ESTATU TERRORISTA BATEN AZKEN HILKETA

HERRITAR BATASUNAk fermu, gogor eta erabat gaitzesten du oligarkia neofrankistaren terrorismoaren tresna armatua den Monarkia Espainolistaren estatuak egindako azken krimena: Xabier Rey Urmeneta euskal gudariaren asasinatzea, Puerto III exterminio espetxean burutua. Euskal Herri Langileak ez du barkatuko!

Kepa del Hoyoren heriotzaren aurrean esan genuen bezala, Xabier Rey ez da espetxean hil, espetxeak hil egin du. 78ko monarkiaren estrategia errepresiboaren baitan kokatzen dugu hilketa hau. Estrategia honek bataila bat irabazi dio Euskal Herri Langileari, bere borrokak, antolakundeak eta klase kontzientzia nazionala larriki ahulduz. Gainontzeko guztia, ideologia alienatzailea eta gure etsaien gezurrak dira.

Presondegiek hil egiten dute, torturatzeko tresnak direlako, izua eta terrorea hedatzeko lanabesak direlako, sistema espainolista, kapitalista eta patriarkal honen aurka matxinatzen garen zapaldu guztion kontrako gerra armak direlako. Kartzelak burgesiaren makina hiltzaileak dira. Edonon. Euskal Herrian ere. PP eta PSOE alderdi hiltzaileak dira eta PNV beren morroi eta laguntzailea.

Klase borrokak markatzen du etengabe Euskal Herri Langilearen aurka erabiltzen den errepresio mugagabea. Horregatik, norbaitek uste badu 1978ko Monarkiaren oligarkia neofrankistak preso politikoak askatuko dituela, edota beren bizi baldintzak leunduko dituela, edozein amore emate, atzera jotze, damutze edo traizioren truke, gezurretan ari da. Burgesiak badaki oso ongi klase borroka zer den, eta bere etsaiak nor diren. Eta ez du huts egiten bere aurkako erresistentzia oro suntsitzen eta exterminatzen.

Euskal presoak eta gainontzeko preso politikoak askatzeko bide bakarra AMNISTIA OSOA da, eta hori bakar-bakarrik lortuko dugu Monarkia neofrankista irauliz, haustura demokratiko-iraultzaile baten bidez. 1978ko Konstituzioaren baitan ez dago inolako irtenbiderik, ez Euskal Herri Langilearentzat, ezta Estatu espainoleko gainontzeko Herri Langileentzat ere, eta are gutxiago preso politikoentzat. Egia latza eta garratza da hau. Bainan hobe da egia iraultzaile bat, erreformisten gezur guztiak baino. “Elkarbizitzaren esparrua lehia politikotik kanpo utzi behar da” esan du berriki politiko profesional erreformista gezurtero ziniko batek. “Elkarbizitza”? Nor norekin? Zapalduok zapaltzaileekin? Konkistatuok konkistatzaileekin? Langileok burgesekin? Emakumeok torturatzaile matxista patriarkalekin? Zapalkuntza onartzea da irtenbidea?

 HERRITAR BATASUNAk bat egiten du gaur Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak Bilbon deitu duen manifestazioarekin, eta dei egiten du mobilizazio guzti-guztietan AMNISTIA OSOAren aldeko aldarriak zabaldu eta indartzeko. Irtenbide bakarra, antolakuntza eta borroka da, Euskal Iraultzaren bidean, Nafarroako Euskal Errepublika Ekosozialista, Feminista, Konfederal eta Euskaldunaren alde. Agur eta ohore, Xabier! Omenaldirik hoberena, garaipena!

IRAULTZA DA BIDE BAKARRA!!!