Espainiaren egungo erasoaldia Euskal Herriaren aurka edo

Comunicados

Espainiaren egungo erasoaldia Euskal Herriaren aurka edo

Nafarroako konkista progresibo eta iraunkorraren egungo

fasea

      Gure web orrian orain dela gutxi argitaratutako iritzi-artikulu bikain batek ohartarazten zigun martxan dagoen Espainiako estatuak bultzatutako erasoaldi espainolista (Espainiako estatu-buruaren “bisitak”, espainiar selekzioek Hego Euskal Herriko kirol-instalazioetan lehiatzen, espainiar armadaren agerraldiak gurean:

      Normaltasuna eta alkarbizitza aitzakitzat hartuta, gaur egun bizi dugun kontestu honetan, Espainiako Estatua erasoaldia abiatzen ari da, Hegoeuskalerritarrok espainiar identitatea erabat onar dezagun.

      Aipatutako artikuluaren egileak deskribatzen ari zaigu gure oinarrien onartutako testuan “konkista progresibo eta iraunkorra” deritzoguna. Izan ere, ikuspuntu juridiko-politiko hertsi batetik Nafarroako, Euskal Herriko, konkista, gure herria Frantzia eta Espainiako estatu zapaltzaileen menpe eta beraien artean zatitzera eraman zuen prozesua, Erdi Aroan abiatu eta 1620-an amaitu zen. Beste ikuspuntu zabalago bat, soziala eta historikoa, hartuz gero, esan ahal da konkista ez dela amaitu. Zeren eta gauza bat baita estatu batek lurralde batez jabetzea, haren kontrola politiko, militarra, poliziala etab ezartzea eta beste bat, kontrol hori egonkortzea eta, areago, legitimatzea. Suposatzen duena menperatutako herriaren erresistentzia oro suntsitzea. Egiten dena makila eta azenarioa erabiliz. Estatuaren indarra erakusten, herri zapalduari bere askatasun nazionala berreskuratzeko esperantza oro kentzeko eta, bestalde, espainol (edo frantses) izateko “abantailak” erakusten. Prozesu honi, hain zuzen ere, da konkistaren jarraipena, konkista progresibo eta iraunkorra deritzoguna.

      Konkistaren izaera, noski, aldatu da historian zehar. Zeren eta prozesu hori hainbat aro historiko ezberdinen zehar garatu baita. Feudala deritzogun produkzio-moduan nagusi zenean hasi zen. Haren alde juridiko-politiko nagusia, Nafarroak euskal estatu independentea izateari utzi zion aldetik, kapitalismo komertzialaren menpe osatu zen. Prozesu honetatik geratu ziren galdutako independentziaren hondar batzuk (armada, moneta jalgitzeko gaitasuna, aduanak, legeria propioa...) kapitalismo industrialaren garaian ezabatu zituzten edo autogobernu autonomikoaren eskumenekin berdindu zituzten. Eta, azkenik, inperialismoaren garaian, areagotu dira batera estatu zapaltzaileen gure identitate nazionala erabat suntsitzeko ahalegina eta gure erresistentzia ere bai. Ulertu behar dena, argi dezagun, joera historikoa den aldetik ez edozein unetan gertatzen dena.

      Aro historiko bakoitzak, beraz, konkista moldatu du. Kontrakoa ere, neurri batean, egia da baina. Estatu jakin baten legitimazioa klase-menperatze jakin batena baita ere bai. Izan ere, estatua da, batez ere, klase esplotatzaileen aliantza batek, klase menperatzaileen bloke batek, klase esplotatuak zapaltzeko tresna bat, egungo ideologo erreformista posmodernoek esan dezatela gura dutena. Ondorioz, estatu baten agintea lurralde batean ezartzea da bertako herri langilea haren menpe jartzea, bertan klase esplotatzaileen diktadura ezartzeko hartutako forma. Areago, hau indar armatu arrotzen bidez, manu militari, egiten bada. Nafarroako, Euskal Herriko, kasua den bezala.

      Kapitalismoaren garaian, orduan, konkista bilakatu da Euskal Herrian burgesiak bere diktadura ezartzeko forma historiko konkretua. Dakarrena estatu zapaltzaileek (konkistatzaileek) behin eta berriz haien indarra arlo guztietan (militarra, ekonomiko kulturalean...) erakutsi behar izatea. Holako erakustaldiek osatzen dutelako konkista iraunkorra eta progresiboa, azken boladan hegoaldean areagotu zaiguna, forma anitzetan. Hona hemen adibide batzuk:

      Espainiako selekzioak lehiatzera gurera ekarriz. Helburu bikoitza duena: saltzea, alde batetik, Espainia=kirol-elitea berdintza eta, bestetik, halako lehiaketek “gure” ekonomiari ekartzen bide dizkioten onurak. Gu, azken buruan, Espainian eta kapitalaren logikan integratzeko.

      Espainiako estatuko buruaren bide gabe sartzeak. Gure menpekotasun nazionala eta ordena sozialaren (kapitalismoaren) ukiezintasuna normaltzeko. Horrela, azken etorreran azpimarratu da normaltasun instituzional delako hura eta bisitaren aitzakia Confederación de Empresarios de Navarra delakoaren domina bat ematea. Hau da, “ekintzaile” deitzen den horren apologia egitera, ideologia kapitalista indartzera.

      Eta, azkenik, Espainiako armadaren agerpenak ditugu. Hemen uztartzen dira indar erakustaldia, gerra garaiko Mola jeneral faxistaren mehatxuen antzera, eta indar horren alde “erakargarria” teknologia, boterea...

      Honen guztiaren aurrean, alferrik itxarongo genuke erantzun irmo bat, indar politiko burges eta autonomisten aldetik. EAJ, EH Bildu edota haien ezkerreko sateliteen aldetik. Espainiako demokrazia burgesean erabat integratzeko, honen barruan aukera “errespetagarriak” izateko asmoz, saihesten baitute estatu zapaltzaileekiko ko nfrontazioa eta herri-borrokaren forma orori zilegitasuna kendu baitiote.

      Horiek hala, etengabeko konkista honen aurrean, herri langilearen borroka, gure borroka, askapen osoaren aldekoa geratzen da eta ez beste ezer. Nafarroa Osoaren deskonkista forma hartzen duena. Edo, Ezker Abertzale Historikoaren formulazioa erabiliz klase-borrokak nazio-askapenerako borrokaren forma. Nazio-Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailea izatea suposatzen duena.

      Halako mugimendu bat dugu konkista behin betiko gainditzeko esperantza bakarra. Baita epe laburrean, konkista iraunkor eta progresiboa ahultzeko dugun tresna bakarra ere. ENAM-ek Espainiako selekzioek ez lehiatzea gure lurraldean, Espainiako erregearen etorrerak baldintzatzea etab. lortu zuen bezala.

      Hala ere, Nazio-Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailea, berreraikitzea behar beharrekoa bada ere, ezin dugu itxaron eraikuntza hau eguneroko konkistari edo, gauza bera dena, erasoaldi espainolistari (edo, kasu, frantximantari) erantzuteko. Areago, erantzun hau, beste hamaika herri-borrokekin batera, izan daiteke funtsezko urrats bat eraikuntza hartan.

      Horregatik, amaitzeko, gure babesa eta elkarlanerako prestutasuna erakutsi luzatzen diogu datozkigun erasoaldiak (kirol eta beste edozein arlotan) erantzuteko eratuko den edozein herri-ekimenari.

      Herritar Batasuna

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location