NAFAR INDEPENDENTISMOA

 Mamu bat dabil Euskal Herrian gaindi, "pan nabarrismoa"ren mamua. Mamu horren aurka Euskal Herri “zahar” honetako boteretxo guztiak aliantza saindu batean elkartu direla dirudi. Alderdi nazionalista espainol, frantses eta baskoak, nork bere ideologia eta helburu diferenteekin, balizko mamu hori astintzeari ekin diote, herritarrak izutu nahian. Den-denak “pan nabarrismoa”ren aurka. Zergatik ote?

Jon Iñaki Odriozola Etxabe dugu aliantza saindu honen eledun berria. Zeren eta Euskal Herri “zaharra”, nazionalismo frantses, espainol eta baskoan oinarrituriko erkidego autonomo foralen zein hirigune elkargoen arkadia uros eta zoriontsu honen harmonia paregabea arriskuan baitago, bere ustez. Bere hitzez errateko, “Azken urteotan mugimendu ideologiko berri bat sartu da euskal eremu politikoan, hainbat sektore abertzaletan nolabaiteko onarpena lortu duena: pan-nabarrismoa.”

Kasu!” diosku Jon Iñakik, “euskal herritar guztiok nafarrak garela, eta Lekeitio, Laudio edo Maule, Tafalla, Elizondo edo Tutera bezain nafarrak direla” aldarrikatzen omen du “pan-nabarrismoak”. Eta honen ondorioz, “mantra(sic!) horren errepikapenak lortu du gure gizartearen hainbat sektore abertzaletan pan-nabarrismoa errotzea.” Kontuz!

Nazio forala” arriskuan dago, beraz, zeren “pan-nabarrismoa”ren “mugimendu ideologikoa” heldu baita nazionalismo frantsesaren, espainolaren (eta Nafarroa Garaian bere azpikontrata den erregionalismo nabarrero-espainolista) zein nazionalismo baskoaren arteko “elkarbizitza demokratikoa” nahastera. “Aux armes, citoyens, formez vos bataillons!”

Nazionalismo baskoaren paradigmako bozeramalea den Jon Iñaki Odriozola Etxabek tranpatxo bihurri bat egiten digu, hala ere, gure sudur punten aitzinean: nazionalismo espainolista, neofrankista zein nabarrero-antieuskalduna eta nafar independentismoa zaku berean sartzea. UPN eta Libertate Nafarra elkarrekin, eskuin fatxa-unionista eta Herritar Batasunaren mugimendua besotik helduta, biribilketa alaian. Neofrankismo espainolista eta independentismo iraultzaile euskalduna, besotik helduta. Harrapazazu zangotik!

Espainolistarik amorratuenak eta nafar independentista euskaldunak konpintxaturik, nazionalismo baskoaren avatar ezberdinen aurkako konspirazioan. Ez egin irri, faborez, seriotan ari zaigu-eta Jon Iñaki Odriozola Etxabe! Serio demonio.

Eta gure autoreak segitzen du, eta prosegitzen, aldi eta alde berean: ideologia “pan-nabarrista” lanjeros honen sorrera 1998an kokatzen du, Tomas Urzainkiren “La Navarra marítima” liburuarekin. Kontua da nafar independentista iraultzaileok irakurtzen badakigula, eta 1992an Joxe Azurmendik beste obra bat argitaratu zuela, Tomasen liburu mugarria baino sei urte lehenago: “Espainolak eta euskaldunak”.

Nazionalista baskoei bortz axola zaie euskal kulturaren baitako eztabaida eta gogoeta filosofiko eta historikoak, azken finean euskaldungoa, haien begietan, Nazio baskoaren azpitalde indigena eta sinpatikoa baita, gehienbat botoak lortzeko, zentro-eskuinetik (PNVk), eta zentro-ezkerretik (EHBilduk). Bozkak ondoren, ixo eta segi! Dinamika subordinatu eta subordinante hau ezin hobeki adierazi zuen Joxe Manuel Odriozolak 2008 urteko “Abertzaleak eta Euskara” liburuan.

Joxe Azurmendi “pan-nabarrismo”aren “ideologoa” ote da? Noiz eta 1992an, euskalduntasunaren eta euskaltzaletasunaren kontzientzian mugarri eta pizgarri izan zen“Espainolak eta euskaldunak” liburuan? Jon Iñaki Odriozola Etxabek, Arturo Campión eta Manuel Irujo, Anacleto Ortueta eta Koldo Mitxelena aipatzen dituen pasartea irakurri beharko luke, Herritar Batasunaren blogean berriki argitaratu duguna:

Hona hemen esaldi esanguratsuenak: “XVI. mende hasieran galdu genuen euskaldunok Nafarroa. Galdu zena, Koroa bat edo Errege familia bat baino gehiago izan zen, eta Erresuma bat soil baino gehiago ere: hastera zihoan periodo historikoa galdu genuen, nazionalitateen desarroilorako dezisiboa. Horregatik, Euskadiren desarroiloa, nazionalitate bezala, anormala da. Gaur arte ezin burubidatu izan du orduko kalamitatea. Nafarroa izan zitekeen Euskara hizkuntza ofiziala deklaratuko zigun Estatu euskaldun bat. Baina hori ez da gertatu. Eta ezin gerta zitekeen, posible zen momentuan Espainiak konkistatu egin zuen-eta.

Eta hauek ere: “Nafarroaren konkistak Nafarroaren subirania ezezik, Euskadi osoaren independentzia galdu zuen. Desarroilo nazionalik eta historia propiorik egiteko bide guztiak galdu zituen. Euskadi, Nafarroa beregainik gabe, nazionalitate subdesarroilatua gelditu da.(…) Nafarroarik ez, Ernazimenturik ez. Euskadi Nafarroa da.”

Hauexek omen dira, Jon Iñakiren ustez, “pan nabarrismoa”ren ahuleziak: “XXI. mendean nafar estatu batekin amets egitea, Erdi Aroko Nafarroa hura eredutzat hartuz, anakronikoa izateaz gain burugabekeria politikoa da, aipatua izan baita Nafarroako Erresuma eta Euskal Herria gauza desberdinak direla. Euskal Estatua, independentistok nahi dugun Euskal Errepublika, ez da oinarritu behar Erdi Aroko erresuma batean, non erregeek eta jauntxoek beren lurraldeak kromoen antzera elkartrukatzen zituzten. Aitzitik, euskal nazioaren alderdi kultural eta linguistikoak, eta bere zazpi lurraldeetako biztanleen borondate demokratikoa aintzat hartzen dituen proiektu batean oinarritu behar da. Labur esanda, etorkizuneko proiektu bat, XI. mendeari begira ez dagoena, XXI. mendeari baizik.”

Jakina, nazionalista baskoei euskal literatura, kultura eta historia pittin bat ezagutzea gehiegi eskatzea da, zeren eta Euskal Herria, beren ustez, “Zazpiak Batman” baita, hau da “Nazio Forala” zazpi puskatan “partitua eta berezia”. Nork antolatu zuen horrela? Jainkoak, omen, mundua kreatu zuelarik. Ez, bistan da, estatu konkistatzaile, kolonizatzaile eta okupatzaileek, beren mendez mendeko konkista progresibo eta iraunkorraren bidez … Zeeer? Utikan ideia “pan-nabarrista” hori! Gu modernoak gara-eta!

Noski, Jon Iñaki Odriozola Etxaberi ez zaio bururatu, nonbait, Nafarroa independentea ez zela desagertu 1512an, ezta 1522ean ere, ez zela amaitu Noaingo batailan, ezta Amaiurko gazteluan ere, gaur egungo derrotistek sinestarazi nahi diguten bezala. 1528an Karlos I.ak, Inperio Espainoleko buruzagia, Nafarroa Beherean amore eman behar izan zuen, eta nafar eskualde horretatik erretiratu zituen bere tropak. Inperio Espainolaren lehen derrota territoriala izan zen. Nafarroako Henrike II.ak liberatu zuen Baxenafarroa. Eta hantxe abiatu zen euskal literatura idatzia, Etxepare erasmista eta Leizarraga kalbinistaren eskutik, Nafar Gortearen babes eta gerizpean. Bi Margaritak eta Joana, Nafarroako erreginak? “Connais pas” Frantsesak, omen.

Edota Erdi Arokoak. Ilun eta laino … Bainan ez Modernitatearen hasmentakoak, Ernazimentukoak, otoi!. Argi eta distira? Mesedez! Gu modernoak gara-eta!

Prefosta, “Pan-nabarristek trantsizio garaiaren «Nafarroa Euskadi da» hura oraingo «Euskadi Nafarroa da» honegatik ordezkatu dute. Biak txarrak. Zentzuzkoena zazpi lurralde historikoek Euskal Herria izeneko nazioa osatzen dutela onartzea da, egun bi estatuen artean banatuta dagoena.”

Eta lasai-lasai gelditzen da gure Jon Iñaki, aurpegian zirkinik egin gabe. Zazpi lurralde historikoak zergatik eta noizdanik diren hain historikoak ez digu batere argitzen. Zertarako? Gu modernoak gara-eta!

Zentzuzkoena, gure ustez, nazionalismo baskoaren ahuleziak agerian uztea da, zeinek gaur egungo blokeo eta inpasse egoerara ekarri gaituzten. Eta nafar independentismoaren indarra adieraztea, zeina baita etorkizuneko proiektu nazional euskalduna, gure iraganean sakonki errotua, geroko gerotan galduko ez dena, eta independentzia XXI. mendean berreskuratuko duena.

Iñigo Ezkurra, Donamaria.

Jon Mendiolea, Bilbo.

Isi Caballero, Lizarra.

Halip Lartiga, Bizkarroze.

Juanmari Madariaga, Zarautz .

Jexux Mari Mendinueta, “Poixtiña” , Etxarri-Aranatz

Pako Belarra, Portugalete.

Imanol Haranburu, Etxarren-Arakil.

Fermin Santxez, “Mikel Erro”, Berriozar.

Antton Gomez, Iraeta.

Karlos Ezkurra, Burlata.

Patxi Alaña, Deustu.

 

Herritar Batasunako militanteak

GEHIEN IRAKURRI

AZKEN BERRIAK