2021ko OMENALDIA: Txabi Etxebarrieta
TXABI ETXEBARRIETA GOGO – BIHOTZEAN
Arratsalde on denei!
Urtero bezala elkartu gara hemen euskal iraultzaile batzuk, Txabi Etxebarrietaren omenez. Oroimenez. Oroiminez.
Zer adierazi nahi dugu honen bidez?
Esan nahi dugu Txabiren borroka bizirik dagoela, Txabi gure artean eta gure ekintza militante iraultzaileetan bizi dela.
Euskal Iraultza Sozialistaren aldeko militanteak gara Txabi izan zen bezala. Borrokan segitzen dugu betiko ideal eta helburuen alde.
INDEPENDENTZIA
SOZIALISMOA
BERREUSKALDUNTZEA
BIRBATASUN NAZIONALA
Guretzat, zein da omenaldirik onena? GARAIPENA!
Guk MEMORIA IRAULTZAILEA aldarrikatzen dugu. Hau da, iraganeko borroken legitimitatearen defentsa, gaurko eta biharko borroken alde.
Atzoko, gaurko eta biharko gudari iraultzaile guztien alde gaude gaur hemen, Txabi Etxebarrieta hil zuten toki berean.
Zenbat gauza esango genuke! Zenbat oroitzapen! Zenbat lagun eta burkide, borrokan hilak...
Txabi Etxebarrietaren hitzak entzutea da gaurko ekintzarik hoberena, zeren Franco diktadore nazional-katoliko faxistaren mertzenario terroristek 1968ko ekainaren 7an hil egin bazuten ere, bizirik da gure artean, eta bere hitzak betikotz gelditu dira erroturik eta iltzaturik gure gogo-bihotzetan.
Gure Euskal Herrian, batez ere, bi erreformismo mota agertzen zaizkigu: nazionala eta soziala.
Bata eta bestea erreakzionario eta euskaldunon etsai ikusten ditugu.
Erreformista batzuek erreforma sozialen bitartez Sozialismoa ezar daitekeela pentsatzen dute.
Ez dira konturatzen jabego pribatuaren gain egiten diren erreforma guztiek ez dutela zalantzan jartzen jabego pribatua bera bere funtsean.
Horrela ekoizpen modu kapitalista finkatu baizik ez da egiten.
Eta denok dakigu gizon-emakumeok ez garela abstrakzioan desarroilatzen, Herri baten parte edo zati gisa baizik.
Herri honek badu bere kultura, bere hizkuntza, bere kondizio bereziak.
Kondizio horiek eragiten dute Herri baten bilakaera desberdina izatea.
Euskal Herrian erreformismo ekonomizista honek erreformismo nazionala ekartzen du, eta agerian dago praktikan etsaia dela, Espainia eta Frantzia estatuen Inperialismoaren alde jokatzen baitu.
Era berean erreformista nazionalek pentsatzen dute aski direla halako adabaki batzuk independentzia politikoa lortzeko.
Alde batetik zapaltzaileen indarra ikusten dute eta bestaldetik ez dute konfidantzarik Herriaren indarretan.
Orduan estatu zapaltzailearen egituren barnean lan egitea beste biderik ez dute ikusten.
Honela, erreformista horiek estatu zapaltzailearen barrenean nazionalki zapaldurik dagoen Herri baten askatasuna lor daitekeela uste dute.
Eta, nola ez! Aurkitu dute biderik “seguruena”: estatutismoa.
Honen berehalako ondorioa legalismoan hezurretaraimo sartzea da.
Beraz, ikusten dugu nola erreformismo nazionalak berarekin ekartzen duen erreformismo soziala baita alderantziz ere.
Eta egiazki horrela behar du, zeren ez baitaude bi arazo diferente, arazo bakarra baizik.
Euskadi bat da, sufritzen duen eta esplotatua den Herria bat baita.
Zer gehiago esan dezakegu guk?
Txabi, hire borroka bururaino eramanen dugu!
Zin dagizugu, orain eta hemen, Goardia Zibilak hil zintuen toki berean.
GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!
GORA ATZOKO, GAURKO ETA BIHARKO GUDARIAK!
GORA NAFARROAKO EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!
JOTAKE, IRABAZI ARTE!
EUSKO GUDARIAK
INTERNAZIONALA
Zutik, lurrean kondenatu
zaren langile tristea.
Nekez ginen elkarganatu,
indazu albiristea!
Gertatuak ez du ardura,
jende esklaboa jaiki!
Aldaketak datoz mundurat!
Nor den Herriak badaki!
Oro gudura, hala,
bihar izan dadin,
Internazionala,
jendearen adin (birritan)
Orreaga 2021
Orreaga 2021
Bizirik dirauten nazio guztiek dute euren egutegian biziraupenaren aldeko borrokaren une garrantzitsuenak. Hots, une horiek non herri batek “bizi nahi dut!” ozen esaten duen eta, egitateen bidez, frogatu egiten duen haren bizinahi hori. Esan gabe doa gurea bezalako nazio zapalduek bereziki beharrezko dutela oroimen historikoaren ariketa hauek.
Esan gabe doa ere guretzat hauetako egun bat, eta oso esanguratsua dena, Abuztuaren 15a dela. Hain esanguratsua ezen gure Nazio-Eguna izan behar duelakoan baikaude. Izan ere, egun hartan gure arbasoek inbaditzaileei aurre egiteaz gain, irabazteaz gain, ahalbideratu zuten periodo historiko luze batean gure herriaren biziraupena bermatu zuen estatu bat, nafar estatua. Nahiko arrazoi dena, gure ustez, Orreagako guduaren data euskal egutegi nazionaleko nagusia izateko.
Jakin badakigu, noski, estatu hura, beraren estatu garaikide guztiak bezala, garaiko klase esplotatzaileen estatua zela, jauntxo feudalena, hain zuzen ere. Izatez, ez dago klase-izaerarik gabeko estaturik eta orain dela 1200 urte pasa klase esplotatuek ez zeukaten botere politikoa hartzerik. Horiek hala, gure arbasoek eraiki zuten historikoki posiblea zen estatua. Herri langileak, herri esplotatuak asmatu zuen euskal estatu baten alde egiten, estatu zapaltzaile arrotzen kontra: Inperio karolingioa, Aragoi, Gaztela, Frantzia, Espainia... Beti ere klase esplotatzaileen gidaritzapean, Euskal Herri Langileak, berriz, ez zeukan estrategia propiorik. Aitzitik, askatasun- eta biziraupen-sen espontaneoak gidari jarduten zuen. Zeinak egun ere beharrezkoa ditugun arren, ez dira nahikoak. Zeren eta egungo klase esplotatzailearen, burgesiaren, zatiki guztiak integratu baitira estatu zapaltzaileen klase-menderatzaileen blokeetan. Herri langileak, euskal langileriak haren estrategia sortu behar du.
Egun, gainera, gure independentziaren aldeko borrokak ez du egiten Frantziako eta Espainiako estatuen kontra soilik. Hauek kide dituen bloke inperialista, inperialismo yanki-sionista, ere dugu oztopo. Behartzen gaituena bloke horrekin gatazkan dauden herri eta estatuekin aliantzak bilatzera. Eta ez dago horretarako prest dagoen Euskal Herriko burgesiaren sektorerik.
Laburbilduz, honen guztiaren ondorioz, Euskal Herri Langileak bere askapen nazionalaren subjektu bakarra izan behar du. Klase-Independentzia nazio-independentzia eskuratzeko ezinbesteko baldintza dugu beraz. XXI. mendeko estrategia independentistak iraultzailea, antinperialista eta antikapitalista izan behar du eta euskal estatuak, nafar-estatuak, estatu sozialista bat.
Herritar Batasuna