AMNISTIA PRESO POLITIKO GUZTIENTZAT!

Gaur, urriaren 20an, HERRITAR BATASUNAren delegazio bat Lanamesako espetxera joan da. Lanamesa Gaskoiniako herri bat da, Paue (Pau) eta Aturbe (Tarba/Tarbes) hirien artean. Okzitanian kokatzen da, beste era batez esateko. Bere izen frantsesa Lannemezan da, eta bertan, hamahiru euskal preso politikorekin batera, Europako estatu kapitalistek giltzapean duten militante iraultzailerik zaharrena gatibu du Frantzia estatu inperialistak: Georges Ibrahim Abdallah Libanoko herritarra eta militante komunista iraultzailea eta antinperialista. 34 urte eman ditu espetxean, eta laster, lau egun barru, hain zuzen ere, 35 eginen ditu preso. Europan arrazoi politikoengatik espetxean denbora gehien daraman pertsona da.

Georges Ibrahim Abdallahrekin batera, kartzela horretan honako euskal preso politiko hauek ditu giltzapean Estatu Frantsesak, Euskal Herri Langilearen etsaiak: Javier Abaunza Martinez, Didier Agerre, Arkaitz Agirregabiria del Barrio, Ohian Barandalla Goñi, Asier Bengoa Lopez de Armentia, Iñaki Esparza Luri, Ibon Fernandez Iradi, Iurgi Garitagoitia Salegi, Frederic Haranburu, Alberto Ilundain Iriarte, Juan Cruz Maiza Artola, Asier Oiartzabal Txapartegi eta Joseba Segurola Kerejeta. Euskal borrokalariak. Euskal abertzale iraultzaileak. Euskal gudariak.

Hamalau militante hauentzat baldintzarik gabeko askatasuna eta aldi berean AMNISTIA OSOA exijitzera joanen gara, eta berarekin batera, gauza bera aldarrikatuko dugu munduko preso politiko iraultzaile guzti-guztientzat ere. Palestinarrak, korsikarrak, galegoak, irlandarrak, espainolak, turkiarrak, katalanak, sahararrak, kolonbiarrak, kurduak, arrifarrak eta nonahikoak.

Georges Ibrahim Abdallah Kobaiat izeneko herrian jaio zen, Libanoko iparraldean, 1951ko apirilaren 2an. 67 urte ditu gaur egun, beraz. Bere familia kristaua da, ekialdeko katoliko arabiarrak diren maronita adarrekoak. Beirut Libanoko hiriburuan ikasi zuen, eta irakasle lanetan aritu zen 1971tik 1979ra arte Bekaa ordokia izeneko eskualdean.

Bere militantzia iraultzailea Siriako Alderdi Sozial Nazionalistan hasi zuen gaztetan, baina berehala, 1971an, Palestina Askatzeko Herri Frontean (FPLP) integratu zen. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen (FARL) sorreran parte hartu zuen 1980ko hamarkadaren hasieran. Erakunde hau komunista zen, eta okupatzaile sionistaren kontra egiten zuen, armak eskutan. Palestina eta Libanoko askapen nazional eta sozialaren alde, inperialismo yanki eta sionistaren aurka. 

Georges Ibrahim Abdallah erabat konprometitu zen mundu mailako iraultza antinperialistarekin, eta bereziki Palestinako eta Libanoko Iraultzekin. Garai horietan, gaur egun bezalaxe, inperialismo yanki eta sionistak ikaragarrizko sarraskiak egiten zituen han. Oroitu Sabra eta Xatilako sarraskia, 1982ko irailaren 16an, non  Libanoko milizia kristau batek (Israel autoizendatzen den entitate sionistaren aliatua zena) ikaragarrizko hilketak egin zituen palestinar zibil eta babesgabeen aurka. 38 ordu iraun zuen zibilen masakreak Sabra eta Xatila iheslari esparruetan, Beirut inguruan. Momentu hartan hiria Israelgo armadaren menpean zegoen, heriotza asko eragin zituen setio baten ostean. Amnon Kepeliouk kazetari israeldarraren ikerketen arabera, 3.500 bat palestinar erail zituzten. Israeldar parlamentuak berak Ariel Sharon genozida eta gerra kriminala, garaiko defentsa ministroa, kargugabetu egin zuen "zeharkako arduradun" bezala izendatu ondoren. Humanitatearen aurkako gerra krimen ikaragarri hau betiko gelditu da iraultzaile eta antinperialista guztion gogoan.

Hori izan da betidanik Georges Ibrahim Abdallahk ezagutu duen errealitate garratza: inperialismoaren genozidioa Palestina, Libano eta gainontzeko herrialde arabiar eta musulmanen aurka. Horregatik borrokan sartu zen buru belarri, etsai inperialisten aurka.

1984ko urriaren 24an atxilotu zuten Lyonen (Frantzia) CIAko eta Mossadeko bi agenteren hilketarekin lotuta egotearen akusaziopean, eta bizi arteko zigorra ezarri zioten. Frantziako justiziak hiru aldiz agindu izan du askatzeko, baina oraingoz kartzelan jarraitzen du, Estatu Batuen eta sionisten presio politiko, ekonomiko eta diplomatikoengatik. Azken finean, Frantzia beste estatu inperialista bat da, historikoki Libano eta Siria okupatu eta kolonizatu zuena eta gaur egun ere Siriaren aukako gerran ari dena eta Sionismoaren morroi fidel eta zakur zaunkaria.

Bere iritziak hobeki ezagutzeko, hona hemen BERRIA egunkariak 2014ko ekainaren 1ean egin zion elkarrizketa:

https://www.berria.eus/paperekoa/1928/028/001/2014-06-01/existitzen_ez_den_delitu_bat_aplikatu_didate_iritzietan_oinarritutako_arriskua.htm

Georges Ibrahim Abdallah tinko mantendu da urte hauetan guztietan, bere ideal zein helburu komunista eta antinperialistetan, eta hori Estatu Batuek eta Israel izeneko kolonia sionistek ez diote barkatzen. Frantzia estatu inperialistak ere ez, jakina. Esan dezakegu, argi eta garbi, Libano eta Palestinako CHE Guevara bat dela. Baina badira milaka eta milaka  bera bezalakoak inperialismoaren espetxe guztietan. Euskaldunak, palestinarrak, kolonbiarrak, irlandarrak, kurduak, turkiarrak, espainolak...

Lanamesako espetxean hamahiru euskal militante abertzale iraultzaile giltzapean ditu Frantziak Euskal Herri Langilearen etsaia den estatu inperialistak. Haiendako ere exijituko dugu AMNISTIA OSOA, euskal preso politikoak direlako, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko gudariak direlako, Independentzia eta Sozialismoaren aldeko borrokalariak direlako. Gure nebak eta anaiak direlako!

Ildo beretik, HERRITAR BATASUNAk bat egiten du osoki eta erabat Amnistiaren aldeko Mugimenduak azaroaren 24rako deitu duen manifestazioarekin. Bilbon izanen da, arratsaldeko 6etan, eta dei egiten diegu euskal abertzale eta sozialista iraultzaile guzti-guztiei hara joateko, gure presoen askatasunaren alde borrokatzera.

Amnistiaren aldeko Mugimenduak ezin hobeki adierazi du zergatik borrokatu behar dugun euskal preso, iheslari eta deportatu guztientzako AMNISTIA OSOAren alde. Guk beraiek hain argi esandako arrazoi garbiak hemen errepikatuko ditugu, besterik gabe, guk haiek baino hobeki ezin dugulako inolaz ere esan, eta haiekin erabat ados gaudelako:

AMNISTIA OSOA EXIJITZEN DUGU EUSKAL PRESO POLITIKO GUZTIENTZAT,

- Okupatzen gaituzten Frantziako eta Espainiako Estatuei aurre egin zietelako.

- Manifestariak, grebalariak eta oro har herri mugimendua jipoitzen duten mertzenario armatuen aurrean altxatu zirelako.

- Euskararen aldeko borroka sustatzeko ezinbestekoak izan direlako.

- Elkartasuna eta konpromisoaren eredu direlako.

- Torturatzaileen zigorgabetasunarekin amaitzeko borrokan murgildu zirelako.

- Estatu terrorismoak makurrarazi ez dituelako.

- Audientzia nazional espainolaren izaera faxista agerian utzi dutelako.

- Okupazio indarrei “alde hemendik” ozen oihukatu dietelako.

- Euskal kulturaren biziraupenerako dagoen bide bakarra borroka dela frogatu dutelako.

- Langile borrokaren aldarrikapenak babestu dituztelako.

- Ama Lurra deuseztatzen dituzten proiektu txikitzaileen aurka azaldu direlako.

Eta beste hamaika mila arrazoirengatik ere, AMNISTIA OSOAren alde borrokatuko gara, hortzez eta haginez, harik eta lortu arte! Euskal Herri Langilea erabat libre izan arte, borrokak etenik ez du izanen! Independentzia eta Sozialismoa!

Ezin dugu aipatu gabe utzi gaur Donostian euskal preso politikoen alde eginen den manifestazioa. “Orain presoak”. Sakonki errespetatzen ditugu milaka eta milaka abertzale zintzoen asmo onak eta motibazio hobeak manifestazio horretara joateko. Bainan argi eta garbi azaldu nahi dugu zergatik ez garen gu hara joanen.

Amnistia eskatzen ez duen mobilizazio orok ez du jotzen gatazkaren zinezko erroetara, eta ondorioz, antzua eta alferrikakoa da, Frantzia eta Espainiaren okupazioa eta zapalkuntza salatzen ez dituelako. Duela jada hamar urte baino gehiago, Ezker Abertzalearen zuzendaritzaz jabetu zen oportunista eta erreformista koadrilak dekretatu zuen, beren jakitate mugagabean, “garai berriak” iritsiak ziren Euskal Herrirat. Hala saldu zioten Euskal Herri Langileari beren traizioa, eta hala saldu zuten Euskal Herri Langilea bera ere. Saldukeria, bai, hori egin baitzuten, eta guk ahoan legarrik gabe argi, garbi eta ozen adierazten dugu. Eta gainera, horretarako inperialismo yanki, britainiar eta sionistaren laguntza zein babesa izan zuten. Bapo!

Bainan Euskal Herriaren okupazio militarra eta klaseen arteko borroka, zapalkuntza nazionala eta soziala, eguneroko bortxakeria patriarkal eta kapitalista ez dira gelditzen politikero profesional erreformista batzuk hala esaten dutelako. Egunero egiaztatzen dugu hori, bainan azken egunak biziki argigarriak izan dira: atzo bertan Iruñean egindako hainbat gazteren atxiloketak, non EHBilduren alkatetzaren ardurapean aritzen den Udaltzaingoa nabarmendu den, mertzenario okupatzaile espainolistekin batera; Karlos Apeztegia preso ohi eta militante nekaezinaren atxiloketa, bera izanik ETXERAT euskal preso politikoen aldeko antolakundearen arduradunetako bat; Iñigo Cabacasen auzia, non sei urte ondoren ikusteko aukera izan dugun euskal zipaioak nolakoak diren; De Miguel auzia eta PNVko mafiaren lehendabiziko zantzuak; frantses poliziak gazte bat Urruñan hiltzea arma elektrikoen bidez; eta horrela segitzen ahal dugu zerrenda infinituraino luzatzen. Okupazioa eta klase borroka, egunero, orduro, minuturo eta segundoro... Konkista eta deskonkista aurrez aurre.

Norbaitek uste al du aski dela lau politikillo damutuk eta beste hainbeste nazioarteko aditu inperialistek elkarbizitza, berradiskidetze, giza eskubide eta demokraziari buruzko hamaika zozokeria erratea Frantzia eta Espainia estatu kapitalista, inperialista, patriarkal eta etnoziden biolentzia mugagabea desagertzeko? Erotu al gara, ba? Itsutu? Memoria galdu?

Espainiaren izaera frankista inoiz baino ageriago gelditzen ari den honetan, Frantziako V. Errepublika gaullistaren autoritarismo burgesa inoiz baino begi bistakoagoa delarik, hara non sozialdemokrazia autonomista baskoak sinestarazi nahi digun guri, euskal langileoi, Euskal Herri Langileari, dena konponbidean dela, eta haiei utzi behar diegula PNVrekin sekulako paktu subiranista egiten... omen... Mendebaldeko hiru herrialdeetan... Moncloako Estatutu berria. Estatutuarekin, presoak kalera... Estatutuarekin, Nafarroa Euskadin...  Euskaldunok noizbait ikasiko dugu?Agian bai!

Borroka da bide bakarra, Euskal Iraultza da bide bakarra. Georges Ibrahim Abdallahren tinkotasun iraultzailea eredu bat da guretzat. Internazionalismoaren adibide eder bat. Guk ere Euskal Herrian, Palestinan, Libanon, Kolonbian eta Irlandan bezala, borrokan segituko dugu, Independentzia eta Sozialismoa lortu arte! Aurrera, jo ta ke!

AMNISTIARIK GABE, BAKERIK EZ!

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!