GALTZEN DEN BORROKA BAKARRA: GALDUTZAT JOTZEN DENA

Berriki, gaur egun ETAren izenean mintzatzen diren militante erreformistek bi adierazpen kaleratu dituzte. HERRITAR BATASUNAk bi agiri horien balorazio politikoa egin nahi du.

ETA, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzailea, Euskal Herri Langilea askatzeko sortu zen. Euskal Herriaren Independentzia, Sozialismoa, Birbatasuna eta Berreuskalduntzea izan dira bere helburuak urtez urte eta borrokaz borroka. Kosta ahala kosta lortu beharrekoak.

Gaur egun, Euskal Herri Langilearen aurkako zapalkuntzak bere horretan dirau. Frantzia eta Espainiako oligarkia inperialisten tresnak diren bi estatu zapaltzaileek, bata Monarkia eta bestea Errepublika,  Euskal Herri Langilea zatitu, zapaldu, esplotatu, erdaldundu, militarki okupatu eta miseria gorrira kondenatzen jarraitzen dute etengabe, PNVko burgesia basko-espainol autonomistaren ezinbesteko kolaborazioarekin. Herri zapaldua gara, bortxaz konkistatua, zatitua, kolonizatua, erdaldundua, esplotatua, umiliatua, ukatua, torturatua. Biolentzia zapaltzailearen itsaso mugagabe baten erdian bizi gara egunero. Bortizkeria estruktural legitimatua.

Egoera honetan, beraz, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaile baten zeregin nagusia Euskal Herri Langilea borroka iraultzailerako antolatu, prestatu, adoretu eta argitzea da, klase eta nazio etsai frantses zein espainolen aurka. Eta jakina, etsaien artean sartzen ditugu denetariko burgesia kolaborazionista basko-espainolak eta basko-frantsesak, zeinak baitira Euskal Herri langilearen aurkako etengabeko erasoen ezinbesteko partaide eta konplizeak.

Bi adierazpen horietan ez dugu halakorik irakurri. Alderantziz, Ezker Abertzale Erreformistako antolakunde guztien norabide estrategiko berean kokaturik, ETAren izenean egin diren bi adierazpen horietan porrot politiko zein ideologiko eta autoderrota estrategiko baten aitorpen patetikoa ikusi dugu. Gure betiko etsai inperialisten exijentzia ziniko eta hipokriten aurrean behin eta berriz belaunikatzen den erakunde garaitu baten azkenaurreko damutzea eta amore ematea. Jakina, Euskal Herri Langilearen etsaiek ez dute inoiz aski izanen, eta are umilazio eta barkamen eske handiagoak inposatuko dizkiete gaur egun ETAren izenean hitz egiten dutenei. Eta haiek, zapaldu eta zapaltzaileen arteko “bizikidetzaren” izenean, burgesia autonomista eta kolaborazionista basko-espainolarekiko “berradiskitzearen” mesedetan, are gehiago makurtuko dira. Jakina! Behin errenditzen hasita, bururaino joan behar baita.

Nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzailetzat beren burua jotzen duten erreformistahoriek klase borroka erabat abandonatu dute, Euskal Iraultza ez dute aipatu ere egiten, eta Euskal Herri Langilea ukatu eta zapaltzen dutenekin “bizikidetza” eraiki nahi dute, haiekin “berradiskidetuz”, “gatazka politikoaren konponbide demokratikoa” lortuz.

Ezker Abertzale Erreformista hilotz politiko bat da, gero eta gehiago PNVren satelitea eta txotxongiloa. Horren froga, ekainaren 10ean egin nahi duten giza kate autonomista, baskongado eta zatikatzailea, non Euskal Herriko ekialde osoa baztertua izanen den iruzur estatutista berri bat legitimatzeko, Independentzia eta Sozialismoaren borroka behin betikotz lurperatzeko “erabakitzeko eskubidearen izenean.” Moncloako Estatutu eta Foru Hobekuntzaren bidez lortu ez zutena orain erdietsi nahi dute, “bizikidetza” eta “berradiskidetzearen” izenean. Jai dute!

Ez du merezi gehiago esatea. Edozein militante abertzale iraultzaile ohartzen da azken urteotako saldukeriaren tamainaz, jadanik Ezker Abertzale Erreformistako politikero profesional guztien gezurrek eta demagogiek ezkutatu ezin dutena. Euskadiko Ezkerra baino okerragoak dira. Txabi Etxebarrietaren hitzak dira haien aurkako salaketarik hoberena.

Orain eta hemen, Independentzia eta Sozialismoaren aldeko borroka indartzea dagokigu Euskal Iraultzaren alde borrokatzeko prest garen guztioi. Arlo guztietan, nork bere bidean. Eta ozenki adierazi, beste behin ere, galtzen den borroka bakarra, aldez aurretik galdutzat jotzen dena dela. Monarkia neofrankistak eta Errepublika frantximant neogaullistak beren benetako aurpegi etnozida, kapitalista, patriarkal eta inperialista  inoiz baino argiago erakusten duten garai hauetan, antolatu eta borrokatu behar dugu Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta sozialaren alde.

IRAULTZA DA BIDE BAKARRA!

JOTAKE, IRABAZI ARTE!

GORA NAFARROAKO EUSKAL LANGILE ERREPUBLIKA SOZIALISTA!