Iraultza Sozialista da irtenbide bakarra!

HERRITAR BATASUNAk, martxoaren 14ko agirian salatu zuen koronabirusa Inperialismo yanki-sionistak azken hamarkadetan prestatu eta abiatu duen III. Mundu Gerrarako tresna dela.

Deskargatu

IRAULTZA

SOZIALISTA DA

IRTENBIDE BAKARRA!

        

          HERRITAR BATASUNAk, martxoaren 14ko agirian salatu zuen koronabirusa Inperialismo yanki-sionistak azken hamarkadetan prestatu eta abiatu duen III. Mundu Gerrarako tresna dela.

          Pandemia honen bidez, beste urrats kriminal bat egin du Humanitate osoaren etsaia den elite kapitalista eta kosmopolita globalak, botere planetario absolutua gordetzeko bere ofentsiba orokorrean.

          Gaur, apirilaren 7an, duela hiru asteko salaketa berresten dugu.

          Egunotan ikusten ari gara hori, Estatu Batuetako Langileria bilakatu baita orain pandemiaren epizentro. Nahiz eta ikaragarri zein sinestezin dirudien, triskantza eta sarraski hori ere eragitea beren plangintza globalaren helburuetako bat da, sortzen ari diren kaos sozialaren bidez, Mundu Ordena Berria manu militari ezartzeko planeta osoan, inolako oposiziorik gabe.

          Estrategia horretan funtsezkoa da kontrol soziala, errepresioa eta diziplina gogortzea Proletalgoaren aurka, esplotazioa areagotzeko, irabaziak handitzeko, Kapitala metatzeko. Horregatik, pandemia hau eragitea biziki eraginkorra izan da sozietate guztien militarizazio eta diziplinatze totala lortzeko, inongo erresistentzia eta matxinada barik. Salbuespen egoeraz.

          Sobiet Batasunaren, eta oro har Bloke Sozialistaren kolapsoaz geroztik planeta honetako jaun eta jabe sentitu den burgesia inperialista honen hil ala biziko helburua, agonian aurkitzen den Kapitalismoa iraunaraztea da, kosta ahala kosta. Horretarako, prest daude beste genozidio bat egiteko.

          Haien helburua, bereziki, sistema inperialista globalean elite txiki kriminal honek orain arte izan duen hegemonia absolutua mantentzea da. Katea inperialistan duten nagusitasun erabatekoa. Horretarako, edozein gauza egiteko gai dira. Egunero ari gara hori ikusten, baita larrutik ordaintzen ere, geure bizitzan, etxean, familian. Milaka heriotza. Amesgaizto etengabea.

          Jakin behar dugu hamarkada luzez aritu direla hau guztia prestatzen.

          Denon buruan daude etengabeko galderak: “Pandemia hau naturala al da, ala gerra biologikoa? Zergatik orain? Zergatik horrela? Nork egina?”

          Hogeita hiru egun joan dira gure azken agiritik, eta gertaerek behin eta berriz konfirmatzen dute gure analisia. Horretan sakontzeko garaia iritsi da.

                    Hirugarren Mundu Gerraren Geopolitika

          Egoera kaotiko honetan, oso erraza da detaile zehatz eta erreal bainan aldi berean mugatu eta partzialetan murgiltzea, perspektiba globala lausotuz eta Herrien eta hauen Langileriaren interesentzat etsai nagusia dena bistatik galduz. Nork bereari eustea eta erreparatzea, panorama orokorra aztertu barik. Zuhaitzen ugariak eragoztea basoaren osotasuna ikusi ahal izatea.

          Xake partida batean aritu ohi denak, aski ongi badaki taula osoko pieza guztien posizioek eta funtzioek determinatzen dutela nork irabazi eta nork galduko duen, eta ez unean uneko piezen mugimendu isolatuek.

          Horixe da, hain zuzen ere, oligarkia yanki sionistaren estrategiaren ardatzetako bat: munduko Herri Langileok beren dominazio plangintza genozida globalaz ez ohartzea, hain da-eta ikaragarria, eta horretaz konturatzen hasiak garen militante iraultzaileok, ero eta konspiranoikotzat jotzea, eldarniotan gabiltzan estremista arriskutsuak, zorrozki isolatu beharrekoak. Egia latza eta garratza erratea, “konspirazioaren teoria”-tzat jotzea, erridikulizatuz eta irrigarri/barregarri utziz. Zinismoaren gailurra.

          HERRITAR BATASUNAk uste du bere betebehar iraultzailea dela langileei gure analisiak zehazki eta xeheki azaltzea, ondoren militante bakoitzak bere erabakiak har ditzan. Horregatik agiri honen luze-zabala.

                    Inperialismoaren geoestrategia: 1945-2020

          Inperialismo yankia garaile nagusi gisa irten zen II. Mundu Gerratik. Britainiar Inperioa biziki ahul zegoen, eta gainbehera nabarian, areago oraindik Inperio Kolonial Frantsesa, eta Sobiet Batasuna erabat txikituta gelditu zen inbasio nazi-faxistaren ondorioz. Europa hondaturik zegoen.

          Gainera, Ameriketako Estatu Batuak arma atomikoaren monopolioaren jabe ziren, eta gupida gabe erabili zuten Japoniako populazio zibilen aurka. Abisu bat izan zen, hortik aurrera planetan nork agintzen zuen argi uzteko.

          Hala ere, 1949an, USAk erabateko hegemonia planetarioa galdu egin zuen, Sobiet Batasunak arma nuklearrak eskuratu eta Txinako Iraultzaren garaipena gertatzean. Horren ondorioz, Inperialismoak Sozialismoaren aurka 50 urtez garatu zuèn Gerra Hotza erabat totala izan zen: militarra, politikoa, ideologikoa, kulturala, zientifikoa, diplomatikoa, industriala, komunikatiboa, kimikoa, nuklearra, bakteriologikoa, erlijiosoa...

          Alta, XX. mendeko 60-70 hamarkadetan Inperialismo yankiak derrota partzial larriak bizi izan zituen: Kuba eta Vietnamgo Iraultza Sozialisten garaipenek agerian utzi zuten Estatu Batuak ez zirela inondik inora garaiezinak, eta Sozialismoa, bere arazo, gorabehera eta kontraesan guztiekin, aurrera zihoala planeta osoan, Sobiet Batasuna eta Txina aitzindari zirela, bakoitza bere ikusmolde eta estrategia propioekin.

          Estatu Sozialisten batasuna haustea izan zen Inperialismoarentzat lehentasunezko helburua eta zorigaitzez, berehalako garaipena. Haustura Stalinen heriotzaz geroztik isilpean umotzen ari bazen ere, 1960an lehertu zen, Mugimendu Komunista sakonki eta larriki zatituz. Sobiet Batasunaren eta Txinaren arteko hausturak mundu mailako egoera politikoa aldatu zuen.

          CHE Guevarak katastrofe hori gogor salatu zuen Boliviako mendietatik, 1967an, borroka armatu iraultzailean buru belarri murgildurik zegoela:

               “Hay una penosa realidad: Vietnam, esa nación que representa las aspiraciones, las esperanzas de victoria de todo un mundo preterido, está trágicamente solo.

               Ese pueblo debe soportar los embates de la técnica norteamericana, casi a mansalva en el sur, con algunas posibilidades de defensa en el norte, pero siempre solo.

               La solidaridad del mundo progresista para con el pueblo de Vietnam semeja a la amarga ironía que significaba para los gladiadores del circo romano el estímulo de la plebe.

               No se trata de desear éxitos al agredido, sino de correr su misma suerte; de acompañarlo a la muerte o la victoria.

               Cuando analizamos la soledad vietnamita nos asalta la angustia de este momento ilógico de la humanidad.

               El imperialismo norteamericano es culpable de agresión; sus crímenes son inmensos y repartidos por todo el orbe.

               ¡Ya lo sabemos, señores!

               Pero también son culpables los que en el momento de definición vacilaron en hacer de Vietnam parte inviolable del territorio socialista, corriendo, así, los riesgos de una guerra de alcance mundial, pero también obligando a una decisión a los imperialistas norteamericanos.

               Y son culpables los que mantienen una guerra de denuestos y zancadillas comenzada hace ya buen tiempo por los representantes de las dos más grandes potencias del campo socialista.

               Preguntemos, para lograr una respuesta honrada: ¿Está o no aislado el Vietnam, haciendo equilibrios peligrosos entre las dos potencias en pugna?

               Y ¡qué grandeza la de ese pueblo! ¡Qué estoicismo y valor, el de ese pueblo! Y qué lección para el mundo entraña esa lucha!”

          Bitartean, klase borroka aurrera zihoan, eta USAn, alarma gorri guztiak piztu ziren 1979. urtean, non hiru Herri Iraultza Antiinperialista gertatu ziren aldi berean: Nikaraguan, Iranen eta Afganistanen.

          Horren aurka, kontraofentsiba inperialista ikaragarri gogorra izan zen 80. hamarkadan, Trinitate Kontrairaultzailearen eskutik: Margaret Thatcher, Ronald Reagan eta Karol Woijtyla. Antikomunismoaren buruzagiak.

          Erreformista sozialdemokratek Neoliberalismo gisa izendatu duten garai honi, guk, HERRITAR BATASUNAren baitan elkartu garen sozialista, anarkista eta komunista iraultzaileok Kapitalismo Inperialistaren Kontraofentsiba Globala esaten diogu. Ñabardura honek garrantzia badu.

          Gure ustez, ez dira existitzen bi Kapitalismo, bata gaiztoa, Neoliberala, eta bestea ona, Keynestarra, denetariko eta askotariko erreformistek eta sozialdemokratek sinestarazi nahi diguten bezala, baizik bat eta bakarra: Leninek ezin hobeki definitu zuen bezala: Kapitalismoaren fase gorena den Inperialismoa, bere azken urratsa, Munduko Iraultza Sozialistaren ataria.   

          Herrialde Sozialistek, beren barne kontraesanetan murgildurik, eta beren baitan garatu ziren errebisionismo desberdinen ondorioz, ez zioten jaramonik egin CHE Guevararen 1967ko aldarriari:

               “¡Cómo podríamos mirar el futuro de luminoso y cercano, si dos, tres, muchos Vietnam florecieran en la superficie del globo, con su cuota de muerte y sus tragedias inmensas, con su heroísmo cotidiano, con sus golpes repetidos al Imperialismo, con la obligación que entraña para éste de dispersar sus fuerzas, bajo el embate del odio creciente de los pueblos del mundo!

               Y si todos fuéramos capaces de unirnos, para que nuestros golpes fueran más sólidos y certeros, para que la ayuda de todo tipo a los Pueblos en lucha fuera aún más efectiva, ¡qué grande sería el futuro, y qué cercano!”

          Komunismoranzko Trantsizio Sozialistan ari ziren herrialdeek ez zuten Inperialismoaren Kontraofentsiba Global honi behar bezala aurre egin, eta beren barneko klase borroken kontraesanetan pulunpaturik, estatu burgesiek bultzaturiko errebisionismo desberdinen bidez, Kapitalismorantz itzultzen hasi ziren. Prozesu hau sakonki aztertu beharrekoa da.

          Azkenean, Sobiet Batasuna eta Europa Ekialdeko Herri Demokraziak kolapsatu ziren 1985-1991 urteetan. Txina, Vietnam eta beste herrialde sozialista batzuk, aldiz, erreformen bidez, Estatu Kapitalismoaren bideetan abiatu ziren, nor bere erritmo eta ezaugarri espezifikoekin. Behin Trantsizio Sozialistak gelditu ondoren, atzeraka hasi ziren, Kapitalismoruntz.

          Inperialismo yanki sionistak garaipen historiko hau baliatu zuen mundua erabat dominatzeko, planetaren mapa nahi bezala berreginez. Eraso inperialistak ugaritu ziren mundu unipolar hartan: Panama, Jugoslavia, Haiti, Somalia, Irak, Sudan, Afganistan, Libia, Siria... Estatu Batuek Gerra Hotza irabazi zuten, eta Inperio Britanikoaren hegemonia absolutuaren garaia (1815-1914) are luzeago eta handiago egin nahi dute XXI. mendean.

          Mila urteko dominazio absolutua. Historiaren amaiera. Inperioa. IV. Reich.

          2001eko irailaren 11an Estatu Batuetan gertatu ziren autoatentatu terroristak plangintza inperial honen baitan kokatu behar dira, lehendik lau aldiz gutxienez egin dutena errepikatuz:

               1.- Maine gerra itsasontzia (Kuban, 1898, Espainiako Erresumaren aurkako gerra). Yankien beraiek lehertu zuten, gerra justifikatzeko.

               2.-Lusitania transatlantikoa (Itsaso Atlantikoan, 1915, I Mundu Gerra Inperio Alemaniar eta Austro-Hungariarraren aurkakoa). Gerra material eta hornikuntzak garraiatzen zituzten itsasontzi zibil batean.

               3.- Pearl Harbor (Ozeano Barean, 1941, II Mundu Gerra, Japoniar Inperioaren kontrakoa). USAk aldez aurretik bazekien erasoaren berri, Japoniako Itsas Armada Inperialaren kodeak deszifratuak zituztelako. Hiru hegazkin-ontziak, “txiripaz”, ez zeuden han …

               4.- Tonkin (1964, Vietnamen kontrako eraso inperialista). Iparraldeko Errepublika Sozialistaren balizko erasoa goitik behera asmatu zuten, Estatu Batuen interbentzio masiboa errazteko.

          Lau operazio hauetan beren helburua arrakasta handiz lortu zuten: USAko Herri Langilea Burgesia yankiaren alde gerra inperialistetan aritzeko gogoz eta masiboki mobilizatzea, inolako oposiziorik erakutsi gabe, sakrifiziorik ikaragarrienak gogo onez eginez. Behin eta berriz errepikatu den amarrua.

          Eraso inperialisten aurkako Langileriaren erresistentzia izan zen Vietnamgo gerran yankiek ukan zuten derrotaren arrazoietako bat, urte luzez interbentzio masiboak zaildu eta eragotzi zituena. 2001ean arazoa konpondu zuten, beti egin izan duten bezala: gezurra gezurraren gain metatuz modu makiaveliko baten bidez. Geoestrategia maisuki erabiliz.

          Estatu Batuen unilateralismo inperialista garatuz zihoan heinean, haren kontrako erresistentzia kristalizatzen hasi zen, batez ere argi ikusi zenean Mundu Ordena Berrian ez zegoela inolako etorkizun onargarririk Sozialismotik zetozen estatu kapitalistentzat, are gutxiago Inperialismo yanki sionistaren aginduak onartzen ez zituzten nazioentzat. Erabateko esplotazioa, subordinazioa eta kolonizazioa ziren Inperialismoak esleitzen zizkieten aukera bakarrak. Sistema kapitalistaren periferian miseria gorrian bizitzea, XIX. mendean ezagutu zuten patu krudel eta garratza.

          Proletario guztiontzat, jakina, Mundu Ordena Berriaren eskaintza betikoa da: soldatapeko esklabutza kapitalista. Arin eta kontsumistagoa sistemaren erdigunean, ongizate estatuen bidez, hemengo langileon kolaborazionismoa erosteko, estatu inperialisten egonkortasun politikoa bermatzeko; latza eta garratza periferian, hango proletarioen esplotazioa etengabe areagotzeko.

          Dena den, Kapitalismo agonikoaren krisia sakondu eta larritzen den heinean, irabazien tasa inexorableki beherantz doan neurrian, esplotazioaren baldintza gero eta latzagoak dira planeta osoan. Behialako ongizate estatuak ziztu bizian eraisten hasiak dira jadanik. Aspaldidanik. Hurrengo hilabeteetan joera hori are gogorragoa izanen da, COVID-19 pandemiak sortu duen shock egoeraz baliatuz. Denok pairatuko dugu hori.

                    Erresistentzia Antiinperialistaren Ardatza

          Estatu Batuen hegemonismo unipolar horren aurrean, eta etengabeko eraso inperialistei hala edo nola aurre egiteko, azken urteotan zenbait naziok Erresistentzia Antiinperialistaren Ardatza osatuz joan dira, ez oso modu antolatuan, baina bai haien arteko elkartasun sareak eta zirkuitu ekonomikoak ehunduz eta indartuz: Iran, Korea, Venezuela, Siria, Kuba, Palestina, Libano, Irak,Yemen, Afganistan, Bolivia ere estatu kolpea aitzin.

          Ardatz honi, zuzenean edo zeharka, eta beti ere beren interes geopolitikoen arabera, laguntza ematen diote Sozialismoaren kolapsotik datozen bi estatu kapitalista handiek: Errusiak eta Txinak. Lehengo arerio, oraingo aliatu.

          Bi potentzia ekonomiko, teknologiko eta militar hauek kontrapisu handia dira Estatu Batuek gidatzen duten Inperialismo nagusiaren aurrean.

          Txinako eta Errusiako burgesiek, hauen frakzio hegemonikoek behintzat, ezin dute, eta ez dute nahi Inperialismoaren zipaio eta morroi izan.

          Burgesia inperialisten interes objektiboa, berriz, frakzio anglosaxoi sionistarena batez ere, da, hain zuzen ere, estatu independente zahar hauek estatu zipaio eta subordinatu bilakatzea edota estatutxo satelite askoren artean zatikatzea. Jugoslavia eta Sobiet Batasunarekin egin zutena, preseski. Siria eta Irakekin egin nahi zutena. Sudanekin egin dutena.

          Zeren eta ezin baitute onartu Txinako eta Errusiako Herri Langileek produzitutako gainbaliotik, hau da, aberastasunetik haiek eskuratutako kuota murriztea, bertako burgesiek marko estatal horietan kudea dezaten.

          Aitzitik, gainirabazi horiek handitzeko beharra daukate, estatu inperialistak gogor kolpatzen duen krisi ekonomiko katastrofikoa saihestu nahi badute. Horretarako burgesia guztiz subordinatuak behar dituzte, inolako proiektu autonomorik ez dutenak, zeharo neokolonialak, 3. Munduan bezala.

          Beraz, estatu kapitalisten arteko talka ekonomiko, politiko eta militarra estrukturala da, ez da borondate kontu hutsa. Aurreko bi Mundu Gerretan bezalaxe. Potentzia kapitalista inperial nagusiak (Britainiar eta Frantses Inperioak bereziki) versus sistemaren katean gora egin nahi zuten estatu berriak (Alemania, Italia eta Japonia). Eta, azken momentuan, bi gerrak benetan irabazi zituen garailea: Ameriketako Estatu Batuak, USA.

                    Koreatik Palestinara, Vietnamdik Siriara …

          XX. mendeko 70. hamarkadan mundu mailako klase borrokaren kontraesan guztiak Asia Ekialdean (Korea, Vietnam, Laos, Kanbodia, Indonesia) biltzen ziren bezala, hortik aurrera Asia Mendebaldean eta Afrika Iparraldean kokatu ziren: Palestina, Libano, Siria, Egipto, Libia, Sudan, Yemen, Irak, Iran, Afganistan, Jordania, Saudi Araba, Kuwait, Golko Pertsiarreko mikroestatu petrolio ekoizleak...

          Israelen izen historikoa usurpatu duen entitate kolonial sionistak mundu arabiar-musulmanean eragindako gerrak, erasoak eta gatazkak izan dira egoera honen iturria. Mundu mailako klase borrokaren kontraesan guztien bilgunea den eskualde geopolitiko honetan, hain zuzen ere, gertatu dura azken urteotako Inperialismoaren derrota nagusiak: Palestinan, Libanon eta Sirian batez ere. Siria izan baita XXI. mendeko Espainia Errepublikarra.

          Honek, eta Txinaren hazkunde ekonomiko etengabeak zein Estatu Batuek bere aurka aurrera eramandako gerra komertzialaren porrotak determinatu dute Inperialismo yanki sionistaren erabakia: III. Mundu Gerra abiatzea, beranduegi izan dadin baino lehen. COVID-19 pandemia, logika estrategiko honen baitan kokatzen dugu. Ikus dezagun nola:

                    Inperialismoaren ofentsiba globala

          Txinarekin Estatu Batuek abiatu duten gerra komertziala; Brasilen izan zen estatu kolpe legala, zeinaren bidez Lula da Silva espetxeratua izan baitzen eta Jair Bolsonarok hauteskundeak iruzurrez irabazi baitzituen; Bolivian egindako matxinada kontrairaultzailea eta haren ondorioz Evo Moralesen Gobernu Antiinperialistaren eliminazioa; lehenago Ukrainan egindako operazio berdina, zeinaren bidez nazi ukraniarrek boterea eskuratu baitzuten eta sarraskiak abiatu baitzituzten Donbasseko antifaxisten aurka; OTANen etengabeko probokazioak eta maniobra erasokorrak Errusiaren mugetan, bereziki Polonian eta Errepublika Baltikoetan; Qassem Soleimani jeneral irandar iraultzaile eta internazionalista asasinatzea eta Irakeko erresistentziaren aurkako eraso inperialistak; Estatu Batuen erretiratze unilaterala Iranekiko hitzarmen nuklearretik; Venezuelaren aurkako estatu kolpe zapuztua, setio militarra eta Nicolas Maduroren aurkako atxilotze agindua; ildo berean, eta Venezuelaren inbasioa prestatzeko, Kolonbia OTANen sartzea eta Brasilen saioak eta mugimenduak Iraultza Bolivartarra erasotzeko; eta azkenik, bainan ez azkena, Txinan eta geroxeago Iranen COVID-19 izeneko eritasunaren agertze “probidentziala”

          Beste hamaika gertaera geopolitiko garrantzitsu gehi daitezke, eta nork bere gustukoak edo gorrotokoak oroituko ditu, den-denak kokatzen baitira logika berberaren baitan: Inperialismoaren ofentsiba orokorra Mundu Ordena Berria ezartzeko planeta osoan. Gerra zurrunbilo honetan murgildu gaitu Inperialismoak berriz ere, XX. mendean, 1890-1914 eta 1933-1939 urteetan gertatu zen bezala. Paralelismoak begi bistakoak dira  

          Bere gainbehera ikusirik, Inperialismo yanki sionistak modu bakar bat du soilik bere hegemoniari egonkortasun erlatibo bat emateko: Apartheid Globala dei diezaiokegun sistema genozida ezartzea.

          Hau da, mundua bi zatitan argiki banatzea, Hego Afrikako Errepublika Boer zenaren irizpideen arabera. Alde batetik, “populazio zuriaren” eremuak, lehenik Estatu Batuek gidatzen duten Inperio anglosaxoi sionista (USA, Kanada, Erresuma Batua - hortik Brexita -, Australia, Zeelanda Berria eta entitate kolonial sionista, “Israel” izena usurpatu duena, zeinean ustezko judu zuri europarrek erabat dominatzen baitute dena).

          Ondoren, bigarren maila batean, Europa zatitua, subordinatua eta balkanizatua, pandemiak eragindako krisiaren ondorioz. Frantziak eta Alemaniak katea inperialistan autonomia eskuratu nahi zuten, eta horretarako sortu zuten Europar Batasuna. Estatu Batuek erabaki dute ez zaiela inola ere komeni holako proiekturik, eta haren lehertze kontrolatua deliberatu dute, egunen batez bere partaide geopolitiko naturalekin ez aliatzeko: Errusia eta Txina, bloke eurasiarra sortzeko. Hori Inperio anglosaxoi sionistaren amaiera izanen litzateke. Horregatik Brexita.

          Eta azkenik, Inperio Globala borobiltzeko, Asiako “ohorezko zuriek” populatzen dituzten estatu subordinatuak: Japon, Singapur, Hego Korea, Hong Kong eta Taiwan. Txina inguratzen duten zipaio asiatikoak.

          Hots, betiko estatu inperialisten “nazio-lurraldeak” gehi, beharbada, beste estatu satelite txiki batzuk. Trilaterala. Bildeberg. Davos. OTAN.

          Bestetik, “bantustanak” izango genituzke, estatu zipaioak, neokoloniak, zeinetan bertako burgesiek onartzen baitute euren menpekotasun-egoera estatu inperialisten burgesiekiko, azken hauei bertoko langileek produzitutako gainbalioaren zati handi bat eskuratzeko lagunduz, bai eta lurralde horietako natura-baliabideak haien eskuetan jarriz ere.

          Estatu Batuen betiko morroiez gain, plangintza inperialistek hor kokatzen dituzte gaur egun yankien hegemonia onartzen ez duten Txina, Errusia, Venezuela, Iran, Kuba, Korea, Siria, Irak eta gainontzeko nazio guztiak.

          Hori da ofentsiba inperialista global honen helburua: Mundu Ordena Berria behingoz martxan jartzea, Kapitalismoak bizirik irauteko krisi iraunkorraren erdian. Auschwitz planetarioa XXI. mendean. Herrenvolk.

                    Oligarkia yanki sionistaren plangintza

          Beraz, HERRITAR BATASUNAk Inperialismoaren plangintzaren baitan kokatzen du COVID-19 pandemia.

          Erabaki politiko-militarra izan da, shock planetario bat eraginez Txina zein Errusiaren aurkako iniziatiba estrategikoa berreskuratzeko.

          Aldi berean Erresistentzia Antiinperialistaren Ardatzeko estatuak erasotzeko, Iran eta Venezuela, bereziki. Hurrengo hilabeteotan ikusiko …

          Azkenik, bainan ez azkena, mundu osoko Herri Langileak kontrolatu nahi dituzte honela, haien esplotazioa eta zapalkuntza mailak matxinada eta iraultza handirik gabe areagotuz, errepresioaren eta militarizazioaren bidez.

          Pandemia batek hau guztia ahalbidetzen du modu “neutral” eta “zientifiko” batez, klase borroka existituko ez balitz bezala. Harmonia sozialean. Goxo.

          Shockaren doktrina hau lehenago aplikatua izan da, bainan orain setio eta salbuespen egoera planetarioa erdietsi dute. “Kaos Sortzailearen Teoria” esaten diote honi: anabasa eta nahasmendua eragin, ondoren inposatu nahi den ordena zapaltzailea hobeki ezartzeko. Horretan ari dira. Arrakastaz.

                    Irtenbide bakarra: Iraultza Sozialista mundu mailan

          Inperialismoaren eraso honen aurrean, guk Iraultza Sozialistaren bandera gorria altxatzen dugu, Leninen kontsignaren ildotik: Gerra Inperialistak Iraultza Sozialista bilakatu. Ez dago beste konponbiderik.

          Izanen dira, ziur aski, bestelako irtenbide leunagoak eta goxoagoak eskainiko dituztenak, betiko erdibide erreformistak, kalaka oportunistak eta demagogia sozialdemokratak. Gu ez gara gezurretan arituko, ez politikerian jausiko. Egia iraultzailea da. Egia proletarioa. Egia latza eta garratza.

          Iraultza sozialista da irtenbide bakarra. Hori, ala hondamendia, basakeria, kaos genozida eta azkenean, Humanitatearen extintzioa. Argi eta garbi.

          Kapitalismo agonikoaren krisi ekonomiko iraunkorrak, planeta mailako aldaketa klimatikoak, krisi migratorio erraldoiek, oraingo eta geroko pandemiek, gerra eta eraso inperialistek ez digute beste irtenbiderik uzten.

          Ezinezkoa da Humanitateak dituen arazoak konpontzea ekoizpen tresnen jabetza pribatua mantentzen baldin bada, Kapitalaren metaketak sozietate ororen arlo guztiak determinatzen baditu, Balioaren Legeak langileon produkzio soziala kontrolatzen badu. Honek exterminiorat garamatza.

                    Sozialismoa ala basakeria

          Eta haratago joanda, Sozialismoa, azken finean, klase, estatu eta patriarkaturik gabeko sozietateak eraikitzeko trantsizio etapa besterik ez den heinean, sakoneko alternatiba hauxe dugu:

                    Komunismoa ala Extintzioa

          Hori da hurrengo urteotan behin eta berriz agertuko zaigun dilema.

          COVID-19 pandemiak inoiz baino gordinago agertarazi du alternatiba hau, Sozialismo Zientifikoaren teoriko eta buruzagi guztiek, Marxek, Leninek eta CHEk behin eta berriz azaldu zutena. Kapitalismoa bere muga historiko eta ekologikoetara iritsi da. Bera ala gu. Erdibiderik ez. Aukeratu beharra.

          Burgesiak ere hori badaki. Guk baino lehenago, guk baino argiago, guk baino hobeki. Norbaitek klase kontzientzia baldin badu, burgesia da hori, Warren Buffetek oroitarazi zigun bezala. Horregatik abiatu du bere ofentsiba globala. Lehen jotzen duenak bitan jotzen baitu. Xake partida planetario honetan iniziatiba aspaldian hartu zuten. Ez dute inoiz ere galdu.

                    Europar Batasun inperialistaren hondoratzea

          Behin mundu mailako klase borrokaren panorama, joerak, estrategiak eta perspektibak ongi zehaztu ondoren, garaia iritsi da gure eskualde geopolitikoan zentratzeko, hau da, Europa eta Mediterraneoa.

          Pandemiaren helburuetako bat da Inperio anglosaxoi eta sionistaren lehiakide eta kontrapisu izan litekeen Europar Batasun inperialista barrutik lehertzea, Frantzia eta Alemaniaren autonomia erlatibo asmoak zapuzteko. Hortik etorri da Brexita, Erresuma Batuaren irteera Europar Batasunetik, Estatu Batuen hegazkin-ontzi hondoraezin bat kokatuz bere ateetan.

          Pandemiak Europar Batasun inperialistako hegoaldeko estatuak oso gogor jo ditu, Italia eta Estatu Espainola, bereziki. Eta horrek agerian utzi du “Europa” deitzen den hori Alemania eta Frantziako oligarkien proiektua dela, sistema inperialistan beren kokapen hobea lortzeko, hau da, langileon esplotazio tasa hobetzeko. Batez ere Hegoalde eta Ekialdeko periferietako Herri Langileen kalteetan. Honek estatuen arteko tentsioak areagotuko ditu, eta klase borroka gogortuko kontinente osoan. Kate-begi ahula.

          Pandemiak eragin duen krisi ekonomiko larriaren aurrean, Europako burgesiak langileen aurkako neurri basatiak hartzen dira, eta murrizketa ikaragarriak. Horiek aurrera eramateko, errepresio lazgarria erabiliko dute.

          Berdin dio militarizazio, kontrol sozial eta errepresio neurri gogorrak alderdi faxistek, liberalek, kontserbadoreek edota sozialdemokratek aplikatuko dituzten. Beharren arabera burgesiak aukeratuko du une bakoitzean behar duen tresna politiko alienatzaile egokia.

          Honek guztiak Europan klase borrokaren eztanda eragiten ahal du, baldin eta iraultzaileok gai bagara langileak kontzientziatu eta antolatzeko, alderdi eta sindikatu erreformista eta sozialdemokraten kontrola gaindituz eta Proletalgoaren independentzia politikoa eraikiz. Hori da Europa osoko iraultzaileok dugun erronka nagusia hurrengo urteotan:

                    Proletalgoaren klase independentzia eraiki!

                Euskal iraultzaileok geure marko nazionalean aplikatu behar dugu Munduko Iraultza Sozialistaren kontsigna hau, argi izanik gure formazio sozialaren ezaugarri espezifikoen ondorioz, Nazio Askapen Prozesu Sozialista Iraultzailea izanen dela berak hemen hartuko duen forma.

                    Estatu Espainolaren krisi terminala

          Jakina, krisi terminala esaten dugunean adierazi nahi dugu Espainiako erresumaren erregimena, 78ko oligarkia neofrankistak bere Konstituzioaren bidez berrantolatu zuena, oso krisi larrian aurkitzen dela, baldintza objektiboak badirela haustura iraultzailea lortzeko. Baldintza subjektiboak falta dira. Pandemia honek aukera handia da Estatu Espainoleko nazio desberdinetako Herri Langileek eta bereziki Proletalgoek klase kontzientzia iraultzailea har dezaten. Hori da iraultzaileon eginkizuna.

          Borboiak agerian gelditu dira beste behin ere, diren bezalako: familia mafioso bat, lapurrak, biziosoak eta degeneratuak, betiko jendilajea, Luis XIV.aren Frantzia absolutista hartatik XVIII. mendean penintsulara etorri zirenetik bat ere aldatu ez direnak. Berriro ere esango dugu: Felipe V. izan zen Espainiako lehen borboia, eta Felipe VI. izanen da azkena. Zorigaitzez, penintsulan ez zaie gertatu kontinentean, Parisen, hain zuzen ere, 1793ko urtarrilaren 21ean gertatu zitzaiena. Domaia … Noizbait, agian …

          Ez gara luzatuko Espainiako Gobernu sozialdemokrataren benetako aurpegia erakusten. Guk baino hagitzez hobeki egin dute hori askok eta askok, datuak eta errealitateak mahai gainean ezarriz. Gogoratu nahi dugu gobernu sozialdemokrata hau indar politiko erreformista GUZTIEN gobernua dela, PSOErena eta Unidas Podemosena, jakina, baina baita EHBildu, ERC, Compromís eta BNGrena ere. Menturaz norbaiti ahantzi ote zaio … Edota orain ezkutatu nahi du … Politikero saltinbankiak …

          Zer egin du Gobernu “progresista” honek? 155. artikulua erabat aplikatu zapaldutako nazio guztietan: Euskal Herriko bi autonomietan, Països Catalans-etako lauetan, Galizako hiruretan, Andaluzian, Kanarietan, Leonen, Aragoin, Gaztelan eta gainontzeko toki guztietan … “España, una grande y libre”, azkenean, koronavirusaren aitzakiaz … Bapo!

          Zer egin du Gobernu “progresista” honek? Kaleratzeak debekatu beharrean, ERTEak baimendu, burgesiari  gastuak murriztuz eta langileei soldatak nabarmenki jaitsiz. Irabazi extratosferikoak dituzten multinazionalek ere (INDITEX, RENAULT, VOLKSWAGEN, CORTE INGLÉS, IKEA, IBERIA, DECATHLON, MANGO, VUELING, RYANAIR …)  ERTEak eginen dituzte, inolako lotsarik gabe. Zertarako ahalketu? Gobernu “progresistak” babesten ditu-eta. Eta bitartean, sindikatu GUZTIEK fartsa honekin kolaboratzen dute. Normala!

          Zer egin du Gobernu “progresista” honek? Prekaritatea areagotu. Langabezia handitu burgesiaren irabaziak expropiatu gabe. Oporrak langileei kendu. Etxegabetzeak eta alokairuak ezabatu beharrean, espekulatzaile inmobiliario guztiak espetxeratu beharrean, pagamenduak geroko utzi, hobeki jotzeko, eztanda sozialak eta matxinadak saihesteko. Denbora irabazi, militarrek eta poliziek kaleak okupatzeko eta protesta guztiak zanpatzeko. Burgesiari lan zikina egin diote, musutruk!

          Zer egin du Gobernu “progresista” honek? Osasungintza, energia, banka, hezkuntza, komunikabide, garraio, industria, nekazaritza, distribuzio eta  eraikuntza enpresa pribatu handi guztiak nazionalizatu ordez, diru publikoaz finantzatu, burgesiak galera ekonomikoak izan ez ditzan. Hori bai, birus hau “denon artean geldituko dugu”. Batzuk diruz lehertuz, eta beste batzuk miseria gorrian. Baina lasai, “denok espainolak gara!”

          Zer egin du Gobernu “progresista” honek? Militarrek plazak, kaleak, telebistak, zahar-etxeak eta prentsaurrekoak okupatzea, denetariko polizia eta guardia zibilekin batera, Langileria tente eta firme jartzeko, armen bidez. Jendea beldurtu, ikaratu, histerizatu, salatari bilakatu, poliziaren kolaboratzaile, faxisten beraiek nekez lortuko zutena sozialdemokratek telebistaren bidez erdietsi dute astebetez. Oligarkiaren ametsa. Bikain!

          Zer egin du Gobernu “progresista” honek? Juan Carlos eta Felipe de Borbón mafiosoak atxilotu, dirugabetu eta epaitu beharrean, haien aurpegia garbitu eta haien aurrean makurtu. Errepublikar bitxiak, zinez !

          Honelako “progresistekin”, zertarako behar izanen ditu oligarkiak PPko kontserbadore nazional-katolikoak, Ciudadanoseko liberal-espainolistak eta VOXeko frankista nazi-faxistak? Deusetarako ez, bistan da!

          Berriz ere diogu: Iraultza Sozialista prestatu behar dugu zabor miserable hau guztia pikutara bidaltzeko. Nazio bakoitzean Errepublika Sozialistak aldarrikatzeko, askatasuna behingoz eraikitzen hasteko. Bestela, sozialdemokratek normalitatekapitalista, espainolista eta patriarkalera itzuliko gaituzte aste batzuk barru, inoiz baino pobreago eta zapalduago.

          Ezetz diozue? Benetan uste al duzue hau dela Humanitateak ezagutu duen lehen pandemia, lehen sarraskia, lehen katastrofea? Estrategia eta antolakunde iraultzailerik gabe, borroka gogor eta masibo barik, klase zapaltzaileek buelta emanen diote krisi honi, beti egin izan duten bezala.

                    Estatu Frantsesaren inperialismo subordinatuaren gainbehera   

          Gauza bera esan ahal dugu Macronlandiaz. Hemen gobernua sozial-liberala da, ez dute sozialdemokratez mozorrotu behar. Argi eta garbi abisatzen dute aberatsentzat egiten dutela lan, kapitalistentzat, merkatu ekonomiarentzat, eta ongizate estatua, osasungintza, hezkuntza eta pentsio publikoak bukatu direla. “Iraganeko kontuak dira”. Txaleko horien eta sindikatuen borrokak desagertu dira. Magia potagia. Pandemia hau benetako pagotxa da munduko burgesia guztientzat. Oligarkia frantximanta ez da salbuespena. Baina laster izanen dira odolkiak ordainetan ...       

          Krisi ikaragarri honek Inperialismo frantsesaren gainbehera areagotuko du, Afrikan batez ere. Honek ondorio latzak izanen ditu metropolian, gainirabazi neokolonialak murriztuko direlako. Frantziak, Alemaniarekin batera (eta gainontzeko Europa Iparraldeko estatuak) Estatu Batuen satelite bilakatu behar du, Inperio Globalaren bigarren dibisioan jokatuz. Bukatu dira Irakeko Lehen Gerraren beleitate independente haiek! Proiektu gaullista inperiala bukatu da betikotz. Fini, la grandeur de la France!

          Eta zer esan nazionalismo frantximantaz? Euskaldunok ezin dugu jakin ezta zenbat jende eritu eta hil den koronabirusaz Lapurdin, Baxenafarroan eta Zuberoan. Haraino iristen da gure nazioaren ukazio psikopata. Nazionalismo frantximanta gaixotasun mental larria da, etnozidioaren apologia lotsagabea. Kontuan hartu, azken finean, Espainia Frantziaren kopia txar bat besterik ez dela. Borboiak esportatu zituen Frantziak lehenik, eta gero lepoa moztu zien. Baina zentralismo, absolutismo, autoritarismo, kolonialismo, xobinismo, hegemonismo, arrazismo, klasismo eta matxismoaren minbizia bizirik gelditu zen per sekula sekulorum. Amen. “Giza eskubideen Aberria” omen. Zu hor eta ni hemen.

          Estatu Frantsesean oso posiblea da eztanda sozial erraldoia lehertzea setio eta salbuespen egoera hau amaitzen denean. Horregatik, iraultzaile euskaldunok harremanak, loturak eta aliantzak eraiki behar ditugu Hexagonoko nazio zapalduetako militante guztiekin, beti ere gure marko eta identitate nazional euskalduna errespetatzen badute. Horretan oinarrituta, elkarlana eta solidaritatea loratuko dira gure artean, Europa mailako Iraultza Sozialistari ateak irekiz. Azken ehun urteotan ez da horrelako aukera iraultzailerik izan, eta ez da izanen. Agiri hau irakurtzen dugun guztiok oso kontziente izan behar dugu honetaz. Orain ala inoiz ez.

                    Euskal Herria, Iraultza Sozialistarako gure marko nazionala

          Zer esan ahal dugu Euskal Iraultza Sozialistaz jadanik behin eta berriz geure agirietan esan ez duguna? Inperialismoak egoera hau duela hogeita hamar urte baino hegiago aurreikusi zuela eta horregatik likidatu zituela ETA, IRA eta gainontzeko antolakundeen borroka armatu iraultzaileak?

          Euskal Herriko burgesia txikiak, bere klase interesengatik, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren borroka traizionatu zuela, eta sozialdemokrazia autonomista baskoa sortu zuela, EHBildu, SORTU, ERNAI eta LAB, sistema kapitalistan eta inperialistan hobeki integratzeko, PNV eta PSOEren satelite politiko izateko eta Donald Trump, berak irabazitako hauteskunde “bribanteengatik” zoriontzeko?

          PNV alderdi burges mafioso basko espainola dela, eta bere bi sinbolo gorenak Urkullu sakristau triste-depresiboa eta Zaldibarko zabortegia direla? PNVirus dela Euskal Herri Langilearentzat, benetako eritasun pandemikoa? Santoñako traizioaz geroztik Euskal Herria beti saldu duela?

          Normala dela zipaioek eskua ematea guardia zibilei, azken finean haiek guardia zibil baskoak direlako? PSOEk Hego Euskal herriko bi autonomiak ezabatu dituela eta Urkulluk eta Otegik ez dutela deus ere egin? Ala bai?

          Zer gehiago esan behar dugu Euskal Herri Langilea, eta bereziki Euskal Langile Klasea bere alienazio sakonaren lozorrotik behingoz esnatzeko?

          Berriro ere esango dugu: Euskal Proletalgoak bere independentzia politikoa eraiki behar du, eta horretan belaunaldi gazteek erakusten digute bidea zein den, bide zaharra, gainera, ETAren V. eta VI. Biltzarretan zehaztu zena.

          Hurrengo hilabeteotan formakuntzan, antolakuntzan eta borrokan aritu beharko dugu gogor eta gogoz, euskal antolakunde iraultzaile guztiak indartzeko, langileon borroka guztiak areagotu eta erradikalizatzeko, burgesiaren ofentsibari aurre egiteko, gure artean sortuko diren miseria sozialaren egoera larriak ahal bezala leuntzeko, elkartasun sare proletarioak ehuntzeko, errepresioaren aurka aritzeko, gure herri, hiri eta auzoen okupazio militarrari hortzak erakusteko, Amnistiaren alde jo eta ke borrokatzeko, nagusi, enpresario eta kapitalista guztiei egurra emateko, hitz batez esateko: Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailea eraikitzen hasteko. HERRITAR BATASUNAren ateak zabalik daude Euskal Iraultza Sozialistaren alde dena eman nahi dutenentzat. Aurrera!

                    Herri Langileen Aliantza Iraultzailea

          Pandemia honek, beste behin ere argi utzi du klase borrokaren dimentsio planetarioa. Koronabirusak ez du klase borroka ezabatzen, burgesiak eta bere morroiek sinestarazi nahi diguten bezala. Koronabirusak klase borroka AREAGOTU egiten du mundu mailan, kontraesan guztiak lehertuz eta larrituz. Orain da Internazionalismo proletarioaren garaia. Orain eta hemen.

          HERRITAR BATASUNAk badu bere proposamena: HERRI LANGILEEN ALIANTZA IRAULTZAILEA. Mugarik gabe, Iraultza Sozialista irtenbide bakarra dela onartzen duten guztiei ireki eta zabalik. Momentuz, Andaluziako NACIÓN ANDALUZAk, Galizako AGORA GALIZAk eta Euskal Herriko HERRITAR BATASUNAk osatzen dugu aliantza honen ernamuina. Espero dugu laster Països Calatanseko antolakunde iraultzaileak ere inkorporatuko direla aliantza honetara, horri buruzko eztabaida sustatzen ari baitira gure burkide katalanak. Agian Europa eta Mediterraneoko beste erakunde iraultzaile batzuk ere sartuko dira dinamika unitario honetan. Denon batasun estrategikoa, Iraultzarako!

                    Nazioarteko Konferentzia eta V. Internazionala

          Hiru antolakunde iraultzaileok, AGORA GALIZA, NACIÓN ANDALUZA eta HERRITAR BATASUNA Nazioarteko Konferentzian koordinatzen gara, eta gure gogoetak web orri honetan agertzen dira:

          https://insurgenciaglobal-proletari.org/eu/

          Hor aurkituko dituzue gure hausnarketak, eta erabakiak, MARX, LENIN eta CHE GUEVARAren bidean. Gure apustua argia da: hurrengo urteotan V. Internazionala eraiki beharko dugu mundu mailan, XIX. eta XX. mendeetako esperientzia iraultzaile guztiak bilduz eta sakonduz, kritikatuz eta autokritikatuz, estudiatuz eta hobetuz. Parisko COMMUNEren bidean, Louise Michel eta Rosa Luxemburg gogoan, Clara Zetkin eta Tamara Bunke bihotzean, Alexandra Kollontai eta Ulrike Meinhof oroimenean. Eta gainontzeko militante iraultzaile guzti-guztiak! Batto ere ahantzi gabe!

          HERRITAR BATASUNAn elkartu gara denetariko eta askotariko iraultzaileok, sozialistak, anarkistak eta komunistak. Izpiritu hori zabaldu nahi dugu mundu osoan, ahizpatasunezko elkartasun iraultzaile sendoa.

                    Orain eta hemen. Zer egin?

          Setio, gerra eta salbuespen egoeretan gaude planeta osoan. Une hauetan ez dira gauza gehiegi egin ahal direnak. Baina bai asko, aunitz eta ugari!

          Lehendabizi, ongi formatu eta informatu. Gure artean eztabaidatu. Lotura eta harreman militanteak mantendu, sakondu, aberastu, biderkatu.

          Egoera politizatzeko eta kontzientziak pizteko aukera guztiak baliatu. Elkartasun sare zaharrak sendotu eta indartu, eta berriak sortu.

          Errepresio eta okupazio militarrari aurre egin baliabide guztiez.

          Lantegi eta fabriketan propaganda eta agitazioa egin, langile batzarrak antolatu, jendea hitz egiteko elkartu, zer egin ahal den eztabaidatu.

          Gobernu guztien, burgesia guztien, politikillo profesional guztien, sistemaren (in)komunikabide guztien gezurrak ez sinetsi. Egia iraultzaileak zabaldu eta hedatu gure eskura dauden tresna guztien bidez. Komunikabide iraultzaileak babestu eta lagundu ahal den heinean, diruz eta informazioez.

          Elkar zaindu, elkarri lagundu, balore eta etika proletario iraultzailea praktikatu etengabe, uneoro. Humanismo eta Feminismo Iraultzailea, zinez.

          Patriarkatuaren aurkako borroka areagotu, maila guztietan, batez ere orain, gure kaioletan konfinatuta gauzkatenean. Iraultza etxetik hasi, behingoz.

          Itxaropenari eutsi, esperantza atxiki, ez beldurtu, ez izutu, ez ikaratu, ez kikildu. Ez etsi, eutsi, hortzak erakutsi eta bihar etzi, hautsi!

          Klase kontzientzia iraultzailea zorroztu etengabe, eta klase borrokaren hurrengo batailak irabazteko prestatu, jakinik oso zaila izanen dela, oso gogorra eta oso mingarria, Burgesiak badaki zertan ari den eta zer jokatzen duen. Eta oligarkia inperialistak, are gehiago. Erabakimen absolutua dute.

          Aurreko agirian esan genuena gogoan izan:

               “HERRITAR BATASUNAk dei egiten dio Euskal Herri Langileriari, eta bereziki Euskal Langile Klaseari pandemia inperialista genozida honen aurka borroka egiteko, ahalik eta bizitza gehien salbatzeko. Horretarako ezinbestekoa da inposatu nahi diguten isolamendu soziala eta shock egoera gainditzea, ez kikiltzea toxikazio mediatikoaren aurrean.

               Osasun pertsonalak eta kolektiboak eskatzen dituzten neurriak errespetatuz, elkartasun eta autodefentsa sareak ehundu behar ditugu auzoz auzo, herriz herri eta lantegiz lantegi, elkarri laguntzeko, panikoa eta izua indargabetzeko, Burgesiak hartu nahi dituen neurri errepresibo eta murrizketa antisozialei aurre egiteko, langileon solidaritatea eraikitzeko.

               Borroka hau luzea eta gogorra izanen da, eta mundu mailakoa. Ez dugu zalantzarik Herri Langileok irabaziko dugula, Venezuelatik Palestinara, Kubatik Yemenera, Txiletik Siriara, Iraketik Filipinetara, Boliviatik Koreara. Lehenago adierazi izan dugun bezala, bat egiten dugu Erresistentzia Antiinperialistaren Ardatzarekin, beti ere argi eta garbi azalduz gure helburua mundu mailako Iraultza Sozialista dela, klase, estatu eta patriarkaturik gabeko planeta aske baten bidean.

               Lehentasuna, une hauetan, Inperialismo hegemoniko yanki sionista fronte guztietan derrotatzea da, III. Mundu Gerrak eztanda egin baino lehenago. Eta leherketa kriminal hori gertatzen bada, Estatu Batuak eta bere satelite guztiak garaitzea, Stalingraden eta Berlinen Langile eta Nekazarien Armada Gorriak II. Mundu Gerran egin zuen bezala.

               Burgesiak beldurtuta eta ikaratuta nahi gaitu, isolatuta eta desorientatuta. Zutik eta tinko eutsi behar diogu ofentsiba neofaxista honi, elkartuta eta kontziente. Hurrengo egunetan lanean eta borrokan segitu behar dugu, Burgesia Inperialistaren ofentsiba kriminal honen aurka.

               Euskal Herria txikia da planeta mailako gatazka erraldoi honetan, baina ziur gaude Euskal Proletalgo Iraultzaileak bere eginbeharra beteko duela: Inperialismoaren aurka borrokatzea, Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko.”

          Bukatzeko, esan behar dugu bat egiten dugula GKS gazte antolakundeak aurrera daraman kanpainarekin, eta Aberri Eguna gure leiho eta balkoietan ospatzera deitzen dugula, honako leloarekin;

 

 

GERRA INPERIALISTAK

IRAULTZA SOZIALISTA

BILAKATU!

GORA

EUSKAL HERRIA ASKATUTA,

INDEPENDENTE ETA SOZIALISTA!

GORA NAFARROAKO EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!

Deskargatu