SOZIALDEMOKRAZIA AUTONOMISTAREN SATELIZAZIOA ETA EUSKAL IRAULTZAREN GAURKOTASUNA

Nafarroa Garaian, okupazio militarraren menpeko gobernu autonomiko espainolaren osatze prozesua biziki argigarria izan da. Denok dakigunez, PSOEko Maria Txibitek, autonomia erkidego horretako presidenteak bere gobernua osatu berri du, Geroa Bai/PNV, Podemos eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin.

SOZIALDEMOKRAZIA AUTONOMISTAREN SATELIZAZIOA

ETA EUSKAL IRAULTZAREN GAURKOTASUNA

Nafarroa Garaian, okupazio militarraren menpeko gobernu autonomiko espainolaren osatze prozesua biziki argigarria izan da. Denok dakigunez, PSOEko Maria Txibitek, autonomia erkidego horretako presidenteak bere gobernua osatu berri du, Geroa Bai/PNV, Podemos eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin. Sozialdemokrazia autonomistaren koalizio elektorala den EHBilduk, aldiz, bere abstentzioaz erraztu du lauko gobernu berria. Eskuin frankistak, Navarra Suma izeneko koalizioa bildurik, aurka bozkatu du, zaunka eta espantuka, jantziak hipokrisiaz urratuz.

Aldi berean, Espainiako Erresuma neofrankistaren gobernu presidentearen bi inbestidura saioetan, Catalunyako eta Hego Euskal Herriko bi sozialdemokrazia autonomistak, ERC eta EHBildu, hain zuzen ere, abstenitu egin dira helburu berberarekin: PSOEko Pedro Sanchez Estatu Espainoleko gobernuburu izatea, Filipe VI. Borboikoaren agindupean.

Gertaera politiko sakon eta mamitsu hauen aurrean, eta oro har Euskal Herriko egoerari buruz, bere askapen nazional eta sozialerako borrokaren situazioaz, HERRITAR BATASUNAk honako gogoeta hauek egin nahi ditu, bereziki Euskal Herri Langilearentzat, eta berezikiago Euskal Langileriarentzat, Euskal Proletalgoarentzat eginak eta hausnartuak.

1.- Posibilismoaren izenean Independentzia eta Sozialismoaren aldeko estrategia iraultzailea baztertzen den heinean, gelditzen den bide bakarra sistemaren baitan erreformak egitearena da. Logika hori gupidagabea da, burdinazkoa eta altzairuzkoa, errukigabea. Historian zehar bide horretan aurrera jotzeak ezkerreko talde, alderdi, antolakunde eta mugimendu guzti-guztiak galbidera eraman ditu, sisteman gero eta gehiago integratu, ahuldu eta indargabetzera, eta kasu askotan, baita politikoki desagertzera ere. Adibiderik garbiena Europa mendebaldeko alderdi eurokomunisten kasua da. Euskal Herrian, etsenplu paradigmatikoa izan zen Euskadiko Ezkerrarena. EHBilduk Nafarroa Garaiko hauteskunde autonomikoetarako erabili zuen leloa parafraseatuz, beren integrazio prozesua konkista, okupazio militar eta kolonizazioaren instituzio burges espainolistetan, beren amore ematea eta asimilazioa sisteman, beren belaunikatze lotsagarria Monarkia neofrankistaren aitzinean, horiek bai direla  GELDIEZINAK!

2.- Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua sistematikoki eta antolakundez antolakunde suntsitu ondoren, E.T.A. Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailea indargabetu, adoregabetu, armagabetu eta desegin ondoren, euskal preso politikoen belaunikatzea, amore ematea, umiliatzea eta damutzea modu progresibo eta planifikatuan exijitu eta horretara baliabide guztiez behartu ondoren, 2009an estatu kolpea jo zuen frakzio erreformista eta likidazionistak Ezker Abertzalea bera dinamitatu egin du. Azken gertaera tristea euskal gudarien ongi etorrien afera eskandalagarria izan da. 1936-1937ko egoerara itzultzen ari gara: faxistak harro eta burgoi, jaun eta jabe Euskal Herriko herri, auzo eta hirietan, nahi dituzten probokazio guztiak egiten eta beren dominazio lotsagabeki erakusten, eta euskal iraultzaileok jendaurrean isiltzera kondenatuta, gehienez jota txoko pribatu eta eremu diskretoetan geure omenalditxoak egitera behartuta, beti ere errepresioaren Damoklesen ezpata gainean dugula. Eta oraindik badira hori justifikatzen duten SORTU alderdiko soldatapeko liberatu mertzenarioak! Hona hemen horietariko burokrata batek sare sozialetan idatzi berri duena: “Gakoa zera da: preso eta iheslarien etxeratzea lehentasun dugunoi komeni zaigu urteetako lana exijitu duten kontsentsuak kaltetzea eragin dezaketen eztabaidetan katramilatzea? Nik garbi dut: ez. (...) Edozein modutan, lehentasuna ez dira ongi etorriak, ezta presoen argazkien presentzia ere. Lehentasuna presoak ateratzeko bidean aurrerapausoak ematea da (marra gorriak zeharkatu gabe). Eta horretarako adostasun zabalak behar ditugu. Ongi etorriek kaltetu ditzaketenak.”

Horregatik, EHBildu, SORTU, LAB eta ERNAI osatzen duten mugimendu politikoari sozialdemokrazia autonomista esaten diogu, azpimarratzeko E.T.A.ren V. Biltzarretik zetorren estrategia abertzale iraultzailearekin burutu duten haustura erreformista erabatekoa. Batzuei sinestea zail eta mingarri egiten bazaie ere, emeki-emeki gero eta argiago gelditzen ari da aipaturiko mugimendu hori zentro ezkerreko erreformismoan eta autonomismo vasco-espainolean kokatzen dela, Kapitalismoa irauli eta Sozialismoa eraikitzeko inolako asmorik gabe, eta Moncloako Estatutu baskongadoa eta Aizpun eta Del Burgoren Amejoramendu Foral nabarreroa de facto onartuz. Diskurtsoak eta parafernalia elektoralak gorabehera, sozialdemokrazia autonomistaren praxi errealak hori erakusten du egunero. Eta jendea ikusten eta ohartzen hasia da.

3.- Gaur egun, EHBildu eta sozialdemokrazia autonomistaren gainontzeko antolakunde guztiak sistemaren satelite bilakatu dira, 36-78ko erregimenaren zelai elektoraleko indar politiko subordinatuak eta laguntzaile auxiliarrak. Gobernu desberdinetan nagusi den alderdiaren arabera, PNVren sateliteak dira, edota PSOErenak, eta erabat integratuta daude instituzio espainol burges eta okupatzaileetan. Oso sinbolikoa izan zen ikustea EHBilduko Mertxe Aizpurua eta ERCko Gabriel Rufianen prentsaurrekoa Madrilen, bandera espainol monarkikoa ondoan zutela. Sinbolikoa eta esanguratsua, baina detaile bat, huskeria bat, azken finean, bi indar politiko hauek etengabe daramaten praktika elektoralista, erreformista, posibilista eta  oportunistaren aldean. Harea ale bat hondartza zabalean. Belar izpi bat larre eta mazela jorien erdian.

4.- Honen aurrean, guk zutik eta tinko eusten diogu Euskal Iraultzaren bandera gorriari. Betiko helburuen alde borrokatzen gara: Euskal Herriaren Independentzia, Sozialismoa, Berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala. Jakinik momentuz oso gutti garela, ez dugu amore emateko inolako asmorik, eta dei egiten diogu abertzale eta sozialista iraultzaile guztiei nork egoki ikusten duen antolakundean organizatzeko, askapen nazional eta sozialerako borroka iraultzailea aurrera eramateko geure indar guztiez. Lehengo lepotik dugu burua, eta aurrera joko dugu!

5.- Bainan ez dugu iragana mekanikoki eta mimetikoki errepikatu nahi. Azken 80 urteetan egindako akats eta izandako gabezietatik ikasi nahi dugu. Euskal burgesia ttikiaren hegemonia saihesteko, argi dugu Euskal Langileriaren, Euskal Proletalgoaren klase independentzia politikoa bermatu behar dela teorian, estrategian eta organizazioetan. Areago, ozenki eta ahoan legarrik gabe lau haizetara aldarrikatzen dugu Euskal Proletalgoaren independentzia eraikitzea dela, hain zuzen ere, Euskal Herriaren independentziaerdiesteko bide bakarra. Hau da, Sozialismoaz Independentzia lortuko dugula, eta ez alderantziz. Independentzia burgesen garaia amaitu da, Catalunyak egunero oroitarazten digun bezala. Euskal Iraultza Sozialista da bide bakarra, eta horren bidez bakarrik eskuratuko du Euskal Herri Langileak bere helburu nazionalak: Birbatasuna, Berreuskalduntzea eta Independentzia. Euskal Nazioaren paradigma berria defenditzen dugu: Langile klaseak hegemonia duen Nazio Euskaldun burujabe bat, non burgesiak ez baitu inolako tokirik izanen, ez bada desagertzera doan klase sozial subordinatu gisa. Iraultzaz ari gara, jakina. Iraultza Sozialistaz. Euskal Iraultza Sozialistaz. Euskararen Nazioaren paradigma sozialista eraiki nahi dugu, argiro adieraziz Sozialismoa helburu taktikoa dela, helburu estrategikoa baita klase, estatu eta patriarkaturik gabeko Euskal Herria.

Honaino irakurri baduzu eta ados bazaude, dei egiten dizugu formatu, antolatu eta borrokatzeko, egoki ikusten duzun erakunde eta organizazioetan. Guk ateak zabalik ditugu euskal abertzale eta sozialista iraultzaile guztientzat. Bainan Ezker Abertzale Iraultzailean, denon artean sortzen ari garen Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailean, askotariko eta denetariko antolakundeak daude, nork bere bidea hauta dezan. Inor ez da borroka honetan bazterrean gelditu behar, inor ez da begira geratu behar, inor ez da lozorroan egon behar.

Uda honetan hiru hitzordu garrantzitsu ditugu aurrean: abuztuaren 15ean, Orreagan, INDEPENDENTZIA EGUNA. 778an eta 824an garaiko armada inperialistarik handiena garaitu genuen euskaldunok, eta Herri zein Nazio burujabe gisa agertu ginen munduaren aitzinean, orduko harreman sozial eta ekoizpen modu feudalaren arabera. Estatu independente euskalduna eraiki genuen, klase borrokaren erdian, jakina, ez baitugu inolaz ere idealizatu nahi. Gure Estatu Nazionala izan zen Iruñeko Erresuma, geroago Nafarroako Erreinu bilakatu zena. Estatu feudal horretan gu beti gara zapalduen alde eta zapaltzaileen aurka, euskalduna baziren ere. Klase borroka marko nazional burujabe eta independente batean garatzen zen, harik eta konkistek gure Independentzia Nazionala suntsitu zuten arte.

Mila eta berrehun urte ondoren, gaur egungo Inperialismo kapitalista, Euskal Herria ukatzen eta zapaltzen duen berbera, Miarritzen elkartuko da abuztuaren 23-26 egunetan. G7 delakoaren aurkako mobilizazio guztietan parte hartzera dei egiten diogu Euskal Herri Langileari. Borroka antiinperialista berbera baita Orreagakoa eta Miarritzekoa. Orreagan garaitu genituen orduko inperialistak. Egin dezagun gauza bera Miarritzen!

Eta ildo berean kokatzen da abuztuaren 24an Bilbon eginen den Amnistiaren aldeko manifestazioa. Hitzordu garrantzitsuak dira hirurak abertzale eta sozialista iraultzaile guztiontzat. Ezin dugu huts egin! Aurrera, jota ke, irabazi arte! Presoak kalera, amnistia osoa! Independentzia eta Sozialismoaren bidean, euskal gudari guztiak etxera, ohorez eta duintasunez, Euskal Herri Langilearen begirunez, miresmenez eta maitasunez inguraturik!

Bukatzeko, gure besarkadarik beroena eta elkartasunik tinkoena alde askotatik jazarriak eta zapalduak izaten ari diren euskal militante gazte sozialista iraultzaileentzat. Zuek zarete Euskal Iraultzaren itxaropena, eta Euskal Herri Langilea garaipenera eramanen duen belaunaldia, zuek zarete Euskal Proletalgoaren sektorerik kontziente, koherente eta borrokalariena. Biba zuek eta jo aitzina! Eutsi, ez etsi, eta bihar etzi, hautsi! Zuekin gara, Euskal Iraultza Sozialistaren erabateko garaipena lortu arte!

 

GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!

GORA NAFARROAKO EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!

GORA ATZOKO, GAURKO ETA BIHARKO GUDARIAK!

INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!

Euskal Herrian, 2019ko abuztuaren 7an.

Ekain Ruiz, Patxi Rementeria, Urko Gerrikagoitia eta Zigor Aranbarri  euskal gudari iraultzaileak beti gogoan.

Omenaldirik onena, garaipena!

Hasta la victoria siempre!