ORREAGAKO GARAIPENA, INDEPENDENTZIAREN EGUNA!

Comunicados

778ko abuztuaren 15ean, Orreagako lehen batailan, Karlandi enperadore frankoaren aurka garaile irten ziren orduko euskaldunak, baskoiak, alegia. Gauza bera gertatu zen zenbait urte geroago, 812 eta 824ko guduetan ere. Garaipen hauen ondorioz, euskaldunek orduko inperialismo nagusiaren eta Erromako Ekiza katolikoaren beso armatua zen frankoen armada ikaragarria suntsitu, eta independentzia eskuratu zuten, Iruñeko Erresuma sortuz. Lurrikara geopolitikoa izan zen Mendebaldeko Europan, Euskal Herriaren etsaiak diren indar konkistatzaile eta okupatzaileek haien historia eta kontakizun ofizialetan kontrakoa sinetsarazi nahi badigute ere.

Euskaldunok garaipen hauen bidez askatasun nazionala eskuratu genuen, estatu independente bat, alegia, geroago Nafarroako Erresuma bilakatu zena. Egitura estatal, politiko, juridiko, kultural eta territorial honen baitan garatu ziren mendez mende euskaldunon arteko klase borrokak, harik eta konkista progresibo eta iraunkorraren bidez gure estatu nazionala galdu genuen arte. Ez dugu inolaz ere idealizatzen orduko egoera. Baina gure independentziaren sorrera ospatu nahi dugu, konkistatzaile eta okupatzaile guztien aurka. Munduko Herri guztiek ospatzen dute beren independentziaren eguna, askatasuna maite dutelako. Bizirik iraun nahi duen edozein naziok egiten duen bezala, guk ere geure oroimen historikoa berreskuratu eta indartu nahi dugu, egun nazionalak balorean jarriz. Askotan paradigma abertzale nagusiak baztertutako egunak izanik ere.

Independentzia galdu genuen heinean, euskal langileok klase esplotazio eta patriarkatuaz gain, etnozidio sistematikoa jasan behar izan dugu, eta zapalkuntza nazionala, gaur arte bortizki luzatu dena. Behin eta berriz hamaika bataila galduta ere, ez dugu sekulan amore eman askatasun osoaren aldeko borrokan. Mendez, mende, molde eta baliabide oso ezberdinekin borrokatu izan gara euskal langileok Historian zehar, Frantzia eta Espainia estatu konkistatzaileen aurka, eta Euskal Herriko klase sozial zapaltzaileen kontra. Gaur egun ere, borrokan segitzen dugu Euskal Herri independente, birbatu, sozialista, euskaldun, feminista eta ekologistaren alde, eta bide horretan, euskal preso eta iheslari politiko guztientzako Amnistia Osoaren alde ere. Atzoko, gaurko eta biharko gudarien alde!

HERRITAR BATASUNAk bat egiten du Orreaga Fundazioak abuztuaren 15erako antolatu dituen ekitaldiekin, eta dei egiten die independentista guztiei haietan parte hartzeko. Goizeko 10etan abiatuko da mendi martxa Auzperritik, eguerdiko 12etan Orreagan bertan batailan hildakoei omenaldia, eta ordu bat t’erdietan Ibañetako lepoan ekitaldi politikoa.

Ondoren, HERRITAR BATASUNAk ekitaldi xume bat eginen du hantxe, Orreagako garaipenaz gaur egun egiten dugun irakurketa eta balorazio politikoa agertuz. Hauexek izanen dira agiriaren mezu nagusiak:

Mila urte igarota, ura bere bidean. Garaiko inperialismo nagusia Karlandirena zen. Gaur egungo inperialismo nagusia Estatu Batuek gidatu eta hegemonizatzen dute. Gerra mehatxuen hotsak entzuten dira planeta osoan, Ipar Koreatik Venezuelaraino, ahantzi gabe gainontzeko esku hartze inperialistak, Sirian, Yemenen, Libian, Iraken, Afganistanen, Ukrainan, Ertafrikan, Pakistanen, Sudanen, Somalian, Nigerian, Kongon …

Inperialismoa, patriarkatua, klase gizartea, etnozidioa: aldaketa izugarriak izan dira azken 1239 urteetan, baina zapalkuntzaren ardatzak ez dira bat ere kanbiatu. 1936ko abuztuaren 15ean hil zen faxismo espainolaren aurkako gerran ANVko lehen gudaria, Restituto Teran mendigoizalea. Izan bedi bere izena mendez mende borrokan hildako euskal gudari guztien omenaldia. Borrokak ez du etenik! Horregatik aldarrikatzen dugu Orreagako garaipenaren gaurkotasun izugarria. Orduko Euskaldunek jakin izan zuten biltzen eta antolatzen inperialista eta zapaltzaile frankoen aurka egiteko, eta independentzia eskuratzeko. Garaipena lortu zuten! Guk ere uste dugun baino hurbilago den egunen batez garaipena lortuko dugu!

Gaur egungo Euskal Herrian gauza bera egin behar dugu, ez bakarrik independentzia berreskuratzeko, baizik eta askatasuna maila guztietan lortzeko. Etengabeko konkistak ekarri gaitu subordinazio egoera honetara, eta NAFARROA OSOAREN INDEPENDENTZIAk bakarrik, patriarkatu eta kapitalismotik ateratzearekin batera, irekiko dizkio Euskal Herri Langileari Askatasun Osoaren ateak. DESKONKISTAk, eta beraz, emakumeon aurkako gizonen jabetza eta menperakuntzatik zein merkantziaren dinamikatik askatzeak ekarriko digu libertatea eta askapena maila guztietan: estatala eta nazionala, soziala eta ekonomikoa, klase eta generokoa, norbanakoa eta kolektiboa, kulturala eta linguistikoa. Hori da, hain zuzen ere, AUTODETERMINAZIOA, Euskal Herri Langilearen emantzipazioaren prozesu global eta integral gisa ulerturik. Orduan bakarrik izanen gara jende librea jendarte libre batean.

Historian zehar hamaika bataila galdu dugu, bainan ez dugu sekulan amore eman. Oraingoan ere, ez dugu etsiko, harik eta askatasun osoa lortu arte!

Horregatik uste dugu abuztuaren 15a emeki emeki bihurtu behar dela INDEPENDENTZIAREN EGUNA, euskaldunon egun nazionala, eta horren alde lan eginen dugu hurrengo urteetan.

Nafarroaren independentzia eta Euskal Herriaren sozialismoaren alde, abuztuaren 15ean denok Orreagara!

 

HERRITAR BATASUNA