Genozidio politikoa

Erramoldea ez da nirea. Pasa den larunbateko BERRIA egunkarian irakurri nion Imelda Daza izeneko militante kolonbiarrari: “Genozidio politikoa sustatzen ari dira orain ere Kolonbian.”

Imelda Daza “Bake Ahotsak” mugimendu politikoko eleduna da. 1948an jaio zen eta Batasun Patriotikoa (Unidad Patriótica) alderdiko sortzaileetako bat izan zen. Alderdi hori exterminatua izan zen 80. hamarkadan: bi presidentegai, 8 kongresista, 13 diputatu, 70 zinegotzi, 11 alkate eta 3.500 militante inguru asasinatu zituen Kolonbiako oligarkiak.

Narkoburgesia faxista honek Ameriketako Estatu Batuen laguntza izan du beti, baita Estatu Sionistarena ere. Imelda 1988ko ekainaren 21ean ihes egin zuen Kolonbiatik, bere bizia arriskuan zegoelakotz. “Bezperan, gaueko hamaiketan, azken mehatxua egin zidaten telefonoz: “Komunista nazkagarria, heldu zaizu azkena: zure bila goaz!”

De facto, Kolonbian klase borroka gerra zibil bilakatu zen 1948an, Jorge Eliecer Gaitan ezkerreko politikaria oligarkiak asasinatu zuenetik. Geroztik ez da bakerik izan Kolonbian, eta borroka armatu iraultzailean aritu izan dira milaka eta milaka militante estatu burges faxista eta narkotrafikante horren kontra.

Zer dio emazte honek? Hona hemen bere hitz batzuk: “Gobernuak ez ditu bete epeak, eta oraindik airean dago gerrillarien segurtasun juridikoa eta pertsonala.” “Gerrillariek ez zuten ezer aurkitu prest beharko luketen eremu gehienetan, ezta jatekorik ere. Lotarako lekuak ere haiek egin dituzte. FARCekoak garaiz bildu dira adostutako guneetara, beti bete dutelako hitzartutakoa. Gobernuak, aldiz, ez du bete konpromisoa, eremu horietan ez baitzegoen agindutako azpiegitura.” “Dozenaka lider sozial eta nekazari hil dituzte aurten. Egoerak guk iraganean bizi izan genuenaren antza handiegia du. Batasun Patriotikoaren aurkako genozidioa bultzatu zuten berberak sustatzen ari dira oraingo genozidioa: eskuin muturra … Politikariak daude tartean, eta militarrak ere bai. Paramilitarismoa bizirik dago.”


Honaino Imelda Dazaren gogoetak eta salaketak. BERRIAk honako hau galdetzen diolarik; “Nola bizi izan duzu bake akordioa? Nola bizi izan duzu FARCen bilakaera?”, hauxe erantzun du: “Gaur egun ikuspuntu askotan bat nator beraiekin, nik neuk aspaldi galdu bainuen fedea borroka armatuan. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan gizarte berri bat eraikitzea gerraren gainean, gorrotoaren eta herraren gainean.”

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, hona hemen esteka:
http://www.berria.eus/paperekoa/1781/003/001/2017-05-27/genozidio_politikoa_sustatzen_ari_dira_orain_ere_kolonbian.htm


Nork bere gogoetak egin eta ondorioak atera ditzala.

Ene aldetik, argi eta garbi erran 80. hamarkadan mugimendu iraultzaile askotan nagusitu zen “Negoziazioaren estrategia” porrot ikaragarria izan dela leku guztietan. Gero eta ageriago dago hori guztia inperialismoaren estrategia kontraintsurgentearen parte garrantzitsua izan zela, Herri Langileak eta beren mugimendu iraultzaileak teorikoki eta praktikoki desarmatzeko, politikoki eta militarki erabat garaitzeko, eta ondorioz, kapitalismoa, zapalkuntza nazionala eta patriarkatua areagotzeko. Irlandan, Kolonbian, El Salvadorren, Hegoafrikan, Euskal Herrian eta nonahi. Eta horretan erreformisten kolaborazionismoa izan dute beti, langileria desorientatu eta engainatzeko, “bakea”, “demokrazia”, “elkarbizitza”, “tolerantzia”, “aniztasuna”, “biktimekiko errespetua” eta horrelako kontzeptu ideologiko, alienatzaile eta toxikoekin.


Estrategia iraultzailea berreraikitzeko, lehendabiziko urratsa da klase etsaien gezur ideologikoak sistematikoki salatu eta desmontatzea. Egia iraultzailea argi eta garbi erratea, ahoan legarrik gabe: mugimendu iraultzaile batek klase etsaiekin ezin du ezertaz ere negoziatu. Horretan hastea derrotaren eta porrotaren hasiera bertzerik ez da.
Besarkada handi bat hemendik Kolonbian errenditu ez diren militante guztientzat, independentzia eta sozialismoaren alde borrokan tinko segitzen duten guztientzat, amore eman ez duten guztientzat, bihotz-bihotzez. Eta FARCen zuzendaritzaren tranpan erori diren lagun guztientzat, aholku bat: esna eta ohar zaitezte lehenbailehen zein den klase borrokaren benetako dinamika eta funtzionamendua, zuendako beranduegi izan baino lehenago!


Mikel Erro, Herritar Batasuneko kidea.

MAS LEIDOS