Aportazio feminista

Herritar Batasuna klase mugimendu feminista eta iraultzailea gara, feminismoa filosofia politiko  eta klase mugimendu sozial gisa ulertuaz; beronen bidez  patriarkatuaren baitan emakumeak izateagatik sufritzen ditugun diskriminazioen gaineko kontzientzia hartzen dugu, baita opresioa, zanpaketa eta esplotazioarena ere. Honez gain patriarkatuaren aurka eta ondorioz sistema aldatzeko kolektiboki antolatzen dugu gure burua.

Emakumeon isilarazitako historia, egindako lanarena eta buruturiko borrokarena, berreskuratu behar dugu, historia boterea dutenek, gizonezkoek alegia, idatzi baitute; gure historia gezurretan eraikia izan da, baita gure kultura, gure gizartea, gure ekonomia eta gure egunerokotasun osoa ere: honen kontzientzia hartu behar dugu.

Emakumeon paper historikoa identitate kolektiboaren mantentzean aitortu beharra dugu, baita berau egiteko emakumeon borroka historikoak ere; borroka hauen ondorioz genero, klase eta identitate errepresio bortitza jasan dugu.

Emakumeon benetako askapena gizakion askapen mugimendu zabal batean kokatu behar dugu, gizarte libre baterako bidea emango duena, egungo sistema suntsituz edozein motatako botere zanpatzailea galaraziko duena eta gizarte burujabe batean lan mota guztien kontrola langileon eskuetan ipiniko dituena.

Askapen prozesu honek gaur egun menderatzen gaituen  sistema Patriarkala, Matxista eta Kapitalistaren suntsiketa dakar; horrexegatik emakumeok eta gizonok  emakumeon askapena lortzeko batera borrokatu beharra dugu.

Langileok jasaten duten zanpaketa eta esplotazioa emakumeontzat bikoitza da: Kapitalarenaz gain gizonezkoena ere jasan behar baitugu, gizonezkoen jokabidea sistema kapitalistak berezko duen ustelkeriak eragindakoa delarik.

Gaur egun emazte eta ama paper tradizionalak desagertu ez dira desagertu, berrasmatuak izan dira lan esplotazioaren beharrei egokitzeko: emakumeok malabareak egin behar izaten ditugu lan guztiak asebetetzeko eta gure lan edota familia  bizitzan egiten ditugun akatsak kriminalizatuak izan ohi dira.

Indar feminista kontziente eta arduratsua sortzeko beharra dugu; era berean gizonekiko dependentzia rol barneratuan murgilduta dauden emakumeok sentsibilizatu behar ditugu. Eta gizarte injustua eta klasista baldintzatzen dituzten ohitura sozialak irauli behar ditugu.

Feministak ez gara talde berezi bat, feminismoa Herritar Batasunean dago eta egon beharra du, berezkoa bilakatuz, teoria hutsean geratu ez eta ikuspegi feminista txertaturik izango du Herritar Batasunak. Emakumeon benetako askapen borroka guztiona da, salbuespenik gabe. Kontzientzia hartzea eta hezkuntza ezinbestekoak dira emakumeon benetako burujabetza soziala lortze aldera, baita ere guztion formazioa feminismo iraultzailean. Kontzientzia duten gizonok euren pribilegioei uko egin beharko diete eta arlo guztietan isiltasun konplizearekin apurtu, norberaren ohiturak, identitatea eta emakumeon inguruko irudia kuestionatu, baita emakumeok zanpatzeko ohiko heziketa ere..

Nork bere gorputzaz askatasunez erabakitzeko eskubidea du, amatasuna, sexualitatea, abortua eta abarrekoak barne; berdintasunaren aldeko borroka iraultzaile guztiak bultzatzen ditugu, guztiok eskubide berberak baititugu. Gu guztiok, gizonok zein emakumeok, nork bere espazioa feminista bihurtzen ikas dezan, kritikoak izan gaitezen eta isiltasun konplizearekin amai dezagun, formazio kolektiboa garatuko dugu. Matxismoa transbertsala da. Emakumeok populazioaren erdia baino gehiago garen heinean oso garrantzitsua da borroka feminista funtsezkotzat hartzea, eta ez kolektibo soiltzat.

Beharrezkoa eta premiazkoa da Kapitalak egotzi digun rol bikoitzaren aurka borrokatzea: produktiboa eta ugalketakoa, eta honek dakarren guztia berriz hausnartu: balio ekonomiko eta autoestimarik gabekoak diren etxeko lanak eta zaintza lanak, egun areagotu den bortizkeria kontutan hartuz (feminizidioak). Era berean gizonok baino soldata txikiagoak izateak dakarrenaz kontzientzia hartu beharra dugu, baita politikan dugun ordezkaritza urriaz ere: eskubideak lapurtu dizkigute eta justuagoa izango den gizartea eraikitzeko berreskuratu behar ditugu, horrela berdintasunean, duintasunean eta askatasunean biziz; gizakiok ez gaitezen generoaren arabera diskriminatuak izan eta gutxieneko errekurtsoak izanik nor bera libre izan dadin burujabeak diren gizakiak heziz.

Euskal Herrian gure identitate kolektiboa sakondu eta ondo definitu behar dugu, eta bere mantentze eta berreskuratze borrokan emakumeon funtsezko papera aitortu. Kapitalari eta bere Botereari aurre egiteko Borroka hau ezinbestekoa da. Ondasun komunalak eraiki behar ditugu emakume ikuspuntua txertatuz, honetan gainontzeko arlo guztietan bezalaxe.

Gure abiapuntua sistema kapitalista eta patriarkalaren aurkako borrokan genero bortizkeria egiturazkoa den bortizkeriaren iceberg punta besterik ez dela. Bortizkeria patriarkatuaren funtsezko tresna da, botereak erabateko kontrola helburu duen tresna gisa erabiltzen du. Biolentzia patriarkala ez da Bat, bortizkeri ezberdinen sare bat baizik. Emakumea izatea arrisku faktore bat da. Herritar Batasunak genero edo sexuaren araberako ezberdintasun eta diskriminazio ororen aurkako borrokan konpromisoa hertzen du eta matxismoa eta bere bortizkeriaren aurkako borrokak gure egunerokoan ardatza beharko du izan, ezkutuan, legitimaturik eta normalizaturik baitago.

Iceberg puntan feminizidioak, terrorismo matxista eta terrorismo instituzionala, politikoa eta judiziala,  daude.

Gure gorputz eta askatasun sexualaren aldeko borroka ezinbestekoa zaigu; horrela, prostituzioa eta sexualitate librearen ideia suntsitzen duen pornografia matxistaren abolizioa, inposaturiko kustodia partekatuaren eliminazioa eta amatasun subrogatuaren aurka gaude. Emakumeok ez gara ez objektu ez ontziak.

Egun agerian dagoen feminismoa burgesa da, boterearen baitan berdintasun eskalak nahi dituena, lidergoan ehunekoak izan nahi dituena, instituzio politikoetan egote hutsarekin konformatzen dena. Gurea kalean aktiboa izango den borrokarena da. Formazioa, egunero-eguneroko lana eta presentzia feminista behar ditugu, guk ez baitugu botere kuotengatik borrokatzen, gizaki guztion erabateko berdintasunagatik baizik. Hori dela eta emakume nahiz gizonok animatzen ditugu gurekin batera lan egitera, herritar feministan elkarren ondoan borroka dezagun gonbidapena da hau.

Jaioberria den mugimenduak akatsetatik ikasia izan behar du eta akats horiek errepikatu ez. Ezkerrak borroka feminista alboratu du, langile klaseak boterea hartuta ere matxismoaren auzia ez litzateke berez konponduta geratuko. Emakumeok etxetik kanpora lanean sartzeak esplotazio eremu berriak ekarri ditu, eta ez soilik soldaten ezberdintasunengatik,ez, gure lana hirukoiztu delako baizik: etxekoa, seme-alabena eta nagusien zaintzarena. Soldaten desberdintasuna adierazteko adierazleak  badira, ez ordea zenbat gizonek bikotekideon arropa lisatzen dutenena edota ama zaintzen dutenena.

Borroka patriarkala bere egiten duten mugimendu iraultzaileekin aliantzak bilatuko ditugu.

Sistema kapitalistan, eta ondorioz patriarkalean, bizitzen jarraitzen dugun bitartean emakumeok zanpatuenak eta esplotatuenak izaten jarraituko dugu. Sistema aldatzeko ematen dugun pausu oro benetako berdintasunerako pausua izango da. Asko gara bide horretan gauden emakumeok, horrek feministak izatera eramaten gaituelarik: orain behar duguna da gizonok has daitezela euren “gizontasunaz” hausnartzen eta emakumeok sistema patriarkalaren iraute lanetan dugun paperaz: Aldaketa horrek justuago eta berdintasunean oinarria duen gizartera eramango gaitu.

Hau denagatik Herritar Batasunaren helburu estrategikoetako bat klase feminismo iraultzailea izango da.

HERRITAR FEMINISTA

GEHIEN IRAKURRI