BURGESIAREN ERASOAREN AURKA, HERRI LANGILEEN ALIANTZA IRAULTZAILEA!

Comunicados

Nazioarteko Konferentziaren 4. Agiria

BURGESIAREN ERASOAREN AURKA, HERRI LANGILEEN ALIANTZA IRAULTZAILEA!

Burgesiak, COVID-19ko pandemia estalgarri, mundu mailako langile-klasearen aurka eta, gure borroka-eremu espezifikoan, Espainiako Erresuma izeneko estatu kapitalista eta inperialistak zapaldutako nazio bakoitzeko Herri Langile guztien aurka eragin duen eraso ankerraren aurrean, Nazioarteko Konferentziako kideak diren AGORA GALIZA-UNIDADE POPULAR, HERRITAR BATASUNA eta NACIÓN ANDALUZA erakundeek honako hau adierazi nahi dugu:

  1. COVID-19 birusaren agerpenak sortutako pandemiak ez du klase-borroka deuseztatzen edo desaktibatzen; aitzitik, areagotu, erradikalizatu eta sakondu egiten du, sistema kapitalistak duela hamarkada askotatik arrastatzen dituen egiturazko gainerako krisiekin bat eginez. Pandemiak planeta mailako produkzio-modu kapitalistaren krisi global eta orokor hau azkartu du. COVID-19 birusaren jatorria edozein dela ere, langile klasearen lehentasunezko zeregina pandemia hori lehenbailehen gelditzea eta ahalik eta izaki humano gehien salbatzea da. Horregatik, hemendik esker ona adierazi nahi diegu hori posible egiteko, euren bizitzak arriskuan jartzen eta lan eskerga egiten ari diren, langile horiei guztiei.
  2. Gaixotasun larri honek ez digu ahaztu arazi behar planeta mailan beste pandemiak daudela, handiagoak eta hiltzaileagoak, jende pobrea, Herri Langileak, munduko Proletalgoa modu gupidagabean eta endemikoan kolpatzen dutenak, esplotazio eta zapalkuntza kapitalisten fruituak direnak. Hauetako lehena gose estruktural eta planifikatua da, burgesiaren eta bere satelite eta menpeko guztien axolagabekeriaren erdian burutzen den etengabeko genozidioa.
  3. Burgesiak mundu mailako shock egoera hau aprobetxatu nahi du bere boterea sendotzeko eta bere etekinak hobetzeko, bere irabazi-tasa handitzeko eta, honi esker, Kapitalaren metaketa ere bai, bere errepresio eta kontrol sozialeko sistemak hobetzeko, bere neurrira diziplinatzeko eta langile klasea are gehiago ustiatzeko. Lanaren eta Kapitalaren arteko etengabeko gerra ez da inoiz gelditzen, klase-borrokaren motorra da eta egoera horren kontzientzia argiena duena burgesia bera da.
  4. Espainiako Estatuak are gehiago sakontzen du bere krisia oligarkiaren menderatzeko egitura den aldetik. PSOE-Unidas podemos gobernu espainiarrak koronabirusari aurre egiteko hartutako neurri ekonomikoak ez dira nahikoak eta inprobisatuak dira. Ministroen Kontseiluak onartutako 200.000 milioi euroko neurri-sorta, benetan, langile-klasearentzat adabaki batzuk jartzea baino ez da, herri-sektore zabalak pobretzea saihestuko ez dutenak: ez da debekatzen soldatak murriztea, ez ERTE direlakoak, ez lan-orduak handitzea, ez da galarazten eskubideen galera, atzera egiten dugu herri-borrokan eta langile-borrokan eskuratutako konkistetan... Beldurrak sortzen duen paralisia oraindik nagusi den gizarte baten kontraesanak moteltzea da haren helburua. Pedro Sanchezek denbora irabazi nahi du eta oligarkiaren izaera harraparia asebete nahi du, eta horregatik, adibidez, Estatuak bere gain hartzen du kaleratzeen kostua, ekitaldiko enpresa-irabazien kontura izatea beharrean.
  5. Alarma-egoera deklaratzeak birzentralizazio prozesu bat ekarri du. Talde parlamentario gehienek eta Unidos Podemos PSOEko gobernu-kideek babestu dutena. Osasungintzan, garraioetan eta abarretan autonomien eskumenak Espainiako gobernuak hartu ditu bere gain, nola eta zein unetan itzuliko diren jakin gabe. Larrialdietako Unitate Militarra eta beste unitate militar batzuk hedatzen ari dira, BRILAT edo Legioa kasu, Estatu osoan zehar. Herritarren artean Espainiako Armadaren presentzia normalizatzeko , askatasunak murrizteko eta gure bizitzak militarizatzeko.
  6. Monarkia Borbonikoa babesa galtzen jarraitzen du, Borbon Etxeko kide guztiak pixkanaka zipriztintzen ari diren eskandaluen aurrean. Zalantzarik gabe, Francoren garaiko eliza bezalako sistema hierarkiko-sozialaren balio absolutu bat ordezkatu arren, monarkia oligarkiaren klase nagusitasunari eusteko sakrifikatu beharreko peoia izanez gero, izaera burgeseko Espainiako III. Errepublika bati bidea emango litzaioke.

    Honen guztiaren aurrean, NACIÓN ANDALUZA, HERRITAR BATASUNA eta AGORA GALIZA-UNIDADE POPULAR erakunde sinatzaileek langileari eta gainontzeko herri-sektoreei eskatzen diegu aurre egiteko manipulazio- eta instrumentatze-saiakerak, klase-elkartasunez jokatzera, ez erortzeko oligarkiaren gezur-bideek bultzatutako psikosi kolektiboan.

    Osasun pertsonalak zein kolektiboak eskatzen dituzten neurriak uneoro errespetatuz, elkartasun- eta autodefentsa-sareak ehundu behar ditugu auzoz auzo, lantegiz lantegi, elkarri laguntzeko, izua eta beldurra desaktibatzeko, Burgesiak inposatu nahi dituen neurri errepresiboei eta murrizketa antisozialei aurre egiteko.

    Borroka hori luzea, gogorra eta mundu mailakoa izango da. Herri langileei dei egiten diegu hainbeste urtetako borrokan lortutako eskubide eta askatasunen defentsa kementsua egiteko presta daitezen, zeinak, zalantzarik gabe, oligarkia, COVID-19ren edota ondorengo "susperraldi ekonomikoa ziurtatzearen" aitzakiak direla-eta, murrizten saiatuko dela. Hau da, patronalaren irabazi-tasak berreskuratzen saiatuko da. Gure borrokak bakarrik -gure nazioen mailan antolatuta eta nazioartean koordinatuta- balantza alde popularrera makurtu dezake eta hondamendi sozial honen erantzuleek klase-borrokan irabazten jarrai ez dezaten lortu. Munduko Iraultza Sozialista da gure helburua, mundu aske baterako bidean, klase sozialik, estaturik, eta patriarkaturik gabekoa.

     

    BURGESIAREN ERASOAREN AURKA, HERRI LANGILEEN ALIANTZA IRAULTZAILEA!

     

    2020-ko Martxoaren 20a

    AGORA GALIZA-UNIDADE POPULAR, HERRITAR BATASUNA, NACIÓN ANDALUZA

    (Nazioarteko Konferentzian parte hartzen duten erakundeak)

    Versión para imprimir