IRAULTZA DA BIDE BAKARRA

Egoera politiko eta soziala aztertzeko unean, lau faktore nagusi errepikatzen dira maila guztietan, hala Euskal Herrian, nola zapaltzen gaituzten bi estatu inperialistetan ere, Frantziako Errepublikan eta Espainiako Erresuman. Gauza bera gertatzen da Europan, baita planeta osoan ere. Klase borroka guztiak elkarloturik eta harremanetan baitira.

IRAULTZA DA BIDE BAKARRA

HERRITAR BATASUNAKO BATZAR NAZIONALAREN AGIRIA

           2020ko hasiera honetan, HERRITAR BATASUNAko Batzar Nazionalak gaur egungo klase borrokaz duen analisia partekatu nahi du Euskal Herri Langilearekin eta munduko iraultzaile guztiekin.

          Egoera politiko eta soziala aztertzeko unean, lau faktore nagusi errepikatzen dira maila guztietan, hala Euskal Herrian, nola zapaltzen gaituzten bi estatu inperialistetan ere, Frantziako Errepublikan eta Espainiako Erresuman. Gauza bera gertatzen da Europan, baita planeta osoan ere. Klase borroka guztiak elkarloturik eta harremanetan baitira.

          1.- Lehen faktorea, nagusia eta determinatzailea, Kapitalismoaren krisi larri eta sakona da. “Kapitalismo senila” deitu izan zaio Inperialismoaren fase honi, bainan esamolde honek iradokitzen du zaharreriak jota dagoen sistema ahul eta erkin baten irudia, eta gure ustez ez da egokia. Nahiago dugu Kapitalismo agonikoa esan, alde batetik hilzorian, dekadentzian eta gainbeheran dagoelako, eta bestetik basapiztia larriki zaurituaren errabiaz, gorrotoz, erokeriaz, heriosuharrez eta desesperazioaz jokatzen ari delako. Horregatik langileok ezin gara geratu Kapitalismoaren berezko hondoratze automatikoaren zain, guk geuk suntsituko beharko dugu, bere krisiez baliatuz, geure burua zorrozki antolatuz, gogor eta tinko borrokatuz, Iraultza Sozialistak eginez. Bestela, bere hondamendiak, zeina Inperio Erromatarrarena baino askozaz ere luze eta katastrofikoagoa izanen baita, Humanitatearen extintzioa ekarriko du.

           Sistema kapitalista bere muga historikoetara iristen ari da, Karl Marxek XIX. mendean bere ekonomia politikoaren kritikan modu zientifikoan aurreikusi zuen bezala. Irabazien tasa maila historikoki baxuak mantentzen da, 1929-1939 periodoko mailetatik gertuago dago 1950-1970 periodokoetatik baino. 2007ko krisia, 1929koa baino hagitzez sakonagoa, bere hamahirugarren urtean sartua da jadanik, kapitalaren metaketaren ziklo berri batean hasteko inolako perspektibarik gabe. Krisi ekonomikoari gehitu behar diogu Kapitalismo industrialak berak eragindako krisi ekologiko globala, zeinak areagotzen baititu arazo politiko eta sozial guztiak eta Humanitatearen existentzia bera arriskuan eta galbidean jartzen duena.

          2.- Bigarren faktorea da Burgesiak mundu mailan abiatu duen ofentsiba orokorra, bere boterea mantentzeko eta irabazien tasa kosta ahala kosta igotzeko. Ofentsiba honen ardatza langileon bizitzaren arlo guztien erabateko prekarizazioa da. Helburu terrorista honen adibideak zenbatezinak dira: pentsio publikoen aurka egiten ari diren erasoak, prekarietatearen areagotze masiboa, murrizketak hezkuntza, osasun eta zerbitzu publikoetan, soldaten jaitsierak, kaleratzeak, etxegabetzeak, pobrezia eta miseria larria, langabeziak eragindako angustia eta depresioak, suizidioak, jendea kale gorrian hotzez hiltzea, pobrezia energetikoa, haurrak goizero gosez eskolara joan behar izatea, gerrek eta zapalkuntza inperialistak eragindako migrazio eta deportazio ekonomiko behartuak, esklabutzaren garaian bezala, nazismoaren eta faxismoen gorakada...

          Honekin batera, Inperialismo hegemonikoa, anglo-saxoi eta sionista, Ameriketako Estatu Batuak buru, gero eta gerra zein gatazka handiagoetan murgiltzen ari da. Estatu Batuen hegemonia gainbeheran da, eta honek areagotzen ditu potentzia inperialista honen erasoak, mehatxuak eta interbentzioak mundu osoan. Palestina, Irak, Afganistan, Siria, Libia, Bolivia, Yemen, Venezuela, Brasil, Korea, Ukraina, Iran... zerrenda amaigabea da. Honen ondorioz, bi bloke sortzen ari dira munduan: Inperialismoaren aurka ala haien alde, ez dago erdibiderik ezta ekidistantziarik ere. Horrela, III. Mundu Gerrak modu ageri eta gordinean eztanda egiteko arriskua gero eta hurbilago dugu, eta horren aurrean guk Leninen kontsigna berreskuratu nahi dugu: Gerra Inperialistak Iraultza Sozialista bilakatu!

          3.- Hirugarren faktorea dira mundu osoko proletarioen, hau da, produkzio tresnez desjabetuak izan diren langileen eta nekazarien erantzunak. Bi moldetan gertatzen ari dira. Alde batetik, ilusio erreformista eta demokratiko burgesetan oraindik sinestea, alderdi sozialdemokratak eta zentro ezkerrekoak babestuz (Espainiako gobernu erreformista berria PSOE-Podemos, adibidez, edota Hego Euskal Herriko hauteskundeen emaitzak...) eta bestetik, posibilismoaren lilura amaitzen denean, sozialdemokraziak bere benetako aurpegi kapitalista erakusten duenean, helburu, programa eta gidaritza iraultzaile argirik gabeko matxinadak, altxamenduak eta errebolta espontaneoak, (Estatu Espainoleko 15-M, Ekuador, Txile, Haiti, Frantzia...) zeinak laster indargabetzen baitira, antolakunde zorrotz eta tinkorik gabe, Botere Burgesak neutralizatuak.

          4.- Laugarren faktorea, kualitatiboki esanguratsua eta esperantza iturria munduko iraultzaile guztiontzat, Erresistentzia Antiinperialistaren Ardatzaren tinkotasuna da. Venezuelatik Koreara, eta bereziki Asiako mendebaldean (Palestina, Libano, Siria, Irak, Yemen, Iran...), Nazio zapaldu batzuk erresistentzia heroikoan ari dira Inperialismo hegemonikoari aurre eginez. Borroka horiek argi erakusten duten zein den bidea Sistema Globalari aurre egiteko, eta garbiki frogatzen dute gogor borrokatuz garaipenak lortu ahal direla. Hortzez eta haginez. Izerdiz eta odolez. Stalingraden eta Vietnamen bezala. Palestinan eta Sirian bezala. Panorama honen aurrean, HERRITAR BATASUNAk honako hau adierazi nahi du:

               1.- Euskal Herria Inperialismoaren erdigunean kokatuta dagoenez, ilusio eta ameskeria erreformistak oso indartsuak dira oraindik euskal langileen artean. Honek esplikatzen ditu Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren derrota erabatekoa eta errendizio inkondizionala gertatu ondoren, PNV zein EHBilduren emaitzak azken hauteskundeetan, Mendebaldeko Estatutu Berriaren ponentzia, PNV eta Podemosen arteko aurrekontuen ituna, PSOEko Gobernuak Espainiako Erresuman eta Nafarroa Garaian, EHBilduk sotto voce babestuta, mugimendu independentista borrokalariaren eklipsea, espainolizazioaren aurrerakada arlo guztietan, Euskararen atzerakada paraleloa, etab... Haustura iraultzailea bazterturik, posibilismoa da jende askori gelditzen zaion bide bakarra, sisteman integratzea eta bere baitan aldaketatxoak egitea, helburu historikoak, Amnistia, Independentzia, Sozialismoa, Birbatasun Nazionala eta Berreuskalduntzea, de facto bertan behera utzita. Iraultza ezinezkotzat jotzen da, eta ondorioz, ezinezko bilakatzen da. Baina bitartean Euskal Herri Langilearen aurkako zapalkuntza nazionala eta soziala gordindu eta areagotzen ari da, eta politikero profesionalen kalaka etengabeek ez dute egitate hori ezkutatuko.

               2.- Hala ere, Euskal Herri Langilearen proletarizazioa aurrera doan neurrian, langabezia, prekarietatea eta miseria areagotzen diren heinean, sektore iraultzaileak sortzen ari dira poliki-poliki, gazteen artean bereziki. Guk bat egiten dugu belaunaldi berriekin, eta dei egiten dugu urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean indar guztiez parte hartzeko, bloke propioak sortuz manifestazio eta agerraldi guztietan, mezu argi batekin: Iraultza da bide bakarra, eta Euskal Proletalgoak eraman behar du horren gidaritza. Erreformistek helburu minimalista eta partzialekin deitu duten greba baliatu behar dugu haratago joateko, kontzientziak pizteko eta Ezker Independentista Iraultzailea indartzeko, Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailea eraikitzeko bidean, Euskal Estatu Sozialista helburu. Zer lan, bizi eta pentsio duin izan daiteke Kapitalismoaren uztarripean? Ez al gara konturatzen Burgesiak bere irabazien tasa igo nahi eta behar duela nahitaez, eta horretarako soldatak, pentsioak, langabezi sariak, hezkuntza eta osasun zerbitzuak, kapitalisten etekinak apaltzen dituen neurri oro bortizki eta basatiki murriztuko dituela, den-dena pribatizatuz?

               3.- Espainiako Erresuman gero eta larriagoa da Erdi Arotik datorren proiektu inperialista espainolistaren azken fasea den 36-78 Erregimenaren krisia maila guztietan. Bainan haustura iraultzailea Estatu Espainoleko Herri Langileen arteko elkarlanaz eta solidaritate internazionalistaz gorpuztu beharrean, kontrakoa ikusten dugu: sozialdemokrazia guztiak, espainolistak (PSOE, Unidas Podemos) zein nazio zapalduetakoak (ERC, EHBildu, BNG) Monarkia eta sistema osoa apuntalatzen ari dira, faxismo neofrankista (Vox, PP eta Ciudadanos) goraka doan bitartean, eta harek sortutako beldurraren aitzakiaz. Catalunyaren askapen nazionalaren prozesua zen haustura iraultzailearen motorra, eta momentuz indargabeturik gelditu da burgesia txikiaren posibilismoaren ondorioz. HERRITAR BATASUNAk bere babes eta laguntza adierazi nahi dio Catalunyako CDR mugimenduari. Beste behin ere frogatuta gelditu da alderdi politiko burgesek ezin dutela inolaz ere nazio zapaldu baten independentzia lortu, beren klase interesek eragozten dietelako. Euskal Herrian, Catalunyan, Galizan, Andaluzian, Kanarietan, nazio zapaldu guztietan, Sozialismoak bakarrik lortu ahal du Independentzia. Proletalgoaren independentzia politikoak bakarrik bermatu ahal du Nazioarena. Independentzia burgesen aroa amaitu da.

               4.- Estatu Frantsesean, Txilen, Ekuadorren eta beste toki askotan gertatzen ari diren klase borrokek erakusten digute mobilizazio masiboek deus gutti lortzen dutela programa eta helburu iraultzailerik gabe, aise eta erraz neutralizatzen dituela Botere Burgesak. Honek berriro ere frogatzen du Historian behin eta berriz Langileriak malkoz, izerdiz eta odolez, larrutik egiaztatua: teoria eta abangoardiako organizazio iraultzaileen garrantzia estrategikoa, Herri Langileen borrokak elkartu, trinkotu, eta zorrozteko, Kapitalismoa suntsitzearen eta Sozialismoaren garaipenaren bidean.

               5.- Erresistentzia Antiinperialistaren Ardatzarekin bat egiten dugu. Bereziki salatu eta kondenatu nahi dugu Estatu Batuen azken ekintza terrorista, Quassem Soleimani eta gainontzeko gudari antiinperialisten asasinatzea. Palestinatik Siriara, Libanotik Iranera, Venezuelatik Koreara, Yemendik Irakera, Erresistentziaren Ardatzak bidea erakusten digu: tinkotasuna printzipioetan, fideltasuna borrokari, pazientzia historikoa helburuak lortzeko, sekula santan amore ez ematea, Inperialismoaren beldur ez izatea, konfiantza Herri Langile eta Nazio zapalduen indarretan, militantzia, austeritatea eta sakrifizioa garaipenaren bidean. Laburbilduz, CHE Guevarak irakatsi zigun guztia. Inperialismoa suntsitzea da planeta honetako iraultzaile guztien lehen helburu eta betebeharra, eta Euskal Herria erdigune inperialistan dagoenez, honek ematen dio bere dimentsio internazionalista sakona Euskal Iraultza Sozialistari. Aurrera, beraz!

          Mundu mailako burgesiaren ofentsibari aurre egiteko organizatu behar dugu. Euskal Herrian, Ezker Independentista Iraultzailearen antolakunde guztiak indartu behar ditugu, Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailearen eraikuntza helburu. Euskal Estatu Sozialista xede.

          HERRITAR BATASUNAk martxoaren 29an eginen du bere Lehen Kongresua. Bertan eztabaidatuko ditugu geure Oinarri Teoriko eta Estrategikoak. Ateak zabalik ditugu euskal iraultzaile guztientzat. Eztabaidatuko ditugun puntuen artean hona hemen bi esanguratsuenak:

               * HERRITAR BATASUNA Iraultza Sozialistarako Euskal Herri Langilearen aliantza eta elkargune estrategikoa da, masa antolakunde abertzale eta iraultzailea. Bere helburu taktikoa Euskal Iraultza Sozialista egitea da, hau da, Euskal Herri Langileak, Euskal Proletalgo Iraultzailearen gidaritzaz, bere hegemonia taktiko eta estrategikoaren bidez, botere politiko eta ekonomikoa eskuratzea Euskal Herrian, gu zapaltzen gaituzten Estatu Burges Inperialistak suntsituz eta Herri zein Langile Botereak zuzendutako Euskal Estatu Sozialista eraikiz.

               * HERRITAR BATASUNAren helburu estrategikoa, aldiz, haratago doa; klase, estatu eta patriarkaturik gabeko Euskal Herri libre eta burujabea da.

          Dei egiten diegu euskal langile guztiei urtarrilaren 30ko greba parte har dezaten, erreformisten epelkeria gaindituz eta haratago joanez, Proletalgoaren independentzia politikoa praktikan jarriz. Botere Burgesaren aurka, Botere proletarioa eraiki behar dugu Euskal Herrian eta mundu osoan. Iraultza da bide bakarra! Formakuntza, antolakuntza eta borroka!

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!

GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!

JOTAKE, IRABAZI ARTE!

Euskal Herrian, 2020ko urtarrilaren 21ean.

Leninen heriotzaren eta Jesus Larrañagaren asasinatzearen urteurrenean.