EZTANDAREN AURRETIK
Klase borrokaren dinamikak mundu mailan azelereragailua bortizki sakatu du eta sakonki zapaldu azken urteotan.
Gertaeren zurrunbiloa abiadura eroan garatzen da gure begien aitzinean eta etengabeko albisteen zirimolak zorabiatzen gaitu, bertigoa eraginez.
Hona hemen bost faktore nagusi:
1.- KARL MARXEN EKONOMIA POLITIKOAREN KRITIKA ZIENTIFIKOA DA ABIAPUNTUA.
Errealitatea begi bistakoa balitz, benetako egiak agerikoak balira, zientzia ez litzateke beharrezkoa izanen. Alta, Lurra da mugitzen dena, eta ez eguzkia, guri alderantziz iruditzen bazaigu ere.
Sozietateen funtzionamenduan bergauza da gertatzen: agerikoa ez da benetakoa, eta zientzia behar dugu egia aurkitzeko. Hori da materialismo historiko eta dialektikoaren helburua eta funtzioa.
Karl Marxek egin zuen lan miresgarri hau, Kapitalismoaren barne funtzionamenduaren mekanismoak zientifikoki aztertuz eta ekonomia politikoaren kritika eginez.
Ez dugu kritika zientifiko hau hemen xeheki azalduko. DAS KAPITAL maisu-lan handiko hiru tomotan esplikatzen da zehatz mehatz.
Hemen kontu bakarra erranen dugu: Kapitalismoa da planeta osoa dominatu eta menperatzen duen sistema ekonomikoa, ekoizpen modua, hain zuzen ere. Oinarri material honek sakonki baldintzatzen ditu gainontzeko fenomeno sozialak, epe luzean determinatzeraino.
Karl Marxek azaldu zuen, duela 150 urte, Kapitalaren metaketa dinamikak duen barne legea: irabazien tasaren joera beheranzkoa. Hau da, Kapitalaren metatze prozesua aurrera joan ahala, Kapitalaren osatze organikoa igotzen den heinean, irabazien tasa jaisten da. Gerta daiteke, eta hala izaten da gehienetan, irabazien masa handitzea. Bainan irabazien portzentaia, inbertsio/etekin tasa, inexorableki apaltzen da. Lege ekonomiko zientifikoa da hau, Kapitalismoa kondenatzen duena. Erran nahi baita Kapitalismoa, laster ala berandu, kolapsatu eta erroiztuko dela, porrot egin eta amildu.
2.- IMPERIALISMOARI BURUZ LENINEK EGIN ZUÈN ANALISIAK BERE GAURKOTASUN ETA BIGENTZIA OSOA DU.
Bistan da, Kapitalismoa ez da makina bat, aunitzek uste izan duten bezala. Kapitalismoa izaki biziduna da, eta burgesia da bere burmuina. Kapitalismoa autokontzientea da, garuna baitu: oligarkia. Bera da mundu mailako sistema eta zibilizazio honen sare neuronala.
Kapitalismoak bizirauteko, XIX. mendeko azken hamarkadetan, burgesiak martxan jarri zituen mekanismoak sistemaren kolapsoa eragozteko, eta irabazien tasa kosta ahala kosta igotzeko.
Neurri horien ondorioz sortu zen Inperialismoa, Kapitalismoaren fase gorena. Leninek 1916an, Lehen Mundu Gerraren erdian, Suitzan, maisuki deskribatu zituen bere ezaugarriak izen bereko obra nagusian.
Karl Marxen ekonomia politikoaren kritikarekin bezala, oso luze joko liguke Leninen lana xeheki azaltzeak. Bainan egoera geopolitikoaren analisia egiterakoan, bi iraultzaile hauen ekarpena oso kontuan hartu behar dugu. Marx eta Leninen teoriak dira gaur egungo abagunea aztertzeko abiapuntua.
Laburbilduz: irabazien tasa beherantz doa azken urteotan. Inperialismoa da Kapitalismoaren azken fasea, eta XX. mendeko krisi ekonomiko larriak airoski gainditu ondoren, (bi mundu gerra eraginez eta Bloke Sozialista suntsituz...), XXI. mendean are krisi larriagoa bizi izan zuen 2008-2009 urteetan. Oraindik ez du krisi hori gainditu. Aurreko krisian soluzioa bikoitza izan zen: urre patroia abandonatu eta dolarraren nagusitasuna ezarri, eta aldi berean, zorpetze masiboa.
Orain kartutxo ekonomiko horiek guztiak erreta daude, eta Kapitalismoa fase agonikoan sartu da. Irabazien tasa igotzeko eta Kapitalaren metatze fase berria ireki eta zabaltzeko, gerra behar du atsolutuki. Gerraren bidez erabat subordinatu behar ditu semiperiferiako estatuak, hau da, BRICS+ taldea, bereziki bere hegemoniari aurre egiten hasiak zirèn Txina, Errusia eta Iran. Ez dago beste irtenbiderik, arrazoi ekonomiko sakonengatik.
Hona hemen zein diren arrazoi hauek: urre patrioa abandonatu ondoren, dolarraren balioaren berme bakarra USAren botere politiko eta militar hegemonikoa da. Ez dago beste ezer dolarrari eusten dionik.
Mundu osoko merkataritza guztia dolarretan egiten zen. Ekonomia desdolarizatzen bada, bilioika dolar geldituko dira inolako funtziorik gabe. Paper hutsa. Hots, komuneko papera. Honek hiperinflazioa eraginen du, eta instant batean Estatu Batuen boterea eta hegemonia desagertuko dira. Eta berarekin batera, gainontzeko estatu inperialistena ere: Europa, Japonia, Australia, eta abar...
3.- IMPERIALISMO ANGLO-YANKI-SIONISTA GERRA EKONOMIKOA GALTZEN ARI DA.
Estatu Batuak eta Inperialismoa oro har Errusia eta Txinaren aurkako gerra ekonomikoa galtzen ari da. Zigor ekonomikoek ez dute funtzionatzen, eta ekonomiaren desdolarizazioa areagotzen dute.
USAren zorpetze maila jasanezina da, eta bergauza gertatzen da gainontzeko estatu inperialista guztiekin ere. Beraz, hazkunde ekonomiko indartsua behar dute, irabazien tasa igo lehenbailehen, eta horretarako, irtenbide bakarra dago: lehengaiak merketu, eta lan indarraren prezioa apaldu. Eta hori, batez ere, Hegoalde Globala subordinatuz, zapalduz eta esplotatuz lortuko dute.
Zigor ekonomikoek funtzionatzen ez dutenez, muga zerga ikaragarriak ezarri dizkiete yankiek beren aliatuei, bainan hori ez da aski krisitik ateratzeko eta hegemonia atxikitzeko. Gerra behar dute. Gerra Global Totala irabazi. Txina, Errusia eta Iran garaitu edota suntsitu. Horrela semiperiferiako gainontzeko estatuek, India, Brasil, Hegoafrika, Indonesia, eta abar, amore emanen dute eta bekaunikatuko dira.
Hauxe da, biziki laburbilduz, gaur egungo egoera. Kontua ez da Donald Trump erotuta dagoen ala ez, eta horrelako axalkeria psikologizistak. Arazoaren muina ekonomikoa da, gainontzeko guztiak epifenomenoak dira. Ondoriozko gertaerak.
4.- MUNDU MULTIPOLARRAREN OSAERA KONPLEXU ETA ANIZKUNA, KONTRAESANEZ BETEA.
Inperialismoaren aurrean, azken hamarkadetan, mugimendu zabala antolatu da Sistemaren periferian, semiperiferian bereziki, non aurkitzen diren estatu industrializatu indartsu eta burujabeak.
Estatu hauek hiru mailatan antolatuta daude:
1.- ERRESISTENTZIA ANTISIONISTAREN FRONTEA: mundu multipolarraren abangoardia politiko militarra da: Palestina, Libano, Siria eta Irakeko erresistentziak, Yemen eta Iran dira partaideak. Beren enfrentamendu maila Inperialismoaren aurka erabatekoa da. Hil ala bizikoa gerran ari dira.
2.- FRONTE MULTIPOLAR ANTIINPERIALISTA: bertan sartzen dira, aurrekoez gain, semiperiferiako bi estatu boteretsu: Errusia eta Txina. Eta haiekin batera, beste estatu ttikiagoak, historikoki antiinperialistak izan direnak: Korea, Kuba, Venezuela, Vietnam, Nikaragua, Laos...
Txina da bloke honen estatu nagusia, USAren botere globalari aurre egiteko gai dena arlo ekonomiko, politiko eta militarrean. Eta horri gehitzen badizkiogu Errusiaren indar nuklearrak eta Ukrainian garaile ateratzen ari den armada boteretsu biziki eraginkorra, ohartzen ahal gara zer-nolako desafioa den Fronte Multipolar Antiinperialista OTANentzat. Eta konturatuko gara zergatik gerra saihestezina den...
3.- BRICS+: Mundu Multipolarraren hirugarren eraztunean, aurrekoez gain, semiperiferiako gainontzeko estatuak biltzen dira, Inperialismoaren aurka militarki borrokatzeko prest ez daudenak, bainan ekonomikoki enfrentatzen direnak, arrazoi eta interes nazionalengatik.
Hiru eraztun hauek, beren muga, gabezia eta kontraesan guztiekin, ikaragarrizko mehatxua dira Inperialismoarentzat. Kosta ahala kosta garaitu eta menperatu behar dituzte, planeta mailako hegemonia gordeko badute.
5.- EKAITZA LASTER LEHERTUKO DA ETA EUSKAL HERRIAN GEURE BURUA PRESTATU BEHAR DUGU.
Kontraesan ekonomiko, politiko eta militar hauek guztiak laster lehertuko dira.
Momentuz bi fronte nagusi daude zabalik: Palestina eta Mendebaldeko Asia, eta Ukraina eta Europa. Ekialdeko Asiaren fronteak (Txina-Taiwan), oraingoz, ez du eztanda egin.
Gogoeta hauen argitan analizatu behar dira trumilka metatzen ari diren albisteak eta gertaerak: Trumpen muga-zergen gerra, Palestinako genozidioa, Iranen aurkako eraso yanki-sionistak, Europaren subordinazio erabatekoa yankien aurrean, nonahi lehertzen ari diren bigarren mailako gatazkak (Sudan, India-Pakistan, Tailandia-Kanbodia, eta abar...), estatu guztien berrarmatze azkarra...
Lerro hauek abuztuaren 2an idazten ari gara, eta ez dakigu bihar bertan zer gertatuko den, hain da-eta inestablea egoera. Abuztuaren 6tik 9ra munduak Japoniaren aurkako bonbardamendu atomikoaren 80. urteurrena oroituko du. Estatu Batuek zibilen aurka egindako atentatu terrorista gupidagabea, II. Mundu Gerraren amaieran. Une bereziki arriskutsua dateke, USAk baliatu nahi izanen baitu sarraskiaren oroimena bere boterea erakusteko. Erne eta adi egon beharra.
Artikulu honen bukaeran, iraultzaile euskaldun gisa, galdera bat: zer eginen du Euskal Herriak kinka larri honetan? Zer eginen du Euskal Herri Langileak? Zeren badakigu Euskal Herrian ari diren burgesia guzti-guztiek, espainolistak, frantximantak zein baskoak, zer eginen dute: OTANen alde agertu eta jokatu, hortzez era haginez.
Nafarroako Euskal Errepublika Sozialista helburu dugunok, lehengo Independentzia eta Sozialismoaren bandera betikoa zutik eta tinko mantentzen dugunok, Euskal Herri independente, birbatu, sozialista eta euskalduna nahi dugunok garbi dugu afera: gure tokia Inperialismoaren aurkako gerran dago, OTANen kontrako borrokan, Fronte Multipolarraren aldeko lanean. Gure lubakia Iraultzarena da. Euskal Iraultzarena, eta mundu mailako Iraultza Antiinperialistarena.
Horregatik, abuztuaren 15ean, eguerdiko 12etan, Orreagan, HERRITAR BATASUNAk antolatu duen ekitaldian izanen naiz.
Bertan eztabaidatuko dugu nola indartu Euskal Iraultza Sozialistaren aldeko borroka, eta nola erdietsi Euskal Herri Langilearen askatasuna Titanen arteko talka erraldoi honetan...
778an, orduko Inperialismoa garaitu genuen euskaldunok. XXI. mendean ere lortuko dugu!!!
Mikel Erro