Herritar Batasuna Kongresuko prozesua

Comunicados

Kongresuko prozesuan hasten gara

Irakurri dokumentua PDF

FUNTZIONAMENDU JARRAIBIEAK

 

Hauxe da HERRITAR BATASUNAren Lehen Kongresurako proposatzen den testua: OINARRI TEORIKO ESTRATEGIKOAK.

Edonork egiten ahal ditu ekarpenak, kritikak, iradokizunak, iruzkinak, proposamenak.

Aski duzue zuen datuak ematea formularioa betez: telefono bat edota helbide elektronikoa.

Hori bai, kontuan hartu behar duzue arau bat: Kongresuan zuek proposatutakoa defenditzeko, parte hartu beharko duzue HERRITAR BATASUNAren batzorde batean, militante gisa, modu jarraian. Logikoa denez, mugimenduaren norabidea erabakitzeko mugimenduan lan egin behar da modu militantean. Ez dugu turismo politikorik onartzen.

Beraz, egin zeure ekarpenak aipatutako bi modu horien bidez: sinpatizante edota laguntzaile gisa, ala HERRITAR BATASUNAko militante zaren heinean.

Aurrera!

Gora Euskal Iraultza Sozialista!

Gora Nafarroako Euskal Errepublika Sozialista!

 

Parte hartu nahi baduzu, bidali zure ekarpenak eta zure datuak:

Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

 

OINARRI TEORIKO ESTRATEGIKOAK HERRITAR BATASUNAren LEHEN KONGRESUA EZTABAIDARAKO ZIRRIBORROA

 

1.- HERRITAR BATASUNA Iraultza Sozialistarako Euskal Herri Langilearen aliantza eta elkargune estrategikoa da, masa antolakunde abertzale eta iraultzailea.

2.- Bere helburu taktikoa Euskal Iraultza Sozialista egitea da, hau da, Euskal Herri Langileak, Euskal Proletalgo Iraultzailearen gidaritzaz, bere hegemonía taktiko eta estrategikoaren bidez, botere politiko eta ekonomikoa eskuratzea Euskal Herrian, gu zapaltzen gaituzten Estatu Burges Inperialistak suntsituz eta Herri zein Langile Botereak zuzendutako Euskal Estatu Sozialista eraikiz.

3.- Estatu Sozialista horren forma politikoa, Nafarroako Euskal Errepublika Sozialista da, zeina baita Estatu Proletarioak Euskal Herrian hartzen duen formulazio zein egituratze iragankor eta trantsitorioa, helburu estrategikoaren bidean: klase, estatu eta patriarkaturik gabeko Euskal Herri libre eta burujabea.

4.- Nafarroako Euskal Errepublika Sozialistaren bi ezaugarri horiek, bata, politiko-juridikoa, territoriala eta historikoa, Nafartasuna, zein bestea, etniko, linguistiko eta kulturala, Euskalduntasuna, elkarren osagarriak dira, eta biek batera barnebiltzen dute Euskal Nazio Proletarioaren izaera eta identitatea, Euskal Nazio Sozialista, alegia. Euskal Nazioa, beraz, gure ustez eta aburuz, Euskal Herri Langilea da. Euskal Herriko askotariko eta denetariko Burgesiaren frakzio desberdinak, hala estrukturalak (Oligarkia, Burgesia Handia, Ertaina, Txikia...) nola ideologikoak (espainolista, frantximanta, nazionalista vasco-espainola, basque-française, navarrista...) ez dira Euskal Nazioaren partaide, Euskal Iraultza Sozialista babesten eta aldezten ez badute, eta ondorioz, klase gisa bere desagertzea onartzen ez badute. Horrela bakarrik integratuko dira Euskal Nazio Proletarioan.

5.- Euskal Iraultza Sozialistaren kontzeptuan txertatu eta sintetizatzen dira 1959-2009 bitartean, 50 urtez borrokatu zen Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren lau helburu historikoak: Independentzia, Sozialismoa, Berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala. Borroka iraultzaile horren segida eta jarraipena gara, bere legitimitatea historikoa erreibindikatuz, ongi egindako gauzak onartuz, eta izandako akatsak, okertzeak, gabeziak eta hutsuneak autokritikoki zuzenduz eta konponduz.

6.- Lau helburu historiko hauei gehitu behar dizkiegu klase ekologismo eta feminismoaren ekarpenak, beti ere Proletalgo Iraultzailearen interes eta praxiaren arabera ulertuak eta praktikatuak, hau da zapaldu, desjabetu eta esplotatuen zerbitzuan. EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTAren kontsignak HERRITAR BATASUNAren helburu taktiko guztiak sintetizatu eta barnebiltzen ditu.

7.- HERRITAR BATASUNAren helburu estrategikoa, aldiz, haratago doa; klase, estatu eta patriarkaturik gabeko Euskal Herri libre eta burujabea da.

8.- Estatu, patriarkatu eta klase sozialik gabeko sozietate burujabe honen denominazioa, pertsona ekoizle libreek osatu eta eraikitakoa, historikoki, eta 1848az geroztik bederen Marxek eta Engelsek modu zientifikoaz formulatua, Komunismoa da. Tamalez, XIX. eta XX. mendeetan zehar, Burgesiak eta bereziki Inperialismoak modu ezin eraginkorragoan aurrera eramandako gerra ideologiko alienatzailearen ondorioz, Komunismoaren ideia erabat desitxuratuta dago Langile Klaseko sektore zabalen artean. HERRITAR BATASUNAk argi eta garbi adierazi nahi du Komunismoa, gure ustez, zapaldu, esplotatu eta desjabetu guztien erabateko askatasunaren garaipena dela,“norberarengandik bere ahalmen eta gaitasunen arabera; norberari, bere beharren arabera” kontsignan laburbildua.

9.- HERRITAR BATASUNAk, denetariko eta askotariko joera eta ikusmolde komunista, anarkista zein sozialista iraultzaileen bilgunea den heinean, eztabaida terminologikoetan galdu gabe, eta jakinda gutariko batzuk helburu estrategiko honi Anarkia edota Akrazia esaten diotela, lehentasuna ematen dio helburu estrategiko honen edukiari, eta ez izendapenari. Hots, HERRITAR BATASUNAren helburu estrategikoaren ortzemugan ez dago inolako klase sozialik, inongo estaturik ezta ezelango egitura zapaltzaile patriarkalik ere. Horrela ulertzen dugu geure helburu estrategikoa, iraultzaile guztiok partekatzen duguna. Ez dugu zinezko bakerik izanen hura lortu arte, ez diogu borrokatzeari utziko hura erdietsi artio.

10.- Euskal Herri Langilea, beharginen lan indarrak sortutako gainbalioa zuzenean esplotatzen ez duten sektore sozial guztiak dira, besteen lanaren lepotik direktoki aberasten ez diren herritarrak. Hau da, ekoizpen tresna indibidual edota familiar batzuen jabe izanik ere, soldatapeko langilerik enplegatzen ez dituzten herritarrak ere Euskal Herri Langilearen partaide dira, bere periferian bada ere.

11.- Beraz, Langileria, Langile Klasea edota Proletalgoarekin batera, herri sektoreak eta geruzak ere Euskal Herri Langilearen baitan kokatzen dira: besteen lana esplotatzen ez duten ekoizpen tresnen jabe autonomoak, soldata baten menpe bizi ez direnak, bainan hala ere Langileriaren bizi baldintzetan aritzen direnak, eta askotan, autoesplotazioaren ondorioz, are okerrago ere : laborari eta nekazariak, arrantzaleak, dendariak, garraiolariak, eskulangileak, ogibide ezberdinetako ofizialeak, tabernariak, irakaskuntzako sektore ez formalak, garbitzaileak, etab... Burgesiak gero eta gehiago atomizatu nahi du Langile Klasea, eta ondorioz, horrelako herri sektoreak gero eta zabalagoak dira, gero eta prekarioagoak ...

12.- Langile eta beharginen multzoa aztertzeko hiru kontzeptu hauek erabiltzen ditugu: Langileria, Langile Klasea eta Proletalgoa, bakoitzari bere ñabardura zehatza eta eduki politiko espezifikoa emanez azterketa zientifiko baten arabera.

13.- Langileria behargin guztien multzoa da, bere objektibitate materialean, bere klase kontzientziaren garapen maila kontuan hartu gabe. Langileriaren baitan sektore eta geruza asko daude, ekoizpen modu kapitalistaren barnean betetzen duten funtzio produktiboen arabera antolatuak eta Burgesiaren interesen arabera politikoki eta ideologikoki gero eta zatitu zein atomizatuagoak. Errealitate oso konplexua da.

14.- Langile Aristokrazia da Burgesiak eta bereziki Inperialismoak, Langileriaren baitan duen aliatu eta bostgarren zutabea, eta hori, XIX. mendearen amaieraz geroztik, Marx eta Engelsek orduan salatu eta aztertu zuten bezala. Euskal Herrian Langile Aristokraziaren pisu politiko eta ekonomikoa oso handia da, Erdigune Inperialistako nazio zapaldu industrializatua garen heinean. Honek ondorio taktiko eta estrategiko sakonak ditu Euskal Iraultza Sozialistaren ildo politikoarentzat.

15.- Langile Klasea, klase kontzientzia duten langileriaren sektoreek osatzen dute, nahiz eta klase kontzientzia honek sistema kapitalistaren mugak ez gainditu eta askotariko eta denetariko eredu erreformistak onartu: sindikalismoa, sozialdemokrazia, bide alternatiboak, ekonomia kritikoaren ildokoak, ustezko ekozialistak eta ekofeministak, kooperatibistak edota keynestarrak. Zeren eta bi klase kontzientzia badira Langilerian, elkarren arteko lehian eta borrokan: iraultzailea eta erreformista, komunista eta sozialdemokrata, antikapitalista eta bestelako kapitalismo “humanoa”eta ez “neoliberala”, posible dela sinesten duena, hots, “ongizate estatua” delakoa, Inperialismoaren amarrua Langile Klasea zatitu, desorientatu, integratu eta indargabetzeko, biziki eraginkorra izan dena.

16.- Proletalgoa, aldiz, bi zentzutan erabiltzen dugu. Bata, Langile Klasearen sektorerik zapaldu eta esplotatuenak, nahiz eta klase kontzientzia landurik ez izan, klase instintua bakarrik baizik. Eta batzuetan, ezta hori ere, alienazioaren ondorioz jarrera politiko erreakzionarioak hartzeraino iristen ahal baitira. Bainan azken honek ez du aldatzen bere kokapen objektiboa Sozietate Burgesaren klase egituran eta Kapitalismoaren ekoizpen estruktura ekonomikoan. Baldintza material gogorrenetan bizi diren langileak dira proletarioak, prekarietate eta esplotazio tasa handienak jasaten dituztenak, langileriaren sektorerik zanpatuenak.

17.- Bigarren zentzuan, Proletalgoa da Langileriaren baitan klase kontzientzia komunista iraultzailea duten sektoreak. Horren ondorioz, urratsez urrats eta progresiboki, praxi komunista iraultzailea garatzen dute, harik eta Independentzia Politikoa eskuratu eta Alderdi Komunista gisa antolatzen diren arte. Bigarren kasu honetan, Proletalgo Iraultzailea terminoa erabiliko dugu sistematikoki. Partidu Komunista zentzu sakon eta zabalean ulerturik, Proletalgo Iraultzaile osoaren Mugimendu gisan, Marx eta Engelsek erabili zuten adieran. Leninen adiera aipatzeko, Komunista Iraultzaileen Antolakundea kontzeptua erabiliko dugu.

18.- Beraz, Euskal Herri Langilearen baitan erdigunea eta periferia bereizten ditugu, Langileria izanik Euskal Herri Langilearen erdigunea, eta herri sektore zein geruzak, aldiz, periferia. Langile Klasearen baitan ere gauza bera egiten dugu, Proletalgoa izanik erdigunea, eta Langileriaren gainontzeko sektoreak, Langile Aristokrazia bereziki, periferia izanik. Eraztun zentrokideen egitura fraktala.

19.- Euskal Herri Langilearen gidaritza taktiko eta estrategikoa, hegemonía teoriko eta organizatiboa, nagusitasuna maila guztietan, Euskal Proletalgo Iraultzaileari dagozkio, klase eta nazio kontzientzia iraultzaile komunista euskaldunaren jabe baita, eta horren ondorioz, helburu estrategikoaren aldeko borrokan bururaino joko baitu. Bere kontzientzia, antolakuntza, formakuntza eta praxi iraultzailea baitira zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren berme bakarra.

20.- Euskal Iraultza Sozialista, Munduko Iraultza Proletarioaren parte da, eta horren konkrezioa eta zehaztapena gure klase borrokaren marko nazionalean, Euskal Herrian, alegia. Euskal Iraultza Sozialista ez dugu ulertzen termino nazionalistetan, Internazionalismo Proletarioaren argitan baizik.

21.- Euskal Iraultza Sozialista Munduko Iraultza Sozialista / Komunistaren baitan ulertzen dugu. Ondorioz, HERRITAR BATASUNAk Internazionalismo Proletarioa aplikatzen du bere praxian, Munduko Proletalgo Iraultzailearen klase interesak lehenetsiz xede eta helburu nazionalisten aurrean, eta aldi berean, inperialismo, hegemonismo, xobinismo, supremazismo eta bereziki mendez mende Euskal Herri Langilea gupidagabe zapaldu duten espainolismo eta frantximankeriaren guztien aurka, Euskal Nazio Proletarioaren interesak zorrozki defendituz, Internazionalismo Proletario berbera aplikatuz. Bietan jarrai.

22.- HERRITAR BATASUNA independentista da, bi zentzutan: Euskal Proletalgo Iraultzailearen Independentzia Politikoa defenditzen eta aplikatzen duelako, batetik, eta Euskal Herriaren Independentzia Nazionalaren alde borrokatzen delako, bestetik. Bi independentziak elkarren osagarriak dira, eta bereizi ezinak. Euskal Proletalgo Iraultzailearen Independentziak bakarrik ekarriko du Euskal Nazioarena. Euskal Nazio Proletarioa, jakina, eta ez Euskal Nazio Burgesa. XX. mende osoaren esperientziak argiro frogatu baitu Euskal Nazio Burgesaren proiektua erabat ezinezkoa dela, Euskal Burgesia Nazionalik ez dagoelako. Euskal Nazio Burgesa sortzea izanen da Inperialismoaren azken jokaldia eta jukutria, Euskal Iraultza Sozialista suntsitzeko, XX. mendean Finlandian, Lituanian, Estonian, Letonian eta Polonian egin zuten bezala, Iraultza Sobietarraren aurka. Beraz, gure helburuen artean ez da sartzen inolako Euskal Errepublika Burgesik, ezta etapa trantsitorio bezala ere, ezta Proletalgo Iraultzailearen hegemonía lausotu eta ahulduko duen ezelango aliantza interklasista nazionalistarik ere. Euskal Iraultza Sozialistaren garapen eta bilakaeran klaseen arteko aliantzak sor litezke, bainan horiek beti eta edozein unetan Euskal Proletalgo Iraultzailearen gidaritzaz, nagusitasunaz eta hegemoniaz eraikiko dira, eta ez, inolaz ere, burgesiaren interesen mende. Proletalgo Iraultzailearen Independentzia politikoak du lehentasuna.

23.- HERRITAR BATASUNA, era berean munduko Nazio eta Errepublika Sozialista guztien arteko In(ter)dependentzia defenditzen du, bakoitzaren burujabetzan eta subiranotasunean eta denen arteko elkartasunean oinarrituta. Munduko Errepublika Sozialisten Batasuna dugu helburu, Kapitalismotik Komunismoranzko Trantsizio Sozialista planeta osoan bururaino eramateko eta ekoizpena modu globalean planifikatzeko. Bide horretan, egoera eta beharren arabera, marko geopolitiko ezberdinetako Errepublika Sozialisten Konfederazioen alde gaude, garaian garaiko baldintzen arabera. Hau guztia ezin da aldez aurretik erabaki, borrokaren garapenak markatuko du bere bilakaera. Gure ustez, Independentzia eta Interdependentzia Sozialistak elkarren osagarri dira, eta biak defenditu behar dira, unean uneko desoreken eta kontraesanen arabera. Historian zehar xobinismo, hegemonismo, supremazismo eta nazionalismoek askotan ustezko eta balizko “Internazionalismo Proletarioa” erabili baitute nazio txikiak anexionatu, zapaldu eta asimilatzeko. Eta alderantziz, nazio txikiak aunitzetan nazionalismo burgesen tranpan erori baitira, Iraultza Sozialisten aurka jokatuz.

24.- Sozialismoa, gure ustez, Komunismoranzko, hots, Ekoizpen Modu Komunistaranzko trantsizio prozesu iraultzailea da. Hau da, Sozialismoan klase borroka ez da desagertzen, areagotzen baizik. Sozialismoa bi ekoizpen moduen arteko trantsizioa denez, hots, Kapitalismotik Komunismoraino luzatzen den prozesu historiko luze eta konplexua denez, bere baitan baditu bi produkzio molde hauen elementuak eta osagaiak. Sozialismoa aztertzeko giltza eta gakoa, hain zuzen ere, hortxe datza: egoera zehatzaren azterketa zehatza eginez, prozesuaren norabide material erreala identifikatzea, bere noranzkoa. Klase borroka guztien emaitzak nora jotzen duen zientifikoki ikertu, aztertu eta ebaluatu behar du Proletalgo Iraultzaileak, une oro determinatu ahal izateko Trantsizio Sozialistaren orientazioa.

25.- Estatu, patriarkatu eta klase sozialik gabeko sozietateak zuzen, bat-batean eta espontaneoki antolatzea erabat ezinezkoa denez, eta Inperialismoaren eraso eta setio guztien aurka egiteko Estatu Proletarioa ezinbestekoa denez, trantsizio historiko luze eta iragankor horri Sozialismoa esaten diogu. Sozialismoaren baitan Proletalgo Iraultzaileak borroka molde guztiak erabili beharko ditu Komunismoranzko trantsizio prozesua geldi ez dadin, eta ondorioz, Kapitalismoranzko itzulbide kontrairaultzailea ez abiatzeko, XX. Mendeko Iraultza Sozialista guztietan gertatu eta gertatzen ari den bezalaxe.

26.- Teoria Iraultzaile Sozialista / Komunistaren arabera, Estatu Sozialista, hau da, Estatu Proletarioa, jadanik zentzu hertsian estatua ez den estatu bat da, langileen batzarretan oinarritzen baita, ez-estatu bilakatzen ari den egitura politikoa da. Parisko Commune-ren printzipioen arabera, ardura politiko eta ekonomiko guztiak langileen batzarretan hautatzen dira eta kengarriak dira une oro. Estatuko funtzionario guztien soldatak ezin dira langile kualifikatuenak baino handiagoak izan. Neurri iraultzaile horietatik aldentzea oso garesti ordaindu zuten XX. mendeko Iraultza Sozialistek, noraino eta Kapitalismorantz berriz itzultzeraino ere. Horregatik, desbideratze bakoitza masen kontrol zorrotzak zaindu behar du, hurbildik.

27.- HERRITAR BATASUNAk kolektiboki ekin nahi dio XX. mendeko Iraultza guztien bilan orokorra egiteari, hala garaitu zutenak nola garaituak izan zirenak ere, hor aurkituko baititugu hurrengo Iraultza Sozialistak egiteko giltzak eta gakoak, egindako huts, akats eta hanka sartzeen azterketa kritiko eta autokritikoetatik, hain zuzen. Eztabaidaren muina, Sozialismoaren bilakaeran barrena Estatu Burgesiaren sorrera da, eta prozesu hori ekiditeko neurriak. Argi dago Trantsizio Sozialistaren prozesuan zehar Proletalgo Iraultzaileak Iraultza Komunista(k) egin beharko d(it)uela, Estatu Burgesiak eraginen dituen gelditze burokratiko/estatista guztiak hausteko, eta klase, estatu zein patriarkaturik gabeko sozietatearen bidean berriz abiatzeko. Jakinda Inperialismoak horrelako egoerak maiz askotan baliatu nahi izan dituela Iraultzak suntsitzeko, Teoria Iraultzaile Komunista Zientifikoaren arlo hau kontu eta arreta bereziaz aztertu behar dugu une bakoitzean zorrozki determinatzeko zein den abagune zehatza, eta non kokatzen diren benetan Proletalgo Iraultzailearen zinezko interes estrategikoak, eta non Inperialismo, Burgesia eta Kontrairaultzaren estrategia kontraintsurgentearenak. Praxiak bakarrik argitzen ahal du kontu hau, aldez aurretik zehaztea guztiz ezinezkoa baita. Horretarako baliatu behar ditugu XX. mendeko Iraultza Sozialisten esperientzia kritiko eta autokritikoaren bilana.

28.- Bilan hau elaboratu ahal izateko, eta XXI. mendeko Iraultza Proletarioek behar duten jauzi teoriko eta praktiko kualitatiboa egiteko, ezinbestekoa da Karl Marxen obra nagusi den DAS KAPITAL liburuen estudiatze eta asimilatze sistematikoa. HERRITAR BATASUNAren formakuntzaren oinarria izanen da Teoria Iraultzaile Sozialista / Komunistaren obra gailen hau, eta militante bakoitzak konpromisoa hartu behar du bere ahalmenen arabera irakurri eta ikasteko. Formakuntza honek izaera estrategikoa du gure mugimenduan, militante bakoitzaren ahalmen kritikoa eta autonomia politikoa bermatu, sustatu eta areagotzeko. Horretarako militante guztientzako mintegiak antolatuko dira urtero eskualde guztietan. Mintegi hauek zabalik egonen dira HERRITAR BATASUNAko laguntzaile eta sinpatizante guztientzat, baita Ezker Abertzale Iraultzaile zein Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzaileko militante guztientzat ere. Ekonomia Politikoaren kritika eta Marxen metodo dialektiko materialista sakonki estudiatu eta ikastea militante ororen betebeharra da.

29.- HERRITAR BATASUNAk Euskal Nazioaren Paradigma Berria adoptatu eta defenditzen du. Alde batetik, historikoki nazioek bilakaera konplexuak izan dituzte mendez mende, formazio ekonomiko sozial espezifiko horiek hegemonizatzen zituzten klase dominanteen arabera. Modernitatearekin batera Nazio Burgesen sorrera gertatu zen, Iraultza Burgesen ondorioz, eta klase sozial kapitalista honek nagusitu zen progresiboki munduko nazio guztietan. Tamalez eta zoritxarrez, Euskal Nazioaren estatu modernoa, Nafarroako Erresuma, Frantziak eta Espainiak konkistatu zuten 1512-1620 urteetan, aurreko mendeetan progresiboki euskal lurraldeak Iruñeko Erresumatik zatitu eta anexionatu ondoren. Honen ondorioz, bi inperio horien mende erori zen Euskal Herria. Geroago, de facto Nafarroako Erresuma subordinatu bi existitu ziren, bata Nafarroa Garaia, 1840an Espainiak anexionatua, eta bestea Behe Nafarroa, Frantziak 1790an ezabatua.

30.- Euskal Herria zapaltzen duten bi inperialismoek ahal duten guztia egin dute euskaldunok gure kontzientzia eta oroimen nazionala gal dezagun, eta etnozidio, akulturazio, alienazio eta deserrotze sistematiko honen ondorioz XVI. mendean Nafarroako Erresumaren gerizpe eta babesean izan zen Euskal Literaturaren eta Kulturaren Pizkundea (Etxepare, 1545; Leizarraga, 1571; Lazarraga, 1567-1602) ezabatua izan da euskal abertzale iraultzaileon oroimen historikotik. Kontuan hartu behar da Nafarroako erregina izan zen Margaritak 1559an Frantsesez idatzitako “Heptameron” liburua ere, zeina bete betean sartzen baita Europako Ernazimentuan. Datu hauek biziki garrantzitsuak dira Inperialismo frantximantak eta espainolistak eragindako alienazioaren ondorioz Nafarroako Erresumaren modernotasuna eta euskaltzaletasuna zalantzan jartzen duten abertzaleen pentsamolde kolonizatua aldatzen laguntzeko, eta Euskal Nazioaren enbor eta bizkarrezurra ongi kokatzeko.

31.- Anexioen ondorioz, Euskal Herri Langileak mende luzeak eman zituen bi Inperioen menpe zapalduta, harik eta kontzientzia nazionala, modu fragmentario eta kontraesankorraz bazen ere, XIX. mendean berreskuratzen hasi zen arte. Ibilbide luze horretan aipatzen ahal dugu Larramendi, zeinak lehen aldiz Euskal Errepublikaren aldarrikapena egin baitzuen 1756an, “Pirinioetako Probintzia Batuak” izenarekin:

"¿Qué razón hay para que la nación vascongada, la primitiva pobladora de España... esta nación privilegiada y del más noble origen, no sea nación aparte, nación de por sí, nación exenta e independiente de las demás? El proyecto de las Provincias Unidas del Pirineo es sin duda magnífico y especioso (hermoso). República que se hará famosa con su gobierno aristocrático o democrático, como mejor pareciere, tomando de las repúblicas antiguas todo lo que las hizo célebres y ruidosas en el mundo, y de las modernas todo lo que es conveniente para su duración y subsistencia".

Bide luze eta korapilatsu honetan Agosti Xaho aipatu behar dugu bereziki eta nagusiki, zeinak 1848ko uztailaren 25ean hauxe idatzi baitzuen “Uscal Herrico Gaseta” Baionan argitaratzen zen Euskara hutsezko lehen aldizkarian: “Nork oihu eginen du, azkenian, errege-erreginak eta haien partidario tontoak edo anbiziosoak akazatu ondoan: BIBA INDEPENDENTZIA! BIBA ERREPUBLIKA! BIBA EUSKAL HERRIA?”

Bi adibide xume hauek argiro frogatzen dute Euskal Nazioaren kontzientzia berpizten hasia zela XVIII eta XIX. mendeetan historiografia kolonial frantximantak eta espainolistak esaten dutenaren kontra. Eta hasiera-hasieratik kontzientzia hori Errepublikarekin lotuta zegoela, eta ez Nafarroako Erresumaren balizko berpizkundearekin. Xahoren kasuan nabariak dira bi iturriak, gaur egun HERRITAR BATASUNAk aldarrikatzen duen Euskal Nazioaren Paradigma Berriaren ezpalekoak: Nafartasuna eta Sozialismoa. Bukatzeko, oroitu behar dugu Tomas Zumalakarregiren asmo dokumentatua Euskal Errepublika Federal bat aldarrikatzeko, eta Leon Iriarte militar liberalaren Nafarroako Independentziaren proklamatzea eta Espainiako erregeorde Sarsfield kondearen exekuzioa 1837an.

32.- Laburbilduz: HERRITAR BATASUNAk Euskal Nazioa bi parametro berritan kokatzen du: Nafartasuna, hau da, Euskal Herriak Erdi Aroan zehar eta Modernitatearen hasieran izan zuen estatu nazional independentea, (778-1620) eta Independentzia Nazionalaren Berreskuratzea, Proletalgo Iraultzailearen Hegemoniaz, Euskal Iraultza Sozialistaren bidez.

33.- Gerra Karlistak galdu ondoren, eta Hego Euskal Herriko herrialdeetako foruen murriztearen ondorioz, Euskal Abertzaletasun Burgesaren sorrera gertatu zen Sabino Arana eta EAJ-PNVren eskutik, 1892-1898 urteetan. Jaungoikoa eta Lege Zaharrak zen bere leloa, karlistena, aldiz, Jaungoikoa eta Foruak. Hasieratik mugimendua anbiguetatean murgildu zen independentismo eta autonomismo vasco-espainolaren artean, bere klase osaeraren araberakoa: burgesia txikia Independentziaren aldekoa zen oro har, eta goi burgesia eta burgesia ertaina, aldiz, Autonomia Estatutuaren aldekoa. Hemen ez dugu PNVren historia eginen, aski dugu aipatzea 1936-1939ko Espainiako Gerra Antifaxista Iraultzailean nazionalismo burgués vasco-espainolak jokatu zuen paper kontrairaultzaile eta kolaborazionista barkaezina, zeinaren gailurra izan baitzen 1937ko Santoñako traizioa eta errendizioa, bere klase interesekin gutiz logiko eta koherentea.

34.- II Mundu Gerran zehar argiro agertu zen Euskal Herrian ez zegoela Burgesia Nazionalik, zeinak Euskal Nazioa Independentzia Nazionala berreskuratzera eramaten ahal baitzuen. PNVk bere klase interes burgués vasco-espainolen arabera jokatu zuen, Espainiako II. Errepublikaren Gobernuko partaide gisa arituz, Autonomia Estatutua onartuz, eta Inperialismo anglo-saxoiaren inteligentzia zerbitzuen morroi fidela bilakatuz. Inperialismoaren geoestrategian, aldiz, ez ziren inolaz ere sartzen Euskal Nazioaren sorrera, Euskal Errepublika burgesaren Independentzia eta Espainiaren batasuna haustea, eta Komunismoaren aurkako Gerra Hotzaren ondorioz, 1959an, Eisenhower USAko presidenteak Francisco Franco diktadore genozida faxista besarkatu zuen, lehendik yankiek Madrilen sinatutako paktuek eta Eliza Katolikoaren hierarkiak, Vaticanok alegia, Konkordatoaren bidez 1953an egindako homologazio internazionala berretsiz. Euskal Nazio Burgesaren proiektu independentista ezinezko bilakatu zen horrela, eta PNV betikotz eta erabat murgildu zen autonomismo burgués vasco-espainolean.

35.- Euskal Herriko Langileriaren baitan hasieran errotu ziren mugimenduak, aldiz, espainolismorik gogorrenean kokatu ziren, PSOE eta UGT adibide gorenak izanik. Oso bestelako bidea hartu zuen Federación Comunista Vasco-Navarrak hasieran eta Euzkadiko Partidu Komunistak ondoren, zeinek Espainiako Partidu Komunista eta III. Internazionalaren baitan posizio independentista iraultzaileak mantendu baitzituzten, Jesus Larrañagaren eskutik. Agiri ezin garrantzitsuago da EPKren 1933ko Plataforma, non Autonomia Estatutuaren aurka agertu zen, eta Askapen Nazional eta Sozialaren alde, (Independentzia barne), non II Errepublika Espainola burges-terratenientetzat jotzen baitzuten, Inperialismo Espainolaz mintzo baitzen, burgesia autonomista vasco-espainolaren aurka hitz egiten baitzuten, etab...

Zoritxarrez, III. Internazionalaren VII Kongresuak erabakitako ildo politikoaren ondorioz, eta Espainiako Fronte Popularraren sorreraren exijentziek ekarri zuten euskal komunisten planteamendu iraultzaile hauek baztertzea, eta progresiboki Espainiako Partidu Komunistaren degenerazio eta endakatze errebisionistan murgiltzea, harik eta espainolismoa zein erreformismoa erabat nagusitu ziren arte.

36.- Frankismoaren garaipen diplomatiko izugarria izan zen Ameriketako Estatu Batuen Aliantza lortzea eta Vaticanorekin Konkordatoa sinatzea, 1953an. Lehenago, 1951ean jadanik, Frantziako Errepublikak Euskadiko Gobernua Parisko bere egoitzatik egotzi zuen, argi utziz Inperialismoak ez zuela inolako asmorik euskaldunek oro har eta PNVk bereziki II. Mundu Gerran aliatuen alde egindakoa eskertzeko.

Testuinguru honetan sortu zen E.T.A., 1958ko abenduan. Ezinezkoa da Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren historia laburbiltzea hemen. 50 urtez, 1959tik 2009 arte, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak borroka egin zuen Euskal Herria askatzeko, Independentzia, Sozialismo, Berreuskalduntze eta Birbatasun Nazionalaren alde. Aipa dezagun E.T.A.k bere Lehen Biltzarrean, 1962an, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Iraultzailetzat jo zuela bere burua.

Ondoren, 1967an, V. Biltzarrean, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista. Biltzar mugarri horretan onartu ziren Euskal Iraultzaren oinarrizko kontzeptuak: abertzaletasun iraultzailea, Euskal Herri Langilea, Euskal Iraultza Sozialista, klase kontzientzia nazionala, etab. Bukatzeko, 1973an egindako VI. Biltzarrean, E.T.A.k, “Zergatik gauden Euskal Estatu Sozialistaren alde” idazkian bere burua komunistatzat jotzen zuen.

Zoritxarrez, 1974 urtean zehar E.T.A. lau antolakundetan zatitu zen (LAIA, Langile Abertzale Iraultzailean alderdia, IK, Iparretarrak, ETA militarra eta ETA politiko-militarra). Zatiketa hauek, Espainiako Bigarren Berrezarkuntza Monarkikoaren prozesuak eragin zuen egoera politiko inesperatuak eta hiru estratega komunisten asasinatzeak (Pertur, Argala eta Naparra) eragotzi zuten Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren baitan estrategia komunista iraultzailea tinko finkatzea, eta are gutxiago Antolakunde Komunista Iraultzailea sortzea, Nazio Askapenerako Partidu Komunista Iraultzailea, hain zuzen ere. Horren ondorioz, nahiz eta 1978-2008 urteetan Euskal Herri Langilearen borroka eta erresistentzia heroikoa izan, hasieran K.A.S. Alternatibaren inguruan, ondoren Alternatiba Demokratikoaren alde, Euskal Proletalgo Iraultzailearen Independentzia politiko estrategikoa teorikoki, praktikoki eta organizatiboki bermatu gabe, Euskal Burgesia Txikiak hartu zuen progresiboki ENAMen kontrola, Negoziazioaren Estrategiaren bidez, harik eta 2009an, Inperialismo yankiaren Mitchell printzipio politiko kontraintsurgenteak onartuz, erabat nagusitu eta borroka zein antolakunde iraultzaile oro likidatu arte. 2018. urteko maiatzaren 3an E.T.A. betikotz desegin zen, eta berarekin batera, Euskal Nazio Askapen Mugimendua ere, ENAM, desagertu zen, 60 urteko borroka zikloa amaituz.

37.- Euskal Herriko gaur egungo klase sozialen azterketa. Arlo hau Ildo Politikoan xehekiago eta zehazkiago jorratuko dugunez, hemen oinarrizko zertzeladak finatuko ditugu. Gaur egun, Euskal Herrian honako klase sozial hauek eta beren adierazpen politikoak ditugu:

1.- Oligarkia. Estatu Frantses eta Espainoleko klase nagusia, gaur egun Inperialismo globalaren mende dago. Euskal Herrian bere presentzia txikia da, zeren jatorri euskalduneko oligarkia aspaldian kokatu baitzen Parisen eta Madrilen. Hala ere, Hegoaldeko hiriburuetan badago, eta erabat espainolista da. Ipar Euskal Herrian arras frantximanta da eta Miarritzen inguruan dago.


2.- Goi Burgesia. Oligarkiarekin oso lotuta, eta haren menpe, Euskal Herriko mendebaldean autonomista vasco-espainola izan ohi da, PNVko sektorerik espainolistena osatuz, eta Nafarroa Garaian orain arte sektore zabalena UPNko navarrismo espainolistan kokatu izan da. Ipar Euskal Herrian frantses eskuin neogaullistan airitu da, RPR, LR...


3.- Burgesia Ertaina. Klase hau oro har autonomismo vasco-espainolean kokatzen da Hegoaldean, erregionalismo basque-françaisean Iparraldean. PNVren zutabea izan ohi dira, eta Nafarroa Garaian, UPNrena.


4.- Burgesia Txikia. Historikoki PNV eta ENAMen artean kokatu izan da beti, eta bere presentzia oso handia izan zen Ezker Abertzalean, harik eta bere klase interesengatik likidatu zuen arte.


5.- Soldatapeko sektore bitartekoak. Gizarteko geruza soldatadun hauek (teknikoak, funtzionarioak, intelektualak, enpresetako direktiboak eta koadroak...) Burgesia Txikia eta Langile klasearen artean kokatzen dira. Ekoizpen tresnen jabe ez diren heinean, eta soldatapeko langileak diren neurrian, Langile Klasera hurbiltzen dira, baina beren soldata oparoek Burgesiaren aldeko jarreretan kokatzen dituzte. Horregatik bitarteko sektore gisa kontsideratzen ditugu. Gau egun PNV eta EHBilduren artean kokatzen dira, eskuineko edo ezkerreko autonomismo vasco-espainolaren baitan. Euskal Herri Langilearen periferia.

6.- Langile Aristokrazia. Langile Klasea da, baina bere egoera gainontzeko langileona baino hobea denez, klase honetako frakzio berezi gisa aztertu behar dela uste dugu, normalean Burgesia Txikiarekin batera jokatzen baitu, Sistema Kapitalistaren erreformak bilatuz eta Iraultza Sozialistaren aurka agertuz. Enpresa haindietako langileak dira, kontratu finkoa dutenak eta estabilitate laborala. Sindilatuetako oinarri sozial naturala. Euskal Herri Langilearen periferia. Sozialdemokrazia autonomistaren zutabe nagusia.


7.- Proletalgoa. Langile Klasearen sektore zapalduenak. Euskal Herri Langilearen erdigunea. Euskal Iraultza Sozialistaren subjektu gidaria

38.- PNV eta Burgesia Autonomista Vasco-Española eta Basque-Française. Orain arte esandako guztiarengatik, alderdi eta klase sozial hau Euskal Iraultza Sozialistaren etsaia da. Ez dugu kontsideratzen Euskal Nazioaren partaide gisa eta gure helburua da guztiz suntsitzea. Haiek hautsi eta menderatu gabe, Independentzia, Sozialismoa, Berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala erabat ezinezkoak dira, Espainia Euskal Herrian dituen kolaborazionista eraginkorrenak baitira, bi autonomia estatutuen bidez. Gauza bera Franziarekin.

39.- Sozialdemokrazia Autonomista, Euskal Burgesia Txikia eta Langile Aristokrazia: EHBildu, Sortu, LAB eta Ernai. Mugimendu honen zuzendaritzaren izaera eta jokaera kolaborazionista eta kontraintsurgentea gero eta argiago agertzen ari da, eta prozesua areagotuko da hurrengo urteetan. Lan iraultzailearen bidez, sektore sozial honen oinarria, Euskal Herri Langilearen gehiengo zabala gaur egun, Euskal Iraultza Sozialistaren aldeko planteamenduetara eraman behar dugu, beraien arteko krisiak indartuz eta areagotuz, harik eta desagertuko diren arte, behialako Euskadiko Ezkerrak egin zuen bezala.

40.- Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailea. ENAMSI. Euskal Iraultza Sozialista egiteko, Euskal Herri Langileak Mugimendu zabal eta askotarikoa eraiki beharko du hurrengo urteotan, estrategia konbergente baten inguruan. Horri esaten diogu ENAMSI, Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailea. ENAMen errautsetatik sortua, bere gabeziak eta hanka sartzeak zuzenduz eta bere ondare politikoa berreskuratuz, tarteko helburu taktikorik gabe Euskal Iraultza Sozialista izanen du ipar eta xede. Denetariko antolakundeek osatuko dute ENAMSI, nor bere arlo espezifikoak arituko dena, eta guztiak tinko koordinatuta zuzendaritza kolektibo baten bidez. Aldez aurretik ezin dugu oarin esan ENAMSIk ukanen duen forma politikoa. Praxi iraultzaileak trenkatuko du auzi hau. Argi eta garbi esan behar dugu ENAMSIk estrategia iraultzaile global eta integrala izanen duela, bera garaian ENAMek ukan zuen bezala.

41.- Euskal Iraultza Sozialistaren botere hartzea ere ezin da aldez aurretik planifikatu modu idealista eta ahistoriko batean. Formulazio asko izaten ahal dira egoki Frantzia eta Espainia estatu burgesen suntsitzea Euskal Herrian nola eginen den irudikatzeko. Guk momentuz, hauxe aukeratzen dugu: Greba Orokor Iraultzaile Mugagabea, Herri eta Langile Intsurrekzioa.

42.- Euskal Iraultza Sozialistaren Geopolitika. Oso kontziente gara gurea bezalako nazio tiki batek ezin duela Iraultza Sozialista egin modu isolatuan, ez baitugu gaur egungo Kapitalismo Inperialista Globalizatuan behar den pisu geopolitikoa, ezta hurrik eman ere. Beraz, Internazionalismo Proletarioa hil ala biziko kontua da guretzat, eta nazioarteko aliantza estrategikoak egitea mundu osoko talde eta mugimendu iraultzaile eta antiinperialistekin, helburu garrantzitsua. Nazioarteko lan hori lehentasunezkoa izanen da HERRITAR BATASUNArentzat hurrengo urteotan, indar guztiez bultzatuz Internazional Iraultzaile Berriaren sorrera mundu mailan. V. Internazionala. Hamarkada luzetako kontua izanen da, zalantzarik gabe.

43.- Gure marko geopolitikoa: Europar Batasun Inperialista. Lan internazionalista honen marko naturala Europar Batasun Inperialista da. Gure helburua da superrestatu kapitalista hori suntsitzea, eta horren ordez, Europako Errepublika Sozialisten Batasuna eraikitzea. Beraz, OTAN-NATO gure etsaia da, eta Europako Iraultza Sozialisten garaipenek ekarriko beharko dute erakunde militarista eta terrorista horren derrota eta desagertzea betikotz, honek dakarren guztiarekin.

44.- Sozialismoaz Independentzia. Ildo Politikoaren txostenean xehekiago azalduko dugun arren, esan dezagun hemen orain arte esplikatutako guztiaren ondorioz lehengo ENAMen ohiko perspektiba inbertitzen dela, argiro utziz Euskal Iraultza Sozialistaz erdietsiko dituela Euskal Herri Langileak Independentzia, Berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala.

45.- III. Mundu Gerraren atarian. Kapitalismo Inperialista Globala, kapitalismo terminala da, hau da, bere amaierara hurbiltzen ari den ekoizpen modu iraungitua. Kapitalismo hau, beraz, herioz jotako basapiztia errabiatua da, bere heriotza usaintzen duena, eta edozein gauza egiteko gai eta prest dela. Gure analisietan III. Mundu Gerra Inperialistaren hipotesia gero eta errealago bilakatzen ari da. Ildo politikoaren iazkian sakonduko dugu gai zain eta korapilatsu honetan.

46.- Gerra inperialistak Iraultza Sozialista bilakatu. Egoera ilun eta beldurgarri honen aitzinean, HERRITAR BATASUNAk Leninek 1914an altxatu zuen bandera jasotzen du berriz ere: Gerra inperialistak Iraultza Sozialista bilakatu. Horixe bera da gure kontsigna eta programa politikoa, Euskal Herrian aplikatuko duguna.

47.- Estatu kapitalista aszendenteen azterketa iraultzailea: Txina eta Errusia. Eztabaidaren bidez aratuko dugu analisi hau, argi utziz hiru estatu horiek estatu kapitalistak direla, eta ondorioz, inperialistak, bainan aldi berean Inperialismoaren katean duten posizio subordinatuarengatik, behartuta daudela nagusi eta hegemonikoa den Inperialismo anglo-saxoi-sionistaren aurka egitera. Honek perspektiba interesgarriak irekitzen ditu mundu osoko mugimendu iraultzaile eta antiinperialistentzat, Trilateral Inperialista Hegemonikoaren (USA eta bere satelite anglo-saxoi-sionistak, Europar Batasun Inperialista eta Japonia) kontrapisu geopolitikoa baitira.

48.- Erresistentzia antiinperialistaren nazioen ardatza: Iran, Siria, Irak, Libano, Palestina eta Yemen. Kuba,Venezuela eta Bolivia. Gauza bera esan behar dugu puntu honetan. Bi ardatz antiinperialista hauek babestea eta indartzea munduko iraultzaile guztion betebeharra da, beti ere gure independentzia politiko estrategikoa gordez eta atxikiz, eta argiro utziz gure helburu taktiko eta estrategikoak: Sozialismoa eta Komunismoa. Kapitalismo Inperialista Globalaren aurka bidaide eta aliatu izan gaitezke, baina gure helburuak haratago doaz, Kapitalismoa bera suntsitu nahi baitugu, eta Komunismoa eraiki. Praxi antiinperialista eta iraultzaileak agian gogaide ere eginen gaitu, aldez aurretik aurreikusi ezin dugun moldean eta maneran. Geroak erranen, ikusiko eta ageriko, batasuna borrokan lortzen baita!

49.- Sozialismoa ala basakeria! / Komunismoa ala extintzioa! Idazki luze honen azken mezua hauxe da: Kapitalismoa suntsitu behar dugu berak Humanitate osoa hil baino lehenago. Iraultza Sozialista da bide bakarra.

50.- Honengatik guztiarengatik, HERRITAR BATASUNA Iraultza Sozialistarako Euskal Herri Langilearen tresna politiko organizatiboa da, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailearen borrokarako masa fronte globala, Euskal Proletalgo Iraultzailearen klase interesen zerbitzuan aritzen dena, Nafarroako Euskal Errepublika Sozialista eraikitzeko, eta haratago, estatu, patriarkatu eta klase sozialik gabeko Euskal Herri libre eta burujabea lortzeko.

Euskal Herrian, 2019ko irailaren 27an, Gudari Egunean.

GORA ATZOKO, GAURKO ETA BIHARKO GUDARIAK!

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!

GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!

GORA NAFARROAKO EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!

JO TA KE, IRABAZI ARTE!

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location