HERRITAR BATASUNAk dei egiten dio Euskal Herri Langileari, eta bereziki Euskal Langileriari bihar, abuztuaren 15ean INDEPENDENTZIAREN EGUNERA joateko. Askotariko aukerak daude parte hartzeko, hasi Orreaga Fundazioak antolatzen duen mendi martxa, zeina 10etan abiatuko baita Auzperriko frontoitik,
BIHAR, DENOK ORREAGARA!
HERRITAR BATASUNAk dei egiten dio Euskal Herri Langileari, eta bereziki Euskal Langileriari bihar, abuztuaren 15ean INDEPENDENTZIAREN EGUNERA joateko. Askotariko aukerak daude parte hartzeko, hasi Orreaga Fundazioak antolatzen duen mendi martxa, zeina 10etan abiatuko baita Auzperriko frontoitik, segi 12etan Orreagan bertan antolatzen duten omenaldia, eta bukatu 13:30etan Ibañetan. Ondoren, HERRITAR BATASUNAk HERRI BATZARRA eginen du, non gure militante batek gaur egungo egoera politikoaren analisia eginen baitu, eta gero, nahi izanen duten herritar independentista eta sozialista iraultzaile guztiek hitz egiteko aukera ukanen dute.
Espainolismoak, eta bere zipaio ideologiko eta estrategikoa den nazionalismo vasco-espainolak ere, ez dute inolaz ere nahi euskaldunok gure zinezko identitate nazionalaz ohar gaitezen. Euskal Herriak ez du Independentzia lortu behar. Euskal Herriak Independentzia BERRESKURATU behar du, mendez mende NAZIO burujabe eta independente izan baikinen, harik eta Frantziak zein Espainiak progresiboki militarki konkistatu, anexionatu eta kolonizatu gintuzten arte. Horregatik, gure benetako Aberri Eguna, abuztuaren 15eko INDEPENDENTZIAREN EGUNA da. Orreagako batailaren garaipenaren eguna, 778an eta 824an!
Espainolismoak, eta bere zipaio ideologiko eta estrategikoa den nazionalismo vasco-espainolak ere, ez dute inolaz ere onartu nahi Euskal Herria estatu independentea izan zela Iruñeko eta Nafarroako Erresumen garaietan, eta Europako estatu burujabe honek Independentzia atxiki zuela 1620 arte, hau da, XVII. mendean, Modernitatearen aroan. Nafarroa lehendabiziko estatu modernoa izan zen, eta XVI. mendean jadanik abiatua zuen prozesua Euskara bere hizkuntza nazionala izan zedin. Etxepare (1545) eta Leizarraga (1571) Nafarroako Erresumaren babesean inauguratu zuten Euskal Literatura idatzia. Garai berean Margarita erreginak Frantsesez izkiriatu zuen obra oparoa, haien artean Heptameron (1559), eta Gaskoiera ere loratzen zen Biarnoko lurretan. Humanismoa kritikoa indartsua izan zen Nafarroako Erresuman, eta horregatik William Shakespearek berak idatzi zuen bere esaldi profetikoa: “Navarre shal be the wonder of the world”.
Eta bai, Nafarroak berreskuratuko du bere Independentzia Nazionala, bainan ez Erdi Aroko forman, ekoizpen modu feudalean, ezta Modernitate burgesaren eskemetan, ekoizpen modu kapitalistan.
Gure ustez, Euskal Herri Langileak Independentzia berreskuratuko du Iraultza Sozialista eginez. Euskal Nazioa berreraikiko da langileen hegemoniaren bidez, Nazio Sozialista bat izanen gara, non burgesiak ez baitu inolako gidaritzarik ezta protagonismorik izanen. Nafarroako Euskal Errepublika Sozialista izanen da gure askatasun nazional eta sozialaren eraikitze prozesuaren hasiera bermatuko duen egitura politikoa, harik eta, Herri eta Langile Boterearen garapen iraultzailearen bidez, klase, estatu eta patriarkaturik gabeko Euskal Herria eraikiko dugun arte. Orduan bakarrik izanen dira zinezko askatasuna eta bakea gure nazioan eta planeta osoan. Bitartean, borroka da bide bakarra!
Agiri hau baliatu nahi dugu publikoki gure elkartasun militanterik indartsuena helarazteko Amnistiaren alde eta Errepresioaren aurkako Mugimenduko kide guzti-guztiei, eta bereziki azken hilabete hauetan estatu inperialista okupatzaileen errepresioa jasaten ari diren AEMko lagunei. Eta gainontzeko militante independentista eta sozialista iraultzaile guzti-guztiei ere. Aurrera goazen heinean, Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailea eraikitzen dugun neurrian, klase eta nazio etsaien errepresioa gogortu eta areagotuko da. Gure erantzuna, lan eta borroka iraultzailea indartu, zabaldu eta sakontzea izan behar da, Euskal Iraultza Sozialistaren bidean. Atxik eta jo aitzina!
Bihar, denok Orreagara! Abuztuaren 24an, denok Bilbora, Amnistiaren aldeko manifestaziora! Eta Inperialismoaren aurka, G7ren kontra antolatzen diren ekitaldi guztietara joan gaitezen, erreformista, sozialdemokrata eta autonomisten pazifismo ustelaren gainean jauzi eginez!
INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!