Apirilaren 19an, EUSTAKIO MENDIZABALen heriotzaren 47 urteurrena

Iritziak - Colaboraciones

deskargatu

(Video) Apirilaren 19an, EUSTAKIO MENDIZABALen heriotzaren 47 urteurrena

Apirilaren 19an, EUSTAKIO MENDIZABALen heriotzaren 47 urteurrena

TXIKIA ZUEN GUDA IZENA...

 

Duela 47 urte, egunez egun, Eustakio Mendizabal Benito borrokan hil zuten indar okupatzaileek Algortan. Ortzegun Saindua zen. 1973ko apirilaren 19an.

Idazlea, poeta, gudaria, iraultzailea... 28 urte bertzerik ez zituen asasinatu zutelarik, emaztea eta bi seme negarretan utzirik.

Euskaldun iraultzaile ororendako ezinbertzeko erreferentzia da Eustakio.

         Abertzaletasun iraultzailearen gailurra, euskalduntasunarena ere bai, ene ustez, Euskal Iraultza Sozialistaren eredu gorena da, bere baitan ezin hobeki uztartu baitziren gure lau helburuak: Independentzia, Sozialismoa, Birbatasun Nazionala eta Berreuskalduntzea. Eustakiok laurak mamitu zituen, hortzez eta haginez, zinez eta minez, bihotzez eta odolez.

  

“Txikia” oroitzea, berak utzitako ildoan segitzea eta bere borroka bururaino eramatea konpromezu eta engaiamendu sakratua da euskal iraultzaile guztiontzat.

         Orain inoiz baino gehiago, denetariko eta askotariko likidazionistek, traidoreek, erreformistek, oportunistek, politillo profesionalek, errebisionistek, demagogoek, aprobetxategiek eta trepalariek errendizioaren apologia egunero egiten dutelarik.

Eustakio oroitzeak laguntzen ahal die belaunaldi berriei ETA benetan ulertzen.

Hona hemen bere poema bat, inolako iruzkinik behar ez duena:

 

GIZONEN PAUSOAK

  

Gizonen pausoak itsasora

dijoazen urak dira…

heriotzaren gurpilak garamaz

ilunpetako hobira,

argia gautzen eta bizia

finitzen dan ur haundira.

Egun xintak gaua dakar,

biziaren gau gordina!

Bainan heriotz guziak

ez dute erranahi berdina.

 

Goiz ihintzak sortutako lorea

arratsean hiltzear dago…

Hala, gu ere herio segak

denok gaitu eramango…

Bainan heriotz batzuk ditugu

besteak baino pisuago.

 

Herri interesengatik hiltzeak

mendien pisua dauka,

bainan faszisten morroi bizi ta

zapaltzaileentzat hiltzea

xoriñoen luma grisa baino

pisu gutiagokoa da.

 

Ideal gabe morroi hiltzeak

ez du deus ere balio…

 

Herriagatik hil danak aldiz

bizitzari argi dagio…

 

Ur guziak ez dira gaziak

herio denak ez herio.”

  

 

Poema honetan ageri da, Euskaraz, Mao Ze Dongen gogoeta bat, 1944ko irailaren 8an egina, Txinako gudari iraultzaile baten hiletan, eta geroago Liburu Gorrian argitaratu

eta masiboki hedatu zena. Euskal Herrira ere ailegatu zen, Eustakio Mendizabalen eskutik:

 

“Borroka dagoen tokian, sakrifizioak ere badira, eta heriotza kontu arrunta da. Baina guretzat, Herriaren interesak eta gehiengo zabalaren sufrimenduak gogoan ditugunontzat, Herriagatik hiltzea heriotza baliosa da. Hala ere, beharrezkoak ez diren sakrifizioak minimotara murriztu behar ditugu. Gizon- emazte guztiek hil behar dute, bainan heriotzak erran nahi diferenteak izaten ahal ditu. Antzinako idazle txinatar Sima Txien-ek zioen: nahiz eta heriotza guztiei iritsi, Taishan mendiak baino pisu haundiagoa ukaiten ahal du, ala luma batek baino ttikiagoa. Herriaren interesengatik hiltzeak Taishan mendiak baino pisu haundiagoa du; faxistak zerbitzatzeak eta Herria esplotatu eta zapaltzen dutenen alde hiltzeak, aldiz, luma batek baino pisu ttikiagoa du.”

 

        Eta nola ez aipatu bertze poema hau, Euskal Iraultzaren ikurra, Herri Langile Euskaldunaren irrintzia, gaur egungo iraultzaile euskaldunon iparra? Bere laburrean, mezua ezin argiagoa da, eta adore ematen digu 2020 udaberri zail eta ilun honetan: Euskal Iraultza Sozialistak aurrera jo behar du, aitzina joan, bururaino, ez dugu inoiz amore emanen, harik eta Independentzia, Sozialismoa, Birbatasun Nazionala eta Berreuskalduntzea lortu arte. Euskal Herria askatu arte!

 

EZ ETSI

 

Ene Herria

Ez etsi

Ez da oraindik iritsi

Baina

Ez etsi ...

Eta eutsi!

Noizbait beharko baita iritsi

Kantuari ez utzi

Eta

Borrokaren dantzara jautsi

Oinaze minez hil zirèn semeak goretsi

Bizia baitzuten utzi

Baina kantuari ez utzi

Eta

Ez etsi

Ez etsi

Ez etsi

  

Lerro hauetara ekarriko dugu Telesforo Monzonek idatzitako kantua:

 

Txikia zuen guda-izena

bera gizon osoa izan arren

Mendizabal Sasetaren hurrena

biak txiki, bizkor eta lerden

Saseta hil zen gudarien aurrean

Mendizabal hil zaigu bakarrik

baina biok daukate herri osoa

atzo ta gaur euren atzetik

Euskadirentzat hil dire-ta

gorputzak arantzaz beterik.

 

Harro hadi Kantauri itsasoa

ta heien betiko loa betiko kanta zak

Geroari esaiok olatuetan

Herri-izarrak ez direla itzaltzen

gure haurrek biharko ikastoletan

heien izenak abestu ditzaten

arantzetan biak hil baitziren.

 

 

          Buruzagi eta ekintzaile gisa lan handia egin zuen erakunde armatuaren baitan, beti ere lehen lerroan: Burgosko auzia eta Beihl kontsul alemanaren bahiketa, atrakuak, enpresari batzuen lehen bahiketak: Huarte eta Zabala, gose grebak, ihesaldi espektakularrak, Carreroren aurkako ekintzaren prestaketak, bonben leherketak...

          Baina zorigaitzez, maiz ahazten dugu intelektual handia izan zela, formazio filosofiko eta literario handia zuela. Lazkaoko Beneditarren komentuan zorrozki formatu zen. Txabi Etxebarrieta eta Argala hagitzez oroituagoak izaten dira. Espainolez idatzi zutelakotz, apika? Baliteke… Dena den, komunista iraultzaile euskaldunon zorretan gara Eustakiorekin, eta gaur merezi duen omenaldia egin nahiko nioke, bere obra literarioa eta bizitza gogoratuz.

          Joxe Manuel Pagoaga, Peixotok kontatzen digu:  "Ni ihes egin berria izaki, eta uste nuen bizia arriskatu behar banuen nola irabaziko genuen ere ikusi nahi nuela. Egun batean bere etxera joan eta galdetu nion ea zer egin behar genuen. `Orain, kanpaina hau eta gero beste hura'. Eta nik: `Eta gero?'. Gero halako eta bestelako. `Eta gero' eta segi; eta halako batean: `Eta gero?' `Borrokan hil', horrela, ahotsik mudatu gabe. Eustakio konturatzen zen garai hartan hil egin behar zela. Herri bat ginela, askatu egin behar genuela eta... borrokan hil".

 

 

          Luzaz iraunen du zinezko euskaldun ororen oroimenean 1973ko Ostegun Santu hark. Euskal erresistentzia armatuan ordurako mito bihurtua zèn Txikia hil zigutèn eguna. Eustakio Polizia Espainolak tiroz asasinatu zuen jadanik lurrean, larri zauriturik eta hilzorian. Euskadi Ta Askatasunako Fronte Militarreko militanterik ezagunena, garai hartako karismatikoena agian, apirilaren 19 hartan, Getxo-Algortako kaleetan. Hogeita zortzi urte bertzerik ez zuen.

 

Bere lagun eta burkide Peixotok honela kontatu zuen bere heriotza:

 

          "Gauza da Eustakiok deitzen didala Bilbora, ez dakit zertarako. Jartzen dit zita Errekaldeko taberna batean eta han elkartzen gara hamar-dozenaren bat ilegal. Eta esaten dit nik berekin joan behar dudala. Ateratzen gara taberna hartatik, kristoren multzoa, klaro, eta hor datoz bi kotxe beltz, milkinientosak biak, bete-beteak. Ikusi genituen, dudarik ez txakurrak zirela, baina ez ziren ausartu ezer egitera. Aurrera segi zuten eta... bakoitza bere aldetik.

Eustakio eta biok Matikora. Orduan ezagutu nuen Matiko. Etxe batean sartu eta han bazkaldu genuen. Madrilgo komandoaren ordezkari bat zegoen han, Carrerorena prestatzen ari zirenetako bat. Carreroren ekintzaz eztabaidatu zen, eta baita karnetena ere. Eta seietan Algortako tren geltokian egoteko. Seietarako Algortako estazioan nengoen, trenaren zain. Irteten da Eustakio trenetik, heldu da niregana, betiko bere tabardo berdearekin, eta hiru bat metrora seinale bat egiten dit ahoarekin, hortzak hola jarrita. Eta atzetik gizon multzo bat ikusten dut, baina bi aurpegi ditut buruan, kristoren gizon tzarrak, hamarren bat.

Parean jarri naiz eta Eustakiok: `Atzetik zetozek'. `Ziur hago-'. `Bai, ziur nauk'. `Bueno, goazen haruntza, ea segitzen gaituzten'. Eta haiek beti atzetik. Jarraitu genuen, bueltan-bueltan, eta etxe baten portal ondoan geratu ginen. Begiratu atzera eta ordurako denak linean zetozen, zabalean, bidea oso-osoan hartuz, eskuak hola txaketan sartuta (bizkar zainen ohizko keinuan).

Eta Eustakioren aurpegian heriotza zen, klabao, aho ingurua zuri-zuri. Bat-batean, arnasa hartu zuen eta `korri egin behar diagu!'. Lasterka hasi eta besteak atzetik tiroka. Lehenengo kolpetik distantzia hartu nion Eustakiori; baina orduan ez du funtzionatzen buruak, nik uste, instintoak funtzionatzen duela, eta frenatu egin nuen, berari itxoiteko. Aurrera gindoazela korrika, berrogeita hamarren bat metro egingo genituen, eta nik eskailera batzuk ikusi nituen eskumatik, eta bidea mendi-ebaki baten ondotik zihoala. Nik eskailerak hartu nituen, igo abiada batean eta goian, kaxko batetik, behera begiratu eta ikusi nuen azken aldiz Eustakio, oso hurbil besteengandik, eta tiroka.

Behetik gora nire atzetik ikusi nituen, eta aurrera egin nuen eskaileretatik gora, lehengo kale berera irten berriz, eskaratz batean sartu eta txaketa bota, Garratzek emandako txaketa marroi bat, eta irten egin nintzen. Txaketa... goizean errietan aritua nintzaion Eustakiori: `Hi ere ba haiz bada, Ostegun Santu eta erropa kabroi horiekin, txamardo alu horrekin'. Bera ere ez zegoen bromatarako eta: `Hauek ere Ostegun Santuan ibiltzeko arropak dituk'. Kotxe bat hartu eta etxe batera sartu nintzen. Eta kotxe hura semaforo batean zegoela, orduantxe pasa zen anbulantzia bat Bilbo aldera. `Izorratu haute, Eustakio' pentsatu nuen nere artean. Tiroteoa hasi eta anbulantzia semaforotik pasatzen ikusi artean ez ziren bost minutu baino asko gehiago pasako".

          Txikia errepidera iritsi omen zen, Makaleta etorbidearen ingurua. Auto batera jo, sartu eta arazoak eduki omen zituen autoarekin. Bitartean polizia bat inguratu eta tiro bat egin zion bertatik bertara. Hilzorian egonda, eskuburdinak jarri eta Basurtoko ospitalera eraman zuten. Hogei minutu egin zituen bizirik.

          Hiletak hil eta bi egunetara egin zizkioten Itsasondon, Aberri Egunez, poliziez ondo inguraturik. Berehala ehorztea agindu zuen Espainiako Gobernu Zibilak, inolako omenaldirik antolatzen utzi gabe. Zokoan (Ziburu) elizkizuna egin zuen Aita Larzabalek Txikiaren oroimenez, iheslari eta militante abertzalez betetako elizan.

 

 

          Txikiaren etxean, honako liburuok aurkitu zituen Peixotok: Che Gevararen obra konpletoak, Clausewitz-en "La Guerra", Orixek idatzitako "Santa Kruz Apaiza" eta Auspoa saileko bertso eta kanta guztiak.

Itsasondoko kanposantuko bere hilobiko harlauzak bere poema du idatzita:

“Ikastol’ eta eliz askotan

Atea didate itxi;

Atzerritarrak eta seme askok

Lapur bat antzo ezetsi

Nere izena apaldu arte

Inoiz ezin dute etsi...

Zer egin diet etsai bezala

Hainbat nazaten gaitzetsi?”

 

Eustakio Mendizabal, “Txikia”, gure CHE Guevara euskalduna.

 

          Eustakio Mendizabal oso fededuna izan zen, Lazkaoko beneditarren komentuan oso oroitzapen ona utzi zuen, eta fraide bokazio handikoa genuen hasieran, bainan Euskal Herriaren egoera lazgarria ikusirik, borrokan buru-belarri sartzea erabaki zuen

.

          Hasteko, Lazkaoko dorrean ikurrina jarri zuen, eta mobilizazio guztietan parte hartzen zuen. Txabi Etxebarrietaren heriotzak zirrara ikaragarria eragin zuen euskaldunen bihotzetan. Bere aldeko meza batetik zetorrela atxilotu zuten Eustakio eta zenbait denboraz preso ukan zuten Martutenen, jarritako isuna ordaindu nahi ez zuelakotz. Han euskarazko klaseak ematen jarraitu zuen. 

“Kartzelan egotea ...

Oi zoin den tristea!

Ezin asmatu duzu zuk ene maitea!

Zugana joan nahi eta ... hertsirik atea,

Zoin guti estimatzen den libertatea!

 

Egunak luze dira, gauak luzeago ...

Gaur zer egun den ere ahantzia nago!

Kaiolan den txoria baino tristeago,

Ai ixkarmentu izan banu lehenago!”

 

 

 

          Ordurako komentutik jadanik joana zen, 1967an, eta Bilbon bizi izan zen. Han, “Compañia Franco-Española” untzigintza fabrikan lan egin zuen. Gero Beasaingo Pesa tailerrean ere bai. Itsasondo Eskola Soziala eratu zuen, langileen formazio politiko eta iraultzailea sustatzeko. Magisteritza ikasten hasi zen. Tailer pare batean lan egin zuen, harik eta bere militantziaren ondorioz ihes egin zuen, 1968ko abuztuan.

          Beneditarren Estibalizko etxean ego zen denboraldi batez gorderik, eta ondoren Lapurdirat jo zuen, Belokeko monasteriorat. 1968an, Txabi Etxebarrieta eta Che Guevara hil berriak ziren. Euskara Ta Askatasuna erakundeko militante saiatua zen ordurako, eta hortik aurrera berak hartu zuen fronte militarraren ardura. Eta aldi berean poemak idazten segitu zuen.

           Euskarari eta euskalduntasunari ematen zion erabateko lehentasuna. Behin talde batek galdetu omen zion, ea zein zen Euskadi Ta Askatasunaren marko politikoa. “Hizkuntzak ematen duena”, erantzun omen zuen. Ezin argiago. Ikusi, bertzenaz, 1967an izkiriatu zituen bertsoak, “Ama, txukatu malkoak”:

 

AMA, TXUKATU MALKOAK

Amets bat

 

 Aralar mendi txit gandorrean

Ama Euskara nekusan,

arratsa bezin goibel, negarrez

umetxo bateren gisan;

bihotz-barrengo negar zotiñak

ezin zituala jasan ...

“Zer duzu, Ama!” galdetutzean

honelatsu zidan esan:

  

“... Zeruetako Jainkoak nahita

milla urtez anitz dira

Euskal-Herriko lur done hontan

sortu nintzala argira.

Hainbat gizaldi ondorenean,

gaur-egun, seme, begira ...

Seme-alaben burla-ixekak

naramate hil-hobira!

 

Hizkuntza arrotzak dira nagusi

mendi, enparantz, kalean ...

irrati eta aldizkariak

datoz erdera elean.

Euskera hortxe, baso, sukalde,

txoko apalki batean ...

Mamur ta mintzul, ezin besterik

ke, negar, zotin artean!

 

Azken gudate ondorenengo

hogei ta sei urteetan

erdarak harro dabiltz, erronka,

zazpi Euskal-Herrietan.

Ni berriz hemen, sorterri bertan,

bizi-arnas azkenetan ... ,

sukal-txokoan negar egiñaz

aiton-amon mingaiñetan!

 

Euskal-Herriko bazter denetan

atzerrian antzo nabil...,

ez-ezagunen artean haur bat

beziñ apal eta ixil!

Ene burua gara ez dediñ

baditut milla maratil ...

Gaiztagiñai lez, arrano begiz,

etsiak so ditut hurbil!

 

Erdaldun dira mendizaliak,

eta hamaika sukalde…!

Bereaz ahaztuz, erdal hizkuntzaz

asko itsuturik daude.

Aberri eta euskal izenak

guziz zaie harrobide…

ta antzinako ohitura zaharrak

oro nahi lituzke gorde!

  

Euskal Herri gorde nahi dute,

eta nik damaiet lotsa…!

Seme-alabak hola ikustea

Amarentzat zein mingotsa!

Aberri-muina galdu ezkeroz,

zertarako dute kutxa

azalez eder izanda ere

barrendik baitago hutsa?

 

Euskal odola daramazu ta,

zeranez ene soil-atal ...

haur-adiñetan hartu zendunez

neregan atseden-magal ...

hainbat oztopoz etsai artean

behin betiko ez nadin gal ...

ai!, seme laztan! lasterren laster,

enegaz zaitez urrikal!

Aberriaren muiñ ta oiñarri

ni naizela zaitez oroi,

ta ez nazazu luzaro utzi

hizkuntza arrotzen morroi!

Ene burua goratutzea

ziñez nahi baduzu, otoi!,

buru-belarri bihur lanera,

oraintxe baituzu sasoi!

 

“ ... Ai! Ama kutun!, erantzun nion,

itzali zazu negarra!

Ortz-illunean ñir-ñir baitago

oindik itxaron-izarra!

Askok baztertu bazaituzte-re,

zu zaitugu hizkuntz zaharra!,

ele denetan, bihotz niniaz

maitatzen dugun bakarra!

 

Etzazu gehigo zure negarraz

samindu euskal gogoak ...

Negu hotzari jarriaz bai datorz

denbora hobeagoak!

Zeru goi-goitik esku luzatuz

oro dezaken Jainkoak,

loraz jantziko zera berriz-ta

AMA TXUKATU MALKOAK!”

1967an idatzia.

 

 

 

          Ondarroako Anabel Zubikarairekin Baionan bizitzen jarri zen, eta ez ziren elizaz ezkondu, zibilez baizik. Eustakioren bilakaera pertsonala nabari da hor. Beren bi semeak, Matalaz eta Ekaitz, ez zituzten bataiatu. Ondoren Donapaleu ondoko Garruzerat joan ziren, Baxe Nafarroarat, han iheslari batzuk baserri bat antolatua baitzuten elkarrekin lan egin eta bizi ahal izateko.

          Baionako katedralean egindako gose grebetan parte hartu zuen. Frantziako poliziak bi aldiz atxilotu zuten, bietan mugatik hurbil eta pistola aldean zeramala. Bigarrenean Pabeko espetxera eraman zuten eta gero Poitiersera konfinatu. Berehala ihes egin zuen handik, hilabete pare bat ezkutuan egin eta Hego Euskal Herrira joatea erabaki zuen.

          “Txikia” zuen guda izena, bera gizon osoa izan arren…” Zenbat aldiz ez ote dugu abestu kanta hau? Hala ere, badakigu benetan nor zen “Txikia”? Goitizenaz haratago, zer dakigu gizon honi buruz?

           “Mendizabal, Sasetaren hurrena, biak txiki, bizkor eta lerden …” Kandido Saseta Hondarribiarra 1936ko gerran eusko gudarien buruzagia izan zen, independentista sutsua eta EAE-ANV ingurukoa, Euzko Gudarosteko burua, harik eta borroka internazionalista batean Asturiasen hil zuten arte.

 Eta Mendizabal? Nor zen, beraz,  Eustakio Mendizabal, “Txikia”? Berak erranen digu, bere hitzez, 1967ko urriaren 26an, 23 urte bete berriak zituela, idatzitako poema honetan:

 

ESAZU HITZ ERDI

 

Zer duzu nahi, Aberri!

atxilotuen Herri! Zer duzu

deiaren-deiez

neri

deika negarrez?

Zergatik gau ta egun

zaude zu begi illun,

nire

aldamenean

beti

negar batean?

Gau ixillean ere

hor zaduzkat nire

ohe-

buruan, beti

beziñ

zurtz, ta negarti ...

ene atseden loa

urratzen dun leloa

zute ahoan

dezu-

la gau osoan.

Zertarako nahi nauzun

esan zaidazu egun,

eta

zure aldean

nauzu

“amen” batean;

prest bainago, zugatik

naizen guzia gaurtik

eman

ta neke oro

kemen

guziz jasateko.

 

Hitz erdi bat esan ba,

eta hor nauzu Ama,

seme

zintzoenak dun

txera

ta maitetasun

beroena baño askoz

anaitasuna areagoz,

zure

mende-joputza

lotzen

duan estuntza

apurtzeko, zaiñetan

nik irakiten detan

euskal

odol-gorria

(Herri-

zaleen hazia!)

noiz-nahi ixurtzeko prest.

Ezer gutxi dezaket ...

Bañan ...

gazte naiz, eta

maite-

minez beteta

nago. Iskillu honen

suak, indar ta kemen

damait

naizen huts oro

zure

 alde galtzeko!

Esazu ba hitz erdi ...

ta hor nauzu Euzkadi!”

 

          Nor zen Txikia? Euskal Herria sakonki eta errotik maite zuèn euskaldun osoa, euskaltzale eta abertzale suharra; Frankismoaren gau beltzean bere bizitzaz eta heriotzaz egunsentiaren argia piztu zuèn borrokalaria; Euskal Iraultza Sozialistaren alde bizia eman zuèn gudari eredugarria; Euskal Errepublika Sozialistaren pindar eta txinparta maitagarria; Herri Euskaldunaren Gudari Iraultzaile zintzo paregabea; Praxi Iraultzailea bururaino eraman zuèn militante ahantzezina... Hori eta hagitzez gehiago da gure laguna.

  

GORA EUSKERA TA HERRIA!

 

“Euskal-kolkoan seme Euskaldun

nire amak sortu nindun,

eta arnasa dedan artean

jarraituko dut Euskaldun!

Euskera beste hizkuntzik ez dut

maitako sekula iñun,

ta Gudarien Ikurrin deuna

detala nik bide-lagun,

Herri zahar honen maitale sutsu

azalduko naiz edo-nun!

 

Arana-Goirik heriotzaño

maitatu zun Aberria,

eta hain ongi ikasi zigun

Euskera maitagarria,

goraipatuko ditut nik ere,

nahiz-eta kendu bizia ... !

Euskaldun aske gaitezen, eman

nahi nuke naizen guzia,

ta beldur gabe, deiadar egin:

Gora Euskaldun-Herria!”

 

Lazkaon, 1966ko urriaren 6an, 22 urte zituela izkiriatua.

 

          Eustakio Mendizabal Benito 1944ko urriaren 9an sortu zen Itsasondon, Gipuzkoako Goierrin, familia euskaldun eta abertzale batean. Aita, Joxe Mendizabal gerran gudari ibilitakoa, eta ondoren presondegian; ama, Arantxa Benito. Lau anaia ziren sendian.

          Hamar urterekin, 1954an, Lazkaoko beneditarren komentura joan zen ikastera, bere bertze bi anaia bezala. . Han piztu zitzaion Euskararenganako zaletasun eta maitasuna, eta gure hizkuntza aztertu eta lantzen hasi zen, bere eskuetara iristen zirèn euskal liburu guztiak irentsiz. Orduan hasi zen poemak idazten, bai eta euskarazko klaseak ematen ere.

 

NEKEEN SEME!

 

1

 

Aste guziko izerdi-truke

sari esker-beltz, apurra

jaso eziñik zabiltzan langil,

menpeko buru zuhurra,

 guzien bizi eta onagatik

damazu bizitz-laburra ...

ta zenbat jauni egiten zaion

zuri zor zaizun agurra!

 

2

 

Zu zera gure oraingo eta

geroko itxaropena;

zuri zor zaizu jaten dan ogi,

ta soñean degun dena.

Bañan lurrean goratuena

izan behar zendukena

arkitzen zera apalenetan

apal eta txikiena!

 

3

 

Goizean-goizik utzi ohi dezu

sukalde bakar, ixilla,

eta hor zoaz puska-legorraz

sari pitiñaren billa.

Zuk beziñ ongi inork ez daki

zenbat neke, katramilla

pasa ondoren irixten dezun

eguneroko opilla.

 

4

 

Uda nahiz negu, hotz edo bero,

hor zabiltza goiz ta arrats,

keak eta hautsak ongi beltztua,

aurpegia izerdi-pats ...

soñean jantzi zikiñ-illuna,

urratua eta narrats ...

Ai! Guzien gainetik zuk izan

behar zenduke aberats!

5

 

Hainbat izerdi ta neke gabe,

zu baño erosoago

ogia jaten duan hamaika

alper munduan ba-dago.

Bañan noiz arte, menpeko gaxo!,

noiz arte zera izango

aintza ta ospe gabeko txiro,

guzien azken-hurrengo?

 

6

 

Ondasun-diruz ongi beteak

ta neke-gabe eroso

bizi diranai oroit-harriak

nun-nahi dizkiegu jaso.

Zu bitartean haize zakarrak

nun-nahitik zaitu eraso ...

Ai! Noiz arte iraungo du lurrak

itsu, eta begi-lauso?

 

7

 

Etengabeko lanean ari

dan txingurria bezela

txanpon pitiña bildu eziñik

zabiltan langil apala,

denen gañetik aupa nahi zaitut,

eta eskuan txapela,

begirun haundiz esku zartatu

hoiek muinka ditzadala!

 

8

 

Lurrean azke-hurrengo zeran

behartsu ez-ezaguna

batzuei higuin bazaie ere

zu zaitut jaun denen jauna.

Eta hainbeste neke ondoren

etorriko da eguna

orain arteko nahigabe oro

poz bihurtuko zaizuna!”

 

Lazkaon, 1966ko apirilaren 21ean.

 

 

 

          Honaino irakurri baduzu, iraultzaile euskalduna, kontu bakarra dut zuri errateko: eraman dezagun bururaino Txikiaren borroka, egia bihur dezagun Eustakioren ametsak, bere ildoan joan gaitezen.

 

Iraultza da bide bakarra, atxik eta jo aitzina!

Klase Independentziaz,

Nazio Independentzia:

langileon Euskal Herria!

 

Herriak bizi behar du!

Batasuna borrokan!

Bietan jarrai!

 

GORA EUSKARA TA ASKATASUNA!!!

Mikel Erro

(Video) Apirilaren 19an, EUSTAKIO MENDIZABALen heriotzaren 47 urteurrena

deskargatu

 

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location

IRITZI OSOAK