IGOR ERAILA ! NOR HILTZAILE? NOR LAGUNTZAILE?

Igor Gonzalez Sola erail zuten Martuteneko espetxean. Euskal gudari bat. Euskal militante iraultzaile bat. Euskal Herri Langilearen beste seme alabarik hoberenenetako bat hil digute presondegian gure etsaiek.

descargar

IGOR ERAILA !

NOR HILTZAILE?

NOR LAGUNTZAILE?

Igor Gonzalez Sola erail zuten Martuteneko espetxean. Euskal gudari bat. Euskal militante iraultzaile bat. Euskal Herri Langilearen beste seme alabarik hoberenenetako bat hil digute presondegian gure etsaiek. Bost preso politiko hil dituzte kartzelan 2011an E.T.A., Aieteko Konferentzia ondoren, lotsagarriro damutu eta errenditu zenetik. Argi eta garbi dago dena, ezta?

        Zenbat gehiago hilko dizkigute hurrengo urteotan? Sozialdemokrazia autonomista vasco-espainolaren baitan aritzen diren politikillo profesional erreformista, elektoralista eta likidazionistek kontrakoa agindu bazuten ere, traizioak eta amore emateak ez dute inolako eraginik izan estatu zapaltzaileen etengabeko biolentzia estrukturalean. Are gutxiago indarkeria errepresiboan. Zergatik izan beharko lukete? Noizbait ikusi al da, nonbait, klase zapaltzaileek beren bortizkeria infinitoa apaltzea Herri Langileen aurka beren errukiz, onberatasunez eta borondate onez? Bai, to!

        Klase borrokaren dinamika ez da horrela funtzionatzen, eta klase kontzientzia nazionala dugun euskal langile guztiok badakigu hori. Politikatik bizi diren demagogo eta engainatzaile profesionalek hori behin eta berriz ezkutatzen dute, Euskal Herri Langilearen alienazioa areagotu nahian. Normala, logiko eta koherentea, Botere Burgesaren barnean denetariko eta askotariko oportunisten funtzioa horixe bera baita: Proletalgo Iraultzailearen sorrera ebitatzea kosta ahala kosta, langileon klase kontzientzia lausotzea eta praktika askatzailea kamustea, antolakunde iraultzaileen jaiotza eta garapena oztopatzea, Kapitalismoaren funtzioa erraztea, azken finean, sisteman Langile Klasearen (des)integrazioa indartuz eta finkatuz. Kontraintsurgentziaren ABCa.

        Igor Gonzalez Sola erail zuten Martuteneko espetxean. Nor da hiltzailea? Zerutik jaitsi omen den “politika penitentziario” etereo, anonimo eta inpertsonala, apika? Eta nork aplikatzen du delako “politika penitentziario” hori, bada? Nork lagundu zuen, laguntzen du eta lagunduko du aplikatzen? Horiek dira benetako galderak, min egiten dutenak, zinezko eta benetako errudunak seinalatzen dituztenak, gezurra nagusitu den panorama politiko ustel eta damutu honetan inork egiten ez dituenak... “PSOE hiltzaile, PNV laguntzaile!” oihukatzen genuen lehen... Eta orain?         

        HERRITAR BATASUNAk Euskal Herri Langileari ahoan legarrik gabe esan nahi dio egia garratza: Igor Gonzalez Sola erail zuen Espainiako Erresumaren Gobernua osatzen duen PSOE-GAL izeneko talde terrorista kriminalak. Vera eta Barrionuevoren alderdiak, hain zuzen ere. Igor Gonzalez Sola erail zuen beraiekin batera Espainiako Erresumaren Gobernuan aritzen den Unidas Podemos alderdi sozialdemokrata espainolistak. Igor Gonzalez Sola erail zuen dispertsioa diseinatu eta babestu zuen EAJ-PNV izeneko partidu nazional-katoliko vasco-espainolistak. Hiru indar politiko horiek erail zuten Igor Gonzalez Sola, eta haiekin batera II. Berrezarkuntza Monarkikoa sutsu defenditzen duten alderdi neofrankistek eta neofaxistek: PP, Ciudadanos eta VOXek.

         Igor Gonzalez Sola erail du Felipe VI Espainiako erregeak ere, estatuburu espainolak. Igor Gonzalez Sola euskal gudaria zen, eta etxean bizi behar zuen, libre eta zoriontsu, Euskal Herri Langilearen askatasunaren alde borrokatu ondoren. Ez zuen espetxean hil behar. Presondegian hil behar dutenak Juan Carlos I eta Felipe VI kriminal borboitarrak dira. Hori izanen da justizia. Agian!

        Igor Gonzalez Sola erail zuten Martuteneko espetxean. Nor da laguntzailea? Espainiako Erresumaren gobernu sozial-liberal (PSOE-GAL) eta sozialdemokrata (Unidas Podemos) hiltzaile hau politikoki babestu duten guztiak. Eta zerrenda luzea da: EHBildu, ERC, BNG, Compromís... Funtsean Estatu Espainolak zapaltzen dituen nazioetako indar politiko erreformista eta sozialdemokrata guztiak. Gogorra dela hori esatea? Ez al da egia? “Ezkerraren” mitoan sinesten dutenak aztoratzen zaizkigu begien bistako ebidentzia hau aipatzen diegunean. “Politika penitentziarioak” hil omen du Igor. Eta nork aplikatzen ote du delako politika hori? Espainiako Gobernuak. Eta nork erraztu eta babestu zuen gobernu horren sorrera eta jarduera? Alderdi sozialdemokrata horiek guztiek. Euskal Herriko kasuan, EHBildu koalizioak eta SORTU alderdiak.

        Noiz ohartuko da jendea eskuina eta ezkerra Kapitalismoa kudeatzeko bi adarrak, besterik ez direla, eta biek beren funtzioa txintxo-txintxo betetzen dutela botere burgesaren sisteman? Noiz ikusiko dute politiko profesionalen lana dela antzerkia etengabe egitea, hauteskundeak eta parlamentuak antolatzea, demokrazian bizi garela sinets dezagun? Demokrazia Burgesean bizi gara, bai, hau da, Burgesiaren Diktaduran. Gure kasuan, gainera, Frantziak eta Espainiak militarki konkistatu, zatitu, kolonizatu, erdaldundu, esplotatu eta zapaldutako nazio batean.

        Ez gara gehiago luzatuko. Nork bere gogoetak egin eta ondorioak atera ditzan. Patxi Ruiz erail nahi zuten Murtziako espetxean, eta borrokan hasi zen bere bizia salbatzeko. Momentuz lortu du. Igor Gonzalez Sola Gipuzkoako Martutene presondegi espainolean erail digute, hemen, Euskal Herrian bertan, gure sudurren aurrean. Estatu espainolak argi hitz egin die euskal preso politikoei, beste behin ere : damutu ala hil. Ez diete beste irtenbiderik uzten. Guk hauxe esan nahi diegu euskal preso politiko guztiei, baita Euskal Herri Langile osoari ere: AMNISTIAren alde borrokatu behar dugu, hortzez eta haginez, eta horrekin batera, geure helburu taktikoen alde ere: INDEPENDENTZIA, SOZIALISMOA, BERREUSKALDUNTZEA eta BIRBATASUN NAZIONALA. Izan ere, Amnistia lortuko dugu aipatutako helburu taktiko horiek erdiestean, eta ez lehenago. Ilusio faltsuak eta errazkeriak albo batera utzi behar dira behingoz: Amnistia Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta sozialaren garaipenaren ondorioa izango da, eta ez balizko negoziazio baten emaitza. “Ez, ez, ez, Amnistia ez da negoziatzen!” . Hori oihukatzen dugu beti.

         Borroka da bide bakarra. Argi, gordin eta sakonago esateko: Euskal Iraultza Sozialista da bide bakarra. Euskal Herri Langileak garbi izan behar du hori, eta bereziki Euskal Langileriak. Nazio eta klase kontzientzia zorroztu behar dugu, Euskal Proletalgo Iraultzailea praxian, hau da, teoria praktikatuan eta praktika teorizatuan eraikitzeko, zeren bera izanen baita Euskal Iraultza Sozialistaren sujektu politikoa. Euskal Herri Langileak, Langile Klasea buru eta gidari, behin botere politikoa eskuratu ondoren, Euskal Estatu Sozialista eraikiko dugu, E.T.A.-ren 1973ko udako VI. Biltzarrean aldarrikatu zen bezala. Estatu Proletarioa, zeina oinarrituko baita 1871ko Parisko Communeren printzipio iraultzaileeetan, Langile eta Herri Boterean, hain zuzen ere. Demokrazia Proletarioa, eta ez Burgesiaren Diktadura. Estatu Sozialista, zeinean botere guztia langile eta herri batzarretan izanen baita, non progresiboki, trantsizio sozialistaren bidez, klase sozialak, patriarkatua eta estatu sozialista bera ere desagertuko baitira. Zeren gure helburu estrategikoa, klaserik, estaturik eta patriarkaturik gabeko Euskal Herri libre eta burujabea baita. ASKATASUN OSOA!

        Hori izango da Igor Gonzalez Solari eta borrokan hildako gainontzeko gudari guztiei egingo diegun omenaldirik hoberena: GARAIPENA! Animo, formatu, antolatu eta borrokatu Ezker Abertzale Iraultzailearen antolakundeetan, bereziki Amnistiaren aldeko Mugimenduan! Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailearen eraikuntzan parte hartu! Lotu borrokari! 

GORA NAFARROAKO EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!

PRESOAK KALERA, AMNISTIA OSOA!

GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!

JOTAKE, IRABAZI ARTE!

Herritar Batasuna

Deskargatu