PRODUKZIOA GELDITU!

Comunicados

PRODUKZIOA

GELDITU!

deskargatu

Bihar, apirilaren 14an, Euskal Herrian, milaka eta milaka langile geure lanpostuetara itzuliko gara, geure biziak arriskuan jarriz.

        Pandemiak bere gailurrera oraindik jo ez duenean, Nafarroa Osoan 1.000 hildakoen langa gainditu dugularik, Hego Euskal Herrian Kapitalaren, Patronalaren eta Espainiako Erresumaren morroi autonomikoak diren Iñigo Urkulluk eta Maria Txibitek amen esan diote Pedro Sanchezen Gobernu koldar eta kriminalaren aginduari. Txotxongilo barregarri batzuk besterik ez direla argiro ageri da, berriz ere. Aberats eta nagusien aginduetara daude hirurak.

        Ipar Euskal Herrian egoera are okerragoa da, zeren eta Jean René Etxegarai ez baita autonomia administratibo baten buru, baizik eta ofizialki existitzen ez den eta Frantziako Errepublika etnozidak errotik ukatzen duen Nazio baten ordezkari instituzional frantximant guztiz sinbolikoa, ez baitu inolako eskuduntzarik.

        Alarma egoeran omen gara, haurrak etxean konfinaturik ditugu, eta bitartean txakurrak lasai paseatzen dira, lau eta bi hankakoak. COVID-19 eritasunak gogor jotzen du, heriotzen kopurua ez da apaldu, eta gainera gezurretan aritzen dira benetako zenbakiak ezkutatzeko, baina berdin dio, soldatapeko esklabuok lanera itzuli behar dugu, Kapitalaren metaketak aurrera jo dezan, gainbalioaren produkzioa aitzina joan dadin, Burgesia hiltzailearen irabaziak manten daitezen, ekoizpen tresnen jabetza pribatuak gure bizitzen arlo guztiak kontrola ditzan. Isilik egon, aginduak bete eta denok lanera, Espainia berreraikitzera!

        HERRITAR BATASUNAk dei egiten dio Euskal Langile Klaseari sozietatearen biziraupena segurtatzeko ezinbestekoak ez diren sektore produktibo guztiak gelditzeko, eskura ditugun baliabide eta borroka molde ororen bidez: sindikatu erreformisten salaketez eta (in)justizia burgesaren ahalmenez, ahal denean; langileon batzarrak eginez eta grebak antolatuz, legez lana geratzea ezinezkoa delarik; eta azkenik, bainan ez azkena, sabotaiaren eta ekintza zuzenaren bidez beste erremediorik ez badago. Horren garbi!

        Gure osasuna eta bizia bera garantizatu ahal dituzten neurriak ez badaude, ez dugu lanera joan behar, eta bide guztiak legitimoak dira hori lortzeko.

        Pandemia honen aurkako borrokaren lehen lerroan osasuna eta bizia arriskatzen dituzten langileen alde txaloka aritzen dira herritar asko egunero, arratseko 8etan. Zergatik arriskatu behar ditugu guk geure osasuna eta bizia, COVID-19 eritasunaren aurka ez bada? Burgesiaren irabaziak eta negozioak babesteko? Gure lepotik are diru gehiago egin dezaten? Haiek aberasten eta gu pobretzen segitzeko? Gu hil, haiek bapo bizi daitezen? Horretarako? Benetan?

        Zergatik proposatzen ditugu neurri gogor hauek? Ikus ditzagun albiste batzuk:

               * Lesakako Arcelor Mittaleko langile bat hilda da COVID-19aren ondorioz:

https://ahotsa.info/edukia/lesakako-arcelor-mittal-eko-langile-bat-hil-da-covid-19aren-ondorioz

               * Koronabirusa lau metrora iritsi ahal da, Txinako zientifikoek frogatu dutenez:

         http://french.almanar.com.lb/1715518

               * Finlandiako zientifikoek erakutsi dute ttanttantxoen jokaera leku itxi batean:

         https://www.hispantv.com/noticias/sociedad/463646/coronavirus-contagiar-estornudo-supermercado

               * Euskal Herria pandemiaren begian kokatzen da: Estatu Frantses eta Espainolak dira munduan gogorren kolpatuak direnak, USA eta Italia ondoren. Egoera honetan, Euskal Langileria hiltegirat bidali nahi dute, irabaziak mantentzeko:

         https://actualidad.rt.com/actualidad/349662-que-se-sabe-coronavirus-metodos-tratamiento

         Atzo bertan Aberri Eguna ospatu genuen, slogan honekin:

KLASE INDEPENDENTZIAZ, NAZIO INDEPENDENTZIA:

LANGILEON EUSKAL HERRIA!

        Euskal Proletalgoak aurre egin behar dio Burgesiaren ofentsibari, hortzez eta haginez. Borroka luze gogor honetan lortuko du bere independentzia politikoa, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailearen bihotz eta motor bilakatuz, Euskal Nazioaren klase sozial hegemoniko bihurtuz, Euskal Errepublika Sozialista, Euskal Estatu Proletarioa eraikiz!

AURRERA!

JO TA KE!

deskargatu