IRAULTZA DA BIDE BAKARRA! KOLONBIATIK PALESTINARA, MENDEBALDEKO SAHARATIK EUSKAL HERRIRAT

 Maiatzaren 1ean argitaratu genuen agirian esan genuen: “Garai gogorragoak datoz, antolatu eta borrokatu!”. Garai horiek hemen ditugu jadanik, eta bi aste besterik ez dira pasatu.

Deskargatu

KOLONBIATIK PALESTINARA,

MENDEBALDEKO SAHARATIK

EUSKAL HERRIRAT

IRAULTZA DA BIDE BAKARRA!

       

       

         Maiatzaren 1ean argitaratu genuen agirian esan genuen: “Garai gogorragoak datoz, antolatu eta borrokatu!”. Garai horiek hemen ditugu jadanik, eta bi aste besterik ez dira pasatu. Mundu osoan klase borrokak lehertzen ari dira indar izugarriarekin, sumendizko eztandak sortuz nonnahi, borborka. Kolonbiatik Palestinara, Mendebaldeko Saharatik Euskal Herrirat.

         Honen aurrean, ikuspegi globala atxiki behar dugu, detaile ugarien labirintoan ez galtzeko. Hamaika gatazka daude planetan, eta denak elkarlotuta daude, sareturik, Sistema Global batean.

        Kolonbian Oligarkia narkoterroristak gogor erasotzen du Herri Langilea, Alvaro Uribe eta Iván Duque paramilitar faxisten aginduz. Sarraskiak ikaragarriak dira. Irtenbide bakarra dago: estatu burges hori, Inperialismo yanki-sionistaren eta OTANen morroia, behin betikotz suntsitzea. Eta horretarako, borroka molde guztiak erabili behar dira. Gure elkartasunik zintzoena Kolonbiako Herri Langilea aurrera eramaten ari den matxinadarekin. Kontu bakarra dugu esateko: herritarren erresistentzia heroikoa, Iraultza Bolivartar bilakatu behar da, eta horretarako erakunde armatuek, FARC eta ELN nagusiki, eta hirietako Herri Altxamenduek bat egin behar dute, intsurrekzio orokorraren bidean. Estatu Burgesa birrindu behar da Kolonbian, eta Langile eta Nekazarien Boterea eraiki, ez dago beste alternatibarik. Bestela, Oligarkia kolonbiarrak sektore iraultzaileen exterminio sistematikoa bururaino eramanen du, lehendik egiten ari zena. Historia odoltsuak hala dio...

        Palestinan sionistek, “Israel” izen historikoa usurpatu dutenek, aurrera daramate beren kolonizazio prozesu genozida. Palestinarrekin egin nahi dute XIX. mendean yankiek Ipar Ameriketako natiboekin egin zutena: menderatu, deportatu, exterminatu, eta azkenean, erreserbetan sartu. Jerusalemen ikusten ari garena izugarria da. Kasu honetan, Erresistentzia Palestinarrak estrategia argi eta garbi finkatua du: ez dago deus ere negoziatzeko, helburua estatu kolonial sionista behin betikotz suntsitzea da eta Palestinaren Batasun Nazionala eta Independentzia lortzea. Eta horretarako, Kolonbian bezala, borroka molde guztiak beharrezkoak eta ezinbestekoak dira. Beste behin ere, HERRITAR BATASUNAk bere erabateko elkartasuna ematen dio Erresistentzia Antiinperialistaren Ardatzari, Palestinatik Siriara, Yemendik Irakera, Irandik Libanora. Aurrera!     

         Mendebaldeko Saharan, Euskal Herrian ere ezagutu dugun “bake prozesu” ustel eta zitala  urte luzez jasan ondoren, gerrara jo behar izan dute, Marokoko Erresumaren kolonizazioaren aurka jotzeko. Sistema kapitalista globalean dena lotuta dagoenez, hara non ikusten dugun Marokoko Monarkia narkoterroristak harreman diplomatikoak hasi dituela ofizialki Palestina okupatu eta kolonizatu duen Entitate Sionistarekin, zeinak lotura estuak dituen Kolonbiako oligarkia paramilitarrarekin. Marokon Iraultza egin ahal izateko, lehen urratsa Mendebaldeko Sahararen garaipena izan behar da. POLISARIOri geure erabateko sustengua ematen diogu gerra honetan.

        Eta Euskal Herrian? OTANen baitan sartu gintuzten, Ipar Euskal Herria hasieratik, eta Hego Euskal Herria 1986an, nahiz eta erreferendum batean herritarrek ezetz esan. Inperialismoaren bihotzean bizi gara, Europaren Ardatz Atlantikoaren erdian. Jakina, Inperialismo yanki-sionistaren beso armatua den OTANentzat lehentasunezko helburua zen Euskal Herri Langilearen borroka independentista eta sozialista iraultzailea indargabetzea, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua, ENAM suntsitzea, alegia. Eta halaxe egin zuten, Irlanda eta Hegoafrikako prozezu kontraintsurgenteak eredu hartuta, eta zenbait traidore ustelen laguntzarekin. Arrakasta handiz!

        Traidore ustel eta politikillo profesional horien lana izan da EHBilduk PSOE-GALen Gobernu espainolista sozialdemokrataren aurrekontuak babestea, eta beste mila saldukeria okaztagarri gehiago egitea. Jakina, EHBildun agente sionista ari da, arazorik gabe, jendaurrean, milaka euskal herritarren bozkak kudeatzen: Jon Inarritu. Estatu kolonial sionistaren defendatzaile sutsua. Non daude EHBilduko palestinazaleak eta internazionalistak? Lotan ote? Ote, ote... Otegi.

        Eta dena borobiltzeko, gogoan dugu Rufi Etxeberriaren irria Kolonbian, hango “bake prozesua” ospatzen, non eta Londoño FARC-EP  antolakundearen traidore madarikatuaren ondoan. Gutxienez, argazki berean ageri den Ivan Marquez bere hanka sartze itzelaz ohartu zen, eta borroka armatuari ekin zion berriz, FARC-Nueva Marquetalia antolakundean. Euskal Herrian, tamalez, ez zen halako autokritikarik izan. Beren lana biziki ongi egin zuten Maroto eta Mesias berriek.

        Euskal Herria, altxa zaitez! Garai gogorragoak datoz maila guztietan. Europa inperialistatik datozen (kontra)erreformak, ekonomikoak eta laboralak, pentsioak eta kontratuak, langabezi sariak eta murrizketak osasungintzan eta hezkuntzan, beldurgarriak dira, prekaritatea eta miseria zabalduko dute, ustezko “laguntza” batzuen truke. Milaka milioi euro horiek multinazionalen sakeletara joanen dira, jakina. Borrokatzen ez bagara, jai dugu eta fini gure etorkizuna. Euskal Herria Arzallusen balizko Albania gorria izan beharrean, oraingo Kosovo yankizale, narkoa eta esklabua izanen da, ez sozialdemokrazia autonomistak agintzen digun Danimarka basko idilikoa...

        Inperialismo yanki-sionista egitura globala da, olagarro planetarioa dugu, eta Herri guztien etsaia. Irtenbide bakarra dago: estatu inperialista horiek birrintzea Iraultzen bidez. Horregatik babesten dugu, kritikoki, Txinak, Errusiak eta Iranek azken urteotan eraiki duten Fronte Multipolarra, zeinak aurre egiten baitio gaur egun planeta honetan nagusi eta hegemonikoa den Mendebaldeko Inperialismoari,III Mundu Gerraren fase atomikoa eragotziz. Momentuz...   

        HERRITAR BATASUNAk argi eta garbi adierazten du bere helburu taktikoa IRAULTZA SOZIALISTA dela, eta beraz, Inperialismo yanki-sionistaren amiltzea eta erroiztea horretarako urratsa dela, besterik gabe. 500 urtez planetaren jaun eta jabe izan den Mendebaldeko Inperialismoa behin suntsiturik, uste dugu errazagoa izanen dela Humanitatearentzat Kapitalismoa behin betikotz desagertaraztea, mundu mailako Sistema Sozialista Multipolarra eraikitzea eta klase, estatu zein patriakaturik gabeko sozietateen bidean aurrera jotzea. Hori baita gure helburu estrategikoa. Beraz, Kapitalismo, Imperialismo eta zapalkuntza mota guztien aurka borrokatuko gara, beti, bururaino!

 

ANTOLATU ETA BORROKATU GUREKIN!

Herritar Batasuna

Deskargatu