Kiberen

Comunicados

Deskargatu

Hemen argitaratzen dugu Pablo Sastre idazlearen iritzi artikulu kritiko eta interesgarri bat, zeina ZENTSURATUA izan baitzen BERRIA egunkari euskaldunean.

Martxelo Otamendiren hitzak, bere jarrera lotsagarria zuritu nahian :

"Ez dugu argitaratuko, izan ere, arduraz jokatuta, ez dugu uste artikuluan defenditzen duzun tesia zabaltzen lagundu behar dizugunik".

HERRITAR BATASUNAk, bere martxoaren 14ko agirian esan zuen Koronabirusa Inperialismo yanki sionistaren III Mundu Gerrarako tresna dela. Azken sei hilabete hauek argiro frogatu dute gure analisiaren egokitasuna.

Hona hemen Pablo Sastreren idazkia:

Kiberen

          Kiberenen plaiara joatea debekatu dute; Zaragozan gau-festan ibiltzea; Belgikan, pertsona bat astean bost lagun minekin baino gehiagorekin ezingo da egon; Madrilgo tabernetan, erregistratu egingo dira bezeroen datuak; Hernanin eraikin bat konfinatu dute; Nafarroara ez joateko gomendatu du Alemaniako gobernuak; Generalitateak larehun aztarnari kontratatu ditu; zahar batek positibo eman du Barakaldon... Absurdotik absurdora, albisteok tentsioari eutsi bai, ez digute, baina, benetan gertatzen ari dena ulertzen batere laguntzen.

           LAGUN batzuk, hainbat mediku tartean, gehiegikeriaz ohartarazten, udaberriko epidemiaz zerbait argi hasi dira egiten.

            Osasun-zerbitzuak aurreko urteetako moduan egon ziren gainezka; kontrakoa baietsi zutenek gertaerak manipulatu zituzten; gaixoen zifrak puztu egin ziren; Covid-19az hildakotzat emandako asko ez ziren Covid-19az hil: harekin, hura zutelarik hil izan arren, ez ziren hartaz hil.

            Covid-19a, bere eragin estatistikoetan gripe azkar baten antzekoa, epidemia arrunt baten gisa pasatu zen gure artean. Jende gehienarentzat, epidemiaren fokoetan ere, hartaz hiltzeko arriskua oso txikia, ia ezdeusa izan da. Ospitalizazio tasa, 65 urtetik gorakoentzat, sasoi-gripeena bezainbestekoa izan da; haur eta gazteentzat txikiagoa izan da.

           Covid-19ak ez du zahar-jendea hiltzen; zahar-etxeetan bizi ziren zahar asko bai, hura zutelarik hil ziren. Haiek ere, baina: Zein kondiziotan bizi ziren? Zein beste gaitz zituzten? Zenbat hil ziren, egun haietako istiluan, bakardadez edo izuz?

           Hasieratik hartu ziren neurri bidegabeak, oinarrizko eskubideak eta eginbehar etikoak ignoratzen eta zapaltzen zituztenak, eta ekar zitzaketen kalteei ezikusia egin zitzaien. Neurri horien arduradunak beren karguetatik kenaraziak izan beharko lirateke, handia baita berriz okerrean erortzeko arriskua.

         Herritar oro larriki afektatzen dituzten neurriak, hala nola derrigorrezko maskarak eta konfinamenduak berehala kendu behar dira, izu-eszenategietan izan direlako hartuak.

           ZERGATIK segitzen dute zifrak puzten, gertaerak eta datuak ezkutatzen eta kontestutik ateratzen dituzte? Badira bost hilabete munduan beste albisterik ez dela. Hiltzen ote da, munduan, inor, Covid-19a ez den bestelako eritasunez?

            Ahots kritikoak ignoratuak eta zentsuratuak dira; gezurtitzat, berritsutzat  jotzen dira zuzenak ez diren datuak eta iritziak eskaintzen dituztenak; konspirazio-zale esaten zaie izuaren gaitza non sortu eta nola hedatu den argitu nahi dutenei.

            Ikerketa sinpleak zera dio: isolamendu fisikoa ez da biziak salbatzeko premia bat, ezpada laborategi bat, kontaktorik gabeko futuro errentagarri batentzat. Ikerketa sinpleak zera ere badio: ahal handiko jendeak, Osasunaren Mundu Erakundea tartean dela, bere trazo handietan landutako estrategia bat da, Estatuek eskuzabalik onartu eta bideratu dutena.

            Martxoan deklaratu zioten gerra jende sinpleari. Handik hona terrenoa galdu baizik ez dugu egin. Krimena gauzatzen ari da.

            Jendeen eta gauzen orain arteko gobernu-paradigmak deuseztea erabaki dute, eta haien ordez dispositibo batzuk ezartzea, oraintxe zein izango diren antzematea zaila da baina; gizarte askoz ere ez-libreago bati buruz goaz, esan daitekeena.

            “Erlijio berria zientzia baldin bada”, esaten du Giorgio Agambenek, “eta dispositibo juridiko-politiko berria salbuespen-egoera, jendeen arteko harremanak urruntze sozialetik, teknologia digitalen baitan ari dira definitzen”.

 

        PARADIGMA berrian ohiko organizazioek, ezkerrekoek nabarmenki, beren gaitasunik eza eta beren sumisioa erakutsi dituztelarik, jende zentzudunak galdetu egin behar dio bere buruari non dagon pasatzeko prest ez dagoen marra, bere printzipio etiko eta politikoei eutsi egingo badie.

            Pobreentzat hil ala bizikoa da tranpan ez erortzea: ahal bestean isolamendua, tele-lan behartua, derrigorrezko eskola eta osasun-zerbitzu ez presentzialak saihestea; orobat, hil ala bizikoa da, OMEren kiratsa dakarten errezetei uko egitea, txertoa barru dela; alabaina lehengo normalitatea edo lehengo bizi-izatea, bere okerrean, eten zedin motiburik ez zela, hartara itzul gaitezen, ez dugu behar inolako txertorik!

            Osatzeko, ikasteko, lan egiteko, elkar zaintzeko, politika egiteko era berriak asmatu behar ditugu. Politika era berriek ezin izango dute orain arteko demokrazien formarik izan, ezta haien ordez ezartzen ari den despotismo teknologiko sanitarioaren formarik ere.

            “Otoi”, dei egiten zien, epidemia betean zela, gure lagun batek bere alaba duen eskolako guraso-lagunei, “ez ezazue utz zuen seme-alabek normaliza dezaten egoera hau, gal dezaten galdetzeko, erreakzionatzeko, erresistitzeko ahala”.

             HIESaz hil zen lagunaren kamisetan irakurritakoa gogoratuz, gureratuz: “Laztanak, musuak, besarkadak: gure txertoa izu-gaixotasunaren aurka!”

 

Pablo Sastre Forest

Deskargatu