INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOAREN BIDEAN: ABSTENTZIOA! AKTIBOA / IRAULTZAILEA

Comunicados

INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOAREN BIDEAN:

ABSTENTZIOA!

AKTIBOA / IRAULTZAILEA

HERRITAR BATASUNAk Euskal Herrian hurrengo hilabeteotan izanen den ziklo elektoralaren aurrean dei egiten dio Euskal Herri Langileari, eta bereziki Euskal Langileriari, abstentzio aktibo eta iraultzailea egiteko okupaziopeko hauteskunde hauetan, Independentzia eta Sozialismoa lortzeko estrategiaren baitan, Euskal Iraultza Sozialistaren bidean.

Euskal Herria Frantzia eta Espainia estatu burges inperialistek progresiboki konkistatu, okupatu eta kolonizatutako nazio bat da. Gainera, azken mendeetako borroken esperientziek behin eta berriz frogatu duten bezala, Euskal Herriko klase zapaltzaile desberdinek ez dute inolako proiektu nazionalik, autonomismoan eroso bizi dira Euskal Proletalgoa esplotatzen eta zapaltzen. Beren klase interesen arabera jokatzen dute horrela.

Burgesia vasco-espainola eta bere ordezkari politikoa, PNV, Euskal Herri Langilearen etsaia da, inperialismoaren zein kapitalismoaren alde lan egin eta estatu zapaltzaileekin etengabe kolaboratzen duelako maila guztietan. Euskal burgesia txikiari eta bere plataforma elektorala den EHBilduri dagokienez, azken urteetan argi gelditu da Euskal Iraultzari uko egin diotela errotik, erreformismo sozialdemokratan eta autonomismo zatikatzailean murgiltzeko. Gero eta langile gutxiago engainatzen dute.

Egoera honetan, klase eta nazio etsaiek antolatutako hauteskundeetan parte hartzeak zapalkuntza sistema legitimatzea da, eta berarekin kolaboratzea. Okupazio militarpean egiten diren hauteskundeak, direnak direla, Euskal Herri Langilearen etsaien tresnak dira klase esplotazioa eta zapalkuntza nazionala areagotzeko. Iraganean Euskal Nazio Askapen Mugimenduak parte hartu izan du hauteskundeetan, eta argiro ikusi dugu sistemaren neutralizazio, asimilazio eta integrazio ahalmen ikaragarria. Urratsez urrats ENAM okupatzaileen instituzioetan barnatu zen, ia erabat desagertu arte.

Urte hauetan sozialdemokrazia autonomistak ETAren borroka armatua utzi ondoren agindu zigun tsunamia zertan gelditu den ikusi dugu. Euskal Herri Langilearen aurkako zapalkuntzak eta esplotazioak beren horretan diraute, PNV eta bere sateliteen eskutik. PSE Nafarroa Mendebaldeko hiru herrialdeetan, EHBildu eta Unidos Podemos Nafarroa Garaian. Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos dira kolaborazionismo autonomista alienatzaile honen bi aurpegiak, Jean Rene Etxegarairekin batera. Haien kudeaketari esker, Kapitalismo inperialistaren plan eta egitasmo guztiak aurrera doaz, hasi Abiadura Handiko Trenarekin, segi eguneroko esplotazio eta etnozidio etengabearekin eta bukatu gaztetxeen aurkako hamaika erasotan.

Kapitalismo inperialistaren krisi sakon larria areagotzen den heinean, sistema manera desberdinez kudeatzeko tarteak gero eta txikiagoak dira, eta alderdi guztien politikak gero eta berdinagoak. Irabazien tasa igotzeko Proletalgoaren esplotazioa areagotu egin behar da, eta Langileria manu militari diziplinatzeko beharrak handitzen dira. Hortik mundu osoan zehar goraka ari den faxismo desberdinen arrakasta. Euskal Herria ez dago joera honetatik aparte, eta jakin behar dugu faxismoa ez dela hauteskundeen bidez garaitzen, alderantziz baizik, gehienetan faxistek sistema parlamentario burgesaren bidez eskuratu izan dutela botere politikoa.

Horregatik, abstentzio aktibo eta iraultzailea egitea eskatzen diegu euskal langileei. Formakuntza, antolakuntza eta borrokarako borondate irmorik gabe, Iraultza Sozialistaren bidez botere politiko eta ekonomikoa hartzeko erabakimen barik, abstentzio pasibo eta apolitikoa suizidio lazgarria izanen da Euskal Langileriarentzat faxismoa goraka doan garaiotan.

Bainan aldi berean, faxismoaren beldurrez erreformistei bozka ematea ere suizidio gozoa izanen da Euskal Proletalgoarentzat, zeren eta denetariko eta askotariko sozialdemokratak Kapitalaren interesak zintzoki kudeatzera mugatzen baitira, ukitu progre, liberal eta posmoderno batekin. Anestesia eta alienazio dosi handiagoa langileak lokartzeko. Argi izan behar dugu eskuinak, kontserbadoreak ala faxistak, eta ezkerrak, sozialdemokratak ala “erradikalak”, sistemaren bi hegalak direla, eta biak Kapitalismoaren logikaren baitan kokatzen direla. Adibiderik garbiena, Greziako Syriza.

Gu beste logika batean kokatzen gara. Independentzia, Sozialismo, Berreuskalduntze eta Birbatasun Nazionalaren logikan. Euskal Iraultza Sozialistaren logikan. Euskal Langile Boterea eraikitzearen logikan.

Catalunyako egoerak erakusten digu, beste behin ere, gaur egungo sistema inperialistan nazio zapalduetako burgesiek ez dutela ez indarrik ez asmorik askapen nazionala bururaino eramateko, eta Herri Langileek bakarrik, Langile Klasea buru eta gidari, lortzen ahal dutela independentzia, Iraultza Sozialista eginez eta nazioari ezaugarri zein izaera proletarioa emanez.

Venezuelako egoerak erakusten digu, beste behin ere, klase borroka mundu mailan areagotzen ari dela, eta III. Mundu Gerraren atarian garela, inperialismoaren ofentsiba globalaren erruaz. Pentsatzea testuinguru geopolitiko honetan Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta soziala hauteskunde eta bakebidez erdietsiko dugula, ameskeria izateaz gain, erabateko hondamendia da. Euskal Iraultza borroka eta erresistentzia antinperialistaren frontean kokatzen da buru belarri. Irabazi arte!

Honengatik guztiarengatik, eta egoera zehatzaren azterketa zehatza egin ondoren etorkizunean bestelako aukerei uko egin gabe, HERRITAR BATASUNAk erabaki du abstentzio aktibo eta iraultzailea bultzatzea 2019ko ziklo elektoral honetan, euskal langile guztiei dei eginez formatu, antolatu eta borrokatzeko, egoki ikusten dituzten antolakundeetan, eta bereziki Ezker Abertzale Iraultzailearen erakundeetan. Organiza gaitezen!

Bidenabar, gure ongietorririk beroena eman nahi diogu Gazte Koordinadora Sozialistari. Biziki pozgarria da egoera zail honetan belaunaldi gazteak hain indartsu ikustea. Horrela izan da Euskal Herriaren historian beti: dena galduta zegoela ematen zuelarik, gazteek borrokaren lekukoa hartu eta erresistentzia ziklo berri bat ireki izan dute. Oraingo honetan, bihotz bihotzez espero dugu GKSko gazteak izatea Euskal Iraultzaren garaipenera eramanen gaituen belaunaldia. Geroak, eta nagusiki praxi iraultzaileak erranen! Animo lagunok, jo ta ke! Aurrera!

Gure asmo eta ametsa da denok elkarrekin Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailea eraikitzea, nork bere tokitik eta sentsibilitatetik, naturalak diren diferentzia taktikoak zintzoki eztabaidatuz eta gaindituz, eta batasuna borrokan eraikiz. Iraultza da bide bakarra!

FORMAKUNTZA, ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA!!!

OKUPAZIOPEKO HAUTESKUNDEEN AURREAN,

ABSTENTZIO AKTIBO ETA IRAULTZAILEA!

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location