AMNISTIARIK GABE BAKERIK EZ!

Comunicados

HERRITAR BATASUNAk bere iritzia eman nahi du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, EPPKk, erabakitakoari buruz. Eztabaida baten ondorioz, 345 kide izanik eta aldeko 221 botorekin, SORTU alderdiak seinalatutako bidea hartzea erabaki berri du EPPKren gehiengoak.

Gogoratu behar dugu erabaki hau bat datorrela 2016ko urtarrilaren 13an Iruñean SORTUko kide Rufi Etxeberriak bere alderdiaren izenean finkatutako ildoarekin. Eta guztiz koherentea dela azken urteotan Ezker Abertzale osoaren izenean frakzio erreformista batek agertutako ideiekin. EPPKren bilakaera SORTU alderdiak gidatutako operazio politiko luze bat izan da. Operazio honen azken emaitza Espainiako Diputatuen Kongresuan pasa den astean aho batez onartutako ebazpena dugu, non betiko Ezker Abertzalearen aurkako esaldi lotsagarri hauek agertzen baitira: “La sociedad española nunca dará su brazo a torcer”, “Nuestra fuerza nace de su unidad”, “Expresar nuestro reconocimiento y gratitud (...) a los profesionales de las policías locales y policía catalana, cuerpos y fuerzas de seguridad del Estado”, “La defensa de nuestros valores democráticos”, “La defensa de la convivencia, las libertades y la democracia frente a quienes quieren imponer el terror o el odio”.

EHBilduren izenean adierazpen hau sinatu duena, Donald Trump zorionduz enbaxadore yankiari gutun bat idatzi ziona da: SORTUko kide  Marian Beitialarrangoitia. “Nola iritsi ote gara honaino?” galdetzen diote egun hauetan militante abertzale independentista eta sozialista askok beren buruari. Ikus dezagun eraldaketa erreformista honen kronologia laburra:

2009ko azaroan, Altsasuko adierazpena, non Mitchell senatariaren printzipioak onartu baitziren. 2010eko otsailean Zutik Euskal Herria agiria. Ekainean, Ezker Abertzale erreformista eta EAren arteko Lortu arte” hitzarmena. Irailean, Gernikako Akordioa. 2011ko otsailean, SORTUren estatutuak, sistemak inposatutako baldintza guztiak bere jardueran eta praktikan onartuz, haratago joanez eta handik aurrera salbuespen egoera amaiturik zegoela aldarrikatuz. Maiatzean, Bildu koalizioaren sorrera. Ekainean, Arnaldo Otegiren eta beste auzipetuen “Bateragune auzia”, Madrilen, etsaien aurrean adierazpen lotsagarriak eginez. Irailean, Amaiur koalizioa aurkeztu zen eta EPPKk onespena eman zion Gernikako Akordioari. Urrian, Zutik Euskal Herria zehazten adierazpena. Hil horren 18an Ezker Abertzale erreformistak Aieteko Nazioarteko Konferentziako ebazpenari "babes osoa eta irmoa" eman zion eta 20an, ETAk borroka armatua behin betiko utzi zuen.

Prozesu honetan egindako urratsak babesteko, hauxe agindu zien SORTUren zuzendaritzak Ezker Abertzaleko hainbat militante eta eragileri: borroka armatuaren amaierak masa konfrontazio, desobedientzia sozial eta intsumisio instituzionalaren ziklo sendoa ekarriko zuela. Berehala kontrakoari ekin zioten, ordea. Estatuekin herri konfrontazioa egiteko gaitasuna zuen edozein eragile eta herri mugimendu desagerrarazi zituzten. Honen adibiderik argiena “Adierazi Euskal Herria” koordinakundea likidatu eta haien kontrolpeko antolakundeez ordezkatu zutenean gertatu zen. Edota Askatasuna erakundea desagertu zenean, 2012ko ekainean.

Hortik aurrera, EPPKren zuzendaritza urratsez urrats joan da bere jarduera egokitzen SORTUren estrategiara: 2012ko ekainaren 2an, “irtenbidea konponbide integralarekin loturik doa, Amnistia - Autodeterminazioa” esaten bazen ere, hauxe ere bai: “Alde anitzetako minaz jabetzen gara erantzukizun osoz”. Lehen urratsa zen igelaren teknikan. Gauza jakina baita igel bat ur irakinera jaurtitzen bada, jauzi egiten duela berehala indar handiz, bere burua salbatuz. Ostera, ur epelean murgilduz gero, eta tenperatura kontu handiz eta progresiboki igotzen bada, igela hantxe egosiko da bizirik eta bertan hilen, erresistentzia egin barik, ohartu gabe...

2013ko abenduaren 28ko honako hau esan zuen EPPKren zuzendaritzak: “Gatazkaren ondorioz eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortzen dugu.(…) Ontzat eman dezakegu gure etxeratze-prozesua -Euskal Herriratzea lehentasunez eta kaleratzea ezinbestez-, lege-baliabideak erabiliz gauzatzea, guretzat inplizituki zigorraren onarpena dakarren arren. (…) Gure jarduera politikoaren ondorioz gatazka politikoan izandako ondorioekiko erantzukizun osoa onartzen dugu.” 2016ko azaroan, berriz, hau zioen: “ETAk hartutako erabaki estrategikoarekiko funtsezko desadostasuna oinarritzat hartuta, ziklo politikoaren irakurketa guztiz bestelakoa egiten duen sektore zehatz batek presook ikurtzat hartuta egin die aurre Ezker abertzalearen erabaki nagusiei. (…) Talde horiek EPPKren egiturak aintzat hartu gabe Kolektiboaren baitan eragin dute urteotan eta kidegoaren artean ematen diren kezkak erabili Ezker abertzalearen ildoari eraso egin eta hartutako erabakiak zalantzan jartzeko.”

Lehen aldiz, EPPKren agiri batek ordura arteko neutraltasun itxura neurtua utzi zuen, Ezker Abertzale iraultzailea erasotuz. “2011ko urriaren 20tik aurrera EPPKren erresistentzia-funtzioa amaituta”, aurreko ildoa utzi egin behar zen “garai berrietara” egokitzeko: “Preso bakoitzaren egoera juridikoaren arabera ildo juridikoan aukera desberdinak egongo dira. Proposamena kolektiboki ontzat ematen bada, norbera izango da ildo juridikoak eskaintzen dituen aukera horiei heltzea edo ez erabakiko duena, preso bakoitzak erabakiko du egin daitezkeen eskaera edo bide legal ezberdinei (erredentzioak, kartzela destinoak, graduen aldaketa, baimenak, Euskal Herrira hurbiltzea, baldintzapeko askatasuna, etab) heltzea edo ez heltzea, eta horretan, ildoa kolektiboki onartu denez, taldearen babesa eta laguntza izango du une oro kide horrek.”

Sauve qui peut!/¡sálvese quien pueda!” orokor bat, hori bai, “kolektiboki” onartua. EPPKren autosuntsitzea. Aurtengo uztaileko agirian agertzen da sakoneko kontraesana: Legearen bidea ibiliko dugu gure askatasuna eskuratzeko, gatazkaren gainditzeak hala eskatzen duelako. Jakitun gara, noski, gaur egun indarrean dagoen legediak kontrako bidetik garamatzala, ez dagoela irtenbiderik.” Hori aitortuta ere, bide oker, antzu eta autosuntsitzailearen aldeko hautua egin dute 221 preso politikoek!

HERRITAR BATASUNAren ustez, EPPKren gehiengoak erabakitako ildoa okerra da, SORTUren estrategia erreformista eta posibilistaren baitan kokatzen delako. Gaur egun aski elementu ditugu estrategia horrek noraino eraman gaituen, nora garamatzan eta norantz eramanen gaituen jakiteko. Estatu zapaltzaileen legea presoak askatzeko erabiltzea ezinezkoa da, arau guztiak giltzapeko militanteen derrota politikoa lortzera bideratuta daudelako: damutzea eta kolaborazioa erdiesteko. Lege hauek bilatzen dutena da Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren batasuna eta elkartasuna suntsitzea, inolako babes sozial eta politikorik gabe utziz 40 urteko kondenak bete behar dituzten militanteak eta beren familiak, “damutu ala hil!” dilema aurrean ezarriz. Eta damututa ere, ez dira kalera aterako …

EPPKren gehiengoak hartu duen erabakiak ez du arazoa konponduko, baizik eta egoera sakonki okerragotuko, estatu okupatzaileen eskakizunak onartuko direlako. Euskal preso politikoek egin duten borrokaren legitimitatea hondoratuko da, jadanik gertatzen den bezala, “giza eskubideen diskurtsoak” hori dakarrelako. Altsasu eta Oreretako preso politiko berriei beren izaera politikoa bera ere ukatu egiten zaie erro-errotik, beren borroka zeharo despolitizatuz eta desitxuratuz, horrela Estatuaren errepresioaren atzaparretatik “errazago” irtengo direlakoan. Areago, abuztuaren 26ko agirian EPPKren zuzendaritza prest agertzen zen “eragileekin bide orri bat adosteko, presoak kaleratzeko”. Abuztuaren 30ean PPren gobernua sustengatzen duen PNVk erantzun dio, Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa negoziatuko duela esanez, eta ez espetxe politika.

Hona hemen ETAko preso politiko ohi baten gogoetak: “Praktikan eta erabakiaren mamiari erreparatuz gero, ez dira Amnistiaren parametroak kontuan hartzen, bai zentzu taktikoan (errepresaliatu guztiak etxera itzultzea) bai zentzu estrategikoan (Euskal Herriaren eskubide nazionalak eta sozialak aitortzea). Ondorioz, errepresioaren noriak biraka segituko du gelditu gabe. Horrez gain, ez da soilik kartzelei dagokien kontu bat, izan ere, badela denbora, SORTU indarrezko legalitatean kokaturik dagoela, eta ETAk jarduna bertan behera utzi duela eta beraren armagabetzea gertatu egin dela. Estatuei aurre egiteko zirkulu politikoa itxi egin da. Hemendik aurrera Ezker Abertzale Ofizialak, eta bere mendean dagoen orok, espainiar eta frantses legalitatearen parametroen pean jardungo

du soil-soilik. Gure etsaien legeriari men egin eta heltzeko erabakiak iraganaren eta geroaren arteko mugarria ekartzeaz gain, etorkizuna baldintzatzen du nola edo hala, alegia, Euskal Herria sozialistaren alde borrokatzeagatik espetxeratuak izango diren euskal militante berrien etorkizunaz ari gara.”

Amnistiaren alde borrokatzea, betidanik egin izan dugun bezala, gure borrokaren legitimitatea aldarrikatzea da, eta estatu zapaltzaileen bortizkeria etengabe salatzea. Amnistiaren alde borrokatzea, Independentzia, Sozialismoa, Birbatasuna eta Berreuskalduntzearen alde urte hauetan egindakoa defenditzea da, etsaien gezur, manipulazio eta intoxikazioen aurka. Amnistiaren alde borrokatzea da Euskal Iraultzaren esperantza bizirik atxikitzea, posibilismo eta oportunismo guztien kontra.

Irtenbidea, Amnistiaren aldeko borrokaren inguruan indarrak batzea da, eta haratago joanez, Ezker Abertzale iraultzailea sendotzea arlo guztietan, Nafarroako Euskal Errepublika Sozialista eta Feministaren bidean. Amnistiaren aldeko mobilizazio guztiak babesten eta txalotzen ditugu, eta bereziki datorren igandean, irailaren 10ean, eguerdiko ordu batean Donostiako bulebarretik abiatuko dena, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak antolatua. Borroka da bide bakarra!

Euskal Herrian, 2017ko irailaren 4an.

HERRITAR BATASUNA

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location