EH BILDU ETA ESPAINIAKO ESTATUKO AURREKONTUAK KLASEA DA GAKOA

Hau da, euren botoen bidez, zilegitasun demokratikoa eman diote Guardia Zibilak, Espainiako Errege-Etxeak, Abiadura Handiko Trenak eta Armadak, besteek beste, jasoko duten diruari. Zilegitasun demokratikoa ez ezik independentista eta aurrerakoia ere bai.

Deskargatu

EH BILDU ETA ESPAINIAKO ESTATUKO

AURREKONTUAK

KLASEA DA GAKOA

          Aurreikusita zegoen moduan EH Bilduk Espainiako Parlamentuan dituen bost diputatuek Espainiako gobernuak aurkeztutako aurrekontuen alde bozkatu dute. Hau da, euren botoen bidez, zilegitasun demokratikoa eman diote Guardia Zibilak, Espainiako Errege-Etxeak, Abiadura Handiko Trenak eta Armadak, besteek beste, jasoko duten diruari. Zilegitasun demokratikoa ez ezik independentista eta aurrerakoia ere bai. Eta ondo merezitako zilegitasunak zeren eta, Otegi dixi, aurrekontu hauek euskal errepublikaranzko urrats bat baitira!

          Guk, ordea, ez diogu ikusten aurrerakortasun zantzurik Espainiako Estatu Inperialistaren aurrekontuei baiezko botoa emateari, ez eta euskal errepublika independente bateranzko urratsik ere. Eta ez dugu uste inork ikusiko dionik. Erria aldizkarian idazten duen akademiko postmodernoren bat kenduta, agian. Zeinek ilustratuko liguke esaten gure ezkerreko infantilismoak itsutzen gaituela. Ez dugulako ikusten aldeko boto honen atzean dagoen taktika sotila. Leninek berak ontzat joko lukeena. Izan ere, ez al zuen Lenin beti esan iraultzaileok masak geureganatu behar ditugula? Eta horretarako ez al da bide posible bat erreformistei sostengua ematea, herri langileak (barkatu, gure akademikoak nahiagoko du “sozietateak” edo “jendeak”) ikusi ahal izateko haren funtsezko arazoak konpontzeko haien gaitasun eza. Jakina. Baina gixagaixoak "ahaztu" du erreformistei eman beharreko sostengu hark, Leninen arabera, izan behar zuela urkatuari sokak emandakoa. Zerikusirik ez duena EH Bilduk PSOE-GAL alderdiaren gobernuari emandako sostengu gozo eta xamurrarekin. Ez aipatzearren Lenin iraultzaileek erreformistei babes puntual bat emateaz ari zela eta EH Bildu Euskal Herriko indar erreformista bat da, Espainiako indar erreformistekin akordioak behin eta berriz lortzen saiatzen dena. Haien aldetik, sarri askotan,  mespretxuak eta umiliazioak jaso arren. Azkenetariko bat, eta oso esanguratsua, Raxoiren lan-erreformari buruzko akordioa lotsagabeki urratzea.

          Otegi eta bere apologista akademikoen pitokeriak alde batera utzita, erantzun behar zaio honako galdera honi: zergatik sartu da EH Bildu aurrekontuen lorategi honetan? Erantzunak, gure ustez, klasean datza. EH Bilduk ordezkatzen dituen klase-interesak, konkretuki. Langile-Aristokraziaren, Burgesia Txikiaren eta Burgesia Ertainaren (kapitalista ez monopolisten) sektore batzuen interesak, hain zuzen ere. Zehazkiago: aipatutako klase horien Euskal Herrian errotuenetariko sektoreak; euren interes materialengatik, kulturagatik eta ideologiagatik.

          Argi dezagun, EH Bilduko boto-emaileen eta gogaideen gehiengoa langile-klaseko kideak dira. Baina antolamenduak, ideologiak, zuzendaritzaren konposaketak eta, batez ere, politika burgesaren logikak determinatzen dute EH Bildu klase horien tresna politiko izatea. Antolakunde politiko honen buruek zein militanteek horretaz kontzientea izatearen inongo beharrik gabe. Militanteei dagokienez, batik bat.

          Horregatik, klase horien tresna politiko izateagatik, EH Bildu erreformista da. Eta bere oinarri sozialaren gehiengoa diren langile-klaseko sektoreak? Zergatik onartzen dute hau? Lehenik eta behin esan behar da kapitalismoan egoera tipikoa langile-klasea ideologikoki eta politikoki burgesiaren menpe egotearena da. Menpekotasun honek denbora luzez kale eginez gero, akabo kapitalismoa. EH Bilduko soldatapeko langileak eta Herri Langilearen beste sektore batzuetakoak, euren aldetik, gorago aipatutako burgesia autoktonoaren zatiki horien menpe daude.

          EH Bildu izaera erreformista onartuta ere, baina, zer dela eta Espainiako Estatuko Aurrekontuak babestea bezalako erabakiak? Erreformistak baino kontserbadoreak direnak. Ez baitute inolako erreformarik suposatzen, statu quo mantentzea baizik. Erantzuna da hauxe delako erreformismoaren tragedia kapitalismo agonikoaren garaian, sistemaren krisi orokorra, agonia hura, areagotzen den faseetan, batez ere. Benetako erreformak aurrera eramateko ezintasun mingarria eta txarrik txikiena omen den egoerari eutsi beharra. Atzo bertan, onartezintzat jotzen zen egoera, alegia.

          Izan ere, burgesia ez monopolistaren sektore ezberdinek (langile-aristokrazia, burgesia txikia eta burgesia ertainak) begiratzen diote iazko aurrekontuak luzatzeak ekar lezakeen egoerari eta amildegi baten aurrean aurkitzen dira. Ez bakarrik ondorio ekonomikoengatik. Politikoengatik ere bai. “Gobernu Aurrerakoia” delakoaren porrotak “eskuina” (PSOE ez da eskuina ala?) itzultzea ala, okerrago, ultraeskuina boterera heltzea ekar lezakeelako eta gure erreformista “abertzale” hauek horrenbeste sakondu dute euren izaera erreformistan, hain galduta dute euren borrokarako grina, ezen ikusten baitute irtenbide bakarra Espainiako erreformismo inperialistaren atzean ezkutatzea dela, Marlaska torturatzailearen atzean bada ere.

          “Taktika” honek (panikoak eragindako atzerapen historiko honek, hobe esanda) ekarri ahal duen ondorio bakarra da porrot lotsagarri bat. Hau izan baitzen, ñabarduraz ñabardura, orain dela ia ehun urte sozialdemokrazia historikoak faxismoaren aurrean jarraitutako bidea eta badakigu, jakin, zelan amaitu zen.

          Porrot hau erreformismoaren porrot historikoa da. Honen aurrean zer irtenbidea geratzen zaio Euskal Herri Langileari? Faxismoaren mehatxuaren aurrean. Atzerapen sozioekonomikoaren aurrean. Nazioa garen aldetik gure desagerpenaren aurrean. Eta, agian, espeziea garen aldetik ere bai. Iraultza da bide bakarra. Mundu-Iraultza Sozialista. Gurean Euskal Iraultza Sozialistan zehazten dena. Geure burua iraultzailetzat daukagun guztion ataza da hau guztia, pazientziaz baina irmo, azaltzea herriari. Ezkerreko Burgesiari bere hegemonia Herri Langilearen gainean disputatuz, klase-borroka ideologiko eta politikoaren bidez. Herri Langileak borrokarako grina berreskura dezan. Bere arazoak, herri antolatua bilakatuz, berak konpon ditzan. Herriak berak eta ez beste inork baita hau egin dezakeena.

Herritar Batasuna

Deskargatu