EUSKAL LANGILERIAREN INDEPENDENTZIAREN ALDE!

Gaur, 2020ko martxoaren 3an, HERRITAR BATASUNAko militanteok Euskal Langileriaren eguna aldarrikatu nahi dugu, 1976an Gasteizen burgesia espainolistaren polizia frankistak egin zuen sarraski terroristaren oroimenez. 

EUSKAL LANGILERIAREN INDEPENDENTZIAREN ALDE!

          Gaur, 2020ko martxoaren 3an, HERRITAR BATASUNAko militanteok Euskal Langileriaren eguna aldarrikatu nahi dugu, 1976an Gasteizen burgesia espainolistaren polizia frankistak egin zuen sarraski terroristaren oroimenez.   

     Monarkia neofrankistaren lehen urrats odoltsuak

          Bost langile tiroz asasinatu zituzten diktadura faxistaren txakurrek, gogo-bihotzean betiko iltzaturik gelditu zaizkigunak: Pedro Maria Martinez Ocio, 27 urtekoa; Francisco Aznar Clemente, 17 urtekoa; Romualdo Barroso Chaparro, 19 urtekoa; Jose Castillo García, 32 urtekoa, eta Bienvenido Pereda Moral, 30 urtekoa. 150 langile baino gehiago balaz zaurituak izan ziren. Zorigaitzez, ez zen Burgesiak langileon aurka egin zuen lehendabiziko masakrea, ezta azkena ere. Klase zapaltzaileek etengabe erabiltzen dute biolentzia zapalduon aurka, beren klase interesen arabera, beren diktadura, Botere Burgesa, alegia, iraunarazteko.

     Chicagoko martiriak

          1886ko maiatzaren 1ean Estatu Batuetan 340.000 langile baino gehiagok hasitako grebaren aldeko mitin batean, Chicago hirian, polizia burgesak langileei bortizki eraso zien, zehaztugabeko jende kopuru handia asasinatuz. Horren ondorioz, ehunka atxilotu eta torturatuen artean, 1887ko azaroaren 11an bost sindikalista kriminalki epaitu eta doilorki exekutatu zituen burgesia yankiaren estatu terroristak: George Engel, 50 urtekoa; Adolf Fischer, 30 urtekoa; Albert Parsons, 39 urtekoa; August Vincent Theodore Spies, 31 urtekoa eta Louis Ling, 22 urtekoa. Bidenabar, esan dezagun bost sindikalista hauek militante anarkistak zirela. Haiek, hain zuzen ere, bilakatu ziren langile iraultzaile guztien batasunaren ikur.

     Martxoaren 3a, Euskal Langileriaren eguna

          Gasteiz eta Chicagoko martirien arteko sinbolismoa eta paralelismoa begi bistakoak dira. Maiatzaren 1a mundu osoan Langile Klasearen eguna baldin bada, asasinatutako langileen omenez eta oroimenez, izan bedi Euskal Herrian martxoaren 3a Euskal Langileriaren eguna. Hori da HERRITAR BATASUNAren Batzar Nazionalak Euskal Herri Langileari eta bereziki Euskal Proletalgo Iraultzaileari egiten dion proposamena.

     Euskal langileon klase kontzientzia berpiztu eta indartu behar dugu

          Martxoaren 3tik maiatzaren 1era bi hilabete luzatzen dira, langileen klase kontzientzia iraultzailea berpizteko aukerez eta mobilizazioez beteak. Agiri honetan data esanguratsuenak aipatu nahi ditugu, horiei buruzko geure posizio politikoak zehaztuz eta irakurketa globala eginez.

          Martxoaren 3a, 1976ko Gasteizen, bere burua Monarkia parlamentario gisa erreformatzen ari zen frankismoaren terrorismoak egin zuen sarraskiaz oroitzeko eguna dugu, bai, eta ongi da horrela, baina gure ustez haratago joan beharko genuke, Euskal Herri osoan mobilizazioak burutuz, Euskal Langile Klasearen borrokak, batasuna eta klase kontzientzia indartzeko baliatuz. Burgesia eta bere satelite erreformistak etengabe saiatzen dira Proletalgo Iraultzailearen datak eta mobilizazioak indargabetu eta urardotzen, Euskal Herriko langileon klase kontzientzia nazionala sendo eta trinko ez dadin. Guk aldiz, kontrakoa egin behar dugu, hain zuzen ere: gure oroimen historiko iraultzailea zorroztu, eta mobilizazio egun bakoitza langileon borroka guztiak areagotzeko abiapuntu bilakatu.

     Langileriaren borroka ezin da burgesiaren interesetara subordinatu

          Beraz, HERRITAR BATASUNAk aurtengo martxoaren 3an baliatu nahi du Euskal Langileriaren klase independentzia politiko eta organizatiboa aldarrikatzeko. Honek esan nahi du euskal langileon eguneroko borroka partzialak, eta are gutxiago gure helburu taktikoa, Euskal Errepublika Sozialista, Euskal Estatu Sozialista alegia, ezin direla inolaz ere subordinatu burgesia txikiaren eta langile aristokraziaren interesetara.

          Euskal Herriko burgesia txikiaren eta langile aristokraziaren frakzio diferenteen klase interesak denetariko eta askotariko sozialdemokraziek defendatzen dituzte. Zehazki, PSOE, Unidas-Podemos eta Euskal Herria Bildu indar politikoek. Ez da inolaz ere txiripa hiru indar sozialdemokrata horiek bat egitea Espainiako Erresumaren Gobernua babesteko, bere kide galego eta katalanekin batera, BNG eta ERC. Ezta Nafarroa Garaiko Gobernu autonomiko espainolaren alde ere hirurak elkartzea. Eta horrelako aliantzaren zantzuak eta iradokizunak agertzen ari dira egunotan, gauza bera gerta daitekeela hala Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gobernu autonomiko espainolean, nola Catalunyako Printzerrikoan ere. Klase interesek gorpuzten duten koherentziaren baitan kokatzen dira aliantza erreformista horiek, sistemaren kudeaketa eta egonkortzearen zerbitzura arituko direnak. Hau da, Monarkia, Kapitalismoa, Patriarkatua, Espainolismoa eta OTANen Inperialismoaren alde arituko dira, hori bai, “ezkerretik”, beti ere, ukitu “progresista” emanez eguneroko zapalkuntzari. Hori baita Kapitalismoak Sozialdemokraziari esleitu dion funtzioa.

     Egunero ikusten dugu alderdi sozialdemokratek zer egiten duten

          Behin baino gehiagotan esan izan dugun bezala, Iraultza ezinezkotzat jotzen badugu, sisteman integratzea beste biderik ez zaigu gelditzen. Kapitalismoaren marko, lege eta logikaren baitan erreforma txikiak eta partzialak egitea, eta hori ikaragarrizko garaipenak bailiran aurkeztu Herri Langileei, hobeki engainatzeko. Hori da Historian zehar erreformistek, elektoralistek eta instituzionalistek, denetariko oportunistek eta posibilistek hartu izan duten bidea.

          Adibideak denon begien bistan daude, egunero. Ez da inoiz planteatzen ekoizpen tresnen jabego pribatuarekin behingoz bukatzea, jabego kolektibo bilakatuz eta soldatapeko esklabutza abolituz. Alderantziz, borroka guztiak kokatzen dira Kapitalismoaren baitan, “posible” eta “egingarri” diren mugen baitan. Adibidez, soldata, pentsio, bizitza “duinak” eskatzen dira, pasa den urtarrilaren Greba Orokorrean egin zen bezala, argi esan gabe Kapitalismoan ez dagoela bizitza duinik langileontzat, etengabeko esplotazio, alienazio, biolentzia eta zapalkuntzaren mende bizi baikara.

          Zerrenda amaigabea da. Har dezagun PNVren Kapitalismo basko espainolaren paradigma bilakatu den Zaldibarko zabortegiaren kasua. Kritika guztiak egoeraren kudeaketara zuzentzen dira, jabego eta irabazi pribatuen logika suizida zalantzan jarri gabe, Kapitalaren metaketak exijitzen duen etengabeko hazkunde ero eta kontsumista kuestionatu barik, edozein trantsizio ekologiko ezinbesteko duen ekonomia planifikatu sozialista aipatzeke. Eta bi langileen hilketaren errudun zuzena ez da seinalatzen: Iñigo Urkullu bera, eta bere gobernu burges autonomiko ustela.

          Etxebizitzaren arazoan etxe hutsen jabego pribatua ez da zalantzan jartzen, banku guztien nazionalizazioa eta beren ondasunen sozializazioa ez da aldarrikatzen. Proiektu txikitzaile guztiek (Abiadura Handiko Trenak, urtegiek, meategiek, harrobiek, zabortegiek, erraustegiek) eragiten dituzten kalteak leundu nahi dira, eredu industrial kapitalista errotik kritikatu gabe, eta irtenbide ekologiko bakarra Sozialismoa dela argi esan barik.

          Mozal legea, hezkuntzako maila guztietan, haur eskoletatik unibertsitateetaraino, egindako murrizketak zein atzerapausoak eta lan munduan burututako erreformak ez dira bertan behera uzten, baizik eta era kosmetikoan ukitzen, gutxieneko soldatarekin egin den bezala. Apustu etxeen auzian berdin jokatzen da, emakumeen aurkako krimena den prostituzioarekin egiten den bezala. Nekazarien arazoan ere ez da kuestionatzen jabego pribatua, ez multinazionalena, bainan ezta ere lurjabe handiena ere, nekazaritzaren eredu kolektibo eta sozialista aldarrikatuz. Bitartean, gobernu desberdinen aurrekontuak errazten dira Parlamentuetan.

          Logika horren baitan kokatzen da euskal preso politikoen egoerari eman nahi zaion irtenbide faltsua: AMNISTIA exijitu beharrean, etsaiaren legeen araberako neurrien balizko aplikazioan jartzen da esperantza, jakinda lege horiek preso politikoak suntsitzeko sortu zirela. Emaitzak hor daude: presoek espetxeetan segitzen dute, eta bitartean, gudarien omenezko plakak eta monolitoak kentzen dituzte, eta faxista eta torturatzaileen omenaldietan parte hartzen dute. Sozialdemokrazia autonomista baskoaren degradazioak ez du mugarik. Berriki Felipe Gonzalezen garaiko PSOE-GALen gobernadore zibil bat agertu da EHBilduren alde, beste hiru politiko profesional burges espainolista “progre”ekin batera. 

          Bukatzeko, hiru adibide esperpentiko eta mingarri, Nafarroa Garaian berriki gertatu direnak: okupazio indarrak kanporatu beharrean, 200 guardia zibil gehiago ekarriko ditu hona Espainiako Erresumaren Gobernuak, zeina bere abstentzioaz EHBilduk lagundu baitzuen. Ikurriña Nafarroa Garaian are gogorrago jazarria izanen da, Navarra Suma eta PSNren botoekin, eta aldi berean EHBilduk Maria Txibite ezarri zuen Iruñeko Diputazioaren jauregian. Azkena, gure hizkuntza nazional bakarraren egoera tamalgarriari eragin diona: Mendigorrian haurrak nafar hizkuntzan eskolatzea ukatu die EHBilduk bultzatutako Nafarroa Garaiko gobernu autonomiko espainolak.

     Euskal Langileriaren helburu taktikoak eta estrategikoak

          Martxoaren 3 honetan HERRITAR BATASUNAren Batzar Nazionalak Euskal Herriko langile guztiei adierazi nahi die Euskal Langileriak ezin duela, Euskal Nazioa askatzeko batasunaren estrategiaren izenean, bere ildoa burgesiaren interesetara inolaz ere subordinatu. Ez Euskal Herriko burgesia txikia eta langile aristokraziaren klase interesak ordezkatzen dituzten EHBildu eta Unidas Podemosen planteamenduetara, eta are gutxiago, noski, burgesiaren frakzio desberdinen interesak ordezkatzen dituzten PNV, PSOE eta espainolismoaren eskuin muturreko alderdietara.

          Zeharo kontziente gara gaur egun Euskal Langileriaren klase kontzientzia oso ahula dela, eta borroka urte luzeak ditugula aurrean euskal langileok geure klase batasun iraultzailea lortzeko. Bainan hori erdiestea ezinezkoa izanen da helburuak, estrategia eta taktika aldez aurretik zorrozki eta zintzoki zehazten ez baditugu, eta haien aldeko agitazioa eta propaganda etengabe egiten ez badugu. Izendatzen ez dena ez baita existitzen, eta izena duen orok izana baitu. Beraz, argi eta garbi mintza gaitezen Euskal Proletalgo Iraultzailearen helburu taktikoaz, Euskal Estatu Sozialistaz, alegia, eta hura lortzeko tresnaz, Euskal Iraultza Sozialistaz, hain zuzen ere; eta helburu estrategikoaz: klase, estatu eta patriarkaturik gabeko Euskal Herriaz. Batasuna, horren aldeko borroketan eraikiko dugu, praxian.

     Patriarkatua existitzen deno, emakume langileok ez gara libre izanen

          Martxoaren 8an, hain zuzen ere, data ezin hobea da horren aldeko kontzientziak piztu eta indartzeko. Martxoaren 8a Emakume Langileen eguna baita. Langileriaren erdia gara emakumeok. Langile Klasea ezin da askatu bere erdiak zapaldurik segitzen badu. Eta aski ongi badakigu sistema patriarkalak indarrean jarraitzen dueno, ez dela askatasunik izanen emakume langileontzat. Alta, Patriarkatua Kapitalismoa bera baino askoz zaharragoa da, errotuagoa, estatuaren existentzia bera baino lehenagokoa.

          Beraz, argiro esan dezagun: langileok Martxoaren 8a baliatu behar dugu klase feminismoa, emakume langileon liberazioa eta patriarkatuaren suntsitzea aldarrikatzeko. Aldi berean gure borroka Langile Klasearen borroka globalean sakonki kokatu eta errotu behar dugu. Iraultza Sozialistak bakarrik irekiko ditu ateak Patriarkatua eraisten hasteko, oso luzea eta korapilatsua izanen den klase borroka prozesu zail batean, zeinaren amaieran klaseak berak, estatuak eta azkenean sistema patriarkala bera ere desagertuko diren. Ez dago beste biderik, Iraultza Sozialista baizik.

     Kapitalismoa feminizatu ala Patriarkatua suntsitu

          Kapitalismoaren legeen baitan emakume langileok ez dugu inoiz askatasuna izanen. Beraz, ezin ditugu geure borrokak emakume burgesen interesetara subordinatu. Emakume burgesen interesak kapitalismoa feminizatzea da, botere kuotak hobeki banatzea burges ar eta emeen artean. Emakume langileon interesak Kapitalismoa suntsitzea da Iraultzaren bidez, eta Trantsitzio Sozialistaz, patriarkatua, klaseak eta estatuak progresiboki desagerraraztea. Langile Klase osoaren helburua da hori, gu guztiona.

     Parisko Commune, lehen Iraultza Proletarioa

          Teoria Iraultzailearen oinarrizko kontzeptu hauek guztiak oroitarazteko data egokia da martxoaren 18a, Parisko Communeren urteurrena. 1871ko egun horretan, Historian lehen aldikotz, Proletalgoak boterea hartu, eta Botere Burgesaren tresna den estatua suntsitu ondoren, Demokrazia Proletarioa abiatu zuen, zeina burgesentzat diktadura baita, eta langileontzat, aldiz, gure emantzipazioaren hasiera. Gogora dezagun altxamendu haren aurka burgesiak erabili zuen errepresioaren ondorioz 30.000 langile baino gehiago asasinatuak izan zirela, eta 50.000 mila inguru preso, iheslari eta deportatu. Haien artean bereziki aipatu nahi dugu Louise Michel militante anarkista, emakume langileen borrokaren eadibide eredugarria. Gogoan izan ditzagun geure klase sozialaren esperientzia iraultzaile guztiak, garaipena eskuratu zutenak eta porrot egin zutenak, denetatik ikasi behar baita, egunen batez irabaziko badugu.

     HERRITAR BATASUNAren Lehen Kongresua

          Martxoaren 29an, hain zuzen ere, horretaz eztabaidatu eta hausnartzeko parada izanen da, HERRITAR BATASUNAren Lehen Kongresua eginen baitugu. Bertan Oinarri Teoriko eta Estrategikoak aztertu eta onartuko ditugu. Ateak zabalik ditugu gurekin batera borrokatu nahi duten iraultzaile guztientzat, eta dei egiten dizuegu prozesuan parte hartzeko.

     Hauteskunde autonomiko espainolak Euskal Herriko mendebaldean

          Apirilaren 5ean, aldiz, Nafarroa Mendebaldeko hauteskunde autonomiko espainolak izanen dira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hain zuzen ere. Gure jarrera argia da: abstentzioa aktibo eta iraultzailea aldarrikatzen dugu, Euskal Herri Langilearen interesak ez baitituzte inolaz ere defendatzen Sistemaren alderdiek. Balizko Gobernu baskongado “progresista” batek, PSOEk, Elkarrekin Podemosek eta EHBilduk osatua, Nafarroa Garaian bezala, PNV urte luzez egin duena eginen du: sistema kapitalista kudeatu burgesiaren mesedetan. Hortik ez dugu lortuko, ez Independentzia, eta are gutxiago Sozialismoa. Zer esanik ez Amnistia, Euskal Herriaren berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala. Sistema autonomikoa antolatu zen Euskal Herria Espainian (des)integratzeko, eta horretan parte hartuz ez dugu askatasuna lortuko, lotuta gauzkaten kateak indartzea baizik.  

     LENIN, Iraultza Sozialista Proletarioaren buruzagia

          Apirilaren 10an LENINen jaiotzaren 150 urteurrena oroituko dugu. Militante iraultzaile eredugarri honen teoria eta praktika aztertu eta ikastea ezinbestekoa dugu Euskal Herri Langilearen askatasuna lortzeko, bera izan baitzen garaipena eskuratu zuen lehen Iraultza Sozialistaren gidaria eta Alderdi Boltxebikearen buruzagia. Leninek bere garaian ezagutu zuen II, Internazionalaren traizioa eta ustelkeria, borroka gupidagabea eraman zuen aurrera sozialdemokraziaren oportunismoa, erreformismoa, elektoralismoa eta posibilismoa salatzeko eta aldi berean alternatiba iraultzailea eraikitzeko. XXI. mendean bere gaurkotasuna bizi-bizirik dago, eta argi eta garbi esan behar dugu LENIN sakonki aztertu eta estudiatu gabe ez dagoela aurrera jotzerik Iraultza Sozialistaren bidean. HERRITAR BATASUNAn LENIN ez dugu jainkotzen, ezta deabrutzen ere. Dena eman zuen eta asko zekien militante iraultzaile eredugarritzat jotzen dugu, eta gure ondare teoriko eta praktikoan inkorporatzen saiatzen gara, sozialismo iraultzailearen gainontzeko korronte guztien ekarpenekin batera, XXI. mendean Iraultza Sozialistaren garaipenera eramanen gaituen sintesi teoriko eta praktiko berri baten bila. LENINek MARXen teoria iraultzailearekin XX. mendea egin zuen bezalaxe. Aurrera jotzeko.

     Aberri Eguna, Euskal Herri Langilearen eguna

          Apirilaren 12an Aberri Eguna dugu. Historikoki, denetariko eta askotariko burgesiak beti saiatu izan dira Langileriaren interesak, borrokak, taktikak eta estrategiak beren interesetara subordinatzen Nazioaren Batasunaren izenean. Nazioa modu abstraktuan erabili eta manipulatu izan dute bere klase interesak nagusitzeko, langileak hobeki menderatzeko. Logikoa eta koherentea da beren ikuspegitik. Bainan ez da egokia Proletalgo Iraultzailearen ikuspegitik. Langileriak bere independentzia konkistatu behar du Burgesiaren aurka, eta prozesu horretan, Nazioaren klase nagusi bilakatu, burgesia nobleziaren aurkako borrokan egin zuen bezalaxe. Nazio modernoak, nazio burgesak, alegia, horrela sortu ziren. Eta horrela eraikiko ditugu Nazio Langileak, Nazio Proletarioak, Iraultza Sozialistak eginez.

          MARX eta ENGELSen hitzez adierazteko: Gainera, komunistei aberria, naziotasuna abolitu nahi izatea leporatu zaie. Langileek ez dute aberririk. Ezin ken dakieke ez dutena. Herrialde bakoitzeko Proletalgoak, lehenengo eta behin, nagusigo politikoa konkistatu, BERE BURUA BERTAKO KALSE NAZIONAL ZUZENTZAILETZAT  ERAIKI eta BERE BURUA NAZIO BIHURTU egin behar duenez gero, BERA ERE NAZIONALA DA, baina inola ere hitzaren adiera burgesean.Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848.

          Horregatik, HERRITAR BATASUNAk aurtengo Aberri Egunerako aukeratu duen leloa hauxe da:

KLASE INDEPENDENTZIAZ,

NAZIO INDEPENDENTZIA:

LANGILEON EUSKAL HERRIA!

          Slogan honen bidez argi eta garbi adierazi nahi dugu azken 60 urteotako klase borrokaz egiten dugun bilan eta balantze autokritikoa: esperientziak garrazki erakutsi eta irakatsi dugu Euskal Herrian ez dagoela inolako burgesia nazionalik, beren klase interesek erabat loturik daudela autonomismo basko-espainol eta basko-frantsesera, eta ondorioz, Euskal Nazioa askatzeko eginkizuna eta gidaritza Euskal Langileriak hartu behar duela bere gain, Nazioaren kontzeptua bera birformulatuz. Gure Nazio bakarra, gure Aberri eta Amerri bakarra, Euskal Herri Langilea da. Bera askatzea, Euskal Nazioa askatzea da. Independentzia eta Sozialismoa txanpon beraren bi aldeak dira, ezin da bata lortu bestea erdietsi gabe.

          Honek eramaten gaitu azken berrogei urteotako taktika berrikustera. “Lehenik Independentzia, eta gero Sozialismoa” hartatik, “SOZIALISMOAZ, INDEPENDENTZIA!” oihukatzera pasatu gara, Iraultza Sozialistaz eskuratuko baititugu Independentzia, Birbatasun Nazionala eta Berreuskalduntzea. Hori da, ENAMSI, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailearen proiektuaren ardatza, E.T.A.ren V. eta VI. (1973ko udan Hazparnen egin zenaz ari gara) Biltzarretan egindako gogoeta estrategikoaren jatorrizko izpiritu sozialista iraultzailea hobekien iraunarazten duena. Askapen Nazionala eta Askapen Soziala. Independentzia eta Sozialismoa. Bietan jarrai.

     Maiatzaren Lehena, borroka eguna

          Bi hilabete hauen amaieran, prozesu honen gailurrean, maiatzaren 1a dugu, Nazioarteko Langile Klasearen eguna. Bada garaia langileon borroka eguna izateko, Proletalgo Iraultzailearen Independentzia politiko, organizatibo eta teorikoaren eguna, Iraultza Sozialistaren gaurkotasuna eta ezinbestekotasuna aldarrikatzeko. Horregatik, HERRITAR BATASUNAk aurtengo maiatzaren 1erako aukeratu duen leloa hauxe da:

LANGILEON ASKATASUNA:

KAPITALISMOA SUNTSITZEA,

SOZIALISMOA ERAIKITZEA!

          Lehen esan bezala, Burgesia etengabe saiatzen da langileon borrokak eta klase kontzientzia apaltzen eta ahultzen, gure borroka egunak degradatzen eta alienatzen. Klase borroka deitzen da hori. Martxoaren 8a desitxuratu duten bezala, maiatzaren 1a ere baliogabetzen saiatzen dira, borroka puntualak, aldarrikapen mugatuak eta hobekuntza partzialak estrategia iraultzaile orokorretik eta klase batasunetik urruntzen eta desbideratzen. Hortik gure slogana. Maiatzaren 1ak borroka eguna izan behar du berriz, Burgesiaren, Kapitalismoaren eta Inperialismoaren aurkakoa, eta ez sindikatu erreformisten urteroko prozesio baketsuen unea.

     Koronabirusa eta klase borroka

          Aurreko agirian esan genuen bezala, Kapitalismo agonikoaren garaietan sartu gara. Sistema basapiztia errabiatua da, eta III. Mundu Gerraren gerra danborren hotsak planeta osoan entzuten dira, Siriatik Venezuelara eta Palestinatik Txilera. Ezin dugu esan berriki lehertu den koronavirusaren pandemia hau logika geopolitiko horren baitan kokatzen ote den, baina biziki susmagarria iruditzen zaigu Txina eta Estatu Batuen arteko gerra komertzialaren erdian agertu izana. Txiripa ote? Geroak erranen. Dena den, eritasun honek bi gauza erakusten digu: lehenik, ekonomia kapitalistaren fragilitatea eta hauskortasuna, aski izan baita gaixotasun ez bereziki oso hilgarri baten zabalkundea burtsa finantzieroak hondoratzeko eta kapitalismoa berriz ere atzeraldian murgiltzeko. Eta bigarrena klase borrokaren zentralitatea eta erditasuna sozietatearen afera guztietan: burgesiak aprobetxatu nahi du epidemia hau bere kontrol mekanismoak areagotzeko, multinazional farmazeutikoen irabaziak handitzeko eta langileon borrokak indargabetzeko. Planeta osoan izanen bagenu Kuban bezalako osasun sistema sozialista eredugarria, horrelako pandemien aurkako borroka askozaz errazagoa litzateke. Ahaztu gabe pobreen gaixotasun larriak erradikatzea ez dela inolaz ere Kapitalismoaren lehentasuna. Malariaz ari gara, elgorriaz, ebolaz, dengez, eta beste hamaika gaixotasun endemikoz, eta batez ere GOSEAZ. Kapitalismo Inperialistaren garaietan jende gehiago hiltzen baita gosez, eritasunez baino. Sei milioi haur urtero. Shoah. Bainan honek ez ditu kezkatzen burgesak, bere boterea eta irabaziak arriskuan ikusten ez dituztelako. Genozidak dira!

          Sistema terrorista honek hondamendira garamatza. Ez basakeriara, XX. mendeko sozialista iraultzaileek eta bereziki Rosa Luxemburgek esaten zuen bezala, baizik eta haratago, Humanitatearen extintziora. Kapitalismoaren existentzia eta gu guztion eta gure ondorengoen bizia inkonpatible dira. Horregatik esaten dugu, beste behin ere:

     IRAULTZA DA BIDE BAKARRA!

          Langileriak bere alienazioaren lozorrotik esnatu behar du behingoz, eta horretan hasiak dira gazteen belaunaldi berriak. Hoberena opa diegu Legution apirilaren 9, 10, 11, 12 eta 13an eginen dituzten Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topaguneko lagunei, eta bereziki Ikasle Abertzaleak eta Gazte Koordinadora Sozialistako militante guzti-guztiei. Euskal Iraultza Sozialistaren aldeko borroketan elkartuko gara zaharrak eta gazteak, Euskal Estatu Sozialista helburu. Animo, antolatu eta borrokatzera!

GORA NAFARROAKO EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!

JOTA KE, IRABAZI ARTE!

(Descargar en PDF)