1958 - 1978 - 2018 FRANTZIA ETA ESPAINIAKO KONSTITUZIO INPERIALISTEN AURKA!

1958 - 1978 - 2018

FRANTZIA ETA ESPAINIAKO KONSTITUZIO INPERIALISTEN AURKA!

1958ko urriaren 4an Frantziako V. Errepublikaren Konstituzioa indarrean sartu zen. Errepublika burges inperialista, etnozida, nazionalista, frantximanta, xobinista eta gaullista. Euskal Herriaren ukatzailea. 60 urte jadanik bere zapalkuntzaren azpian.

1978ko abenduaren 6an Espainiako Erresumaren Konstituzioa indarrean sartu zen. Monarkia neofrankista eta espainolista. Borboitarren Hirugarren Berrezarkuntzaren tresna. Euskal Herriaren ukatzailea. 40 urte jadanik bere zapalkuntzaren azpian.

Bi Konstituzioak dira Euskal Herri Langilearen etsaiak diren oligarkia espainolistak eta frantximantak eraikitako zapalkuntza markoaren zutabeak. Amaraunak.

Zein da Euskal Herri Langilea Iberiar penintsulako nafar lurraldeetan mendez mende zapaltzen gaituen oligarkia espainolistaren estrategiaren bilakaera? Nola askatzen ahal da Euskal Nazio Sozialistaren bihotza, motorra eta gidaria den Euskal Langileria, Euskal Proletalgoa, oligarkia espainolistaren menderakuntzatik? Eta bidenabar, aldi berean, nola askatzen ahal da gure Aberri eta Amerri bakarra den Euskal Herri Langilea nafar lurralde kontinentaletan mendez mende zapaltzen gaituen oligarkia frantximantaren menderakuntzatik?

Areago, zein dira Nafarroa Osoaren inbaditzaile, konkistatzaile, okupatzaile eta kolonizatzaileekin betidanik hain otzan eta maltzurki kolaboratu duten noblezia eta burgesia vasco - español, eta basque - françaiseren estrategiak, taktikak eta interesak? Zeren haiek ere gure klase eta nazio etsaiak baitira. Euskal Herriaren independentzia, sozialismo, berreuskalduntze, feminismo eta birbatasun nazionalaren arerioak.

Oligarkia espainolistak ez du inoiz boterea galdu. Bere menderakuntza kolokan ikusi duen bakoitzean, I. eta II. Errepublika espainolen garaietan (1873-1874 eta 1931-1939), estatu kolpe militarren bidez berrezarri du berriz bere boterea, 1715az geroztik, Monarkia borboitarra. 1936 - 1939 gerra antifaxista ondoren, 40 urteko diktadura faxista baliatu zuen bere zapalkuntza egonkortzeko. Denok dakigu nolako exterminioa eta errepresioa jasan behar izan zuen Euskal Herriak eta Estatu Espainoleko gainontzeko nazioek Frankismoaren gau beltz luzean zehar.

Oligarkia frantximantak gorabehera handiagoak ukan ditu, 1789ko Iraultza burgesaren ondorioz noblezia boterea galdu baitzuen. Bainan XIX. mendean zehar aristokrazia eta burgesia frantsesa fusionatu ziren, eta inperialismo kolonial ikaragarria ezarri zuten martxan. Hain zuzen ere, Aljeriako independentzia gerrak eraman zuen De Gaulle militar nazionalista boterera eta V. Errepublika aldarrikatzera.

Monarkia neofrankistak 40 urtez zapaldu du Euskal Herria, eta berdin dio zein alderdi dagoen Madrilgo gobernuan, UCD, PSOE, PP orain arte, bihar Unidos Podemos, Ciudadanos edo VOX, Espainiaren batasuna, kapitalismoa, patriarkatua eta OTANen inperialismoa ziurtatuta daude 78ko erregimenarekin.

Gauza bera gertatzen da Errepublika gaullistarekin, 60 urte hauetan denetariko gobernuak izan dira, UNR, UDR, RPR, UDF, MoDem, PSF, PCF... Berdin dio, denek ukatzen dute Euskal Herria, denek defenditzen dute Frantziaren batasuna, kapitalismoa, patriarkatua eta OTANen inperialismoa. Orain Macron eta La République en Marche daude gobernuan, bihar Marine Le Pen edo Jean-Luc Mélenchon izan daitezke, Euskal Herri Langilearen aurkako zapalkuntza mantenduko da.

Ez da alderdi kontua, ez hauteskunde afera, sistema inperialista osoa irauli behar dugu. Hori da azken 60 urteetako irakaspena. Ez dago deus negoziatzeko oligarkia frantses eta espainolarekin. Ez dago erdibideko etaparik. Ez dago inolako batasun nazionalik, ezta aliantza estrategikorik balizko euskal burgesia nazionalarekin. Euskal Langileriak gidatu behar du Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta soziala.

Euskal Herri Langilearentzat ez da askatasunik izanen bi estatu konkistatzaile, okupatzaile, kolonizatzaile, kapitalista eta inperialisten legalitatearen baitan. Haien instituzio autonomikoetan parte hartuz ez ditugu lortuko Independentzia, Sozialismoa, Berreuskalduntzea, Feminismo eta Nafar Lurraldeen Birbatasun Nazionala. Euskal langileok ez gara inoiz libre izanen bi Konstituzio burges, patriarkal eta etnozida horien marko zapaltzailean. Ezinezkoa da.

Horregatik, burgesia vasco-españolaren kolaborazionismoa Monarkia neofrankistarekin kriminala da, Euskal Herri Langilea miseriara eta zapalkuntza nazionalera kondenatzen duelako. Eta gauza bera esan ahal da sozialdemokrazia autonomista baskoari buruz. Egun hauetan plantak, itxurak eta espantuak egiten ari dira, 1978ko Konstituzio neofrankista, monarkiko eta espainolistaren aurka daudela, bainan egunero ikusten ditugu instituzio autonomiko espainolak legitimatzen eta indartzen. PNV eta EHBildu. Autonomismoaren txapon ustelaren bi aldeak.

Berriki, La Manadaren eta Iñigo Cabacasen epaiketek argi utzi dute zer den sistema autonomiko espainola. La Navalen egoerak hamaikagarren aldiz erakutsi digu kapitalismoaren lege ekonomikoek zer etorkizuna eskaintzen diguten euskal langileoi. Egunero milaka eta milaka adibide ditugu konturatzeko Frantzia eta Espainiako instituzio eta sistema politikoen baitan Euskal Herri Langileak zapalkuntza, esplotazioa, langabezia, erdalduntzea, pobrezia, prekarietatea, murrizketak, espetxea, tortura, errepresioa, lan istripuak eta hamaika miseria gehiago sufrituko dituela beti, harik eta Herri gisa desagertu arte. Etnozidioa.

HERRITAR BATASUNAk ez du inolaz ere egoera zapaltzaile hau onartzen. Frantzia eta Espainiako Konstituzioen marko hiltzailetik atera behar dugu lehenbailehen. Horretarako, formatu, antolatu eta borrokatu behar dugu geure klase eta nazio etsaien aurka, hau da, oligarkia espainolista eta frantximanten aurka. Eta haiekin kolaboratzen duten burgesia eta sozialdemokrazia autonomista basko espainola eta frantsesaren kontra. Askatasuna lortzeko etsaien legeak, instituzioak eta egitura zapaltzaile guztiak irauli behar ditugu. Suntsitu eta birrindu. Euskal Iraultza egin behar dugu. Ez dago beste biderik. Euskal Iraultza Sozialista.

Bi Konstituzio hauen aurka armak eskutan borrokatu diren euskal gudari eta gainontzeko iraultzaile guztientzako AMNISTIA OSOA exijitzen dugu inolako baldintzarik gabe. Eta dei egiten diogu Euskal Langileriari, Euskal Proletalgoari, eta bereziki langile eta proletario gazteei, Euskal Iraultzaren alde formatzeko, antolatzeko eta borrokatzeko, haiek egokitzat jotzen dituzten antolakundeetan.

Kapitalismoaren krisi sakon eta larriaren ondorioz, Faxismoa aurrera doa mundu osoan, eta Europan bereziki. Berriki Brasil erori da bere atzaparretan. Estatu Espainolean Frankismoa beti egon da benetako boterean, Monarkiaren abaroan eta itzalean. Orain berriz ere ageri da mozorrorik gabe, konplexu barik.

Borroka antifaxista ezin da bideratu gu zapaltzen gaituzten Monarkia neofrankistaren eta Errepublika gaullistaren legalitate burgesa defenditzera, eta haietatik eratorritako instituzio autonomikoak babestera, “inboluzio demokratikoaren aurkako” batasunaren izenean. Sozialdemokrazia autonomista baskoak Euskal Herri Langilea engainatu nahi du iruzur horrekin, eta gu PNVren altzorat eraman. Ez gara haien tranpan eroriko, eta ez ditugu haien espantuak sinetsiko.

Espainia eta Frantziaren inperialismoaren aurka, bi Konstituzio zapaltzaileen kontra, Iraultza da bide bakarra, garaipena da alternatiba bakarra.

Guk ez dizkizuegu promesa faltsuak eginen, ez dizuegu esango dena aise konponduko dela, guri botoa emateko eta papertxo ziztrin bat hauteskunde ontzi batean sartuz Euskal Herri Langilearen arazoak konponduko direla. Ez dizuegu erranen gu parlamentu autonomikoetara joanda Euskal Langileriaren askatasuna lortuko dugula, legebiltzar frantses edo espainoletan parte hartuz Independentzia eta Sozialismoa lortuko ditugula.

Guk hauxe esaten dizuegu: formakuntza, antolakuntza eta borroka. Lana eta izerdia, militantzia abertzalea eta iraultzailea. Denok elkarrekin lortuko dugu. Euskal Langileria buru eta aitzindari duela, Euskal Herri Langileak bere burua askatuko du.

Gu, HERRITAR BATASUNA, borroka eder horretako beste partaide batzuk besterik ez gara, Animo, antolatu eta borrokatzera!

 

 

INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!

BERREUSKALDUNTZEA, BIRBATASUN NAZIONALA ETA FEMINISMOA!

GORA NAFARROAKO EUSKAL LANGILE ERREPUBLIKA SOZIALISTA!

PRESOAK KALERA, AMNISTIA OSOA!

GORA EUSKAL IRAULTZA!!!