EZKABAKO IHESAREN BIRIBILGUNETIK: QASSEM SOLEIMANI

Deskargatu:

EZKABAKO IHESAREN BIRIBILGUNETIK:

QASSEM SOLEIMANI

        Duela urtebete, egunez egun, 2020ko urtarrrilaren 3an, Donald Trump Estatu Batuetako presidentearen aginduz, Armada yankiak, Alemania, Erresuma Batua eta “Israel” autoizendatu den kolonia sionistaren laguntzaz, Qassem Soleimani asasinatu zuen ekintza koldar eta terrorista batez.

        Berarekin batera beste bederatzi iraultzaile antiinperialista hil zituzten yankiek. Haien izenak ezagunak izatea merezi dute militante hauek. Lau irandar, Iraultzaren Zaindariak: Hossein Pourjafari, Shahroud Mozararinia, Hadi Taremi eta Vahid Zamanian. Eta bost irakiar, Herri Mobilizazioaren Indarrra izeneko erakunde armatuko kideak: Abu Mahdi Al Muhandis, Muhammad Reza Al Jaberi, Muhammad Al Shinabi, Hassan Abdul Hadi eta Heydar Ali. Agur eta ohore zuei!

        Gaur, gaueko 8etan, Berriozarren, egunero bezala, Ezkabako ihesaren biribilgunean elkartuko gara, Independentziaren, Sozialismoaren eta Amnistia Osoaren alde. Horrekin batera, Qassem Soleimaniren argazki haundi bat izanen dugu eskuetan. Guk ez ditugu Inperialismo yanki sionistaren krimenak ahazten, ezta barkatzen ere. Argi eta garbi diogu, ozen eta ahoan legarrik gabe.

        Ernesto CHE Guevara asasinatu zuten yankiek Bolivian, 1967an. Qassem Soleimani CHE  musulmana zen. Inperialismoaren aurkako borrokan eman zuen bizitza osoa, fronte guztietan. Gudari Iraultzailea, Iraultzaren Zaindaria, Pasdaran, izan baino lehenago, obrero izan zen 13 urte zituenetik. Bere familia laborari pobreak ziren. Jatorri langile eta nekazaria zuen, proletarioa.

        22 urterekin Irango Iraultzaren Zaindarietan alistatu zen. Saddam Husseinen aurkako gerran   aritu ondoren, 1980-1988 urteetan, gudu eta bataila guztietan ibili zen, beti lehen lerroan: Palestinan, Libanon, Afganistanen, Sirian, Iraken, Yemenen... Harik eta borrokan hil zuten arte.

        Inperialismo yanki sionista behin betikotz suntsitu gabe, ezinezkoa da pentsatzea klaserik gabeko sozietateen bidean Komunismoranzko Trantsizio Prozesu Sozialistak aurrera aterako direla. Kapitalismoaren erasoak, enbargoak, boikotak, gerrak, ekintza terroristak, sabotaiak, sarraskiak, kontraintsurgentzia operazioak, desinformazio eta kriminalizazio saioak, usteltze eta infiltrazio prozesuak etengabeak izanen dira. XX. mendeko Iraultza Sozialista eta Antiinperialista guzti-guztietan ikusi izan dugu hori. Hasi Sobiet Batasunarekin, segi Txina, Korea eta Vietnamekin, eta bukatu Kuba, Txile, Iran, Nikaragua, Venezuela, Bolivia eta nahi dituzuen herrialde guztiekin.

        CHEk erran zuen Inperialismoa behin betikotz suntsitzeko, Vietnam bat, bi, aunitz sortu behar genituela. Qassem Soleimanik horretan eman zuen bizitza osoa, arrakasta haundiz. Yankiek eta sionistek telegidatutako terrorista islamofaxistak garaitu zituen behin eta berriz Sirian eta Iraken. Sionistei hortzak erakutsi Palestinan, Libanon eta hamaika tokitan. Hori izan zen bere “errua”.

        Iraultza Sozialista liburu teorikoetan eta ezkerkeriazko perfekzio abstraktuetan egiten dutenei errealitatearen konkretutasuna eta zehaztasuna ez zaie gustatzen. Horregatik ez dute Qassem Soleimaniren eredua eta etsenplua maite. Horregatik egon ziren isilik bera asasinatu zutelarik. Horregatik segitzen dute isilik orain ere, balizko errota proletarioen erresuma zerutiarrean.

        Gu, aldiz, Qassem Soleimaniren alde gaude. Argi eta garbi. Armak eskutan etsaiaren aurka borrokatzen diren guztien alde. Aurrera bolie!

Daniel Elortza Ormaetxea

Deskargatu

MAS LEIDOS

ULTIMOS ARTICULOS. Iritziak