Azaroaren 10an egingo diren hauteskundeen aurrean, apirilaren 28an eta Maiatzaren 26an egin zirenen aurrean dei egin genuen bezala, herri langileari abstentzio aktibo eta iraultzailea egiteko deitzen diogu. Kasu guztietan arrazoi berberengatik.
BESTE BEHIN ERE ABSTENTZIO AKTIBO ETA
IRAULTZAILEA
Herritar Batasuna
Azaroaren 10an egingo diren hauteskundeen aurrean, apirilaren 28an eta Maiatzaren 26an egin zirenen aurrean dei egin genuen bezala, herri langileari abstentzio aktibo eta iraultzailea egiteko deitzen diogu. Kasu guztietan arrazoi berberengatik.
Izan ere, gure ustez, edozein erakunde politiko iraultzailek abstentzio aktibo eta iraultzailea edo boikotaizan behar ditu haren lehen aukerak. Bigarrena, berriz, hauteskunde burgesetan nolabaiteko parte hartzea, analisi eta estrategia iraultzaileen arabera erabaki behar dena. Erabat baztertuta geratzen da, beraz, iraultzaileok parte hartze normaldu bat burutzea. Eta, azkenik, hautagaitza erreformista bati botoa ematea, salbuespeneko erabaki taktikotzat jo behar dena. Eta argi dugu gure egungo egoera konkretuari dagokion aukera lehena dela, abstentzio aktiboa eta iraultzailea, alegia.
Honen aurrean, ohikoa da Leninen ezkerkeriari buruzko liburua aipatzea. Oso bitxia dena, zeren eta aipamen hauek egiten dutenek Leninen tesi guztiak zaharkitutzat jotzen dituzte, liburu honetan agertzen direnak izan ezik! Eta, gainera, desitxuratzen dituzte tesi horiek. Leninek ez baitzuen inoiz esan abstentzioa onartezina zenik eta, are gutxiago, iraultzaileok oparitu behar diogu gure botoa erreformistei. Lotsabako oportunista hauek, beraz, ez dute merezi arretarik. Honetaz gain, teoria iraultzailea, gure ustez, ez da dogma bat, ekintzetarako gida bat baizik. Horregatik ez gaitu beldurtzen esatea Leninen liburu hori, ez eta edonoren beste liburu bat ere, ez dugula itsu jarraitzen. Zeren eta bertan Leninek hauteskunde burgesetan iraultzaileon parte hartze ez normaldua lehenesten baitu. Gure ustez, ordea, hau da jadanik balio ez duen beste garai bateko egoera konkretuaren azterketa konkretu baten ondorioa.
Aurkezten zaigun eragozpen nagusia, baina, gure abstentzioa eskuinaren aldekoa izatea da. Haatik, argi dago kritikatzen dena ez dela abstenitzea. Sozialdemokrazia Autonomistari, EH Bilduri, ez bozkatzea baizik. Bistan denez, gure kontura, gure erara, hauteskundeetara aurkeztuko bagina kritika bera egingo ligukete, “ezkerreko boto abertzalea” delakoa zatituz eskuinari mesede egingo geniola esanez.
Utz ditzagun, baina, zinismo, hipokrisia eta miseria hauek guztiak alde batera eta “eskuinari laguntzea” leporatzen zaigun horren eztabaida politikoan sar gaitezen. Hasteko, esan behar dugu ezkerra eta eskuina, euren ohiko erabileran, ideologia burgesaren kontzeptuak direla. Ideologia horren bi polo zeinen artean aukera politiko “errespetagarriak” sartzen diren. Espektro horretatik kanpo geratzen dena da, PSOEren buruzagi batek esan zuenez, Guardia Civil delakoaren lana. Polarizazio hau polizia-etxetan atxilotuak menperatzeko egiten den jukutriaren antzekoa da. Txakurra ona eta gaiztoarena, hain zuzen ere. Era berean, herri langileari txakur ona (ezkerra) ala gaiztoa (eskuina) hautatzeko aukera ematen zaio. Politikoki eta ideologikoki burgesiaren menpe geratuz honela.
Hain da sakona horrela lortzen den alienazioa, ezen gaitz guztietan txikiena PSOEren gobernu bat omen baita. Eta horixe babestu behar omen dugu. Hau da, babestu behar omen dugu Marlaska torturatzailea Barne ministroa izatea, katalan herriaren aurkako errepresioa, PPren lan erreformari eustea eta aplikatzea, Saudi Arabiako satrapa genozidei armak saltzea etab. Gaitza guztietan txikiena hau bada, zein da handiena?
Laburbilduz, “eskuinari laguntzea” eta “gaitz guztietan txikiena” leloak darabilen abstentzio aktibo eta iraultzailearen aurkako diskurtso hori euskal herri langileak jasaten duen alienazio ideologiko sakonaren isla da. Kretinismo demokratiko burgesaren gaitza izurritea bilakatuta. Ideologia burgesak sortutako ilusioen desintoxikazioa duena sendabide. Eta abstentzio aktibo eta iraultzailea lehendabiziko urratsa.
FORMAKUNTZA, ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA,
EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTAREN ALDE!
JO TA KE,
IRABAZI ARTE!
BORROKA DA BIDEA!