Nazio askapenari bai!

Nazio askapenari bai!

Euskal Herriak pairatzen duen marko juridiko-politikoaren erreforma planteatuta dago testuinguru politikoan. Duela urte batzuk arte haustura independentistan kokatzen ziren sektore batzuk iruzur erreformista berri baten aukera elikatzera igaro dira. Horren erakusle da duela gutxi argitaratu den Demokrazia bai manifestua. Edukiz bere garaiko Ibarretxeren, EAJren, IU-EBren, EAren eta Aralarren irakurketa berdina duen adierazpena, baina orain Sortuk ere babestu eta sustatua.



EH Bildu eta Sortu, espainiar estatuarekiko haustura defendatu ordez, espainiar estatuaren erreforma defendatzen dutenen lerroetan kokatu dira. Oso larria da hainbeste erresistentzia eta borrokaren ostean herri euskaldunari, eta Euskal Herri Langileari bereziki, okupazio egoera zurituz «demokrazian sakondu» behar dela planteatzea, espainiar konstituzio zapaltzailea eskubideen bermatzaile gisa aurkeztea, lurralde zatiketa ontzat ematea eta, independentziari uko eginez, espainiar estatuaren eredu federal bat konponbidetzat saltzea. Larria den bezala, menperakuntza autonomiko edota federala berdinen arteko harreman gisa kontsideratzearen desitxuraketa. Era berean, nabarmentzekoa da, aipaturiko manifestuak eta, beraz, berau sostengatzen duten indarrek herrien etsai den Europar Batasun inperialistarekiko agertzen duten atxikimendua. Euskal Herriak Askatasuna plataforman argi dugu gure herriaren askatasuna ez dela etorriko ez espainiar eta frantziar estatu okupatzaileen erreformetatik eta ez nazioarteko inperialismoarekiko morrontzatik. Gure herriaren askatasuna euskal langileriak eta herri sektoreek gidaturiko nazio askapen borroka anti-inperialistatik etorriko da.

Bide horretan, abertzale independentista oro hausnarketa zintzo bat egitera gonbidatzen dugu, Demokrazia bai-k ordezkatzen duen fronte neo-autonomista/federalista baztertu eta nazio askapenerako herri fronte abertzale-independentista bultzatzeko.

MAS LEIDOS