KOLONBIAKO ISPILUA

Atzo BERRIA egunkariak Rodrigo Londoño, 'Timochenko', “FARC”eko idazkari nagusiaren elkarrizketa bat argitaratu zuen.

“FARC”, zerbait errateagatik, zeren amore eman eta errenditu ondoren, armak etsaiari emanez, alderdi politiko bilakatu den taldeaz ari bainaiz. Ez borroka armatu iraultzailean aurrera segitzen duten benetako FARC iraultzaileaz. Ezker Abertzalean gauza bera gertatu da. Nori berea.

Kolonbia ispilu ona da Euskal Herriko iraultzaileontzat. Argiago ikusten da han derrota guztiak hasten direla teoriaren arloan amore ematen denean. Honek erakusten digu borroka teoriko-ideologikoaren garrantzia: benetako gerra bat da, ideien arteko gerra, klase borrokaren arabera antolatua. Eta gerran, zorrozki borrokatu behar da, irabazi arte. Ala galdu eta hil arte...

Teoria iraultzailean amore emate ñimiñoenak ere galbidera garamatza. Egia garratz hau behin eta berriz egiaztatu dugu Euskal Herrian eta gainontzeko toki guztietan. Marxek eta Leninek hori bera erran zuten behin baino gehiagotan. Marxek, “Gothako Programaren kritika” izeneko idazkian, 1875ean, eta Leninek “Zer egin” liburua, 1902an. “Ez trafikatu printzipioekin, ez egin kontzesio teorikorik!” erran zuen Marxek.

Teoria iraultzailea pittin bat estudiatu duen edonork badaki estatu burgesa zer den. Bere diktaduraren aparatua, bere biolentziaren monopolioaren tresna. Eta burgesiak ez du inoiz negoziatuko bere boterea. Hori larrutik ikasi dugu Euskal Herrian azken berrogei urteotan. Negoziazio guztiek porrot egin zuten, oligarkia espainolistak ez baitzuen deus ere negoziatu nahi, Euskal Nazio Askapen Mugimendua suntsitzea baizik. Azkenean lortu egin dute, Kolonbian bezala, erreformista, oportunista eta likidazionisten bidez. Eta zein da ideologia burges txiki horien eledunen ezaugarri nagusia? Teoria iraultzailearekiko duten mespretxu sakona.

Hori ageri da Timochenkoren elkarrizketan, behin eta berriz. Hona hemen perla batzuk, jakinda Kolonbiako estatua, narkoestatu terrorista genozida bat dela, berriki OTANen sartua, inperialismo yankiaren eta sionismoaren morroia. Nonbait argiro ikusten bada estatu burgesak klase horren diktadurak direla, hori Kolonbian da, dudarik gabe.

Goazen Timochenkoren adierazpen esanguratsuenak ikustera:

“Nazioarteko eragile ugarik babestu dituzte Habanako Akordioak. Zuen iritziz, zer eginkizun bete behar dute herrialde, pertsona ospetsu, bermatzaile eta bidaide horiek guztiek hitzartutakoa bete dadin?


Itxura txarra emango genuke nazioarteko komunitateari zer bidetatik jo behar duen aginduko bagenio. Komunitate hori —Europako Batasuna, kontinente zaharreko hainbat gobernu, Nazio Batuak eta abar— oso garrantzitsua izan zen Bake Akordioak guztiz zehazteko orduan. Nazioarteak dezente estutu zuen Santosen gobernua, hitzartutakoa azkarrago eta sakonago betetzeko. Gure ustez, Duquek presio handiagoa izango du; bere alderdiko sektore bat, erradikalena, bultzaka ari zaio Habanan itundua inolako lotsarik gabe bete gabe uzteko, baita hitzartutakoa aldebakarrez aldatzeko ere. Azkenerako, nazioarteko hainbat mekanismok zeregin bat beteko dute: seguru gaude horretaz. FARCekook hitza betez komunitatean lortzen ari garen sinesgarritasunak edozein gobernu tranpatiren kontra balioko du azkenean.”

Inperialismoari “nazioarteko komunitatea” errateak erakusten digu zein den erreformista honen maila teorikoa. Gauza bera gertatu izan da Euskal Herrian. Inperialismoaren asmoa ez da inolako “bakea” antolatzea, mugimendu iraultzaile guztiak suntsitzea baizik. Horregatik, negoziatzen diren akordioak ez dira inoiz betetzen. Jakina, horretarako egiten dira-eta! Klase etsaia tronpatzeko eta bere errendizioa errazteko. Timochenkok berak aitortu behar du hori elkarrizketan: “Habanan hitzartutako hauteskunde erreforma ez zen egin azkenean, eta sabotaje ofizial ugari egin zizkiguten: adibidez, kanpainarako baliabideak atxiki zizkigutenean”. Zer espero zuten bada? Berak ere erraten du hori, gainera: “Espero izatekoa da oztopoak eta tranpak gainditu behar izatea; izan ere, betidanik traidorea izan da borrokatzen ari garen oligarkia hori. “ Hori jakinda, nola entregatu zituzten armak Kolonbian akordioak bete gabe zeudela? Gauza bera gertatu da Euskal Herrian, noski. Beti gauza bera gertatzen baita negoziazio prozesu guztietan. Bainan alferrrik da hori erreformistei erratea. Itsurik okerrena baita ikusi nahi ez duena... Ikas dezagun Kolonbiako ispilutik! Iraultza da bide bakarra! Formazioa, antolakuntza eta borroka!

Mikel Erro.

MAS LEIDOS