EZKABAKO IHESAREN BIRIBILGUNETIK
ZUTIK ETA TINKO
Gaur, urtarrilaren lehenean, egunero bezala, gaueko 8etan Berriozarko errotonda batean elkartuko gara, Independentziaren, Sozialismoaren eta Amnistia Osoaren alde. Hala egiten dugu urriaren 1etik. Txikitoren gose grebaren eraginez eta harenganako elkartasunez hasi ginen, bere borrokarekin bat eginik. Bera egunero ari da zapalkuntzaen aurkako erresistentzian. Guk gauza bera egitea erabaki genuen. Hiru hilabete jadanik eman dugu ekintza militante honetan. Euskal Iraultza Sozialistaren alde egunero kalean ekintza xumea egiten dugu ordu erdiz. Zutik eta tinko.
Biribilgune horrek sinbolismo handia du, zeren eta 1938an Ezkabako presondegiko ihesaren omenez egindako monumentua hantxe baitago. Estatu Espainoleko Nazio guztietako 795 preso antifaxista, errepublikazale, sindikalista, abertzale eta iraultzailek ihes egin zuten espetxe frankista hartatik. Horietariko 211 asasinatu zituzten. Bada toki hoberik Amnistia Osoaren alde agertzeko?
1984ko urtarrilaren lehenean, Bordeleko ospital batean Mikel Goikoetxea Elorriaga, “Txapela”, E.T.A.-ko euskal gudari iraultzailea hil zen, PSOE-GAL antolakunde terroristak abenduaren 28an Donibane Lohitzunen burututako atentuan eragin zizkioten zaurien ondorioz. Bera gogoan izanen dugu gaur geure elgarretaratzean, eta geure engaiamendua berretsiko dugu, borrokan segitzeko, harik eta Euskal Herriarentzat Independentzia, Sozialismoa, Berreuskalduntzea eta Batasun Nazionala lortu arte. Nafarroako Euskal Errepublika Sozialista eraiki arte.
Ez hori bakarrik. Internazionalista proletarioak gara, gauza bera nahi dugu mundu Herri Langile guztientzat ere. Euskal Herriaren askatasuna beste Herri zapaldu askorekin batera lortuko dugu, ez guk bakarrrik, bakartuta eta isolaturik. Oso argi dugu hori. Denok ala inor ez. Dena ala ezer ere ez.
1919ko urtarrilaren 1ean Alemaniako Partidu Komunista fundatu zuten militante iraultzaile batzuk, horiek artean Rosa Luxemburgek eta Karl Liebknetchek. Aste batzuk geroago Alemaniako sozialdemokraziak asasinatu zituen, beste espartakista askorekin batera. Ez dugu ahazten zein den oportunisten eta erreformisten benetako funtzioa Kapitalismoan.
1959ko urtarrilaren 1ean Kubako Iraultzaren garaipena izan zen, Fidel Castrok gidatzen zuen Armada Errebeldea Santiago de Cuban sartzean. Sierra Maestran borroka armatuan hasi zirenean hamabi lagun inguru ziren. Hasierak beti ttipiak eta xumeak izaten dira.
Honek guztiak mezu argia dakarkigu. Kausa baten zilegitasuna eta egokitasuna ez datza kopuruan. Ez da inporta hasieran gutxi ala asko elkartzen garen. Giltza helburuen edukia da, zuzenak, askatzaileak eta iraultzaileak ote diren ala ez. Eta gu erabat sinetsita gaude Euskal Iraultza Sozialistaren helburuak zilegiak, egokiak eta zuzenak direla.
Horregatik elkartzen gara egunero, arratseko 8etan, Berriozarren, Ezkabako ihesaren biribilgunean. Inperialismo yanki sionistak eragindako pandemiaren garai hauetan, non Kapitalismo agonikoaren krisia arlo guztietan aregotzen ari den, inoiz baino beharrezkoagoa da mobilizatzea, kalea okupatzea, mugitzea. Txinparta batek sua pizten ahal du. Gu egunero saiatzen gara pindarra sortzen jendearen kontzientzian. Ados baldin bazaude, zatoz zu ere!
Daniel Elortza Ormaetxea