MIKEL ARANBURU IRURETAGOIENA lagun ta burkide, borrokaren lekukoa pasatu diguk..

Duela 52 urte jaio hintzen Zarautzen. Hori data hutsa baino askoz gehiago duk, Mikel, Euskal Herriaren belaunaldi oso baten historiaren ezaugarritzea diagu. Herri honek Frankismoaren aurka egin zuen azken erresistentziarekin batera hazi hintzen, eta hor edoski huen heure gazte errebeldia.

 

 Hainbat gazte bezala, drogaren atzaparretan erori hintzen, zeina gure portuetara inpunitate osoz eta estatu botereen planifikazio kriminmalaz iristen baitzen, euskal gazteriaren matxinada suntsitzeko. Hire belaunaldia drogak larriki eta bortizki kolpatua izan huen. Hik, nahiz eta bere promesa faltsuetan erori hintzen, aurrera jo huen eta sendatu hintzen, eta heure argitasunetik, heure onkote izaerarekin, Euskal Herriaren Independentzia eta Sozialismoaren alde borrokatu hintzen, gaztetxean, kalean, lantokian. Baina lan egiten huen enpresak, beste hainbatek bezala, itxi egin zian isil-isilik, “krisia” omen zuan …

 Krisi ekonomikoa eta politikoa, Ezker Abertzalearen zuzendaritza klaudikante baten “trantsizioa”. Eta hik, Gaztetxetik, kaletik, eztabaida eta solasaldi militanteetatik, xaxatzen gintuan: “zerbait egin beharra dago, alternatiba errealak sortu behar dira, politikeroen errendizioa argi ikusten dugunontzat, traizio hori onartzen ez dugunontzat, borrokan segitu nahi dugunontzat”.

 Horregatik izan hintzen hor, Iruñean, HERRITAR BATASUNAren sorreran, ilusioz beterik, herri eta langile batzarretan oinarrituriko espacio berriekin. Horregatik izan hintzen aurtengo Aberri Egunean, Durangon. Horregatik parte hartzen huen gure mugimenduaren sortze prozesuan.

 Joan haiz, Mikel, izar gorri handi batean pausatu diren horietariko bat haiz. Ez diat ukatuko Zarautzen oso gutxi garela izar gorri horren atzetik ari garenok, eta hire joateak biziki bakarturik uzten nauela. Horrexegatik, hain zuzen, ahal dudan guztia egingo dut zure hutsunea betetzeko, trintxeran utzi duan tokia borrokaz okupatzeko. Kontu zaila duk, Mikel, ene osasun egoerarengatik eta zure txingurri lanaren handitasunarengatik.

 

 

 

IN MEMORIAN, IN BELLUM, BETI ARTE MIKEL!

 

 

 

Juanmari Madariaga HERRITAR BATASUNAren izenean