III. MUNDU GERRAREN GEOPOLITIKA

Comunicados

HERRITAR BATASUNAk bere elkartasun internazionalistarik beroena adierazi nahi dio Venezuelako Herri Langileari, eta aldi berean fermuki kondenatzen du berriki Nicolas Maduro presidenteak jasan duen atentatu terrorista eta inperialista. Iraultzaileon arteko kritika eta autokritika zorrotz eta zintzoak une larri honetan momentuz alde batera utzita, geure laguntza eta babesa ematen diogu, gogoz eta gogor, Venezuelako Bolivariar Iraultzari eta bere aldeko talde, alderdi, erakunde eta antolakunde guztiei, bereziki Maduro presidenteari. Aurrera, lagun eta burkideok! Gogor jo dezagun denok Inperialismoaren aurka eta Iraultza Sozialistaren alde!

Nikaraguatik Yemenera, Siriatik Koreara, Palestinatik Kolonbiara, Ukrainatik Afrika osora (Somalia, Sudan, Kongo, Nigeria, Afrika Erdiko Errepublika, Mali...), Afganistandik Venezuelara, Inperialismoa ofentsiba global betean ari da munduko Herri Langile guztion aurka. Testuinguru honetan kokatzen dugu magnizidio saiakera zital eta kriminal hau.

Maduro presidenteak seinalatu du atentatuaren egile intelektuala: Juan Manuel Santos Kolonbiako lehendakaria. Duela gutxi Kolonbia OTANen integratu da. Honek erakusten du Inperialismoaren benetako asmoak Venezuela eta Latinoamerika osoaren aurka: gerra. Bakearen Nobel saria jaso zuen 2016an Juan Manuel Santosek, FARCen sektore erreformista eta oportunistaren errendizioa lortzegatik. Jokaldia begi bistakoa da: Kolonbiako gerrilla desarmatzea baldintza ezinbestekoa da Venezuelako Boliviar Iraultza militarki suntsitzeko. Domino efektu kontrairaultzailea.  

Juan Manuel Santosekin batera, Bakearen Nobel sariaren zerrendan beste terrorista, hiltzaile eta fatxa asko agertzen dira Inperialismoaren aldeko lana egiteagatik ohorez beterik: Henry Kissinger, Menachem Begin, Lech Walesa, Mikhail Gorbatxov, Frederik De Klerk, Isaak Rabin, Shimon Peres, Jimmy Carter, Al Gore, Barack Obama, Kofi Annan, Europako Batasun Inperialista bera ere... Konpainia onean dago ultraeskuindar narkoterrorista kolonbiarra, Alvaro Uribe eta Iván Duquerekin batera hurrengo gerra inperialistak prestatzen Ameriketako Herri Langileen aurka.

Itsu egon behar da ez ikusteko Inperialismo yanki eta sionista sistematikoki erasotzen ari dela Latinoamerikako gobernu ezkertiar, progresista eta antiinperialista guztiak. Nikaragua izan da azken jomuga. Horren atzean dagoena, Txinak herrialde horretan eraiki nahi duen kanal interozeanikoa da, Panamaren parekoa, planetako oreka geoestrategiko guztia irauliko duena. Nikaraguan egin nahi dute Sirian egin zuten gauza bera. Eta hor ere, interes geopolitiko izugarriak daude jokoan, petrolioaren kontrola, oleoduktoen kokapena eta ustiapena, hain zuzen ere. Eta Sionismoaren interes estrategikoak Palestina eta Libanoko erresistentzia antiinperialista suntsitzeko. Nikaraguatik Siriara, eta Afganistandik Donbassera, HERRITAR BATASUNAk bat egiten du Inperialismo eta Faxismoaren aurka borrokatzen direnekin, direnak direla gure diferentzia eta ezberdintasun taktiko zein estrategikoak. Garbi dugu benetako etsai nagusia nor den, eta ez gara inoiz Inperialismoaren tranpetan eroriko.

Izan ere, Libiako suntsitze ikaragarritik ikasi dugu. Libia Afrikako herrialderik aberatsena zen, eta 2010ean, Mundu Bankuaren arabera, “hazkunde ekonomikoaren indize handiak eta garapen humanoaren indikadore altuak” zituen. 2011ko martxoaren 19an hasi zen eraso inperialista terrorista, Adolf Obama eta Hitllary Clintonen gidaritzapean. Zer egoen eraso honen atzean? Gadhafik moneta afrikar bat bultzatu nahi zuen, dolarraren eta frankoaren ordez, Afrika menpekotasun ekonomikotik ateratzeko. Libiak gas eta petrolio baliabide handiak ditu, eta ur erreserba estrategiko erraldoiak basamortuaren azpian. Estatu Batuek, Ingalaterrak, Frantziak, Estatu Sionistak eta petromonarkia arabiar ustelek ezin zuten hori onartu. Gadhafiri kritika iraultzaile asko egiten ahal zitzaizkion, jakina, baina bere ordez OTANek ezarri duen kaos islamista eta esklabistak argiro frogatzen du zeren eta noren alde egon behar genuen iraultzaileok, diferentziak diferentzia eta kritikak kritika. Ikas dezagun behingoz!

Munduko iraultzaile guztiontzat biziki larriak diren une erabakigarri hauetan, uste dugu planeta osoan garatzen ari diren klase borroken azterketa zein analisi zehatz eta orokorrak egin behar ditugula, gertaeren matazan eta korapiloetan ez galtzeko. Iparra argi izateko beti, begi, buru eta bihotzean : iraultza sozialistak mundu osoan, klase, estatu eta patriarkaturik gabeko sozietateak eraikitzeko bide zail eta luzean. Euskal Herriaren kasuan, Iraultza Ekosozialista eta Feministarekin batera, Independentzia eta Nafar Lurralde Batasuna berreskuratzea, eta erabateko Berreuskalduntzea.

Pasa den uztailaren 19an, “Faxismoaren aurka, Iraultza” izeneko agirian, hauxe genioen: “XX. mendean gertatu zen bezalaxe, kapitalismoaren krisi sakonak faxismoak eta mundu gerrak ekarriko dizkigu XXI. mendean ere.” Eguneroko gertaerek etengabe egiaztatzen dute esaldi hau. Urratsez urrats mundu mailako klase borrokaren kontraesan guztiak metatzen ari dira gure begien aurrean. Funtsezkoa da horien analisi egokia egitea, etsai inperialistaren tranpa, jukutria, iruzur eta amarruetan ez erortzeko.

Kapitalismo inperialistaren sistema globala bost krisitan murgilduta dago: 1.- Krisi ekonomiko sakon eta estrategikoa: kapitalaren metaketan, bere osatze organiko gero eta astunagoaren ondorioz, irabazien tasaren joera beheranzkoa delako. 2.- Estatu Batuen botere inperial absolutuaren gainbehera, dolarraren hegemonia finantzariaren higatzea, eta estatu kapitalista berrien goranzko joera: Txina, Errusia, India... 3.- Aldaketa klimatiko globala, zeina areagotuko baita modu bortitzean hurrengo hamarkadetan, jadanik nabaritzen dugun bezala. 4.- Baliabide mineral eta energetikoen urritzea, bereziki petrolioarena. 5.- Planetako ekosistemen kolapsoa, bereziki itsaso eta ozeanoena. Honek guztiak erakusten digu egoeraren larria, Humanitatearen existentzia bera jokoan baitago. Gaur egun inoiz baino argiago diogu: Sozialismoa ala Basakeria!

Krisi konplexu eta global honen argitan ulertu behar da III. Mundu Gerraren abiatzea eta azken urteetan gertatu diren gerra eta gatazka guztiak. Inperialismo kapitalista hegemonikoa, hau da, Estatu Batuak eta Estatu Sionista, beren aliatu zein sateliteekin batera, aspaldian ohartu ziren krisi global honen larritasunaz, eta kontra-ofentsiba gogorra prestatu zuten XX. mendearen bukaeran, 1979tik aurrera, beren boterearen aroa luzatu nahian. Reagan, Margaret Thatcher eta Karol Woijtyla izan ziren ofentsiba inperialista neoliberalaren buruzagiak. Helburua, Sozialismoa behin betikotz suntsitzea eta Kapitalismoaren erabateko garaipena planeta osoan.

1991an Sobiet Batasuna eta bloke sozialistaren kolapsoa gertatu ondoren, Estatu Batuak bilakatu ziren planetako botere hegemoniko absolutu. Jakitun ziren egoera horrek ez zuela luzaro iraunen, aipatutako krisiengatik. Horregatik abiatu dituzte azken hamarkadetan hamarnaka gerra prebentibo, zeinak hasi baitziren 2001eko irailaren 11an, Estatu Batuen eta Estatu Sionistaren zerbitzu sekretuek telegidatutako atentatu terrorista islamista haien bidez. Afganistan eta Iraken inbasioak, Palestina, Libano, Libia, Siria, Afrikako gerra guztiak... Eraso inperialisten zerrenda ikaragarria da.

Hor kokatzen dugu guk III. Mundu Gerraren ezkutuko abiapuntua. Aurreko mundu gerrekin gertatu zen bezalaxe, hasiera ofiziala askoz geroago izanen da, oraindik noiz ez dakigula. Baina kontraesan eta gatazken txirikorda eta kiribila 1914ko uztailaren 28an eta 1939ko irailaren 1ean baino hagitzez lehenago hasi zenez, argiro esaten ahal dugu III. Mundu Gerran murgilduta gaudela jadanik, eta hipotesi honen argitan ulertzen ahal ditugula azken hamarkadetan gertatutako guztia. Faxismoak eta mundu gerrak gainera heldu zaizkigu. Esna gaitezen behingoz! Winter is coming...

Gaur egungo Inperialismo kapitalista hegemonikoa, Estatu Batuak zein Estatu Sionista, eta OTANeko gainontzeko estatu satelite morroiak etengabeko gerren dinamikan murgildu dira. Azken helburua, Errusia eta Txina suntsitzea eta haiekin batera beren botere eta hegemonia zalantzan jar lezakeen estatu oro: Iran, Venezuela, Korea... Txina eta Errusia indar nuklear handien jabe direnez, Inperialismoaren estrategia da beren periferian gerrak etengabe piztea. Gerra komertzialak, teknologikoak, mediatikoak eta militarrak. Koreatik Ukrainara, Siriatik Nikaraguara. Hori da Estatu Batuen estrategia eta bereziki Donald Trumpen bidea: gerra fronte guztietan, Inperio yankiaren gainbehera nola edo hala saihesteko.

Estatu Sionistak bere agenda propioa segitzen du gerra inperialisten estrategia global honetan. Bere helburua denez Palestina erabat kolonizatzea eta sionismoaren hiriburua Jerusalemen ezartzea, erresistentzia palestinarra, Gazakoa bereziki, suntsitu behar zuten. Ezin izan zuten. Beraz, Palestina hausteko, Libanoko erresistentzia antiinperialista suntsitu behar zuten, Hezbollah bereziki. Porrot egin zuten. Ondorioz, Libano hausteko Siria suntsitu behar zuten. Ezin izan dute. Beraz, Siria suntsitzeko Iran desegin behar dute, eta ondoren Errusia. Hona hemen eskalada gerrazalearen logika ikaragarria: III. Mundu Gerra.

 OTANen baitako Estatu inperialista eta terrorista horien artean kokatzen dira Frantzia eta Espainia, Euskal Herriaren konkistatzaileak, okupatzaileak eta kolonizatzaileak, Euskal Herri Langilearen etsaiak. Beraz, euskaldunon borroka gure askatasunaren alde, gure kausa independentista eta sozialista iraultzailea antiinperialista da errotik eta hasieratik. III. Mundu Gerraren geopolitikan kokatzen gara, bete betean, helburu argi batekin: gerra inperialistak iraultza sozialista bilakatzea, Europaren bihotzean askapen nazionala eta soziala lortzea, gainontzeko Herri Langileekin batera, internazionalismo proletarioan oinarriturik. Euskal Errepublika Sozialista.

HERRITAR BATASUNAk argi eta garbi dio faxismoei eta gerra inperialistei aurre egiteko bide bakarra mundu osoan Iraultza Sozialista egitea dela. Hori zaila eta gogorra da. Iraultza Sozialista ez da egun batetik bestera antolatzen. Formazioa behar da, antolakuntza, eta borroka. Fronte guztietan. Urte luzez. Koste humano handiz. Baina mundu osoko langileok elkartu behar dugu, antolatu eta borrokatu, berandu izan dadin baino lehen.

Euskal Herrian, euskal langileok, gainontzeko herri sektoreekin batera, Euskal Iraultza Sozialista egin behar dugu, Frantzia eta Espainiako inperialismoen aurka, eta haratago, Kapitalismo globalaren kontra. Ez dago beste irtenbiderik. Badakigu badirela ustezko ezkerreko talde asko bide errazagoak eta bigunagoak, “errealistagoak” proposatzen dituztenak. Norbaitek esaten badizu askatasuna aise lortuko dugula, engainatu nahi zaitu. Norbaitek uste badu Faxismoak eta Mundu Gerrak lau urtetan behin, papertxo batez bozkatuz geldituko dituela, oker dago. Borroka da bide bakarra, borroka iraultzailea. Ez dago beste biderik,eta ez da izanen.

Alfer-alferrik da pentsatzea gerra eta katastrofe horiek guztiak Euskal Herritik urrun gertatzen direla eta ez dela gure afera, gu ongi bizi garela, eta hor konpon besteak. Jarrera hori, egoista eta zikina izateaz gain, suizida ere bada. Erabat. Euskal Herri Langilea nazio txiki bat da bi erraldoi inperialisten artean, eta ez dugu askatasun nazional eta soziala lortuko bi estatu etsai horiek irauli gabe. Eta hori, planeta honetako gainontzeko Herri Langileekin batera eginen dugu, ala ez dugu eginen.

Langileok, eta bereziki gazteok! Euskal Herriaren askatasuna nahi duzuen herritar oro! Antola zaitezte, gogor borroka ezazue! Guk ez dizugu esango non eta nola, hori zuek ikusi behar duzue, bainan argi izan gainera datorkigun ekaitz inperialista ikaragarria dela, eta horri aurre egin behar diogula. Faxismoa XX. mendean garaitu genuen bezala, inperialismoa ere suntsituko dugu XXI.ean, ez izan zalantzarik. Horretarako, formazioa, antolakuntza eta borroka dira bideak. Lana, ahalegina, izerdia eta nekea.

Fronte antiinperialista, antifaxista, antikapitalista, internazionalista eta iraultzaile zabala eraiki behar dugu hurrengo urteotan, datozen erasoen aurka denok batera borrokatzeko, eta Euskal Iraultzaren aldeko herri eta langile mugimendu guztiak indartzeko. HERRITAR BATASUNA prest dago aliantza zabalak egiteko programa independentista eta iraultzaile argi baten inguruan, Euskal Errepublika Sozialistaren bidean.

Askatasuna ez dugu lortuko sistemaren instituzioetan integratuz. Askatasuna ez dugu lortuko PNVko burgesia basko-espainol eta nazional-katolikoarekin Moncloako Estatutu baskongadoaren erreforma paktatuz eta horren aldeko giza kateak antolatuz. Askatasuna ez dugu lortuko PSOEri bozka emanez Espainiako parlamentuan. Askatasuna ez dugu lortuko Donald Trump terrorista inperialista zorionduz, ezta guardia zibilei herriko jaietan zapi gorria ezarriz. Askatasuna ez dugu lortuko Amnistia Osoa baztertuz eta bere ordez etsaien legalitatearen aplikazioa apalki erregutuz. Askatasuna ez dugu lortuko politiko profesional batzuen lan parlamentarioaren bidez. Askatasuna kalean, fabriketan eta fronte guztietan zorrotz antolatuz eta gogor borrokatuz lortuko dugu!

Aurrera! Independentzia, Sozialismoa, Euskal Herriaren Birbatasuna eta Berreuskalduntzea, Feminismoa, Ekologismoa, Internazionalismoa, Antifaxismoa... Gure helburuak eta idealak argia dira, eta ederrak. Merezi dute. Goazen denok batera haien alde borrokatzera! Txabi Etxebarrieta, Eustakio Mendizabal, Argala eta Euskal Iraultzaren aldeko borrokan eroritako gainontzeko gudari guztiak gogoan, preso dituzten euskal militante iraultzaile guztiak bihotzean, oihu egin dezagun:

Jo ta ke irabazi arte! Hasta la victoria, siempre!

GORA VENEZUELAKO IRAULTZA BOLIVARIARRA!

GORA HERRI LANGILEEN BORROKA ANTIINPERIALISTAK!

GORA NAFARROAKO EUSKAL LANGILE ERREPUBLIKA SOZIALISTA!

 

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location