FAXISMOAREN AURKA, IRAULTZA!

Oroimen historikoa klase borrokaren jokalekua da, zeren eta klase sozial bakoitzak, eta haien baitan joera politiko bakoitzak ere, bere interesen arabera idazten eta berridazten baitu Historia behin eta berriz.

Horregatik, urte luzez, 1936ko uztailaren 19an estatu espainolean gertatu zen herri langileen matxinada eta altxamendu antifaxista eta iraultzailea ezkutatua izan da, baztertua, atzendua, ahantzia, isilarazia... Egun horretan, ehunka mila langilek eta nekazarik aurre egin zioten faxismoari, armak eskutan, eta militarren estatu kolpea geldiarazi zuten leku askotan. Errepublika burgesaz haratago joan ziren, eta Iraultza abiatu zuten.

Eztabaidatzeko dago urte gogor eta nahasi horietan gertatutako guztia, Fronte Popularraren balantzea, alderdi eta mugimendu iraultzaile bakoitzaren jokaera, Espainiako Gerra Zibilaren bilakaera eta derrotaren zergatiak... Baina gaur azpimarratu nahi duguna hauxe da: XX. mendean gertatu zen bezalaxe, kapitalismoaren krisi sakonak faxismoak eta mundu gerrak ekarriko dizkigu XXI. mendean ere. Historiatik ikasi behar dugu: faxismoa da krisi garaietan burgesiak bere klase diktadura mantentzeko erabiltzen duen tresna bat. Ez dago erabateko haustura faxismo eta demokrazia burgesen artean, sistemaren ideologiak sinestarazi nahi digun bezalaxe. Biak Kapitalaren diktaduraren aldaerak dira, egoera politikoen beharren arabera txandakatzen direnak. Polizia ona eta polizia gaiztoa.

Faxismoaren adarrak ezin dira moztu bere erro kapitalistak erauzi gabe. Horregatik, II. Mundu Gerraren garaipena lortu ondoren, inperialismoak naziak eta faxistak babestu zituen masiboki, ihesbideak, aterpeak eta ezkutalekuak eskainiz, edota, Franco eta Salazar nazional-katolikoen kasuan, Gurutzada antikomunista berrian ohorezko lekua eginez. Oroitu 1953ko itunak Espainia frankista eta EEBB zein Vatikanoaren artean, edota 1959an Einsehowerrek Francori Madrilen emandako besarkada. Faxismoak eta sistema liberal-parlamentarioak burgesiaren diktaduraren forma desberdinak dira, baina muina berbera da beti: kapitalismoaren tirania.

Esperientzia hori egin dugu Euskal Herrian, non Frantziak eta Espainiak forma politiko desberdinak hartu izan dituzte mendez mende, monarkia absolutuak, diktadura faxistak, errepublika burgesak... bainan Euskal Herri langilearen aurkako zapalkuntza nazional eta soziala mantenduz, beti ere.

2018ko uztailaren 19 honetan, HERRITAR BATASUNAk hauxe adierazi nahi du: Iraultza Sozialistak bakar-bakarrik geldiarazi ahal du mundu osoan zehar gainera heldu zaigun faxismo gero eta ageriagoa. Europako demokrazia burges guztiak forma eta jokaera gero eta autoritarioagoak hartzen ari dira, kapitalismoaren krisiaren ondorioz, eta faxismora hurbiltzen ari dira gero eta gehiago. Estatu espainolaren kasuan, are nabariagoa da hori, ez baita sekula haustura demokratikorik izan frankismoarekin, baizik eta Monarkiaren Bigarren Berrezarkuntza, XIX. mendean I. Errepublika Espainola suntsitu ondoren egin zen bezala. 1978ko Konstituzioa neofrankista da osoki, eta horren baitan zapalkuntza nazional eta sozial gero eta gogorragoa izanen da Euskal Herri Langilearen aurka. Berdin gertatzen da Frantziako V. Errepublika gaullistarekin ere.

PNV eta EHBildu autonomismo estatutista basko espainolaren inguruan eta PSOEko gobernu bat babestuz ados jarri diren honetan, 1979ko Moncloako estatutuaren bertsio “amejoratua” beste berrogei urtez ezarri nahian, HERRITAR BATASUNAk  argi eta garbi esan nahi du Euskal Iraultza dela irtenbide bakarra, Independentzia eta Sozialismoa lortzeko, Berreuskalduntzea eta Birbatasuna erdiesteko. Helburua, Euskal Errepublika Sozialista da, eta horretarako antolatu eta borrokatu behar dugu, nor bere tokian. Ilusio erreformistek ez dute luze iraunen, laster agertuko da PNVrekin batera egindako operazio honen saldukeria. Ezker Abertzale Erreformistak uko egin dio bere iragan guztiari, uko die helburu guztiei, eta estatutismoan murgildu da, PNVren satelite politiko bilakatuz. Hemendik aurrera ezker abertzale izendapena kentzea erabaki dugu, gure ustez sozialdemokrazia autonomista baskoa, besterik ez dira.

Uztailaren 19a data gogoangarria izan behar da berriz estatu espainolaren zapalkuntzaren azpian bizi garen herri langile guztiontzat. Egun horretan faxismoari aurre egin zitzaion eta iraultza abiatu. Datozen urteotan gogor egin beharko dugu lan eta borroka, Euskal Iraultzaren alde, Frantzia eta Espainiaren aurka, gainontzeko herri langile guztiekin batera. Berriz ere diogu, antolakuntza eta borroka, Euskal Errepublika Sozialistaren alde, independente, feminista eta euskalduna. Aurrera! Jotake, irabazi arte!

Gora Euskal Iraultza!

Independentzia eta Sozialismoa!

Gora Nafarrako Euskal Langile Errepublika Sozialista!