JOXE AZURMENDIREKIN SOLASALDIA

Pasa den asteazkenean, martxoaren 1ean, Herritar Batasuneko hiru kide, Karlos Ezkurra, Imanol Haranburu eta Fermin Santxez, Andoaina joan ginen, BERRIA egunkariak antolatutako hitzaldi mamitsu eta ezin interesgarriago batera.

Hizlaria Joxe Azurmendi filosofo eta intelektuala zen, eta gaia, bere azken liburuaren aurkezpena egitea: “HIZKUNTZA, NAZIOA, ESTATUA”, Elkar argitaletxean plazaratua.

Liburu berri honetan, pentsalari euskaldunak gogoeta kritikoak egiten ditu azkenaldian Euskal Herrian zabaldu diren ideia “abertzale” bitxi batzuei buruz. “Abertzale” baino, erdaltzale hutsak erranen genuke guk.

Kontua da balizko euskal estatu independente bat lortzeko bidean Euskararen presentziak behar lukeen lekua ezbaian jarri dutela zenbait ahotsek azken bizpahiru urteotan.

Haien artean, nabarmenki, Andoni Olariaga, Jule Goikoetxea, Unai Apaolaza eta Imanol Galafarsoro idazle eta pentsalariak. Haiek idatzitako liburua: “INDEPENDENTZIA HELBURU”, Txalaparta argitaletxeak karrikaratu du. Liburu honen hitzaurrea idazteaz arduratu dira Laura Mintegi idazle eta EHBilduko politikaria eta Iñaki Soto, GARAko zuzendaria. Ikusten denez, SORTU alderdiaren inguruko intelektualak dira liburu hau idatzi eta lagundu dutenak. Esanguratsua, zinez!

Joxe Azurmendik ezbaian jartzen ditu bere liburuan aipatu lau intelektual hauen ideiak, gogoeta sakonak eginez. Biziki gomendatzen dizuet liburu hau, gainera 117 orrialde bertzerik ez du, arin eta atseginez irakurtzen da eta militante independentista iraultzaile euskaldunak intelektualki eta politikoki formatu eta prestatzeko oso baliagarria da.

Hona hemen liburuari buruzko esteka batzuk:

http://www.berria.eus/albisteak/132141/039hizkuntza_nazioa_estatua039_saiakera_plazaratu_du_joxe_azurmendik.htm

http://www.berria.eus/albisteak/132183/joxe_azurmendi_nazioa_hizkuntza_da_batez_ere.htm

Solasaldia osorik ikusten ahal da You Tuben: 

Bertan, 1:07:00an, eztabaida ttiki labur bat sortu zen, galderen bidez, Nafarroa, Euskal Herria eta Euskadi termino eta kontzeptuei buruz. Herritar Batasuneko militante gisa parte hartu nuen horretan, eta aipatu nuen liburuaren pasarteak, “ESPAINOLAK ETA EUSKALDUNAK” (Elkar, 1992) lerro hauetara ekarri nahi ditut.

Zehazki, V. kapituluko atal bat, biziki interesgarria dena: “Nafarroarik ez, Ernazimenturik ez”. Uste dut gogoeta hauek, duela 25 urte eginak, gaurkotasun handikoak direla, eta biziki interesgarriak Herritar Batasuneko militante guzti-guztiendako. Erdaldunentzat ere bai, jakina.

 

NAFARROARIK EZ, ERNAZIMENTURIK EZ

XVI. mende hasieran galdu genuen euskaldunok Nafarroa. Galdu zena, Koroa bat edo Errege familia bat baino gehiago izan zen, eta Erresuma bat soil baino gehiago ere: hastera zihoan periodo historikoa galdu genuen, nazionalitateen desarroilorako dezisiboa.

Horregatik, Euskadiren desarroiloa, nazionalitate bezala, anormala da. Gaur arte ezin burubidatu izan du orduko kalamitatea.

Nafarroa izan zitekeen Euskara hizkuntza ofiziala deklaratuko zigun Estatu euskaldun bat. Baina hori ez da gertatu. Eta ezin gerta zitekeen, posible zen momentuan Espainiak konkistatu egin zuen-eta.

Nafarroaren konkistak Nafarroaren subirania ezezik, Euskadi osoaren independentzia galdu zuen. Desarroilo nazionalik eta historia propiorik egiteko bide guztiak galdu zituen. Euskadi, Nafarroa beregainik gabe, nazionalitate subdesarroilatua gelditu da.” (…)

“Batasuna nukleo baten inguruan egiten da. Euskal Herriek, ordea, honez gero ez dute beste erdigunerik eta erreferentziarik izanen, Madril baino. Gortea. Han dago erakarmena.
Nafarroak, izan ere, Foruak nolabait salbatu baditu ere, Gortea galdu du, eta erakarmen guztia galdu du. Euskal Ernazimentu bizi bat protagoniza zezakeen foko bakarra genuen hura. Gorteak ez baitziren, aldi hartan, ekintza ezberdinen bilgune hutsak. Indar zabaltzaile eta eragile bizkorrak baizik. Zentru eragileak ziren.

Nafarroa, berriz, Foruekin ala gabe, satelite bat bihurtu da: utzi dio indar eta argi barreiatzaile izateari. Tituluak titulu, euskal probintzia bat gehiago da, besteen artean; jadanik ez besteen anaia nagusi eta maisu eta gidari, tokatzen zitzaion bezala.

Probintzia bakoitza bere aldetik ibiliko da. Bere baitan galdurik biziko da, Madrilen azpiko. Eta batasunak sortzeko periodo historikoan hori. Hemen ez dago indarra darion eta eragiten duen eta ekinaldi batean euskal herriak biltzen dituen erdigune zainart bizirik. Nafarroa falta da.

Nafarroa falta zaigula, esanez, Euskal Erresuma falta zaigula, esaten da. Euskal politika. Baina konsekuentzia guztiekin. Nafarroak berak euskal kontzientzia galtzen du eta nafar kontzientzia ere galtzen du, zeharo influentzia espainolaren pean erortzeko. Pasibo gelditzeko. Eta galtzeko. Independentzia galdu zuenetik ia karlistadetara arte-edo, Nafarroa izenik apenas entzun ere egiten den. Ez du ezer pintatzen.

“Los Baskones se nacionalizaron en forma de reino de Nabarra. Durante un tiempo, difícil de acotar, baskón y navarro fueron términos equivalentes. El edificio histórico se asentaba sobre la base étnica en cuanto ésta se exterioriza mediante el idioma, las costumbres, las instituciones y la conciencia nacional colectiva…

Nabarra cada día va siendo menos baska, y cada día menos Nabarra también. La ley de degenerescencia es doble: la una vacía el contenido vasco; la otra, el contenido navarro; esta segunda ley opera con mayor lentitud que la otra.” (Arturo Campión)

Kolektibitate kontzientzia “nazional” hori Nafarroak galdu egiten badu, beste probintziez ez dago zer esanik. Sekula ez dute izan; ez zuten zer galdu. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, haizearekin zebiltzan orbelak izan dira beti. Zuhaitza Nafarroa zen; sustraiak eta enborra. Gernikako Arbola egiazkoa Nafarroa da. XVI. mendean ihartu egin zen, ez du fruiturik emango.

 Euskal literaturak hasiera bi ditu: lehenengoak (Etxepare, Leizarraga), XVI. mendean eta Nafarroako Erresuman sortua, Gorte inguruko girotan sortua hain zuzen, porrot egin zuen, lur jo zuen, segimenik aurkitu ezinda, politikak segimenik utzi ez ziolako. Horregatik, etenaldi baten ondoren, bigarren hasiera erdialdeko burgesiaren eta marjinazioaren artean sortuko da, Donibane Lohitzunen. Baina hori, leku pribilegiatu izanik, ez da Euskal Herri osoa mobiliza dezakeen zentrurik.

Beraz, Ernazimentu gortesau” bortitzik -à la Etxepare- izateko posibilitatea ito zigun Nafarroaren konkista espainolak: hain zuzen, euskal probintziak, banaka eta bakoizka, Ernazimentu espainolaren menpean lotzeko.

“Tengo por indudable que, un día, hubiera tomado cuerpo en Navarra, en una Navarra plenamente independiente, la sugestión de dotar al reino de una cultura literaria diferenciada de los dos poderosos vecinos, utilizando a tales efectos la lengua original del propio país, que por algo Sancho el Sabio denominó “lingua navarrorum”. Y tal medida hubiera sido adoptada con dinastías de origen indígena o extranjero, porque al efecto y la emoción debidos al idioma nacional, se hubiera unido la necesidad práctica de asegurar la independencia espiritual y cultural del país, como requisito preciso para poder mantener su libertad política de manera firme y duradera.” (Manuel Irujo)

Berdin uste du Ortuetak:

“La adopción de una segunda lengua, como signo de distinción y como lengua literaria, por las clases altas, no implica el abandono del habla indígena… En otros países de Europa, en esos tiempos, se han dado idénticos casos de menosprecio del verbo nacional. Por ejemplo, en Inglaterra bajo el feudalismo normando, las clases altas relegaron al Inglés; pero Inglaterra, al sobrepasar la época de disminución de su personalidad nacional y recuperarse, dignificó a su idioma. Idéntico caso se hubiera dado en Vasconia si ésta no perdiera su soberanía estatal. Y se dará el día que la recupere.” (Anacleto Ortueta, “Sancho el Mayor, Rey de los Vascos”)” (…)

Justu Ernazimentu indar berriak biztu behar zituenean eta Nafarroak munduaren harrimena izan behar zuenean, (Shakespeare, “Navarre shall be the wonder of the world”, Love’s Labour’s Lost, 1594):

“El reino de Navarra, antiguo corazón del país, convertido en un pequeño reino sin salida al mar y mediatizado políticamente, pierde su anterior importancia.” (Koldo Mitxelena)

Eta, Euskadin, hori zen eta hori da, lehen ala orain: Nafarroarik ez, Ernazimenturik ez. Euskadi Nafarroa da.”

Pasarte hauek aipatu nahi nituen Joxe Azurmendirekin izan nuen eztabaida labur hartan. Bistan da, han ez zen une ez toki egokiena hori egiteko, eta horregatik ekarri ditut orriotara. Gure arteko eztabaida eta gogoeta kolektiboa zabalik gelditzen dira denondako. Zein da zuen iritzia?

Fermintxo, Herritar Batasuneko militantea

GEHIEN IRAKURRI

AZKEN BERRIAK