G7 AKATU! KAPITALISMOA SUNTSITU! SOZIALISMOA ERAIKI!

Comunicados

G7 AKATU!

KAPITALISMOA SUNTSITU!

SOZIALISMOA ERAIKI!

Gaur bertan, arratsaldeko 7:30etan elkartuko dira Euskal Herrian, Miarritzen, hain zuzen ere, G7 izeneko bilkuran, munduko estatuburu inperialistarik boteretsuenak, eta beraz, terroristenak, hiltzaileenak, zapaltzaileenak eta torturatzaileenak: Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Japonia, Kanada eta Italia. Inperialismo kapitalistaren lehen dibisioa, orain arte planeta burdinazko eskuz gobernatu dutenak. Goi bilera inperialista honi itxura demokratiko, liberal, plural eta eskuzabala emateko, bigarren mailako lau estatu gonbidatuta daude: India, Australia, Txile eta Espainiako Erresuma, eta haiekin batera, Afrikako beste bost: Hegoafrika, Egipto, Rwanda, Senegal eta Burkina Faso. Bainan horrelako gonbidapen faltsu eta hipokritekin ez dute inortxo ere engainatzen. Inperialismoaren buruzagien goi bilera da G7.

HERRITAR BATASUNAk dei egiten dio Euskal Herri Langileari gailur inperialista honen aurka mobilizatzeko baliabide eta borroka molde guztien bidez, sozialdemokrazia autonomistak eta erreformismo “alternatibo” oportunistak azken asteotan aldarrikatu duten pazifismo ustel eta derrotistaren gainetik jauzi eginez. Atzo manifestariek erakutsitako kemen, ausardia eta erabakimena biziki txalotu, eta poliziaren erasoak fermuki kondenatzen ditugu. Ditugun informazioaren arabera, hamazazpi atxilotu izan ziren eta dozenaka zauritu. Inperialismoren aurka borroka egitea ez da txantxetako kontua, Kapitalismoaren periferiako herrialdeetan ikusten dugun bezala, baina gure betebehar etiko eta iraultzailea da. Aurrera!

G7n bildu diren estatuburuak planeta honetako langile guztien etsai amorratuak dira, eta mundu honetako proletariok argi eta garbi adierazi behar diegu beren sistema kapitalista genozida, etnozida eta ekozida behin betikotz suntsitu nahi dugula, Sozialismoa eraikitzeko, klase, estatu eta patriarkaturik gabeko sozietate libreen bidean. Horretarako, IRAULTZA DA BIDE BAKARRA!!!

Ez gara agiri honetan gehiago luzatuko. Kontua argi dago: haiek ala gu. Kapitalismo inperialista ala Herri Langileen Iraultzak. Burgesiaren boterea ala Proletalgoarena. Klase borrokak, klase interesak, klase kontzientziak...

Behin eta berriz esan izan dugun bezala, Kapitalismoaren fase terminalaren aurrean gaude. Baina Kapitalismo terminala ez da ohean hilzorian dagoen agure indargea, baizik eta basapiztia zauritua eta zokoratua, eroturik eta errabiatuta, edozein sarraski egiteko gai eta prest. III. Mundu Gerraren atarian gara, eta guk tinko eta fermu aldarrikatu nahi dugu geure kontsigna: GERRA INPERIALISTAK IRAULTZA SOZIALISTA BILAKATU!

Nork bere ahal eta aukeren arabera egin beharko du borroka goi bilera inperialista honen aurka. Euskal Herriaren kasuan, gailurrean gure bi estatu etsaiak elkartuko dira; Frantzia eta Espainia. Emmanuel Macron eta Pedro Sánchez. Azpimarratu nahi dugu sozialdemokrazia autonomistaren lotsagabekeria eta zinismo infinitua, alde batetik Espainiako Erresuman eta Nafarroa Garaian Pedro Sánchezen PSOEko Gobernuei bidean errazten, eta aldi berean G7ren aurka espantuka ari, eta tipula malkoak isurtzen...

Gure aldetik, eta jakinda G7 astelehenean amaituko dela, dei egiten dugu egun horretan, abuztuaren 26an Bidarteko Herriko Etxean elkartzeko, eguerdiko 12etan. Handik II. Mundu Gerrako nazifaxismoaren aurkako erresistentziaren oroitarrietara joanen gara, eta bertan HERRI BATZARRA egien dugu. Ondoren oinez Miarritze aldera abiatuko gara.

Egun hauetan Euskal Herriak etengabe pairatzen duen okupazio militarra biziki areagotu da, argi eta garbi utziz gure Nazioa lurralde konkistatu, okupatu, zatitu, kolonizatu eta zapaldua dela. Ez gara zakur mertzenario inperialista frantses, espainol eta baskoen beldur. Geure helburua argi dugu: Euskal Iraultza Sozialista eginez, kapitalismoa behin betikotz suntsitu, eta Nafarroako Euskal Errepublika Sozialista eraiki, klase, estatu eta patriarkaturik gabeko Euskal Herri libre eta burujabearen bidean. Helburu estrategiko hori lortu arte, BORROKA DA BIDE BAKARRA!

Gure goraintzirik beroenak egun hauetan Euskal Herrira hurbildu eta hurbilduko diren militante iraultzaile guztiendako. Internazionalismo proletarioaz lortuko dugu Kapitalismoa eta Inperialismoa suntsitzea. G7koak ez dira estatu kapitalista bakarrak, ederki badakigu hori, baina gure betebehar iraultzailea da marko geopolitiko honetan Inperialismoa garaitzea, gure arbasoek 778an eta 824an Orreagan egin zuten bezala.

 

SOZIALISMOAZ INDEPENDENTZIA!

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA ETA SOZIALISTA!

 

Comments (1)

  1. hosting

http://clubbracoaleman.es/images/hosting-75119.jpg

  Attachments
 
There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location