2024KO MAIATZAK 1
MANIFESTAZIOA 11:30etan GRAN VÍA 56
1) 2008ko Atzeraldi Handiaz geroztik gertatutako leherketa finantzarioek, pandemikoek eta militarrek argi utzi dute egungo kapitalismoaren diagnostikoa oso ezkorra dela. Nolanahi ere, munduko eliteen diskurtso ofiziala panorama berde eta digital batez hitz egiten tematzen da, teknologiak eta politikak aterako gaituztelakoan harrapatuta gauden labirintotik.
Bistakoak dira bizi ditugun eta datozen urteetan bizitzen jarraituko ditugun tentsioak eta mugak. Lehenik, herritar gehienen bizimodu gero eta prekarioagoa, klasearen, generoaren eta etnia/arrazaren ondorioz. Bigarrenik, demokrazia liberal ordezkatzailearen deslegitimazioa. Eta, azkenik, munduko ordena zaurgarria, AEBek hegemonia galdu dutelako, multilateralismoa hein batean desegin delako (nazioarteko erakundeek duten pisuaren galera barne), eta gerra-erregimena zabalduz doalako mundu osoan.
Mugei dagokienez, bi dira nagusi: muga biofisikoak, jadanik gaindituak edo gainditzear (batez ere, termino sistemikotan, klima-aldaketa eta funtsezko energia eta lehengaiak agortzea); eta hazkunde iraunkorraren eta orokorraren uhin berri bat hedatu ezina, ekonomia finantzarizatu baten baitan.
2) Maiatzaren Lehena egun seinalatua da: denetariko sindikatuetako edo mugimendu sozialetako pertsonak, edo, besterik gabe, gure askatasuna eta elkartasuna aldarrikatu nahi dugun pertsonak biltzen gara elkarrekin egotearen poza adierazteko eta, data hau aprobetxatuz, gure erreibindikazioak aurkezten ditugu eta kapitalarengandik eta instituzioetan haien zerbitzura daudenengandik jasotzen ditugun bidegabekeriak salatzen ditugu.
Joandako azaroaren 30ean, mugimendu feministak deiturik bildu ginen zaintzen aldeko Greba Orokor Feministara. Gizakiok berezkoa dugu zaintza (interdependentzia) eta naturaren parte ere bada (ekodependentzia). Bizia erdigunean jartzeak pertsonen nahiz naturaren bizia defendatzea esan nahi du. Baina sistema honek ahaztu egin du zaintza, beste edozeren gainetik lehenetsi du onura pribatua, ezkutuan egon dira erreprodukzio soziala eta natura, eta, haiekin batera, feminizazioa eta prekarietatea.
Zaintzaren eskubide subjektiboa defendatzen dugu, bai eta eskubide kolektiboa ere sistema publiko-komunitario baten barruan, jabego publikoa nagusi delarik, bai eta zaintza-zerbitzuen kontrol eta funtzionamendu publikoa ere (egoitzak, etxeko laguntza, eguneko zentroak, haur-eskolak…).
Ordaindutako zaintza-lanak errebalorizatzea eta profesionalizatzea proposatzen dugu: Atzerritartasun Legea indargabetzeko bidean, zaintzan lan egiten duten pertsona guztiak erregularizatzea, erroldatzeko eskubidea emanez. Etxeko langileei dagokienez, barnekoen erregimena ezabatzea, langileak laneko araubide orokorrean sartzea, eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena berrestea eta lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzea; zaintza profesionalizatuen lan-baldintzak hobetzea, besteak beste lan-ratioak handituz eta lan-ikuskaritzak indartuz.
3) Sistema hau ez da saiatzen gehiengo sozialen behar indibidualak eta kolektiboak asetzen, horrekin batera irabaziak eta metaketa kapitalista lortzen ez badira. Geure burua antikapitalistatzat eta ekosozialistatzat dugunok honako hau aldarrikatzen dugu:
Fiskalitate progresibo eta ekologiko bat aplikatzea, ingurumenean inpaktu gehien duten bizimodua eta kontsumoa zergapetuz, PFEZren goiko tarteak handituz, sozietateen gaineko zergaren hobariak eta kenkariak ezabatuz eta ondarearen eta fortuna handien gaineko zerga areagotuz.
Oinarrizko errenta unibertsala eta baldintzagabea ezartzea, 30 orduko lanaldia soldata murriztu gabe, lanbide arteko gutxieneko soldata 1.400 €-koa eta gutxieneko pentsioa 1.260 €-koa, urtero berrikusi beharrekoak. Halaber, gehieneko soldata 1eko 3 proportziora mugatzea proposatzen dugu, desberdintasunak murrizteko.
Euskal eskola publiko doakoa, inklusiboa, laikoa eta berdinzalea, ikasle gehienak integratzen dituena, euskaraz maila guztietan eskolatzeko eskubidea bermatzen duena, eta hezkuntza ekosoziala eta feminista txertatzen duena.
Ingurumen osasuntsua izatea, bai eta laguntza soziosanitario kalitatezkoa, unibertsala, publikoa, integrala, bidezkoa eta doakoa ere, biziaren etapa guztietan. Besteak beste, zerbitzu pribatizatuak berreskuratzea, azpikontratazioa desagerraraztea, lehen arretaren aurrekontua % 25 handitzea eta osasun prebentiboa indartzea.
Pertsona guztiek etxebizitza duina edukitzeko eskubidea: etxegabetze guztiak berehala geldiaraztea, alokairu sozialeko etxebizitzak % 25 ugaritzea, etxebizitza turistikoak murriztea eta kontrolatzea (batez ere herrigune historikoetan), etxebizitzaren merkatuan esku hartzea (saltzeko eta alokatzeko prezioak eta baldintzak) eta “putre-funtsen” jardunean esku hartzea.
4) Hego Euskal Herria iparralde globalean dago, herrialde periferikoak eta semiperiferikoak esplotatzeko eta desjabetzeko formulak ezarri dira, ikuspegi kolonial batekin, eta menderatze hori desegin behar dugu, giza eskubideak mundu osoan zabaltzeko eta “Europa gotorleku militarista” amaitzeko.
Enpresa transnazionalen jarduna arautu, zaindu eta zigortzen duten zentroak sortu behar dira, giza eskubideak bermatzeko. Hau da, Hego Euskal Herriko enpresek atzerrian duten jarduna kontrolatzea, eta atzerriko kapitalak gure herrialdean duen jarduna ere bai.
Desegin egin behar da egitura multilateral hau, ardatz gisa kapitalismoaren garapena (Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua, Munduko Merkataritza Erakundea, etab.) eta gerra dituena (NATO). Zalantzan jarri behar dugu Europar Batasunaren arkitektura, Europako herrialdeak diziplinatzeko tresna baita, metaketa kapitalistaren eta hazkunde mugagabearen mesedetan.
Hego Euskal Herria harrera-herrialde izatea sustatu behar dugu eta bizi-baldintza duinak eman behar dizkiegu pertsona guztiei, edozein izanik ere beren jatorria, arraza edo beste edozein ezaugarri pertsonal. Egungo Atzerritartasun Legea indargabetzea exijitzen dugu, bai eta erregularizazioa ere (lanerako eskubidea, zirkulazio librea, errolda soziala…).
Bakea, bizikidetza eta antimilitarismoa sustatu behar ditugu gizartean, askatasun indibidualen eta kolektiboen alde eta eskubide sozialen alde. Hain zuzen ere, esku-hartze neokolonialak salatu, gatazkak modu baketsuan konpontzen parte hartu (Mendebaldeko Sahara, Kurdistan, Palestina, etab.) eta NATOtik irteteko eskatu behar dugu; gastu militarrak murriztu, armagintza birmoldatu, langileak birziklatzeko planak egin, Bardeetako tiro-ariketak amaitu eta kuartelak helburu sozialetarako erabili, eta poliziak desmilitarizatzu; poliziaren jarduerak kontrolatu, prestakuntza demokratikoa indartu eta Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak Euskal Herritik irten behar dute.
Manifestu hau amaitu aurretik, ozen salatu nahi dugu Israel Gazako zerrendan palestinarren aurka burutzen ari den genozidioa, AEBen eta Iparralde Globaleko herrialde askoren adostasunarekin. Gazako gerrak berehala bukatu behar du. Palestinarrekiko elkartasunez eta justiziaz, Israel genozidioagatik epaitu behar dute Hagako Nazioarteko Auzitegian eta nazioarteko erakunde eta foro guztietatik egotzi behar dute.
Bilbon, 2024ko maiatzaren lehenean