaleta, Erkizia, Kiroga, Moreno, Diez eta Etxaide egon ziren, besteak beste. Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko frakzio erreformistaren aurkezpen publikoa izan zen.
Azaroaren 14an egin zuten agerraldi famatuena, “Mitchell” printzipioak onartuz Ezker Abertzale osoaren izenean, inolako eztabaidarik gabe. Benetako estatu-kolpea. Alferrik da espantuka aritzea militante likidazionista horien diziplina eza eta jukutria deitoratuz, kritikatuz eta kondenatuz. Alferrikako lana da, zeren eta lehenago esan dudan bezalaxe, diziplina estrategia baten baitan subordinatzen den osagaia baita. Ez da nagusi baina morroi. Beraz, ENAMen baitan bi estrategia argi eta garbi agertu zirenean, automatikoki bi diziplina ere sortu ziren, ezinbestez eta halabeharrez.
Ondoren etorri zena kontu oso jakina da. Diziplina iraultzailea batere errespetatu ez zutenak hasi ziren diziplina eta batasuna eskatzen denei, ezker-eskuin eta ozenki. Eta nahasmen ikaragarria nagusitu zen ENAMen baitan, ez baitzegoen argi noren eta zeren aldeko batasuna eta diziplina eskatzen zen. Erreformistek, likidazionistek eta oportunistek ederki baliatu zuten konfusio hori, borroka armatuaz gain, estrategia iraultzaile osoa ere suntsitzeko, kontua ez baitzen borroka armatua bai / borroka armatua ez eztabaida itsu eta antzua. Arazoaren muina estrategia iraultzailea versus estrategia erreformista zen. 2007/2009 urteetan oso militante gutxik ikusi zuten arazoa. Gaur egun gero eta gehiagok ikusten dugu, eta horren arabera jokatzen hasi gara.
Honaino iritsita, uste dut garbi azaldu dudala nire jarrera militantea. Nik diziplina beti onartu dut, Euskadi Ta Askatasunaren estrategia abertzale, independentista eta sozialista iraultzailearen baitan. Eta diziplina horri jarraiki, kontzientzia militante horri jarraiki, jokatzen ari naiz jokatzen ari naizen bezala. Ez naiz ni diziplina hautsi duena, baizik eta estrategia erreformista eta likidazionista oso-osorik eta txintik esan gabe irentsi duzuenok. Hor dago gakoa!
2009/2011 urteetan kontu hauek guztiak erabat nahasita zeuden. Konspirazio horren ondorioz militante askok ez genuen argi ikusten gure erakundean bereziki eta ENAMen oro har gertatzen ari zena. Baina 2017an gaude eta orain ez dago aitzakiarik. Kontuak eta aferak garbi daude. Bi estrategia dira gaur egun, bata erreformista eta beste iraultzailea. Bata likidazionista eta bestea V. Batzarraren ildokoa. Bata PNVren mendekoa, gero eta argiago, eta bestea independentista eta sozialista, Erakundearen historiarekin zintzo eta koherentea. Eta honen guztiaren ondorioz, bi diziplina ere badaude, bata erreformista eta bestea iraultzailea.
Nik, zuek bezala, nire hautua egina dut. Praxi iraultzaileak erabakiko du nork duen arrazoia eta nork ez. Azken bost urteek, hala ere, argi utzi dute betiko helburu eta estrategiaren alde nor garen, eta hurrengo bostek are argiago utziko dute hori. Euskal Herri Langilea horretaz ohartzen ari da.
Hau esanda aprobetxatu nahi dut ere, EPPKko kidea naizen heinean, EPPKren baitan ematen ari den “barne eztbaidan” parte ez hartzea erabaki dudala esateko. Honi ez diot zilegitasunik onartzen, izan ere inolako eztabaida gabe Gernikako Akordioa sinatzen behartu gintuen Zuzendaritza beretik jaiotzen baitelako. Eta preso politikoek legalitatearen bidea (salba dadila ahal duena) onar dezagun urtebeteko presio politiko-mediatikoa eta gero, norbaitek sinetsi al dezake egoera honetan, testuinguru honetan, eztabaida bat serioa dela? Posiblea dela askatasunez eztabaidatzea ukapen politikoa eta bazterketaren artean aukeratzera bultzatzen gaituztenean? EA Ofizialaren arduradunek pertsonen ahul eta babesgabeenak biltzen dituen kolektiboarekin egin izana frakzio honek ordezkatzen duenaren adierazlea da.
Esango didazue zuen “estrategiarekin” bat egiten ez dudanez gero ez daukala zentzurik Erakundean militatzen jarraitzeak, ezta EPPKren barnean jarraitzeak ere, ni neu kokatu naizela bietatik kanpo. Baina nik ez dut horrela ikusten, ni ez naiz banandu eta ez dut onartzen nirea ere baden etxetik alde egitea. Egin ezazue borroka armatu osteko markoan posibleak diren aukera guztien artean erabakitzea ahalbidetuko duen eztabaida justu bat. “Amnistia gauza ezina dela” argudiatzen duzue baina, ordea, independentzia posiblea dela irizten duzue (sozialismoari buruz aspaldi hitz egiten ez duzuela!). Ulertzen ez diren baieztapenak daude. Eztabaida justua egin ezazue eta militantziak erabaki dezala.
“Desobeditzeko gaitasunak ekarri bazuen gizakien historiaren hasiera, gerta litekeena da obedientziak ekartzea haren bukaera.”
(Frich Fromm)
Patxi Ruiz Romero – Euskal preso politikoa.
http://amnistiaaskatasuna.blogspot.com/2017/04/erakundeko-zuzendaritza-batzordeari.html?m=1