Eurovision Palestinan

Iritziak - Colaboraciones

Eurovision Palestinan

Aurten Palestinan ospatu da Eurovision Abesti-Lehiaketa. Bai, okupatutako eta kolonizatutako Palestinako zati batean. Eskualde hartako okupazio- eta kolonizazio-prozesuak 1967 baino askoz aurreragokoak izateak ez du ezer aldatzen. Historiak erakusten digun legez.

Nazioarteko mugimendu sionistak XIX mendearen amaieran Palestina kolonizatzeari ekin bazion ere, prozesu oso geldoa izan zen, Erresuma Batuak Palestina okupatu zuen arte, 1917an. Izan ere, une hartan kolono sionistak populazioaren %11 baino ez ziren. Britainiar administrazioaren menpe, baina, judu europarren etorrera erraztu zen eta etorkin hauek bizitzen jartzeko lurrak eskuratzea ere bai. Areago, agintari britainiarrek ahalbideratu zuten Palestinako erakunde sionistak botere paralelo bilakatzea haiekin batera lan egiten zuena. Ondorioz, NBE-k, ezelango legitimitate barik, Palestina zatitu zuenean kolonialismo sionistak botere-egitura sendoa zuen  Palestinan. Edozein botere politikoren egitura militar sendo bat, batez ere.

Honi guztiari esker 1948-ko gerra irabazi zuten, ekarri zuen palestinarren desjabetze eta minorizatzearen prozesua azkartzea, garbiketa etnikoa eta lurren lapurtzearen bidez burutua. Ez da harritzekoa palestinarrek gertaera haiei Nakba (hondamendia) deitzea. Izan ere, sionistak palestinar lurraldearen  %70 jabetu ziren  eta  700000tik gora palestinar  bertatik modu bortitzean kanporatu zituzten,  eremu horretan kolonoen populazioaren gehiengoa izatea honela lortuz. Honi gehitu behar zaizkio Israel delako estatu berrian geratu ziren 160000 palestinarrek jasandakoa: askok euren etxea eta lurrak galdu zituzten eta denbora luze egon ziren administrazio militar baten menpe. Geroago estatu sionistak bigarren mailako “hiritartasun” bat emango zien.

Estatu hori eraiki zen Palestinarrei lapurtutakoa oinarri hartuta eta, berehala, sistematikoki aritu zen ere haren krimenen aztarnak estaliz. Beti ere beste nazio-estatu inperialista “normal” bat eraikitzea (hots, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Alemania  etab bezalakoa) helburu. Honela, lapurtutako nekazaritza-lurrak eta interes ekonomikoa zuten beste lurra batzuk  kolonoei eman zitzaizkien. Interes ekonomikoa ez zuten herri eta auzo palestinarrak suntsituak izan ziren. Hauen gainean (300dik gora) parkeak eta baso artifizialak ezarriz. Non kolonoen jatorrizko lurretan (Ukrainian, Polonian, ...) ohikoak diren zuhaitzak eta landareak (izeiak esaterako) landatzen ziren.

Palestinaren kolonizazioa, palestinarren aurkako krimenak ez ziren hor amaitu. Etorri zen 1967ko gerra  eta lurralde palestinar berriak estatu sionistaren menpe erori ziren eta beraietan  ere martxan jarri zen egitasmo sionista: lurrak eta ur lapurtzen, kolonia sionistak eraikitzen, populazio autoktonoaren ekonomia suntsitzen, bai eta populazio hau okupazio militarreko erregimen baten menpe bizitzera behartzen ere. Ondoren etorri dira uraren lapurtze sistematikoa, kapitalismo inperialista israeldarrari eusteko, eta Zisjordaniako hesiaren eraikuntza, beste lurren lapurtze handi bat suposatu duena.  Gazatik erretiratu direla? Bai ba, lurralde palestinar hau aire zabalean dagoen munduko espetxerik handiena bilakatzeko.                                                  

Testu honen hasieran esan zen Eurovisio Lehiaketa Palestinan ospatzen ari zela aurten. Eta egia da: Tel-Aviv delako hirian, ukatutako Palestinaren zati bat dena. Izan ere, hiri horren  jatorria guztiz palestinarra zen Jaffa hiriko periferian ezarritako kolonia judu bat izan zen. Baina 1948-an Haganak, garai hartako armada sionistak, Jaffa hirian bizi ziren 50000 palestinar kanporatu zituen eta Tel-Avivek Jaffa irentsi egin zuen. Egun 400000 inguru biztanle dituena. Hauetako gehienak kolonoak diren bitartean, 30000 palestinar pilatzen dira hiri hartako auzorik txiroenean.

Bai, Palestina okupatuan ospatu da Eurovision aurten. Estatu okupatzailearen lurra hartan duen historia kriminal luzea ez da izan horretarako oztoporik. Ez eta, orain dela gutxi, itzulera-martxetan eta Gazaren aurkako azken erasoetan, asasinatutako palestinarrak ere. Normala. Europar-Inperialismotik beste ezer espero daiteke?

Egia esan, ez da guztiz zuzena, krimen sionisten aurrean, Europari “beste alde batera begira egotea” leporatzea. Zuzenago da, nire ustez, esatea Palestinaren aurkako beste eraso bateko laguntzaileak  izan direla, iraganean askotan izan diren bezala.

Erasoak datza, alde batetik, Estatu Sionistaren irudi positibo bat aurkeztean, mundu-ikuskizun mediatiko baten bidez. Eta, bestetik, bada ere nazio hau bere benetako inguru kultural eta geografikotik (arabiera, semitikoa, islamikoa...) ateratzeko modu sinboliko bat. Gorago deskribatu den herri palestinarrak suntsitzean erakutsitako bandalismo kultural eta ekologikoaren jarraipen bat. “Basatien lurretan” “mendebaleko zibilizazio” delakoaren enklabe kolonial bat eraikitzearen logikaren barruan dagoen beste eraso bat.

Egitasmo kolonial hau suntsitu barik, Entitate Sionista suntsitu barik, beraz, ezin da egon ez bakerik ez justiziarik Palestinan.

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location

IRITZI OSOAK