Orreaga 2021

Datorren Abuztuaren 15an Orreagan oroituko ditugun bataila biek (778an eta 824an, hain zuzen ere) euskal estatua, Nafarroa, eraikitzeko oinarriak ezarri zituzten. Lorpen handi hau, tamalez, galdu zen   Espainiako eta Frantziako estatuek modu zitalean lapurtu zigutelako independentzia.

Deskargatu

Orreaga 2021

 

      Datorren Abuztuaren 15an Orreagan oroituko ditugun bataila biek (778an eta 824an, hain zuzen ere) euskal estatua, Nafarroa, eraikitzeko oinarriak ezarri zituzten. Lorpen handi hau, tamalez, galdu zen   Espainiako eta Frantziako estatuek modu zitalean lapurtu zigutelako independentzia.  Ekarri duena da, mendez mende, egun arte, alde batetik, euskal herriaren, herri nafarraren erresistentzia eta, bestetik, estatuek beraiek erresistentzia hori behin betiko zapaltzeko grina. Gure herriaren nazio kontzientzia ezabatzen soilik lor daitekeena.

        Hau guztia ez da iraganeko kontua, gaurkotasun handikoa baizik. Gure naziotasuna ezabatzeko erasoa, gu erabat frantses edo espainol bilakatzeko ahalegina betiko legez iraun ez ezik aspaldiko partez indartsuena ere bada. Etsaiek ondo atzeman dute gure ahulezia eta gu garen arazoa behin betiko konpontzeko aukera ikusi dute. Hauxe baita menperatzen gaituzten burgesia inperialisten helburua, ideologiaz ideologia. Dela ideologia "hiritarra", kosmopolita, "libertarioa"... Dela faxismoa inperiala. Dela ustezko pragmatismo ekonomizista. Azken hau arriskutsuena une honetan, agian.

        Izan ere, azken boladan badago, egon, inoiz ikusi ez den bezalako zapaltzaileen ikurren onarpen otzana. Espainiaren menpe dagoen gure lurraren zatian batez ere. Honen zerrenda luzea bada ere, zilegi bekigu aipatzea soilik biziki txundituta utzi digun orain dela aste batzuetako gertaera bat: herri euskaldun batean, bertako kirolari batzuek piperpoto bat kalez kale eramaten, hiritarren txaloen artean. Hau guztia amaitzeko, udaletxeko balkoian non independentista omen den alkate batek bandera gorrotagarri hau  guztion bistan  jarri du; ezkutuagoan zegoen beste hura nahikoa izango ez balitz bezala.

        Badakigu, jakin, zein den ikuskizun lotsagarrien horien protagonisten justifikazioa: euskaldun batzuen karrera profesionala, onura ekonomikoak herri edo hirientzat. Pragmatikoak izan behar dugu! Berdin da Frantziako Turra, Espainiako Buelta, Eurokopa, Espainiako Traineruen Txapelketa edo dena delakoa. Ez da ezer gertatzen! Gertaera hauek ekarritako ustezko etekin ekonomiko haiek eskuratzen ditugun bitartean barru-barruan euskaldunak izaten jarraitzen dugu.

          Bai zera! Ez diezaiogun geure buruari engaina! Bide honetatik normaltzen dugu gure menpekotasuna, gure zapalkuntza eta, apurka apurka, erabat asimilatuta amaituko dugu, gure identitate nazionala erabat galduta.

         Honen guztiaren aurrean esan behar da Orreagan borroka egin zuten euskaldunek ez zituzten arriskuan jartzen lanpostuak edo etekin ekonomikoak, euren bizitzak baizik. Konkista edota anexioaren aurka egin duten abertzale guztiak bezala. Mattin Txipiarengandik Iñaki Bilbaorengana, Txikitorengana, bere ziegatik independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokari eusten diona.

        Jakina, egungo hainbat euskaldun, hainbat nafar postmodernok hau guztia epika zaharkitua dela metakondaira historizista edo auskalo zer. Jakintsu hauek pentsatu behar dute  poeta deliratzen ari zela  “aitaren etxea” defendatzeko errentak, korrituak eta interesak ez ezik bizitza ere galtzeko prest zegoela zioenean.

        Eta utziera hau guztia zertarako? Lanpostu prekario batzuk eta gero basamortua uzten duen festa-kapitalismo bat, ikuskizun-kapitalismo bat bultzatzeko? Areago, bizi gaituen garai honetan, kapitalismo agonikoaren garaia baino ez dena, edozein abantaila ekonomiko lotuta dagoenean biosferaren suntsitzearekin, pobrezia zabaltzearekin eta gerra inperialistekin.

        Horregatik guztiagatik Herritar Batasunako militanteek, V. Biltzarreko gure aitzindariek bezala, uste dugu humanitatearen aldeko borroka eta gure herriaren aldekoa txanpon bereko aurpegiak direla.

        Horregatik guztiagatik ere, dei egiten dizuegu datorren Abuztuaren 15an Orreagara joateko. Orreaga Fundazioak antolatutako mendi-martxa eta ekitaldian parte hartzeko eta, gero, gure ekitaldi politiko xumean ere bai.

 

Herritar Batasuna

Deskargatu