NOAINGO BATAILAREN 500.URTEURRENA : INDEPENDENTZIA ALA HIL!

1521eko ekainaren 30ean, Noaingo zelaietan, Nafarroako Erresumaren gudarostea eta Inperio Espainolaren armada aurrez aurre zeuden. Bederatzi urteko gerra ondoren, bataila horretan erabaki behar zen, eta trenkatu, Nafarroaren geroa. Independentzia, ala anexioa eta sumisioa.

Argazkiak  Bideoak_1 Bideoak_2 Bideoak_3 Bideoak_4 Bideoak_5

Deskargatu

NOAINGO BATAILAREN 500.URTEURRENA :

INDEPENDENTZIA ALA HIL!

          1521eko ekainaren 30ean, Noaingo zelaietan, Nafarroako Erresumaren gudarostea eta Inperio Espainolaren armada aurrez aurre zeuden. Bederatzi urteko gerra ondoren, bataila horretan erabaki behar zen, eta trenkatu, Nafarroaren geroa. Independentzia, ala anexioa eta sumisioa.

        XVI. mendea zen. Estatu nazionalak sortzen hasiak ziren, eta haiekin batera hizkuntza, kultura eta literatura nazionalak. Gaur egun badakigu prozesu hori jadanik abiatua zela Nafarroako Erresuman, nahiz eta bere lurralde gehienak Frantzia eta Espainiaren eskuetan egon ordurako. Konkistak prozesu hori ez zuen errotik moztu, Etxeparek eta Leizarragak, Axularrek berak ere, erakutsi zuten bezala, bainan euskaldunok estatu nazional indartsu bat izateko aukera galdu genuen. 1620an, Frantziako Erreinuak Nafarroako Erresuma anexionatzean, azken lurralde euskaldun independentea galdu genuen. Orain arte. Lau mende independentzia nazionalik gabe...   

        Ez gara horretan luzatuko. Denok badakigu Nafarroak Noaingo bataila galdu zuela, eta horrekin batera, Independentzia Nazionala. 1530ean berreskuratu genuen, Baxe Nafarroako lurretan. Horretaz geroago hitz eginen dugu, data biziki garrantzitsua baita. Zinez eta benetan.

        500 urte joan dira geroztik, eta are okerrago gaude euskaldunok. Euskararen eta euskaldungoaren aurkako etnozidioa aitzina doa, gupidagabe. Hegoaldean, mozorro estatutista eta autonomistarekin, “abertzale” autoizendatzen diren politikillo profesionalen kolaborazionismo traidoreari esker. Eta Iparraldean, bere gordinean, mozorrorik gabe. Gure hizkuntza hilzorian da.

        500 urte joan dira geroztik, eta klase zapalkuntzak indartsu segitzen du Euskal Herri Langilearen aurka. XVI. mendean kapitalismoa sortzen ari zen, feudalismoaren erraietan. XXI. mendean Inperialismo yanki sionistaren garaiak bizi ditugu, Kapitalismo agonikoaren aroan bizi gara, Globalismo Transhumanistaren denboraldian. Langileon esplotazioa mantendu egin da, eta teknologikoki areagotu. Langileon esplotazioari gehitu behar diogu zapalkuntza nazionala, eta guztien iturburuan ari den zapalkuntza patriarkala. Sistema bat eta bakarra da, zapalkuntza ere bai.

        500 urte joan dira geroztik, eta Espainia zein Frantzia Euskal Herriaren etsaiak dira beti ere. Bi estatu inperialista hauek suntsitu gabe, Euskal Herria ez da inoiz libre izanen. Hori da Euskal Herria askatzeko borrokaren benetako neurria. Ez dugu bakerik izanen, ezta etorkizunik ere, Frantzia eta Espainia existitzen direno. Birrindu beharko ditugu, gainontzeko Herri zapalduen laguntzaz eta elkartasunez. Denok batera, zeren bestela ezinezkoa iaznen baita.

        Eta ez ahantzi bi estatu hauek OTAN eta EUROPAR BATASUN INPERIALISTAko partaideak direla. Ez gaitezen engaina, ez dezagun geure burua katramilatu ameskeria erreformistetan, argi dago Nafarroak, Independentzia berreskuratuko badu, aipatu erakunde terrorista horiek garaitu beharko dituela. Ez dago beste irtenbiderik. Ez dago beste biderik.

        Horregatik dio HERRITAR BATASUNAk Euskal Nazioaren Independentzia, hots, Euskal Herriaren Independentzia, hau da, Nafarroaren Independentzia berreskuratzeko, IRAULTZA SOZIALISTA behar dugula. Euskal Langileriaren askatasuna erdiesteko, zer esanik ez. Kapitalismoaren uztarripean ez dago askatasunik inorentzat, inon, inoiz.  

        Arlo nazionaletik eta alor sozialetik, EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA da bide bakarra.

        Horregatik, ekainaren 30a OROIMEN ETA OMENALDI EGUN NAZIONALA da nafar independentista ororendako, euskal abertzale guztiontzat, hemengo iraultzaileontzat. Dei egiten dizuegu egun osoan zehar Noaingo zelaietara hurbiltzeko, askatasunaren alde hil ziren gudarien oroimenez eta oroiminez. Nork bere omenaldia egin dezala, nhiago duen bezala...

        HERRITAR BATASUNAk ekitaldi xumea eginen du arratsaldeko 7etan. Denak gonbidaturik zaudete. Bertan, nahi duenak parte hartuko du, eta bere iritzia azaltzeko parada ukanen du. Nafarroaren Independentziaren alde, Euskal Nazioaren Independentziaren alde, Euskal Herriaren Independentziaren alde borrokatzen diren guztiak ongi etorriak izanen dira. Denon artean eztabaidatuko dugu zer egin eta nola antolatu geure arteko batasuna. Independentziaren aldekoa.

         Ez dugu euskaldunok ohi dugun negarrismoan eta zilborrismoan erori nahi. 1512an Nafarroako Konkistaren azken fasea hasi zen, zeina 1054an, Atapuercako batailarekin hasi baitzen. Bederatzi urte geroago, 1521ean, Noaingo bataila galdu genuen. Baina handik bederatzi urtera, 1530ean, Inperio Espainolak amore eman eta atzera jo zuen, Baxe Nafarroatik erretiratuz.

        Euskaldunok Independentzia Nazionala berreskuratu genuen gure lurralde batean, eta 1620ra arte independente izan ginen Nafarroa-Biarno konfederazioaren baitan. Askatasunaren ametsa bizirik segitu zuen mende batez, harik eta Frantziak itzali zuen arte.

        Horregatik, dei egiten diogu nafartzale eta abertzale orori, gaurtik aitzina 1530eko ospakizunak prestatzen hasteko. Zeren eta zinezko ospakizunak izanen baitira, garaipena oroituko baitugu, Inperio Espainolak bere lurraldeetan jasan zuen lehendabiziko derrota eta porrota. Baxe Nafarroan izan zen, hain zuzen ere. Independentzia berreskuratu genuen.

        Agian, denon lanaz eta borrokaz, 2030ean NAFARROAKO EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTAren INDEPENDENTZIA NAZIONALA ospatuko dugu, 1530eko garaipenarekin batera. Agian bai! Horretarako, formakuntza, antolakuntza, batasuna eta borroka ezinbestekoak izanen dira. Atxik eta jo aitzina! Jota ke, irabazi arte! Gora Euskal Iraultza Sozialista!

 INDEPENDENTZIA ALA HIL!

Herritar Batasuna

Deskargatu