Orain Hernanin

Deskargatu

Orain Hernanin

2022ko maiatzaren 24a

https://gedar.eus/editoriala/orain-hernanin

        Badirudi Gasteizen eta Lazkaon gertatutakoak gogoan hartu dituela Ezker Abertzaleak. Ez, ordea, txosnetan betoak jartzeari uzteko, hori egin ahal izateko babes soziala handitu eta «filak ixteko» baizik. Mugimendu Sozialistari buruzko diskurtso eta irudi jakin bat –faltsua, gezurretan oinarritua– zabaldu nahi du, mugimendu hori sozialki zokoratzea eta aukera politiko modura ezabatzea baimendu eta erraztuko diona. Hori ez da berria, baina badirudi txosnen kontuarekin saiakera intentsifikatzen ari dela. Hau da, Ezker Abertzaleak sozialki zabaldu nahi du Mugimendu Sozialista dela arazoaren erroa, bera gabe ez legokeela gatazkarik. Izan ere, horrela posible izango luke gure aurkako jazarpen politika are modu esplizituagoan garatzea, babes zein justifikazio handiagoarekin.

         Hernanin horren zantzuak ari gara ikusten behintzat. Mugimendu Sozialista txosna batzordetik bota du Ezker Abertzaleak –Bilgune Feministarekin bat eginda–, eta udalaren bitartez trabak jartzen ari da Mugimendu Sozialistaren txosna jartzeko aukerari. Hala eta guztiz ere, biktima papera hartzea baimendu dio bere buruari eta prentsaurreko baten bitartez Mugimendu Sozialista eta Kontrakantxa gaztetxea seinalatzeari ekin diote, eta bertan, azken horiek izendatu dituzte Ezker Abertzalearen aurkako erasotzaile modura.

        Biktimismoaren eta Mugimendu Sozialista eta gaztetxea estigmatizatzearen ondorioak dagoeneko ikusten ari gara, Hernanin bertan, Ezker Abertzaleko batzuk Mugimendu Sozialistakoak mehatxatzen aritu baitira eta kide bat fisikoki erasotzen ere bai. Horrela jarduteak Mugimendu Sozialista erasotzea baimenduta eta justifikatuta dagoen testuingurua sortzea dakar.

         Mugimendu Sozialista arazo bat da Ezker Abertzalearentzat, bera delako azken urteetan Ezker Abertzalea Estatuan integratzeko prozesua eta independentzia zein sozialismoa helburu modura behin betiko albo batera uzteko prozesua ondoen bistaratu dituena. Era berean, Mugimendu Sozialistak azaleratu du Ezker Abertzalea, iraultzaile maskara kenduta, Estatuarentzat funtzionala den «kontrolpeko disidentzia politikoa» dela. Hori diogu, Espainiako Estatua biziberritzen duelako –azken urteetan posible egin dituen gobernu, erreforma eta abarrak ikusi bestela–, eta gainera, Estatuaren aurkako indarrak batzeko ahaleginak egiten ditugunon aurka jarduten duelako. «Arazo» horren aurrean autoritarismoa da egin duen hautua.

 

Gedar Editoriala

https://gedar.eus/editoriala/orain-hernanin

Deskargatu

 

GEHIEN IRAKURRI

AZKEN BERRIAK