GEZURRAK BUZTANA LABUR

Iritziak - Colaboraciones

Deskargatu

GEZURRAK BUZTANA LABUR

         Mugimendu iraultzaile batean, erreformistak eta oportunistak emeki-emeki nagusitzen direnean, lehendabiziko biktima egia izaten da. Zeren egia beti baita iraultzailea. Bainan ez nolanahiko egia. Klase sozialetan banatutako gizarte batean, zapalduon egiak bakar-bakarrik dira zinezkoak eta benetakoak. Sistema zapaltzailearen aurka hortzez eta haginez borrokatzen direnen egiak. Egia hegian da. Praxiaren hegian.

         Gainontzekoak, azal eta itxura eder, mami eta muin ustel, Burgesiaren (in)komunikabide guztietan behin eta berriz agertzen diren “egia” borobil eta biribil horiek, Sistemaren aurrean makurtu, belaunikatu eta amore eman dutenen sasi egiak dira, egiaren erdiak, egiaren laurdenak, gezurrik zitalenak, gezurrik ustelenak, azken finean. Zapaltzaileen aldeko gezurrak, ongi ordaindutakoak. Mila aldiz errepikatutako gezurrak, egia bilakaturik...

         Zorionez, Herri Langileari traizio egin eta damutzearen bide ilunetik joateko egindako aukera horretan, posibilistek beren burua baizik ez dute engainatzen. Klase eta nazio etsaiak ez baitituzte tronpatzen, haiek ongi baitakite erreformisten funtzio eta eginkizun nagusia Herri Langilea engainatzea eta anestesiatzea dela, desorientatzea eta adoregabetzea. Horregatik eta horretarako diruz oparo subentzionatzen dituzte alderdi elektoralistak eta sindikatu instituzionalistak, legalitate burgesean eroso sentitzen direnak.

         Erreformistek eta oportunistek hasieran Herri Langilea aise eta ederki engainatzen dute, politiko profesionalak baitira, ogibidez gezurtiak eta manipulatzaileak, promesa eder faltsuak egiten espezialistak. Bainan klase borroka ez da inoiz gelditzen, eta zapalduek poliki-poliki ikasten dute, praktikan eta borrokan, larrutik, malkoz, izerdiz eta odolez, behialako militante  zintzo eta borrolari horiek amore eman dutela, eta klase zein nazio etsaien posizioetara pasatu direla ospe, diru eta lasaitasunaren truke. Historian zehar hamaika aldiz gertatu izan da hori, Euskal Herrian eta gainontzeko Herri zapaldu guztietan ere. Irlanda da adibiderik hurbil eta paradigmatikoena. Martin Mc Guiness, esaterako.

         Horixe bera pasatu da garai batean Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua izan zèn horretan, ENAM erraten geniòn horretan. Hasieran “gezur txiki, abil eta taktikoak” izan zirenak, kiratsa darion gezur erraldoi, ikaragarri, infame eta monstruoso bilakatu da. Bainan zorionez, ia-ia inortxok ere ez du halakorik sinisten jada. Fini da komeria. Otegik eta bere kamarilla elektoralistak ez du jadanik Euskal Herri Langile osoa engainatzen. Gero eta herri zein langile sektore gehiago ohartzen hasiak dira Euskal Bake Prozesua iruzur ikaragarria izan dela, errendizio miserablea, damutze kolektibo lotsagarria, saldukeria monumentala, engainu antologikoa. Garai batean Euskadiko Ezkerrari gertatu zitzaion bezalaxe, txolloa, mauka eta pagotxa amaitzen hasi zaie. Eta horren ondorioz, biziki urduritu dira, artegatu eta nerbiostu.

         Jendea kalera atera da Patxi Ruiz gudari eta militante iraultzailearen alde borrokatzera, Amnistiaren alde borrokatzera, Independentzia eta Sozialismoaren alde borrokatzera, betiko amets, ideal eta helburu abertzale eta iraultzaileen alde borrokatzera. Eta orduan, politikillo ustel eta traidoreen gezurrak agerian gelditzen hasiak dira. Gezurrak buztana labur.

          Atzo irakurri genuen SORTU alderdiaren soldatapean ari diren kalakari  profesional batzuek EPPKren izenean idatzi zutèn komunikatua. Bere garaian EPPKko kideak izan ginèn heinean, gezurrez beteriko idazki zital horri erantzunen diogu lerro hauetan. Ahoan legarrik gabe. Geure egiak argi eta garbi esanez.

          Lehenik eta behin, hasierako manipulazio nabaria: euskal preso politikoen lehentasuna ez da inoiz marko burges zapaltzaile frantses eta espainolen barnean beren ustezko “eskubideen” alde borrokatzea izan, zeren hori euskal preso politikoak bitan giltzapetzea baita. Lehendabizi, klase eta nazio etsaien eskutik. Eta bigarrenik, hagitzez okerrago eta makurrago dena, planteamendu legalisten eta posibilisten bidez, Sistema osoa legitimatuz eta indartuz, espetxeak, errepresioa eta aparatu judiziala barne, euskal preso politikoen aldekoa omen den diskurtso okerraren eskutik.

         Euskal preso politikoak borrokan sartu ziren Euskal Herria askatzeko, militante abertzale eta iraultzaileak ziren, eta beraz, eta berez, beren lehentasuna Independentzia, Sozialismoa, Berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala lortzea bazen eta bada. Gu preso egon ginèn garaietan horixe bera genuen denok lehentasun, damutzen zirenak kenduta. Helburu kolektibo abertzale eta iraultzaileak gauza guztien gainetik. Borrokan sartu ginenean bagenekien horren ondorioz espetxera eraman, erbestean amaitu, edota hiltzeraino iritsi ahal ginela, eta geure borondatez onartu genituen arrisku horiek, Herria bizi zedin, batasuna borrokan eraikiz, Euskara Ta Askatasunaren bidean “Bietan jarrai!!!” oihu eginez...

         Euskal Iraultzaren lehen fasearen garaipenaren baitan ulertzen genuen Amnistia. Ez genion borrokari heldu inoiz espetxeratuak izanez gero, espetxetik ateratzeko helburua lehenesteko, edo behin bertatik irten ondoren nor bere etxera joateko. Hil ala biziko borrokan sartu ginen Euskal Herria askatzeko. Ahantzi ote zaigu? Haraino liluratu eta hipnotizatu al gaituzte “Bake Prozesua”ren lepotik bizi diren bakegile profesional horien diskurtso melenga eta anestesianteek? Kofi Anam eta gainontzeko politiko burges horiek Aieten agertu eta zortzi-bederatzi urtera, armak musutruk etsaiari oparitu ondoren, zer? Euskal Herria zertan da? Eta euskal preso politikoak?

         Begi bistakoak diren banalitate eta arinkeria batzuk aipatu ondoren, EPPKren izenean mintzatzen diren SORTUko demagogo profesionalek Patxi Ruizen izena aipatzen dute. Ahantzia zaie oroitaraztea Patxi ez dela EPPKko kidea, eta ETAtik espultsatu zutela erakundea likidatu zutenek, eta zergatik egin zituzten traidoreek bi zitalkeria horiek. Hori azaltzeko, komeni da Patxi berari hitza ematea, eta bere arrazoibideak zein gogoetak hemen aipatzea. Zeren Patxi militante iraultzaile eredugarria baita, gauzak oso argi dituena, eta garbi mintzo dena.

         Duela ia lau urte, 2016ko uztailaren 16an, “Denak ez du balio” idazkian, Patxi Ruizek hauxe esan zuen:

         “Kolektiboko kide naizen aldetik, beharrezkoa ikusten dut Ezker Abertzale ofizialaren zuzendaritza azken urte hauetan Kolektiboari ezartzen ari zaizkion inposizioak salatzea, “Gernikako Akordioa”ri egindako atxikimendu behartutik hasita, zein azken urteotan burututako foru ezberdinei geroago emandako atxikimendu behartuak.”

         “Nire izenean soilik, adierazi egin nahi dut ez ditudala baliogarritzat hartzen, formetan zein edukian, iruzurrezkoa eta injustua izan den barne eztabaidaren testuinguruan Kolektiboak hartutako erabakiak, non gure barne kohesioa mantentzetik urruti, hemen bizi dugun egiazko errealitatea (eta anitza!) distortsionatu besterik egiten ez duen. EZ, NIRE IZENEAN EZ, Kolektiboaren erabilpen alderdikoiari, modu publiko/mediatikoan bere baitan egindako ekimen ezberdinetan izan dugun parte hartze mailaren inguruan gezur egiten denean.”

         Patxi Ruiz gudari eta militante iraultzaile zintzoa da, oportunisten eta likidazionisten gezurrak eta manipulazioak hasieratik salatu zituena, beste asko isil-isilik gelditu zirèn bitartean. Horregatik gelditu zen EPPK eta ETAtik kanpo. Ez zioten barkatzen egia esatea, gezurtero profesionalen erresuma ustelean.

         EPPKren izenean mintzatzen diren SORTUko politikeroek urteak eta urteak eman dituzte gezurretan inolako lotsarik gabe, behin eta berriz, eta denen begi bistan. Eta haien manipulazioak salatzen zirenetan, erantzuna beti berdina izaten zen: neurri diziplinarioak, kalumniak, difamazioa, isolamendu politikoa, militanteen osasun mentalari buruzko iradokizun zitalak, presioak inguru familiar eta sozialean, sektarismoa... Patxi Ruizek, haren familiak eta bere defentsan aritzen diren militanteek ere hori bera sufritu dute urte hauetan. Bainan horretaz, nonbait, EPPKren izenean komunikatuak idazten dituzten sofista profesionalak ahantzi dira.

         Patxi Ruizek larrutik ordaindu du bere zintzotasun iraultzaile militante miresgarria. Beraz, hipokrisia eta zinismo hutsa da esatea, bere “gaurko egoera, beste kide askorena bezala, salbuespenezko espetxe politika krudel horren ondorioa da”. “Halako egoeretan kolektiboak laguntza eta babesa eman izan dio laguntza behar duen kideari, aldi berean espetxeari konponbideak eskatuz eta ekimen ahalik eta eraginkorrenak bilatuz.”

         GEZURRA! Gezur hutsa, gezur zikina! Patxi Ruizen egoera, eta berarekin batera euskal preso politiko guztiena, neurri handi batean EHBilduk, SORTUk eta Sozialdemokrazia Autonomistaren gainontzeko egitura eta antolakunde guzti-guztiek egindako saldukeria, traizio eta euskal preso politikoak bide bazterrean abandonaturik uztearen ondorioa da.

         Nor engainatu nahi dute? PSOE eta Unidas Podemosekin Espainiako Erresumaren Parlamentuan Lan Erreformaren indargabetzea espantu handiz berriki adostu dutenak ez dira gai izan, zortzi urte hauetan, euskal preso politikoen, ez Amnistia, baizik eta Euskal Herriratzea lortzeko. Edo hurbiltzeko pittin bat, bederen. Zozoak garela uste al dute, eta beren gezurrak txintik esan gabe irentsiko ditugula?

         Murtziako EPPKko kideek Patxi Ruizi gose eta egarri greba uztea eskatu omen  zioten. Elkartasunez jokatu beharrean eta haiek ere borrokan inplikatu ordez, espetxeari hortzak erakutsiz, eskirolarena egin eta etsaien lan zikina egin zuten. Eta  gainera, lasai-lasai ematen diote Euskal Herriari jokabide zital, insolidario eta lotsagarri horren berri! ELKARRIrena egin presondegian,  pantxo-pantxo aitortu eta lasai-lasai gelditu, deus ere gertatu ez balitz bezala! Burkidea bakarrik utzi etsaiaren aitzinean, borrokatzeari uzteko eskatu, eta gainera, ongi jokatu dutela aldarrikatu. Edozein fabrika eta lantegitan greba batean parte hartu duen edonork esango dizu nola deitzen den hori egiten duen lankidea: ESKIROLA.

         Ez dira hemen amaitzen EPPKren izenean demagogo profesional batzuek idatzi duten komunikatuaren burugabekerien eta despropositoen zerrendak. Hurrengo gezurrak infamiaren antologia unibertsalean sartzeko meritua eskuratu du: “Patxi Ruizen muturreko erabakiaren aurrean sektore jakin batek izan duen jokabidea oso larria dela deriotzo EPPK-k. Espetxeko baldintzen ondorioz edozein presoren bizia arriskuan denean, bere osasuna bermatzea aitzakiarik gabeko lehentasuna da gure iritziz.”

         Euskal Herria askatzeko hil ala biziko borroka honetan “aitzakiarik gabeko lehentasuna” dela militante abertzale eta iraultzaileen osasuna bermatzea? Noizdanik? Horretarako, denok etxean geldituko ginatekeen hasiera-hasieratik, eta fini predikia! Ergelkeria koldar eta beldurti hori esaten dute noiz eta Joxe Felix Erezuma eta Joan Carles Monteagudo gudarien asasinatzearen 29. urteurrenean! Eta ez dira lotsaren lotsaz hiltzen hori idatzi duten damutuak! Burua makurtuago izaterik ba ote da, degradazio hutsa den jarrera horretan?

         “Aipatu sektore horrek, ostera, EPPK-ko kideei, EHBilduri, Etxerat-i, Sareri eta Sorturi erasotzeko baliatu nahi izan du egoera hau guztia, Patxiren egoera konpontzeko ezer ez egitea egotziz eta, areago dena, egoera orokorraren errua leporatuz. Aldi berean, presoen egoeragatik zintzoki kezkatzen den jende askoren borondate onaz baliatzen saiatu dira.”

         Zaila da hain lerro gutxitan hainbeste gezur esatea, benetan. SORTUk badaki jendea gero eta argiago konturatzen ari dela EHBildu batzutan PNVren, bestetan PSOE-GALen submarino bat besterik ez dela, eta preso politikoen eta bere senideen gibelean babesten saiatzen da. Alferrik. Azken asteotan Madrilen gertatu denak jende askoren begiak irekiarazi ditu.

         Bainan zinismoaren gailurra da batzutan PNVren eta bestetan PSOE-GALren morroi izan ohi den Sozialdemokrazia Autonomista honi Ezker Abertzalea esatea. Muturra eta kopeta behar da, gero, Espainiako Erresumaren instituzio kolonial guztietan legalki eta lasaiki parte hartzeko, Amnistia, Sozialismoa, Independentzia, eta gainontzeko ideal eta helburu guztiak saldu zituèn alderdi politiko oportunista, posibilista, elektoralista eta instituzionalista Ezker Abertzalea dela esateko! Donald Trump, Marian Beitialarrangoitiaren ahotik zoriondu zuèn alderdi politikoa! CHE Guevara Onintza Enbeitaren ahotik matxirulo bat zela iradoki zuèn alderdi politikoa! PSOE-GALen gobernua Madrilen eta Iruñean erraztu duen alderdi politikoa! Ezker Abertzalea? Nor engainatu nahi duzue? Euskadiko Ezkerra berpiztua zarete!

         EPPKren izenean hitz egiten duten damutu profesional hauek haratago doaz, eta Ezker Abertzale Iraultzaile osoa, eta bereziki Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua zitalki iraindu eta kalumniatu ondoren, Sistemaren aldeko alderdiak eta Gobernu Baskongadoa bera ere zoriondu eta txalotu egiten dituzte, norbaitek beren traizioaz zalantzarik ttikiena ere balu, argi izan dezan zer eta nor diren. Hona hemen beren hitzak:

         “Horrek guztiak pentsarazten digu, tamalez, zenbaiten zinezko lehentasuna ez dela izan lehen eta ez dela orain ere Patxi Ruizen bizia eta osasuna bermatzearen alde ahalegina egitea, aipatu alderdi eta erakundeei erasotzeko Patxi Ruizen egoera erabili ahal izatea baizik. Helburu hori lortzeko asmoz saiatu dira zenbait informazio ezkutatzen eta asmakizunak hedatzen. Estualdian eta egoera larrian den preso bati laguntzeko modu eraginkorrak bilatu eta lantzea baino erosoagoa zaielako EPPKri eta orokorrean ezker abertzaleari erasotzea.”    

         “Lehen-lehenik, EPPK-ko kideok bat egiten dugu Euskal Herrian, Estatu Espainolean eta nazioartean preso politikoon giza eskubideen eta askatasunaren alde egin diren aldarrikapenekin, baita Kongresuan indar politiko ezberdinek adostu duten adierazpenarekin.”

         “Kongresuan”?!?!? Nongo Kongresuan? Noizdanik du Euskal Herriak Kongresurik? Ez al da izanen, txiripaz, Euskal Herria mendez mende zapaldu duen Espainiako Erresumaren Legebiltzarra? Eta EPPK-k 1978ko Konstituzio monarkiko eta neofrankistaren instituzio etsai eta zapaltzaile horri “Kongresua” esaten dio? Eta lasai-lasai gelditzen dira? Beren damukeriaz ez garela ohartzen uste al dute?

         Bainan, lasai, lagunok, norbaitek dudak baldin bazituen, eta beren jarrera argitze aldera, honela segitzen dute:

         “Zeregin horretan funtzio garrantzitsua izango dute aipatu eragile eta alderdi politiko guztiek, beraien eraginaren esku egongo direlako espetxeetan har daitezkeen neurriak. Ez dugu aipatu gabe utzi nahi Eusko Jaurlaritzak espainiar Gobernuari euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara eramateko eskaria egin izana.”

         Azken esaldi honetan, aipamenak egiten hasita, zergatik ahantzi dute esatea Gobernu Baskongado horrek berak, Urkulluren ahotik zein Jonan Fernandez mertzenarioarenetik, askotan iritsi zaizkigun mezu koldar eta txantajistak, euskal preso politikoen egoera xamurtze aldera egin beharreko urratsak eskasak direla, eta “egindako kaltearen aitortzak” eta damutzeak argiagoak izan beharko luketela? Euskal preso politikoen egoerari dagokionean, Espainiako morroi eta borrero zereginetan dabilen “Eusko Jaurlaritza”ren jokaera zikin eta maltzurra zuritu nahian al dabiltza EPPKren izenean berba egiten duten SORTUko militante horiek?

 

         Bukatzeko, bista da, ginda ezarri behar zuten beren idazkian:

         “Euskal Herriak behar duen NORMALIZAZIO POLITIKOAREN BIDEAN, lehentasunezko eginbeharra da espetxeak hustea.”

         Euskal Herri Langilearen aurkako zapalkuntza inoiz baino gogor, mingarri eta gordinagoa delarik, eta bereziki Euskal Langile Klasearen bizi baldintzak eta esplotazioa, Inperialismo yanki-sionistaren III Mundu Gerraren tresna den pandemia honen bidez, inoiz baino ikaragarriagoak direnean, Sozialdemokrazia Autonomistaren ideologo profesionalek “Euskal Herriak behar duen normalizazio politikoaren bidea” aipatzen digute. Euskal Herriak ez du inolako “normalizaziorik” behar, damutu zikinak, Euskal Herriak IRAULTZA SOZIALISTA behar du!

         Bukaeran, jakina, despistatu eta inozoren bat hobeki engainatzeko, Ezker Abertzalearen leloak oihukatzen dituzte, ea horrela beren traizioa disimulatzen den: “Jo eta ke, irabazi arte! Amnistia! Independentzia!” Sozialismoa aipatu ere ez dute egiten. Eskertzekoa da azken momentuko sintzeritate hori. Patetikoa litzateke, hain okaztagarria ez balitz...

         Patxi Ruizen hitzekin amaitu nahi dugu idazki hau:

        “Euskadi Ta Askatasuna, Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailea, Euskal Herria askatzeko sortu zen, eta berezikiago, Euskal Herri Langilea. Horretarako definitu eta zehaztu zituen Euskal Iraultzaren lau helburuak: independentzia, sozialismoa, birbatasuna eta berreuskalduntzea. Gainontzeko guzti-guztia, estrategia zein taktika, antolatze-moldeak, ildo politikoa, den-dena, lau helburu hauek lortzeko tresna dira. Hots, Euskadi Ta Askatasuna erakundean diziplina, ezinbestez, Euskal Iraultzaren zerbitzura dago, eta ez alderantziz. Euskal Herri Langilearen askatasuna lortzeko elementu subordinatua da.

         Hau behin eta berriz egiaztatu da gure erakundearen historia luzean. Sorreratik bertatik, EKINeko gazte abertzale iraultzaileek ez zuten onartu PNV inposatu nahi zien diziplina itsua, zeina baitzen ildo politiko likidazionista baten emaitza.

         Gauza bera gertatu zen V. Biltzarreko garaian, non espainolismoaren eta erreformismoaren menpe ari zen Bulego Politikoa kanporatua izan baitzen, Euskal Iraultza likidatu nahi zuelako. Denborak eta praxiak aski argi frogatu dute Bulego Politiko haren ildoa nolakoa zen eta nora jo zuen ondoren.

         Fenomeno berbera errepikatu zen Sextaren garaian. Militante abertzale eta sozialista iraultzaile batzuek lehentasuna eman zioten Euskal Iraultzari, eta, horren baitan eta horren zerbitzuan ulertu zuten militantzia. Horri esker garaitua izan zen, berriz ere, likidazionismoa espainolista eta erreformista. Dena subordinatzen baita independentzia, sozialismoa, birbatasuna eta berreuskalduntzea lortzeko estrategia egokia mantentzeari begira, eta diziplina horren baitan kokatzen da.

         Geroago, Poli-Milien zatiketaren garaian ere, kontu jakina da PMak gehiengo zabala zirela Erakundean, eta, hala ere, diziplina modu iraultzaile horretan ulertzen zutelako, Miliek aurrera jo zuten ildo eta estrategia egoki baten inguruan. Berriz ere, praxiak argiro frogatu zuen nor zegoen zuzen eta nor oker.

         Eta gogoratu behar da Poli-Miliek bi zatiketa izan zituztela ondoren, Bereziena eta Milikiena, eta bietan, berriz ere, diziplina aplikatu zela molde iraultzaile horretan, beti Euskal Iraultzaren aldeko tresna gisa, likidazionismo eta erreformismo guztien aurka.

          Gaur egun ere historia errepikatzen da. Gure Erakundak Batzarra egin zuen 2007/2008 urteetan. % 80ak bozkatu zuten estrategia abertzale iraultzaile politiko-militarraren alde. Oker ez banago, Batzarraren prozesua 2009ko martxoan amaitu zen.

         Hilabete horretan bertan, 2009ko martxoaren 16an, lehendik isilpean eta ezkutuan lanean ari zen frakzio erreformistak prentsaurrekoa eskaini zuen, bide, kanal, arau eta diziplina guztien gainetik salto eginez. “Estrategia eraginkorra” aldarrikatu zuten, Erakundeak bere Batzarrean erabakitakoa ez zela efikaza argi eta garbi utziz. Prentsaurreko erabat frakzional horretan Otegi, Rodriguez, Zabaleta, Erkizia, Kiroga, Moreno, Diez eta Etxaide egon ziren, besteak beste. Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko frakzio erreformistaren aurkezpen publikoa izan zen.

         Azaroaren 14an egin zuten agerraldi famatuena, “Mitchell” printzipioak onartuz Ezker Abertzale osoaren izenean, inolako eztabaidarik gabe. Benetako estatu-kolpea. Alferrik da espantuka aritzea militante likidazionista horien diziplina eza eta jukutria deitoratuz, kritikatuz eta kondenatuz. Alferrikako lana da, zeren eta lehenago esan dudan bezalaxe, diziplina estrategia baten baitan subordinatzen den osagaia baita, beraz, ENAMen baitan bi estrategia argi eta garbi agertu zirenean, automatikoki bi diziplina ere sortu ziren, ezinbestez eta halabeharrez.

         Ondoren etorri zena kontu oso jakina da. Diziplina iraultzailea batere errespetatu ez zutenak hasi ziren diziplina eta batasuna eskatzen denei, ezker-eskuin eta ozenki. Eta nahasmen ikaragarria nagusitu zen ENAMen baitan, ez baitzegoen argi noren eta zeren aldeko batasuna eta diziplina eskatzen zen. Erreformistek, likidazionistek eta oportunistek ederki baliatu zuten konfusio hori, borroka armatuaz gain, estrategia iraultzaile osoa ere suntsitzeko, kontua ez baitzen “borroka armatua bai / borroka armatua ez” eztabaida itsu eta antzua. Arazoaren muina estrategia iraultzailea versus estrategia erreformista zen. 2007/2008 urteetan oso militante gutxik ikusi zuten arazoa. Gaur egun gero eta gehiagok ikusten dugu, eta horren arabera jokatzen hasi gara.

         Honaino iritsita, uste dut garbi azaldu dudala neure jarrera militantea. Nik diziplina beti onartu dut, Euskadi ta Askatasunaren estrategia abertzale, independentista eta sozialista iraultzailearen baitan. Eta diziplina horri jarraiki, jokatzen ari naiz jokatzen ari naizen bezala. Ez naiz ni diziplina hautsi duena, baizik eta estrategia erreformista eta likidazionista oso-osorik eta txintik esan gabe irentsi duzuenok. Hor dago kakoa!

         2009/2011 urteetan kontu hauek guztiak erabat nahasita zeuden. Konspirazio horren ondorioz militante askok ez genuen argi ikusten gure Erakundean bereziki eta ENAMen oro har gertatzen ari zena. Baina 2017an gaude eta orain ez dago aitzakiarik. Kontuak eta aferak garbi daude. Bi estrategia dira gaur egun, bata erreformista eta bestea iraultzailea. Bata likidazionista eta bestea V. Batzarraren ildokoa. Bata PNVren mendekoa, gero eta argiago, eta bestea independentista eta sozialista, Erakundearen historiarekin zintzo eta koherentea. Eta honen guztiaren ondorioz, bi diziplina ere badaude, bata erreformista eta bestea iraultzailea.

         Nik, zuek bezala, nire hautua egina dut. Praxi iraultzaileak erabakiko du nork duen arrazoia eta nork ez. Azken bost urteek, hala ere, argi utzi dute betiko helburu eta estrategiaren alde nor garen, eta hurrengo bostek are argiago utziko dute hori. Euskal Herri Langilea horretaz ohartzen ari da.

         Hau esanda, aprobetxatu nahi dut ere, EPPK-ko kidea naizen heinean, EPPK-ren baitan ematen ari den “barne eztabaidan” parte ez hartzea erabaki dudala esateko. Honi ez diot zilegitasunik onartzen, izan ere, inolako eztabaida gabe Gernikako Akordioa sinatzen behartu gintuen Zuzendaritza beretik jaiotzen delako. Eta preso politikoek legalitatearen bidea (salba dadila ahal duena) onar dezagun urtebeteko presio politiko-mediatikoa eta gero, norbaitek sinetsi al dezake egoera honetan, testuinguru honetan, eztabaida bat serioa dela? Posiblea dela askatasunez eztabaidatzea ukapen politikoa eta bazterketaren artean aukeratzera bultzatzen gaituztenean? Ezker Abertzale Ofizialaren arduradunek pertsonen ahul eta babesgabeenak biltzen dituen kolektiboarekin egin izana frakzio honek ordezkatzen duenaren adierazlea da.

          Esango didazue zuen “estrategiarekin” bat egiten ez dudanez gero, ez daukala zentzurik Erakundean militatzen jarraitzeak, ezta EPPK-ren barnean jarraitzeak ere, ni neu kokatu naizela bietatik kanpo. Baina nik ez dut horrela ikusten, ni ez naiz banandu eta ez dut onartzen nirea ere baden etxetik alde egitea. Egin ezazue borroka armatu osteko markoan posibleak diren aukera guztien artean erabakitzea ahalbidetuko duen eztabaida justu bat. “Amnistia gauza ezina dela” argudiatzen duzue, baina, ordea, independentzia posiblea dela irizten duzue (sozialismoari buruz aspaldi hitz egiten ez duzuela!). Ulertzen ez diren baieztapenak daude. Eztabaida justua egin ezazue eta miltantziak erabaki dezala.

 

“Desobeditzeko gaitasuna ekarri bazuen

gizakien Historiaren hasiera,

gerta litekeena da obedientziak ekartzea

haren bukaera.”

 

Erich Fromm.

 

         Patxik hau guztia 2017ko apirilaren 23an argitaratu zuen. Hiru urte geroago, guk hitzez hitz sinatzen dugu.

 

 

Patxi, hirekin beti, irabazi arte!

 Hire borroka, gure eredu!

 Ez haugu bakarrik utziko!

PRESOAK KALERA! AMNISTIA OSOA!

JO TA KE, IRABAZI ARTE!

 

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!

GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!

GORA EUSKAL HERRIA BIRBATUA!

GORA EUSKAL HERRIA EUSKALDUNA!

 

GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!

Mikel Alberdi, “Motza

Karlos Ezkurra Leonet.

Jon Iurrebaso Atutxa.

Fermin Xabier Santxez Agurruza.

Deskargatu

 

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location

IRITZI OSOAK