EZKABAKO IHESAREN BIRIBILGUNETIK: GRANADA : 1492 NAFARROA: 1512

deskargatu

EZKABAKO IHESAREN BIRIBILGUNETIK

 

GRANADA  : 1492

NAFARROA: 1512

 

         1492ko urtarrilaren 2an, Gaztelako Isabel I. erregina eta Aragoiko Fernando II. Erregea Granadan sartu ziren, garaile. Historiografia espainolistak izendaturiko “Errege-erregina Katolikoek” Granadako erresumaren konkista bururaino eraman zuten ekintza horrekin. Granadako errege zen Muhammad XII.a, Abu Abdallah izenez ere ezaguna, eta nazionalkatolizismoak “Boabdil” deitua, Espainia sortuberriaren nagusien aurrean errenditu eta exiliorat joan zen.

        Baten batek galde eginen dio bere buruari: “Eta honek zer du ikusteko XXI. mendeko Euskal Herriarekin?” Joanak joan! Iragan urruneko kontuak dira horiek, nazionalismoa, historizismoa, Proletalgoarekin zerikusirik ez duten istorio zaharrak, aspergarriak, atzerakoiak...

        Atzo bertan erran nuen: “internazionalista proletarioak gara, gauza bera nahi dugu mundu Herri Langile guztientzat ere. Euskal Herriaren askatasuna beste Herri zapaldu askorekin batera lortuko dugu, ez guk bakarrrik, bakartuta eta isolaturik. Oso argi dugu hori. Denok ala inor ez. Dena ala ezer ere ez.” Horregatik aipatu nahi dut gaurkoan Granadako konkistaren urteurrena.

        Espainia Eliza Katolikoaren hierarkiak hasiera-hasieratik asmatu eta eraikitako estatu inperialista izan da, mendez mende eraikia, Iberiar Penintsulako Herri guztiak botere bakar baten mende zapaltzeko egitasmoa. Behialako Hispania erromatarra edota Bisigodoen Erresuma oinarri mitikotzat hartuta, Eliza Katolikoaren buzuzagitzak Antso III.aren Iruñeko erresumaren bi konderri, Gaztela eta Aragoi, bere hegal eta babespean hartu, militarizatu eta fanatizatu zituen, ondoren Al Andalus musulmanaren aurka bideratzeko. “Errekonkista” da etengabeko gerra inperialista hori legitimatu, justifikatu eta zilegiztatu zuèn ideologia nazionalkatokikoa. Horregatik “Katoliko” gisa bataiatu zen nafarrok “Faltsario” erraten diogun Aragoiko Fernando II. erregea.

        Behin Granada, Al Andaluseko azken estatu independentea, konkistatuta, bi helburu zeuden inperialismo espainolarendako: Nafarroa eta Portugal. 1512 eta 1580. Zorionez, Portugalek bere independentzia berreskuratu zuen 1640an. Nafarroak eta Granadak, aldiz, ez. Ez oraindik!

        Nazionalkatolizismo espainolistak urtero ospatzen du Granadaren konkista hirian bertan. Jai eguna da han. Eta urtero independentista andaluzek, horien artean Nación Andaluza antolakundeko gure burkideek salatzen dute ospakizun faxista, arrazista, inperialista eta supremazista hori. Hemen duzue esteka: https://nacionandaluza.org/2021/01/01/nacion-andaluza-ante-los-festejos-de-la-conquista-de-granada-2-de-enero-nada-que-celebrar/

        Horregatik, gaur, Berriozarren, gaueko 8etan, Ezkabako ihesaren biribilgunean elkartzen garenean, izar gorridun bandera andaluza ere ageriko da gure artean. Euskal Herriaren borroka eta Andaluziarena lotzeko, Granadako konkista eta Nafarroakoa lotuta egon ziren bezalaxe. Independentzia, Sozialismoa eta Amnistia Osoa munduko Herri zapaldu guztientzat nahi baitugu. Eta hori lortzeko bide bakarra dago: Iraultza Sozialista egitea. Andaluzian eta Euskal Herrian. Mundu osoan!

 

Daniel Elortza Ormaetxea

Deskargatu

GEHIEN IRAKURRI

AZKEN BERRIAK