MELITON MANZANAS?

Duela 50 urte, egunez egun, E.T.A.k Meliton Manzanas izeneko polizia faxista torturatzailea exekutatu zuen Irunen. 1968ko abuztuaren 2an egin zuten euskal militante iraultzaileek ekintza armatu gogoangarri hura, eta bere oihartzun eta ondorio politikoak gaur arte iritsi zaizkigu.

Meliton Manzanas ez zen nornahi. Frankista porrokatua, antikomunista eta antieuskalduna, nazional-sozialista ere bazen, hots, nazia, eta Gestaporen kolaboratzaile fidela II. Mundu Gerran, Hitlerren genozidiotik ihes egiten zuten juduen ehizan eta harrapaketan. Paul Winzer, Heinrich Himmler SS Reichsführer-ek Miranda de Ebroko kontzentrazio esparruan zuen ordezkariaren laguna. Aingerutxo bat... Francisco Franco. Adolf Hitler.

Oligarkia espainolistak 1936tik aurrera bereziki (lehendik ere, jakina...) Euskal Herri Langilearen aurka ezarri zuen terrorismo sistematikoaren morroi eta zerbitzaria izan zen Meliton Manzanas. Koherentzia handiz, eta bertze behin ere frogatuz 1978ko erregimen monarkikoa neofrankismo gordina bertzerik ez dela, Espainiako merezimendu zibilaren domina eman zitzaion, 2001ean, José María Aznar Espainiako gobernuburu zela, “terrorismoaren biktima” izateagatik. Nazi-faxista terrorista torturatzaile profesional bat, biktima. Zer gehiago erraten ahal da Monarkia espainolaren II. Berrezarkuntza honi buruz? Hona hemen demokrazia burges neofaxista honen genealogia: Francisco Franco. Adolf Hitler. Jose María Aznar...

Baina Meliton Manzanas ez zen salbuespen isolatua, araua baizik. Burgesiak, bere klase diktadura aurrera eramateko terrorea hedatu behar du zapalduen artean. Eta hori egiten du faxismoaz baliatuz, baita demokrazia liberalen bidez ere. Garaian garaikoa, beharren arabera. Eta bai, denok badakigu, demokrazia burgesek ere torturatu egiten dute, behar duten guztietan. Ingalaterrak Irlandan bereziki, eta lehenago Indian, Afrikan, nonahi... Frantziak Aljerian modu basatian, eta non ez?, Espainiak Euskal Herrian masiboki eta erresistentzia antifaxista espainolaren aurka ere bai, Alemaniak eta Italiak komunista iraultzaileen kontra, Estatu Batuek planeta osoan... Nork ez daki hori? Jakin nahi ez duenak, bistan da...

Meliton Manzanas asko daude munduan. Har dezagun Antonio Juan Creix polizia frankistaren kasua. Meliton Manzanas baldin bazen torturatzeko metodo alemanaren ordezkaria, Antonio Juan Creix izan zen torturaren metodo amerikarraren aplikatzailea.

Hitlerrekiko aliantzaren garaiak, Kondor Legioaren eta Dibisio Urdinaren denbora heroikoak joanak ziren jadanik. Faxismo nazional-katoliko espainola birziklatu behar zen Gurutzada antikomunista berrian. 1953an itunak sinatu ziren Espainia frankista eta EEBB zein Vatikanoaren artean. Eta 1958an, Einsehowerrek 1959an Francori Madrilen emandako besarkada prestatzeko, polizia frankistaren eliteko talde bat Estatu Batuetara joan zen, martxotik ekainera, FBI et CIArekin goi mailako ikastaro bat egitera. Joseph McCarthy-ren garaiak. Ronald Reagan.

Polizia frankista horien artean, Antonio Juan Creix. Honek kontraintsurgentzia metodo amerikarra ekarri zuen: talde iraultzaileen infiltrazioa, metodikoki lan egitea informazioa lortzeko, beldurtu eta ikaratu psikologikoki biolentzia erabili baino lehenago, eta azkenean, bai torturatu, noski, bainan arrastorik utzi gabe. Ez sobera, bederen... Espainia Mendebaldeko zibilizazio demokratikoan integratzen ari baitzen. Mundu librean, alegia. Urratsez urrats, emeki-emeki... Francisco Franco. Adolf Hitler. Dwight Ensenhower. Joseph McCarthy. Jose María Aznar.

Antonio Juan Creix Bilbora bidali zuten, Meliton Manzanas hil zuten militanteak harrapatzera. Hortik heldu zen, 1970ean, Burgosko auzia. Catalunyan ere egin zuen lana gogotik, eta Quico Sabater gerrillari anarkistaren asasinatzean parte hartu zuen, ehunka jende torturatzeaz gain, jakina. CCOOko zuzendaritza osoa atxilotu zuen Sevillan, baita “El Lute” ere. Melitón Manzanas eraginkor bat zen gure Antonio Juan Creix. Torturatzaile bat hilda, sistemak bazituen ehunka prest bere tokia hartzeko.

Baina garaiak aldatzen ari ziren... berriro ere. 1947an, Espainia faxista eta nazional-katolikoa monarkia bilakatu zen berriz, legez, Francok errege bat izendatu zain. 1969an Juan Carlos Borbón bilakatu zen Espainiako printze, diktadorearen aginduz. 1973an, E.T.A.k Carrero Blanco zeruratu ondoren, Franco gaixotzen hasi, eta diktadura faxista metamorfosi demokratiko-monarkiko betean murgildu zen. Erregimena itxuraberritu behar zuten. Eskola zaharreko torturatzaileak erreformatu behar ziren, nolabait. Espainia OTANen eta Europa inperialistan integratu behar zen, aizu!

1974an Antonio Juan Creix kargugabetu zuten lotsagarriro aitzakia merke batzuen bidez. Bartzelonako Gobernadore Zibilari idatzi zion, bere defentsan: Rodolfo Martín Villa-ri, hain zuzen ere. Bertze demokrata handia. Francisco Franco. Adolf Hitler. Dwight Ensenhower. Joseph McCarthy. Rodolfo Marin Villa. Jose María Aznar. Genealogia...

Meliton Manzanasen bizitzak laburbiltzen du sakonki zer den oligarkia espainolistaren klase diktaduraren boterearen historia. Ez da inor falta. José María Aznarrek eman zion terrorismoaren biktimaren domina. Bai, George W. Bushen laguna. Irakeko gerra kriminala. Azoreetako argazkia Tony Blair-ekin... Berak eta Felipe González sozial-faxistak ehunka eta ehunka torturatzaile indultatu, saritu eta ohorez bete dituzte urte hauetan. Adolfo Suárezek eta José Luís Rodríguez Zapaterok ere bai, jakina... Nola ez...

Berriki, José María Aznar Espainiako hiriburuko PPko egoitza zentralera itzuli da, Pablo Casadoren eskutik. Bai, gazte neofaxista guapo hori, zeinak Altsasun erran baitzuen Euskara ez dela Nafarroako hizkuntza... Eta euskal preso politikoen senideak zitalki iraindu eta umiliatu zituena. Gero, txiriparen txiripaz, Algecirasen senideen autobusa harrikatu zuten faxistek.

Melitón Manzanasen haria, hari luzea da. Soka lodi bilakatu zaigu. Zapalkuntza nazional eta sozialaren kate astunak. Izen eta abizenak. Francisco Franco. Adolf Hitler. Heinrich Himmler. Antonio Juan Creix. Dwight Ensenhower. Joseph McCarthy. Rodolfo Marin Villa. Juan Carlos I Borboikoa. Adolfo Suárez. Felipe González. Jose María Aznar. José Luís Rodríguez Zapatero. Mariano Rajoy. Felipe VI Borboikoa. Pedro Sánchez. Pablo Casado. Albert Rivera... Segi eta prosegi...

“El Supremo rechaza otro recurso contra la Gran Cruz otorgada al comisario franquista Melitón Manzanas.” La Vanguardia egunkaria, 2008ko otsailaren 3an...

“El Supremo avala la condecoración al comisario Melitón Manzanas.” “La Sala de lo Contencioso del Tribunal Supremo ha rechazado el recurso del PNV contra la concesión de la Gran Cruz de la Real Orden de Reconocimiento Civil a las Víctimas del Terrorismo al que fuera comisario jefe de la Brigada Político-Social de San Sebastián Melitón Manzanas, en aras de la "superación de viejos conflictos" y dado que la muerte a manos terroristas impidió a Manzanas "asumir los valores democráticos" como hicieron otras personalidades políticas de la época.” El País egunkaria, 2003ko martxoaren 13an.

Epaile burges espainolistak. Zer nahi duzu?

Iraultza Sozialistak bakar-bakarrik geldiarazi ahal du mundu osoan zehar gainera heldu zaigun faxismo gero eta ageriagoa. Europako demokrazia burges parlamentario guztiak forma eta jokaera gero eta autoritarioagoak hartzen ari dira, kapitalismoaren krisiaren ondorioz, eta faxismora hurbiltzen ari dira gero eta gehiago. Winter is coming, lagunok, XXI. mendeko faxismoa ateetan dugu joka... Ostikoka, atea lehertu arte, hobeki.

Estatu espainolaren kasuan, are nabariagoa da hori, ez baita sekula haustura demokratikorik izan frankismoarekin, baizik eta Monarkiaren Bigarren Berrezarkuntza, oligarkia espainolistaren zerbitzura eta agindupean.

Euskal Iraultzaren bidean, formazioa, antolakuntza eta borroka. Hori da irtenbide bakarra. Ala sisteman integratu eta guardia zibilei zapitxo gorria jarri herriko jaietan, Garesen bezala. Nork bere hautua egin dezan. Independentzia eta Sozialismoa, Berreuskalduntzea eta Birbatasuna, ala derrota eta damutzea, traizioa eta kolaborazioa. PNVren morroi bilakatu...

Melitón Manzanas?  Nor da gaur egun Melitón Manzanas?

 

Mikel Erro.

MAS LEIDOS

ULTIMOS ARTICULOS. Iritziak