AZAROAren 18an, DENOK BILBORA!

Comunicados

HERRITAR BATASUNAk bat egiten du arazoaren 18an, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak Bilbon deitu duen manifestazio nazionalarekin.. 

Dei egiten diogu Euskal Herri Langileari manifestazio horretara joateko, eta AMNISTIA OSOAren aldeko borroka indartzeko, are gehiago Ibon Iparragirre eta gainontzeko preso gaixoen aldeko ekimenak.

Ibon Iparragarrireren aurkako jendaurreko tortura legalak eta oro har larriki gaixorik dauden euskal preso politikoen kasuek argiro erakusten dute etsai ditugun bi estatu okupatzaileen nortasuna. Espainiako Erresumaren kasuan, azken hilabeteetan inoiz baino ageriago geratu da bere izaera neofrankista, Catalunyako borroka independentistari esker. Euskal Herrian betidanik genekienaz ohartzen hasiak dira beste nazioetako herritar asko: Espainia estatu faxista bat da, frankismo zaharra monarkia parlamentarioz mozorrotua. Aski berandu bada ere, pozgarria da 78ko erregimen neofrankistaren aurkako borrokara lagun berrriak inkorporatzea. Denon artean amilduko dugu sistema zapaltzaile hau!

Bi estatuen helburua, Euskal Herri Langilea makurraraztea da, eta horregatik torturatzen dituzte giltzapean dituzten euskal militante independentista eta sozialista iraultzaileak. Zeren espetxean bizi behar izatea tortura legala baita. Eta krudelkeria mugagabe horrek baditu helburu politiko zehatzak: terrorea zabaltzea euskal langileon artean, Euskal Herria askatzeko matxina ez gaitezen, Nafarroa Osoaren deskonkistaren alde borroka ez gaitezen, Sozialismoaren bidean urratsak egin ez ditzagun.

Bainan alfer-alferrik ari dira horretan, zeren eta Euskal Herri Langileak ez baititu bere seme-alabarik zintzoenak eta borrokalarienak etsaien presondegietan abandonatuko, emeki-emeki hiltzera kondenaturik.

AMNISTIA OSOA eskatzen dugu euskal militante guztientzat, eta gainontzeko borrokalari iraultzaile ororentzat ere. AMNISTIA OSOA eta baldintzarik gabea! Hori da Euskal Herria independente, sozialista, birbatua, berreuskaldundua, ekologista eta feminista lortzeko bide bakarra. Etsaiaren aurrean amore ematea ez da bidea. Etsaiaren espetxe legeria onartzea ez da bidea. Etsaiak aitzinean damutzea ez da bidea.

Irailaren 4ko agirian esan genuen bezala, EPPKko 221 presok erabakitako ildoa okerra da gure ustez. “Sauve qui peut!/¡sálvese quien pueda!” orokor bat da, “kolektiboki” onartua. EPPKren autosuntsitzea dela uste dugu. Aurtengo uztaileko kolektiboaren agirian agertzen da sakoneko kontraesan larria: Legearen bidea ibiliko dugu gure askatasuna eskuratzeko, gatazkaren gainditzeak hala eskatzen duelako. Jakitun gara, noski, gaur egun indarrean dagoen legediak kontrako bidetik garamatzala, ez dagoela irtenbiderik.” Hori aitortuta ere, bide oker, antzu eta autosuntsitzailearen aldeko hautua egin dute 221 preso politikoek! Ez gaude ados, eta ozenki esaten dugu, berriz ere, ahoan legarrik gabe.

Estatu zapaltzaileen legea presoak askatzeko erabiltzea ezinezkoa da, arau guztiak giltzapeko militanteen derrota politikoa lortzera bideratuta daudelako: damutzea eta kolaborazioa erdiesteko. Lege hauek bilatzen dutena da Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren batasuna eta elkartasuna suntsitzea, inolako babes sozial eta politikorik gabe utziz 40 urteko kondenak bete behar dituzten militanteak eta beren familiak, “damutu ala hil!” dilema aurrean ezarriz. Eta damututa ere, ez dira kalera aterako …

EPPKren gehiengoak hartu duen erabakiak ez du arazoa konponduko, baizik eta egoera sakonki okerragotuko, estatu okupatzaileen eskakizunak onartuko direlako. Euskal preso politikoek egin duten borrokaren legitimitatea hondoratuko da, jadanik gertatzen den bezala, “giza eskubideen diskurtsoak” hori dakarrelako.

Praktikan AMNISTIA OSOAren parametroak kontuan hartzen ez badira, bai zentzu taktikoan (errepresaliatu guztiak baldintzarik gabe eta libre etxera itzultzea) bai zentzu estrategikoan (Euskal Herri Langilearen garaipena, eta beraz, INDEPENDENTZIA eta SOZIALISMOA eskuratzea), damutzearen bide labainkorrean murgiltzen hasten gara.

Hori ez da bidea! Bidea, AMNISTIA OSOAren alde lan egitea da, Euskal Herria independente, sozialista, birbatu, berreuskaldundu, ekologista eta feministaren aldeko borroka global eta integralean kokaturik.

AMNISTIA OSOAren alde borrokatzea, betidanik egin izan dugun bezala, gure borrokaren legitimitatea aldarrikatzea da, eta estatu zapaltzaileen bortizkeria etengabe salatzea. AMNISTIA OSOAren alde borrokatzea, Independentzia, Sozialismoa, Birbatasuna eta Berreuskalduntzearen alde urte hauetan egindakoa defenditzea da, etsaien gezur eta manipulazioen aurka. AMNISTIA OSOAren alde borrokatzea da Euskal Iraultzaren esperantza bizirik atxikitzea, posibilismo eta oportunismo guztien kontra.

Irtenbidea, Amnistiaren aldeko borrokaren inguruan indarrak batzea da, eta haratago joanez, Ezker Abertzale Iraultzailea sendotzea arlo guztietan, Nafarroako Euskal Errepublika Sozialista eta Feministaren bidean.

 Amnistiaren aldeko mobilizazio guztiak babesten eta txalotzen ditugu, eta bereziki, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak antolatu duen manifestazioa, azaroaren 18an Bilbon eginen dena. 

PRESOAK KALERA, AMNISTIA OSOA!

AMNISTIARIK GABE, BAKERIK EZ!

BORRROKA DA BIDE BAKARRA!

GORA NAFARRAKO EUSKAL ERREPUBLIKA,

EKOSOZIALISTA, FEMINISTA,

KONFEDERALA ETA EUSKALDUNA!

 

 

 

 

Euskal Herrian, 2017ko urriaren 24an.

 

 

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location